Alergiak: sehaskatik bertatik
Esnea, fruitu lehorrak, arrautza, arraina… Hamar haurretatik batek elikadura arloko alergiak ditu herrialde garatuetan, halaxe dio Alergiaren Mundu Erakundeak (WAO), eta arazoa handitzen ari da : prebalentzia handitu egin da azken hamarkadetan, eta ospitaleetan ere gero eta jende gehiago artatzen dute elikagairen batek erreakzio akutuak eraginda. Elikadura arloko alergiaren bat agertzen denean, funtsezkoa da egoki jokatzea, batez ere kasurik larrienetan. Horregatik da hain garrantzitsua gurasoak gai izatea erreakzio alergiko bat identifikatzeko eta argi eta garbi edukitzea zer egin behar duten.
Kontzeptuak, argi
Beste ezer baino lehen, jakin egin behar dugu zertaz ari garen hizketan. Angela Claver eta Celia Pinto alergologoak dira, Immunologia Klinikoaren, Alergologiaren eta Pediatriako Asmaren Espainiako Elkarteko kideak (Seicap), eta zera nabarmendu dute: “Neurriz kanpo erabili da ‘elikadura arloko alergia’ terminoa, eta modu desegokian baliatu izan da elikagai edo gehigarri batek eragindako edozein erreakzio apal izendatzeko ere. Kontrako erreakzioak, intolerantziak eta erreakzio alergikoak nahasi egin dira orain dela urte batzuk arte, harik eta Alergologia eta Immunologia Klinikoko Europako Akademiak eta WAO erakundeak hiru horien definizioak bateratu zituzten arte”. Kontzeptu hauek oso garbi eduki behar ditugu:
- Elikagaiekiko hipersentiberatasuna. Termino horren barrenean sartzen da elikagaiek eragindako edozein erreakzio kaltegarri. Multzo horren barrenean, alergiak egongo lirateke batetik eta intolerantziak bestetik.
- Alergiak. Zehatzak izan nahi badugu, immunitate sistemari eragiten dion erreakzio bat sortzen denean bakarrik esan liteke elikadura arloko alergia dagoela. Hau da, gure immunitate sistemak huts egin eta mehatxu gisa identifikatzen duenean elikagai bat; mehatxutzat hartzen duenez, erreakzionatu egiten du. Talde horren barrenean, ohikoenak izaten dira IgE izeneko antigorputz batzuk eratzen dituztenak (E immunoglobulina); hori gertatzen da, adibidez, arrautzarekiko alergiarekin. Antigorputz horiek ez dute esku hartzen beste alergia batzuetan, adibidez zeliakia kasuetan. Zeliakia gaixotasun autoimmunetzat jotzen da, eta organismoak berak egiten die kalte hesteetako iletxoei, glutenetik babesteko, etsaitzat hartzen baitu.
- Intolerantziak. Immunitate mailako mekanismoek esku hartzen ez dutenean, “elikagaiekiko hipersentiberatasun ez-alergikoa” dagoela esaten da. Gisa horretakoa litzateke, adibidez, laktosarekiko intolerantzia. Entzimetan gabeziaren bat dagoelako gertatzen dira gehien-gehienak, baina izan daitezke arrazoi farmakologiko edo kimikoek eraginak ere.
Sailkapen hori ez da garrantzirik gabea: erreakzioak desberdinak dira eta desberdinak dira, halaber, bakoitzaren larritasuna eta hartu beharreko neurriak ere. “Intolerantzia ez da alergia. Alergia batean, erreakzioa azkar agertzen da: haurrak elikagaia ahora eraman eta handik minutu gutxira agertzen dira sintomak. Intolerantziarekin, ordea, erreakzioek denbora gehiago behar izaten dute agertzeko. Mantsoagoak izaten dira eta, gehienetan, ez hain larriak. Esan liteke intolerantzia batean ez dela izaten hiltzeko arriskurik (kasu oso bakanetan izan ezik), baina alergia larri batean bai”, adierazi du Luis Echeverriak, Elikadura arloko Alergien koordinatzaile aritzen denak Seicap erakundean.
