Pilar Galan. Nutrizionista eta Epidemiologiako Ikerkuntza Taldeko zuzendari laguntzailea (EREN), zeinak Nutri-Score landu duen

“Nutri-Score ontzi guztietan ezarriko balitz, murriztu egingo litzateke gaixotasun kronikoen hilkortasuna”

1 febrero de 2021

Nutri-Score-k ematen duen informazioa kontsumitzaileek nola jasotzen duten jakin nahian, zenbait ikerketa egin da. Zer-nolakoak izan dira ondorioak?

Pertzepzioari dagokionez, erraz identifikatzen eta azkar ulertzen dutela ikusi da, eta Europako 12 herrialdetan milaka kontsumitzaileri egindako inkestek baieztatu egin dute, tartean Espainiakoei, nutrizio arloko beste logotipoen aldean Nutri-Score hobea eta eraginkorragoa dela elikadura arloko hautuak egiten laguntzeko, baliagarria zaielako elikagaiak egoki sailkatzeko nutrizio kalitatearen arabera.

Frogatuta al dago sistema eraginkorra dela?

Logotipo bat inolako zalantzarik gabe eraginkorra dela baieztatzeko, egiaztatu egin behar da zer-nolako eragina duen kontsumitzaileek egiten dituzten erosketen nutrizio kalitatean. Zenbait ikerketa egin dira Nutri-Score sistemaren eragina neurtzeko (bai supermerkatu birtualetan eta bai denda esperimentaletan, eta horietako bat eskala handian egin dute Frantziako 60 supermerkatutan); alderatu egin dute beste sistema batzuekin edo logotiporik ez erabiltzearekin, eta ondorioztatu dute oro har hobetu egiten dela erosketa saskiaren nutrizio kalitatea. Beste lan batek aztertu egin du gaixotasun kronikoen hilkortasuna zenbat murriztuko litzatekeen elikagaien ontzi guztietan ezarriko balitz: ikerlanak dio heriotza horien %3,4 saihesteko modua egongo litzatekeela. Sarritan entzuten den kritika bat da elikagai ultraprozesatu batzuk A edo B mailan sailkatzen dituela.

Kontraesana sortzen al du NOVA sistemarekin, zeinak prozesatze mailaren arabera sailkatzen dituen produktuak?

Elikagai ultraprozesatu batzuek sailkapen ona eskuratzea ez da harrigarria, zeren Nutri-Scorek eta NOVAk ez baitituzte hartzen “osasun alderdi” berdinak. Nutri-Scorek elikagaien nutrizio osaerari begiratzen dio, eta NOVAk, berriz, transformazio prozesuari. Elikagaien ezaugarri desberdinei buruz ari dira, nahiz eta oro har badagoen lotura transformazio mailaren eta nutrizio kalitatearen artean. Ez zait iruditzen kontraesanik dagoenik, bi alderdi horien gain eragitea beharrezkoa baita osasun ona sustatzeko: nutrizio kalitate hobeko elikagaiak jatea (lehentasuna emanez elikagai freskoei eta gutxi prozesatuta daudenei) eta ultraprozesatuak murriztea

Orduan, zein sistema da hobea?

Ez dago sailkapen perfekturik. NOVAk, NutriScorek bezala, baditu mugak. Adibidez, har ditzagun olioak. NOVA sistema bakarrik erabiliko balitz, guztiak maila berean sailkatuta egongo lirateke, NOVA2 mailan (sukaldaritzan erabiltzeko osagaien artean), eta horrek ez luke aukerarik emango landare jatorriko olioak elkarren artean bereizteko eta nutrizio osaera hobea nork duen esateko, horiei eman behar baitzaie lehentasuna osasun publikoaren ikuspegitik, adibidez oliba edo koltza olioari beste batzuen aurretik (ekilorea, artoa, kakahuetea, kokoa). Nutri-Score sistemak, ordea, aukera ematen du olioen artean mailak ezartzeko C-tik E-raino, eta hori lagungarria zaie kontsumitzaileei oliorik onuragarrienak zein diren jakiteko.

