Tiroidea

Gure gorputza gobernatzen duen guruina

Lepoan dago tiroidea, laringearen azpian, eta tximeleta itxura dauka. Guruin endokrino txiki hori funtsezkoa da organismoak egoki funtziona dezan, sortzen dituen hormonek berebiziko garrantzia baitute metabolismoaren, hazkundearen eta beste prozesu fisiologiko batzuen doikuntzan. Hain da garrantzitsua osasunerako, gure organismoko orkestra zuzendari dela esaten da.
1 martxoa de 2024

Tiroidea. Gure gorputza gobernatzen duen guruina

Tiroidea bizitzako fase guztietan agertzen da, baita fetua amaren sabelean eratzen ari denean ere. Ezinbestekoa da sistema guztiek behar bezala funtziona dezaten”, azaldu du Carlos Zafon SEEN Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkarteko kideak (Tiroidearen Arloko koordinatzaile da). Haren zereginean dago gakoa: hormona batzuk ekoiztea (tiroideak), zeinak benetako eragileak diren gorputzeko funtzio askoren erregulazioan, koordinazioan eta kontrolean:

  • Metabolismoa doitzea. Tirodeko hormonek organismoko ia zelula guztietan dute eragina, eta beharrezkoak dira gure organoen funtzioak kontrolatzeko.
  • Garapena eta hazkundea. Ezinbestekoak dira nerbio sistema zentralak bilakaera normala izan dezan fetuan eta haurren eta nerabeen hazkuntzan eta garapenean.
  • Bihotz erritmoa eta gihar uzkurdura doitzea. Bihotz-hodietako sisteman eta gihar-hezurduren sisteman eragiten dute.
  • Gorputzaren tenperatura kontrolatzea. Gorputzaren bero sorrerari eta galerari eragiten diote.

Hormona lantegi bat.

Triiodotironina (T3) eta tiroxina (T4) dira tiroideak askatzen dituen bi hormona nagusiak. Tiroideak ez ditu hormonak nahi bezala edo mekanikoki “ekoizten”; Tiroideko Hormona Estimulatzaileak (TSH) arautzen du ekoizpena, zeina guruin pituitarioak jariatzen duen, tiroideko hormonek gorputzean duten kontzentrazioari erantzuteko. Tiroideko hormonen mailak behera egiten duenean, pituitarioak TSH gehiago askatzen du, hormona gehiago sor dezan. Tiroideko hormonen mailak handiak direnean, TSHak ekoizpena murriztu egiten du tiroidearen estimulazioa murrizteko. Horregatik da hain interesgarria odoleko TSH mailak neurtzea, balio anormal batzuek tiroidearen funtzioan desoreka dagoela adieraz baitezakete: hau da, behar baino gehiago edo gutxiago ekoizten ari dela. Hormonen balantze hori batzuetan deskonpentsatu egiten da tiroideak gaizki funtzionatzen duelako. Espainiako Estatuko biztanleriaren %5 inguruk tiroideko nahasmendua duela kalkulatzen da. Horietatik, hipotiroidismoa eta hipertiroidismoa dira ohikoenak, eta esan nahi du hormonen ekoizpenean gabezia dagoela edo behar baino gehiago ekoizten ari dela.

Iodoa eta haurdunaldia

Iodoa ezinbesteko elementua da tiroideko hormonen sintesia egiteko; eragin zuzena du organismoan, prozesu metaboliko askotan esku hartzen baitu, eta beste ezein elikagaik ez dezake ordezkatu.

Herrialde askotan, hipotiroidismoaren kausa nagusia iodoaren urritasun larria da. Hala ere, garrantzitsua da kontuan hartzea haurdunaldia garai delikatua dela. Haurdunaldian tiroidearen disfuntzioa maneiatzeari buruzko adostasun dokumentua landu dute Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkarteak (SEEN) eta Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkarteak (SEGO), eta hauxe diote: “Iodoaren nutrizio beharrak nabarmen handitzen dira haurdunaldian, tiroideko hormonaren eskaera handiagoari aurre egiteko, eta horrek amaren eta fetuaren gastu metabolikoa handitzea dakar. Tiroideko hormonek zuzenean eta zeharka esku hartzen dute enbrioiaren eta fetuaren garapen neurologikoaren prozesu gehienetan”.