Segur aski entzun izango duzu zeliakia edo elikadura arloko beste edozein alergia duten haurrek arrisku handiagoa daukatela asma izateko, arazo dermatologikoak, errinitisa… Egia da, eta prozesu horri martxa atopikoa edo progresio atopikoa esaten zaio. Gertaera sekuentzia bat da, dermatitis atopikoarekin hasten dena haurraren larruazalean, gehienetan sei hilabete egin aurretik. Aurrerago, elikadura arloko alergiak ager daitezke (arrautza eta behi esnearekiko lehen urtean, eta soja edo kakahuetearekiko haur zertxobait handiagoetan). Ondoren arnasketa alergiak agertuko lirateke, asma eta errinitis alergikoa, adibidez. Oso garrantzitsua da diagnostikoa garaiz egitea, bi arrazoirengatik: tratamendu bat jarri ahal izateko eta prebentzio neurriak saiatzeko (ekzema agertzea eragotziko duten kremak emanez), martxa atopikoak ez dezan aurrera egin.
Zergatik haurrak?
Elikadura arloko alergiez ari garenean, behin eta berriz aipatzen dira haurrak, eta, bereziki, lehen haurtzaroko adinean daudenak. Ikerketa batzuek diotenez, arazo hori duen heldu bakoitzeko, lau haur egon litezke kaltetuta. Baina haurren alergiak, sarri askotan, desagertu egiten dira denborarekin. “Elikadura arloko alergian, hutsegite bat izaten du immunitate sistemak. Ez dakigu zergatik, baina gure defentsek erreakzio bat izaten dute zerbaiten kontra, zehazki elikagai baten kontra, nahiz eta berez ez den erasotzaile bat. Mehatxutzat hartzen du eta, aurka egiteko, IgE antigorputzak eratzen dira. Erreakzio hori ez da izaten elikagai guztiaren kontrakoa, zati baten aurkakoa baizik (gehienean, glukoproteina bati egiten dio aurre). Alergiazko erreakzioa eragin duen zati horri ‘alergenoa’ esaten zaio”, azaldu du Echeverriak.
Erreakzio hori sortzen da, baina haurtxoa handitu ahala, “immunitate sistemak zuzendu egiten ditu hutsegite horiek, berez zuzendu ere. Ez dakigu zehatz-mehatz zergatik gertatzen den, baina behi esnearen proteinarekiko alergia duten haurren %90ek azkenerako gainditu egiten dute arazoa bizitzako lehen urteetan. Arrautzarekin ere nahiko bilakaera ona izaten dute: haurren %80k gainditzen dute alergia”, erantsi du adituak.
Bi elikagai horiek dira, hain zuzen, Espainiako Estatuan alergia gehien sorrarazten dutenak bost urtetik beherako haurren artean; zorionez, desagertu egiten dira lehen haurtzaroan, gariarekiko eta sojarekiko alergiarekin gertatzen den bezala. “Fruitu lehorrekiko, arrainarekiko eta itsaskiarekiko alergiak, ordea, geroago agertzen dira eta pronostiko txarragoa izaten dute: zaila da gorputza horiek onartzera iristea. Eta iraun egiten badute, oso larriak izan daitezke”, ohartarazi du Luis Echeverriak.