Olioaren puntuazioa da, hain zuzen, Nutri-Score kritikatzeko beste arrazoi bat. Jendeak ez du ongi ulertu oliba olioa C mailan sailkatzea eta azukrerik gabeko freskagarri batzuk B mailan. Nahiz eta sistema hori ez den familia desberdinetako elikagaiak alderatzeko…

Osasun publikoko tresna bat da Nutri-Score, eta horrela denez, ez da sortu ekoizle bat edo bestea pozik uzteko. Kontsumitzaileentzat baliagarria izatea, ez du besterik bilatzen. Oliba olioari dagokionez, ez dago zigortua, C mailan sailkatzen duelako, eta horixe da puntuaziorik onena gantz erantsietarako (ontzeko edo kozinatzeko erabiltzen direnak) eta landare jatorriko olioetarako. Beste batzuek baino sailkapen hobea du: soja, arto eta ekilore olioa D mailan ageri dira (azken hori kontsumitzen da gehien Espainian, oliba olioaren atzetik), koko eta palma olioak E mailan, eta gurina ere bai. Sailkapen hori koherentea da osasun publikoko gomendioekin, Espainian izan ere, eta beste herrialde batzuetan ere berdin, ez delako esaten oliba olioa mugarik gabe har daitekeenik, baina bai horri eman behar zaiola lehentasuna beste olio begetal batzuen aurretik eta, batez ere, animalia jatorriko gantzen aurretik.

Zer iruditzen zaizkizu konparazio horiek?

Ez dute zentzurik, kontsumitzaile batek nekez onduko baitu entsalada bat sodarekin edo nekez edango baitu oliba olioa freskatzeko. Maila bereko elikagaiak alderatzeko tresnak behar ditu kontsumitzaileak, elkarrekin ordezkatu daitezkeen elikagaiak. Hau da, gantz erantsi bat aukeratu nahi duenean eta, bereziki olio bat, supermerkatuko apalategietan oso erraz ikusiko du, NutriScore ikurrari esker, oliba olioak duela sailkapen onena. Eta edari bat hauta tzean, ikusiko du ura bakarrik dagoela A mailan eta ohiko freskagarriek E letra daramatela, nahiz eta azken lan epidemiologikoak kontuan hartuta, litekeena izan soda eztitzailedunen kokapena zalantzan jartzea Europako Zientzia Batzordeak, haren ardura izango baita Nutri-Score eguneratzea.

Nutri-Score sistemaren eguneratze horri dagokionez, Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak nabarmendu egin ditu oliba olioaren propietate osasungarriak bere ebazpen zientifikoan: ugari ematen dituenez polifenolak, lagundu egiten gaitu odoleko lipidoen kalte oxidatzailetik babesten. Gertatu al daiteke sailkapenak aldatzea ebidentzia zientifiko berriak agertuz gero?

Puntu hori eztabaidarako gaien artean edukiko dute Nutri-Score eguneratu beharko duten europar adituek, eta argudio zientifiko horien eta beste batzuen inguruan lan egin beharko dute. Baina sistema hori eraikitzean osasun publikoaren arloan hartu ziren erabakiak eta nutrizio arloko gomendioak emateko erabakiak datu epidemiologikoetan oinarritzen dira nagusiki, eta ez hainbeste elikagaien nutrizio osaeraren inguruko ezaugarri espezifikoetan eta horiek funtzio fisiologikoetan eduki ditzaketen eraginetan. Oliba olioa hartzearen aldeko gomendioak ematen dira entseguek argi frogatu dutelako onuragarria dela osasunerako eta, zehazki, bihotz-hodietako gaixotasunei aurrea hartzeko.

Koltza olioak ez ditu ezaugarri berdinak baina, hala ere, oliba olioak bezalako sailkapena du. Nola azaldu hori?

Kalitate handiko meta-analisiek babesten dute oliba olioaren interesa, lan epidemiologikoetan oinarrituta, baina badira koltza olioaren aldeko meta-analisiak ere, non esaten den hori ere ona dela bihotz-hodietako gaitzei aurrea hartzeko (segur aski omega-3arekin izango du zerikusia, batez ere azido alfa-linoleikoarekin). Herrialde askok esaten du olio begetalen alde egin behar dela, bai oliba olioaren eta bai koltza olioaren alde, bi horietako bakoitzak alderdi interesgarriak dituelako osasunaren ikuspegitik, batez ere bihotz-hodietarako. Mediterraneo inguruko herrialdeetan, eta Espainian bereziki, non oliba olioa hartzea den tradizioa, komunikazioak horixe nabarmendu behar du, lehentasuna eman behar zaiola oliba olioari. Baina Nutri-Score sistema Europa mailakoa da, eta koltza olioa hartzeko joera handiagoa duten herrialdeetan, komunikazioak eta gomendioek esan dezakete biak direla osagarriak, koltza eta oliba olioa.