Adi sintomei
Larritasuna aipatu dugu, eta ez da gehiegikeria bat. Sintomen artean, ohikoak izaten dira bat-batean azkura sentitzea, mihia, ezpainak edo eztarria hanpatzea, arnasteko zailtasuna izatea… Baina alergia bidezko erreakzio larri batek anafilaxia eragin dezake, hau da, hainbat organo eta sistematan agerraraz ditzake kalteak, eta arriskuan jar lezake haurraren bizia. Era berean, nahiz eta askoz bakanago gertatu, hipersentiberatasunezko erreakzio ez-alergikoak ere aski larriak izan daitezke batzuetan. Era horretakoa da, adibidez, fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (fruktosemia): gaitz hori duten haurrak hil egin daitezke fruktosa daukaten elikagaiak hartzen jarraituz gero. Horregatik da hain garrantzitsua nola jokatu behar den jakitea elikagairen batekiko alergia edo intolerantzia duen haur batekin gaudenean. Horretarako, funtsezkoa da diagnostiko bereizgarri bat egitea eta ongi zehaztea zer-nolako arazoa dagoen elikagai batek eragiten duen erreakzio kaltegarri baten atzean. Diagnostiko hori medikuak egin behar du beti, baina seinale batzuk lagungarriak izan daitezke batzuk eta besteak bereizteko, eta jakin egin behar da zein diren seinale horiek:
- Elikadura arloko intolerantzietan (hipersentiberatasun ez-alergikoa), erreakzioak ez dira berehala agertzen (digestio arlokoak izaten dira gehienean); hau da, orduak eta egunak ere pasatu daitezke haurrak elikagaia jaten duenetik sintomak agertu arte.
- IgE antigorputzek esku hartzen duten alergiei “berehalako hipersentiberatasunekoak” esaten zaie. Sintomak oso azkar agertzen dira, normalean elikagaiaren eraginpean egon eta hurrengo 20 minutuetan. Larruazaleko sintomak izan daitezke, arnasbideetakoak eta urdail-hesteetakoak.
- Antigorputz horiek esku hartzen ez duten alergietan, adibidez zeliakian, sintomak ordu batzuetara agertzen dira, eta egun batzuetara ere bai zenbaitetan. Gehienetan digestio arloko arazoak izaten dira.
Sarritan nahasi egiten ditugu laktosarekiko intolerantzia eta esnearen proteinarekiko alergia.
Behi esnearen proteinekiko alergia. Bizitzako lehen hilabeteetan agertzen dira, elikagai hori dietan sartzen hasitakoan. Haurtxoari diagnostikatzen zaion lehen alergia izaten da, eta kasuen %60an lehenbiziko harraldian bertan agertzen dira sintomak. Behi esnea eskuartean erabili duen norbaiten ukituak ere agerraraz dezake (laztan edo musu batek). Erreakzioak berehalakoak edo beranduagokoak izan daitezke, eta larriak direnean, anafilaxia sorraraz dezakete (gehiegizko sentiberatasuna). Bilakaera ona izaten da: pazienteen %50ek onartu egiten dute behi esnea lehenbiziko diagnostikoa egin eta handik bi urtera, eta %80k 3-5 urte igarota.
Laktosarekiko intolerantzia. Horixe da intolerantziarik ohikoena. Organismoak gabezia bat izaten du laktasa entziman, eta, ondorioz, laktosa ez da metabolizatzen behar bezala. Batzuetan giroak berak eragiten du, haurra bizi den gizartean ez delako esnekirik hartzen, adibidez Asiako eta Afrikako kultura batzuetan (ez gure inguruan). Aldaketa genetiko baten ondorioa ere izan daiteke; jaiotzatik bertatik agertzen da, baina oso arraroa izaten da. Laktosarekiko intolerantziak digestio arloko sintomak sorrarazten ditu gehienean, baina ez dira larriak izaten.
Elikagai bakarrak egiten al du kalte?
“Elikadura arloko alergiak dituzten haurren heren batek elikagai batekin baino gehiagorekin izaten dituzte erreakzio kaltegarriak”, azaldu du Ana Maria Plaza-Martin medikuak, Sant Joan de Déu Ospitaleko Alergia eta Immunologia Klinikoko Zerbitzuko kideak (Bartzelona). Erreakzio gurutzatua esaten zaion fenomenoa gertatzen da antigorputz batek erreakzionatu egiten duenean ez bakarrik jatorrizko alergenoarekin, baita antzekoekin ere. Ohikoa izaten da familia bereko elikagaien artean. Adibidez, fruitu lehor edo itsaski batekin baino gehiagorekin.