Produktu errealen adibideak jartzen hasita, kritikoak direnek aipatzen dute prozesatu batzuek A maila lortu dutela, adibidez azukre erantsirik gabeko gailetek eta zereal organiko batzuek. Elikagai horiek osasungarriak direla pentsa ote dezake kontsumitzaileak?

Nutri-Scorek elikagaien nutrizio osaerari buruzko informazioa bakarrik ematen du, eta beste sistema guztiek bezala, ez du ezer esaten gehigarriei edo kutsatzaileei buruz (pestizidak), ezta jatorriari edo karbono arrastoari buruz ere. Ez daitezke elementu horiek guztiak sintetizatu datu zientifikoetan oinarritzen den adierazle bakar batean. Hori dela eta, kontsumitzaileei eman behar zaien mezua da elikagai freskoak eta gutxi prozesatuak lehenetsi behar direla, eta hortik aurrera, etiketa duen elikagai bat hautatuz gero, izan dadila Nutri-Score eskalan maila onena duena. Nahiz eta ez den gomendatzen gosaritarako zerealak eta gailetak jatea, elikagai horiek hortxe daude. Nutrizio arloko gomendioak gorabehera, kontsumitzaileen erabakia bada produktu horiek erostea, hobe da nutrizio kalitate onena duena hautatzea (kopuru txikiagoetan dituena azukreak, gatza, gantzak eta kaloriak, ugari ematen dutenak zuntza…). Osasun publikoak nutrizioaren arloan egiten dituen politiken beste neurri bat baino ez da Nutri-Score, eta bat egiten du helburu hezitzaileekin gauzatzen diren beste ekintza batzuekin, herritarrek errazago eskuratu ditzaten nutrizio kalitate oneko elikagaiak.

Egin diren ikerketetan baieztatu al da teoria hori?

Zenbait ikerketak frogatu dute –era guztietako herritarren artean, diru sarrera txikiak dituztenen artean eta ikasleen artean egindakoek– NutriScore erabiltzeak berekin dakarrela oro har lipido gutxiago hartzea (gantz azido saturatuak bereziki) eta sodioa ere bai, eta produktu freskoak eta ez-prozesatuak maizago jatea (frutak, berdurak eta haragi ez-prozesatuak). Eta interesgarria da nabarmentzea, ikerketa horiek erakutsi dutenez, hautu hobea egiteak ez duela eraginik izan erosi den produktu kantitatean edo erosketaren azken prezioan.

Ikerketa horiek itxuraz baieztatu egiten dute Nutri-Score bereziki erabilgarria dela herritar ahulentzat eta nutrizio arloko ezagutzarik ez dutenentzat. Hala al da?

Halaxe da, bai, frogatu egiten da Nutri-Score, sinplea eta erabilerraza delako, ongi erabiltzen dutela populaziorik ahulenek edo nutrizio arloko ezagutza gutxien dutenek, eta bereziki eraginkorra da populaziorik zaurgarrienean. Esan liteke beste tresna bat dela nutrizioaren eta osasunaren arloan dauden desberdinkeria sozialen aurka egiteko.

Susmo batzuk sortu dira ultraprozesatuen marka handiek Nutri-Score ezartzearen alde egin dutelako. Haientzat mesedegarria dela dio zenbaitek. Zer deritzozu?

Salaketa hori erabat barregarria da. Industriarekin zerikusirik ez duten ikertzaile akademikoek landu dute Nutri-Score, ekoizleengandik euro bakar bat ere jaso gabe. Helburu bakarrarekin sortu zen: osasun publikoari mesede egin ziezaiola eta baliagarria izan zedila kontsumitzaileak ahalduntzeko elikadurarekin zerikusia duten gaitz kronikoen aurkako borrokan. Gainera, multinazional handiek eta presio taldeek kritika handiak egin dizkiote lau urtez; horietako asko aurka daude orain ere. Espainiako Estatuan ekoizle eta banatzaile handi batzuek onartu dute ezartzea (Eroski aitzindaria izan zen) edo laster ezartzekotan dira, baina beste enpresa handi batzuek uko egiten jarraitzen dute (Coca-Cola, PepsiCo, Mars, Unilever, Mondelez, Ferrero, Kraft).