Haur batek elikagai batekiko alergia sintomak ageri dituenean, zalantza asko sortzen zaie gurasoei. Adibidez, haurrak behi esnearekiko alergia duenean, jakin nahi izaten dute beste animalia batzuen esnerik hartu ote dezakeen; arazoa arrautzak eragiten duenean, galdera izaten da olioarena bakarrik baztertu behar duten edo beste hegazti batzuena ere bai. Ez dago erantzun bat eta bakarra, eta proteinetan egoten da gakoa:
- Esnea. Behi esnearekiko alergia dutenek arazo bera izaten dute gehienean beste ugaztun batzuen esnearekin ere, ahuntzaren eta ardiaren esnearekin adibidez, esne horiek proteina berdin asko dutelako; baliteke, hala ere, beste esne batzuk onartzea, adibidez astoarena edo gameluarena. Baina txahal haragia ez zaie kendu behar haur horiei, gehienek oso ongi onartzen dute eta.
- Arrautza. Alergikoek arazo bera izaten dute beste hegazti batzuen arrautzekin, baina ez beti, hala ere.
- Itsaskiak. Moluskuek, zefalopodoek eta krustazeoek desberdinak dituzte proteina asko. Hortaz, banaka aztertu behar dira.
- Arrainak. Arrain batekiko alergia duten haurrek erreakzioak izaten dituzte beste arrain askorekin ere. Izan ere, parbabulmina da alergi mota horretan esku hartzen duen proteina, eta arrain gehienek izaten dute.
- Begetalak eta fruitu lehorrak. Erreakzio gurutzatuak sor daitezke zenbait familiaren artean. Normalean, proteina berdin batzuk dituztelako gertatzen dira erreakzio gurutzatuak landareen erreinuko elikagaien artean. Ohikoa da, adibidez, kakahuetearekiko alergia dutenek alergia izatea lekaleekiko ere (dilistak, ilarrak, garbantzuak eta babarrun zuriak).
Nolakoak izan daitezke elikagaiek eragindako erreakzio alergikoak
- Toxikoak
- Ez-toxikoak: hipersentiberatasuna
- Immunitate mekanismoak: alergia
- IgE antigorputzen eskuhartzearekin
- IgE antigorputzen esku-hartzerik gabe
- Immunitateari eragiten ez dioten mekanismoak: intolerantzia
- Jatorri entzimatikoa duen intolerantzia
- Arrazoi farmakologikoa duen intolerantzia
- Jatorri zehaztugabea duen intolerantzia
- Immunitate mekanismoak: alergia
‘ZUZENEKO’ PROBAK
- Larruazalekoak. Prick teknikaren bidez egiten dira, eta haurraren larruazala arraspatu egiten da lantzatxo batekin, non alergeno arazotsuaren tanta bat jartzen den. Beste modu bat izaten da zuzenean elikagaia erabiltzea, eta ez alergenoaren estraktu bat.
- Larruazal gainekoak. Patch Test direlakoak dira, eta bizkarrean partxe bat itsasten dute probatu nahi den alergenoarekin. Ukipen bidezko dermatitisaren testa egiteko erabiltzen da, eta egokitzat jotzen da IgE bidezkoak ez diren alergia batzuetarako, non elikagaia ukitzeagatik sortu izan litekeen alergia (adibidez, mertxikaren azala ukitzeagatik).
- Eraginpean jartzea edo ahotik harraraztea. Pazientea elikagai susmagarriaren eraginpean jartzen dute, betiere modu kontrolatuan eta ospitale batean.
- Erronka. Horietan, dietatik kendu egiten da elikagai susmagarria bolada batez; ondoren, berriz sartzen dute mantsomantso.
‘IN VITRO’ PROBAK
Odol analisi bat egiten da IgE bidezko erreakzio alergikoen diagnostikoak egiteko. Alergeno bakoitzak IgE antigorputz espezifiko bat daukanez, analisi horrek lagundu egin dezake identifikatzen alergia jakin bat baduen edo ez.
Nola jokatu behar dugu
Elikadura arloko alergia bat dagoenean, elikagai hori saihestea izaten da lehenbiziko neurria. Erabaki hori, dena den, profesionalek hartu behar dute. “Sekula ez dugu kendu behar elikagai bat guri iruditu zaigulako, haurrari kalte egin diolakoan. Heldu askok egiten du hori: adibidez, glutena edo esnea kendu. Haurrekin egiten den guztia, ordea, ongi pentsatu eta aztertu behar da; ez dezakegu ahaztu haurrak hazten ari direla eta mantenugai asko behar izango dutela. Eta horietako batzuk kentzeak ondorioak izan ditzake”, ohartarazi du Echeverriak.
- Alergia larrietan, gauza jakina delarik elikagaia hartzeak oso erreakzio larriak eragingo dituela nahiz eta gutxi hartu, medikuak esan izango dio familiari zein jaki edo elikagai familia saihestu behar duen, baita nola jokatu ere behar ez den zerbait jaten duenean.
- Guztiei eragiten dien arazoa. Haurraren inguruko heldu guztiek, familiakoek bezala zaintzaile eta irakasleek, ikasi egin behar dute nola jokatu elikadura arloko alergiekin, gauza izan behar dute sintomak bereizteko eta egoki erantzuteko anafilaxia krisi batean. Baina hori bezain erabakigarria da haurrak barneratuta edukitzea arrisku horren berri eta elikagaia saihesten erakustea.
- Alergiazko erreakzioak. Gehienak etxetik kanpo gertatzen dira, istripuz, eta bereziki errutinak apurtzen direnean: ikaskideen urtebetetzeetan, eskolaz kanpoko jardueretan, txangoetan… Elikagai asko eta prestaera batekoak baino gehiagotakoak dauden mahaietan ezkutuan egon liteke arriskua. Hortaz, larrialdi plan bat eduki behar da. Aurreikusi egin behar da zer egin istripuz elikagai kaltegarria janez gero: larrialdi telefonoak, hurbileko ospitaleak, sendagaiak… Elikadura arloko alergia duen haur batekin, heldu bat ez daiteke blokeatuta gelditu zer egin ez dakiela.
- Elikagaia istripuz hartu duenean, egoeraren arabera jokatu beharko da. Sintomak arinak direnean, agian aski izango da antihistaminikoak ematea. “Baina anafilaxia izateko arriskua duten haurrek adrenalina injektatzeko gailuak eraman behar dituzte beti aldean: bizia salbatuko die. Baina kontua ez da eramatea: eraman eta ongi erabili behar dute. Anafilaxia bidez hiltzen diren pertsonen %70ek ez zeramaten adrenalina aldean edo gaizki hartu zuten. Data barrenean eduki behar da (iraungi gabe) eta entrenatu”, azpimarratu du Echeverriak.
- Kontuz elikagai arrasto edo hondarrekin. Alergia bidezko erreakzioa ez da izango hartu den elikagai kopuruaren araberako, haurrak alergeno horrekiko duen sentiberatasunaren araberakoa baizik. Gerta liteke sintomak agertzea oso kantitate txikiak hartuta ere, elikagai arrasto edo hondarrek eraginda. Horregatik, elikagaien etiketan nahitaez adierazi behar da elikagai jakin batzuen arrastoak edo hondarrak agertzen direla.
Arrautza eta esnearekiko alergia duten haurrik gehienek berez gainditzen dituzte hiru urte egin aurretik. Baina beti ez da hala gertatzen eta, bi elikagai horiek oinarrizkoak direnez dietan eta horiek baztertzeak kalte egin diezaiokeenez haurren bizitzari, badira sentiberatasuna kentzeko programak. Horien bidez, haurrak elikagai horiek hartu ahal izatea lortu nahi da edo, gutxienik, gai izan dadila kopuru txikietan onartzeko; era horretan, saihestu egiten da erreakzio larri bat agertzea istripuz hartzen denean (adibidez, arrautzaren arrastoak dituen saltsa bat hartzen denean). Sentiberatasuna kentzeko bidean, oso kopuru txikietan ematen zaie elikagai arazotsua, eta dosia handituz joaten da, bere adinerako normala den dosira iritsi arte. Prozesu hori ospitalean egin behar da beti, eta alergologiako aditu batek zainduta. Tratamendua bukatzean, haurrak basoa bete esne hartu ahalko du egunean (200 ml) edo arrautza bat bi egunetik behin.