Beste sistema batzuek, adibidez Nutrizio Etiketa Aurreratuak (NEA), zati edo errazioaren araberako puntuazioa ematearen alde egiten dute, errealistagoa iruditzen zaielako, kontsumitzaileak zati hori hartzen baitu aldiro. Nutri-Scorek zergatik erabiltzen du 100 gramoko eredua?

OMEk eta osasun publikoko erakunde gehienek gomendatzen dute 100 gramo (edo 100 ml) hartzea eredutzat nutrizio arloko logotipo baliagarri bat zehazteko. Logika sinplea dago horren atzean: elikagaiak alderatzeko, adierazle bera behar da guztientzat. Zatiak edo errazioak erabiltzea oso eztabaidagarria da, ez dagoelako zehaztua zer den zati bat eta ekoizleek eurek finkatzen dituztelako zati horiek; ondorioz, nabarmen aldatu daitezke produktu eta marka batetik bestera.

Zaila al da elikagai baten kontsumoa zatika antolatzea?

Zientifikoki, oso zaila: herritarren adina hartu behar da kontuan, sexua, bizitzako egoera fisiologikoak…

Hortaz, zer iruditzen zaizkizu eredutzat zatiak hartzen dituzten sistemak?

Zatien araberako ikuspegi hori hartu zuen Big6 partzuergoak sistema berri bat ezartzea proposatu zutenean (elikadura arloko sei enpresa biltzen ditu: Coca-Cola, Pepsi- Co, Nestlé, Mars, Unilever y Mondelez). Nutrizio Etiketa Aurreratua (NEA) sortu dute enpresa horiek, eta semaforo anizkoitzetan oinarritzen da (MTL, Multiple Traffic Lights), zeina aspalditik erabiltzen den Erresuma Batuan. Baina MTL delakoak 100 gramoko eredua darabil muga gorriak ezartzeko, eta NEAk, aldiz, zati txikiagoa (60 gramotik beherakoa). Horrela, NEAk nutrizio kalitate apalagoko produktuei egiten die mesede, kolore hobea lortzen baitute MTL logoarekin sailkatuta daudenek baino. Frogatuta dago zatietan oinarritzen den sistema bereziki engainagarria izan daitekeela: kontsumitzaileei nahasmendua eragiten die produktuaren egiazko nutrizio kalitatearen inguruan.

Beste sailkapen sistema batzuei buruz ari garenez: nutrizionistek oso ontzat jotzen dute Txileko alerta edo Warning sistema (ohartarazpen zigilu beltzak erabiltzen dituzte mezu zuzenak emateko, adibidez “Azukre askokoa”, “Gatz askokoa”). Zer iruditzen zaizu?

Warning sistemak oktagono beltzekin markatzen ditu azukreak eta/edo gantza eta/edo gatza kopuru handietan ematen dituzten elikagaiak (100 gramo bakoi tzeko). Nutri-Score sistema graduala da eta aukera ematen du elikagaien nutrizio kalitatea alderatzeko, baina Warning bidezkoa sistema bitarra da, eta identifikatu egiten ditu mantenugai kritiko horietan muga batzuk gainditzen dituzten produktuak. Sistema hori ongi egokitzen da Latinoamerikan, han produktu gutxiago dagoelako elikagaien merkatuan eta elikagaien nutrizio osaeran ez dagoelako hain aukera zabalik produktu multzo bakoitzean.

Eta Europan ez?

Bestelakoa da egoera. Elikagai multzo bakoitzaren barrenean era askotako produktuak ditugu nutrizio kalitatearen aldetik. Sistema bitarrak bi mailatan bereizten ditu elikagaiak (eta ez 5etan, Nutri-Scorek bezala), eta osasun publikoaren ikuspegitik, kontsumitzaileek ez ditzakete alde handiak bereizi produktuen artean.

Zer-nolako mugak ditu, hortaz, Txileko sistemak?

Ez ditu bereizten, adibidez, “kalterako” diren elementuak ezarritako mugatik oso behera dituzten elikagaiak (adibidez, azukrerik, gatzik edo gantzik batere ez dutenak) eta muga horretatik oso gertu daudenak (azukre, gatz edo gantz pixka bat dutenak). Bestalde, balio absolutu gisa aurkezten du elikagai baten nutrizio kalitatea, baina zaila da produktuen artean nutrizio kalitatea alderatzea. Nola alderatu gatzaren ohartarazpena egiten duen produktu bat eta gantz saturatuen edo kalorien ohartarazpena egiten duen beste bat?

Beste eztabaida bat ere sortu da: industriak nola erabili edo manipulatu ditzakeen Nutri-Scoreren mugak. Adibidez, Chocapic zerealen bertsio berri batek C letratik B-ra pasatzea lortu du zuntz gehiago eranste hutsarekin, nahiz eta azukrea den produktuaren %25. Zer iruditzen zaizkizu ekintza horiek?

Nutri-Scorek dituen helburuen artean, nutrizio arloko beste logotipo batzuen helburuetan bezala, industria animatu egin nahi da beren produktuak birformulatzera eta nutrizio osaera hobetzera, azukre, gantz saturatu eta gatz gutxiago erabil dezaten eta zuntz, fruta eta berdura gehiago. Nahiz eta nutrizioaren ikuspegitik ez den komeni gosaritarako zerealak hartzea, horiek erosi nahi dituzten kontsumitzaileentzat beti izango da hobea nutrizio osaera hain txarra ez dutenak hautatzea. Gosaritarako zereal asko C, D eta E mailan ageri dira. Horietako batzuk B eta A letrekin ere ageri dira, zenbait muesli adibidez. Chocapic zerealek nolako nutrizio osaera duten ikusita, ez da komeni jatea, baina onartu behar da hobetu egin dela urte batzueta tik hona, hasieran D mailako produktua baitzen eta, azukreak murriztu ondoren, C mailara pasatu zen. Ondoren, osoko gariz egiten hasi dira, eta zuntz gehiago duenez, B mailara pasatzea lortu du.

Oraindik ere azukre gehiegi dauka…

Egia da, baina azukre hori bera edo gehiago duten beste zereal batzuekin alderatuta, orain zuntz gehiago ematen du. Hortaz, nahiz eta gomendio orokorretan ez den sustatu behar zerealak jatea, bereziki saihestekoak dira D eta E mailetan sailkatuak, eta A mailakoak bilatu behar lirateke.

Zergatik dago hainbesteko aniztasuna produktu horietan?

Muesli batzuek A letra ageri dute (azukre gutxi izaten dute), baina beste batzuk C, D edo E mailan ere egon litezke (oso gozoak eta kaloria askokoak direlako), eta horregatik da interesgarria Nutri-Scorek bereizketa egitea marka batzuen eta besteen artean. Nutri-Scorek kalkuluak egiteko darabilen metodoak pisu gutxiago ematen die “onerako” diren elementuei (gehienez ere 15 puntuko hobaria) “kalterako” direnei baino (40 punturainoko zigorra). Hori horrela egiten da alderdi onuragarriek ez dezaten “hobetu” osaera desegokia duen produktu bat. Dena den, jarraitu egin behar da sistema indartuz industriak ez ditzan birformulatu osasunerako onar garriak ez diren elementuekin, adibidez zuntz sintetikoak erantsita.

Nutri-Score modu orokortuan ezartzeaz gain, zer beste neurri osagarri hartu behar lituzkete erakundeek?

Nutri-Score, ontzien aurrealdean jartzen diren beste nutrizio logotipoak bezala, beste ekintza bat gehiago da osasun publikoak nutrizioaren arloan egiten dituen jardunbideen artean. Osagarria da gainerako neurriekin eta, bereziki, nutrizio arloko heziketarekin eta gomendio orokorren inguruko komunikazio ekitzekin, adibidez handitu egin behar dela elikagai freskoen eta prozesatu gabeen kontsumoa edo oso gutxi prozesatuena, ariketa fisiko gehiago egin behar dela… Baina baita marketina arautzearekin eta publizitatea galaraztearekin ere (haurrei zuzentzen zaiena bereziki), dirulaguntzak ematearekin nutrizio kalitate oneko produktuak eskurago egon daitezen guztientzat, janari makinen kontrolarekin…

Nola hobetu dezake sailkapen sistema?

Nutri-Score ez da erabat perfektua. Nutrizio arloko informazioa ematen duen ezein logotipo ere ez daiteke izan. Inperfekzioetako batzuk etorkizunean konpondu ahalko dira moldaketa txiki batzuk eginda algoritmoaren osagaietan, baina garrantzitsua da oroitaraztea oso ongi funtzionatzen duela dozenaka mila elikagairekin.

Zein da hurrengo pausoa?

Nutri-Score lantzen hasi zenetik, aurreikusia zegoen algoritmoa eguneratu egingo zela hiru urtetik behin ezagutza zientifikoen bilakaera kontuan hartzeko, eta hori aditu batzorde independente batek egingo du, oinarri erabat zientifikoen gainean (presio taldeei sarbiderik utzi gabe). Edari eztitzailedunen kokapena berraztertzea, zuntza eta osoko produktuak eta findu gabe daudenak kontuan hartzea… Auzi horiek guztiek aztertuko dituzte, zalantzarik gabe, luze gabe sistema eguneratzeko ardura izango duten zientzialari independente horiek.

Sistema, sortzailee- tako baten hitzetan

Nutri-Score sistemarekin ohituta ez dagoen kontsumitzaile batentzat gako batzuk eman ditu Pilar Galanek, hobeto uler dadin elikagaiak nola sailkatzen diren sistema horrekin. “Nutrizio arloko logotipo bat da, kolore bidezkoa; ontziaren aurrealdean jartzen da eta 5 mailatako nutrizio kalitatea zehazten du, hasi berdetik (kalitate onenekoak dira, A letra daramatenak) eta laranja iluneraino (nutrizio kalitate apalenekoak, E letra daramatenak).

Koloreetako zirkuluak eta letrak (A/B/C/D/E) erabiltzeak bermatu egiten du kontsumitzaileek errazago irakurri ahal izatea. Kalkulua egiteko, kontuan hartzen dira nutrizioaren ikuspegitik “kalterako” jotzen diren elementuak (kaloriak, azukre sinpleak, gantz azido saturatuak eta sodioa) eta “onerako” jotzen direnak (proteinak, zuntzak, fruta, berdura, lekale eta fruitu lehorren portzentajea, eta oliba, koltza eta intxaur olioen portzentajea), eta ontziaren atzealdean osaerari eta osagaiei buruz agertzen den informaziotik abiatuta egiten da”, azaldu du.

Nutri-Scorek aukera ematen du kontsumitzaileek, begiratu bakarrean, nutrizio kalitatea alderatu dezatela sail bereko elikagaien artean (adibidez, gosaritarako zerealen edo plater kozinatuen artean), sail desberdinetakoak izanik ere egoera berean kontsumitzen diren elikagaien artean (adibidez, askaritan, gaileten eta moldeko ogien artean) edo izen bera baina marka desberdina duten produktuen artean (adibidez, marka bateko eta besteko gazta pizzen artean edo gosaritarako zerealen artean).

DIETA MEDITERRANEOARI %100 EGOKITZEN ZAION TRESNA BAT

Nutri-Score ezin hobeto egokitzen zaie Europako herrialde guztiei, denek baitituzte gomendio berberak osasun publikoaren arloan. Globalizazioari esker, gainera, gaur egun Europa guztian aurki daitezke produkturik gehienak. Espainiako Estatuan egin diren lanek egiaztatu egin dute Nutri-Scorek puntuazio kaskarrena ematen dien produktuek lotura dutela hilkortasun goiztiar globala izateko arriskua handitzearekin eta zehazki minbiziaren erruz hiltzearekin.

Datu horiek ageri dira SUNek koordinatu duen azterketa klinikoan (Seguimiento Universidad de Navarra), non 205.03 lagunek parte hartu duten. Horrek frogatu egiten du Nutri-Score sistemaren kalkulua egiteko erabiltzen den algoritmoa erabat koherentea dela dieta mediterraneoaren ereduarekin eta baita Nutrizio Komunitarioko Espainiako Elkartearen gomendioekin ere (SENC), zeinak sailkapen hobea ematen dien gantzak, azukreak eta gatza kopuru txikietan dituzten platerei eta beste osagai hauek ugari dituztenei: zuntza, frutak eta berdurak, lekaleak eta fruitu lehorrak. “Nutri-Score piramide mediterraneoan txertatzen denean, agerian gelditzen da paralelismo paregabea dutela. Horrek azaltzen du, zalantzarik gabe, kontsumitzaileen hainbat elkartek zergatik babestu duten Nutri-Score, baita Espainiako Kontsumo Ministerioak ere, Espainiako Estatuan hori ezar dezaten”, azaldu du Pilar Galanek.