Horrexegatik da ezinbestekoa haurdun dagoen emakumeak iodoa maiz-maiz eta kopuru egokian hartzea. Horretarako, gatz iododuna, arraina, esnea eta esnekiak hartzea gomendatzen da. Dietaren bidez lortzen ez denean, komenigarria izan daiteke gehigarri farmakologikoak hartzea, betiere espezialistak gainbegiratuta.

Zer gertatzen da maila txikia denean.

Hipotiroidismoa esaten zaio tiroideko hormonen maila txikiak izateari, eta pertsona batetik bestera zertxobait alda daitezkeen sintomak sortzen ditu. “Askotarikoak dira. Balio hormonal berberekin, pertsona batzuek sintoma asko izango dituzte, eta beste batzuek ia bat ere ez. Era berean, oso zehaztugabeak dira, hau da, tiroideko arazorik ez duten pertsona askok ere izan ditzakete”, azaldu du Cecilia Sanchez Ragnarsson-ek, Asturiasko Unibertsitate Ospitale Zentraleko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuko kideak, TiroSEEN Lan Arloaren ordezkari gisa. Sintoma horien artean daude nekea, hotzarekiko tolerantzia txarra, puzteko eta pisua handitzeko joera, idorreria, larruazaleko lehortasuna… “Batzuk oso dira ohikoak populazio orokorrean, eta horietako bat daukaten pertsona gehienek ez dute hipotiroidismorik izango; hortaz, ezinbestekoa da beti diagnostiko analitikoa egitea”, dio Sanchezek.

Eta zerk eragiten du? Kausa ohikoenetako bat tiroideko gaixotasun autoimmunea edo Hashimotoren tiroiditisa izaten da: immunitate sistemak modu okerrean erasotzen dio tiroideko guruinari, eta horrek guruin horren hantura kronikoa eragiten du, eta, batzuetan, murriztu egiten du tiroideko hormonen ekoizpena. Tiroidea ebakuntza kirurgiko batekin kentzeak ere (partzialki edo osori) eragiten du hipotiroidismoa, eta tratamendu eta terapia batzuek ere eragin dezakete. Herrialde askotan, hipotiroidismoaren kausa nagusia iodoaren urritasun larria da. Tratamenduari dagokionez, oso erraza da: falta den tiroxina ahotik hartzea; beraz, doitu egin behar da zenbateko dosia eskatzen duen bakoitzak, eta nahikoa izango da egunero pastilla bat hartzea.

Eta maila oso handia denean?

Kontrako egoeran egongo ginateke: hipertiroidismoa esaten zaio horri. Pazientearen odolean tiroideko hormonen kontzentrazio handia dagoenean agertzen da. Sintomak aldatu egin daitezke paziente batetik bestera, baina honako hauek dira ohikoenak: urduritasuna, antsietatea, suminkortasuna, nekea, takikardia, palpitazioak, pisua galtzea, eskuen dardara, insomnioa, beroarekiko intolerantzia, gehiegizko izerditzea eta gorozki kopurua handitzea.

Gazteen artean, Gravesen gaixotasuna izaten da kausarik ohikoena. Patologia immunologiko horretan, organismoak antigorputzak sortzen ditu, eta suspertu egiten dute tiroideko hormonak jariatzeko eta askatzeko prozesua. Bozio lausoa du ezaugarri nagusia (guruina handitzea). Tratamenduari dagokionez, tiroideoen aurkako sendagaiak, erradioiodoa edo kirurgia daude; hipertiroidismoa zenbateraino den larria, bozioak zer-nolako neurria duen eta pazientea zein adinetakoa den, bat edo bestea komeniko da.

Tiroideko arazoak izanez gero, kontuz ibili...

Hipotiroidismoa agertzen denean, tiroxina ahotik hartzea izaten da tratamendua. Dena den, arazo hori duten pertsonek jakin behar dute elikagai jakin batzuek aldatu egin ditzaketela tiroideko hormonaren mailak, edo sendagai horrekin interakzioan aritu daitezkeela (xurgatzeko prozesua motelduz edo azkartuz):

  • Soja. Fitoestrogenoak esaten zaien konposatu batzuk ditu, tiroidearen funtzioan eragin dezaketenak. Sojazko produktuak neurrian hartzea gomendatzen da, besteak beste soja edaria eta tofua, batez ere kantitate handietan hartzeko joera izanez gero.
  • Begetal kruziferoak. Brokolia, azalorea, azaburua eta bruselazak boziogenoak izaten dituzte, iodoa xurgatzeko prozesuan eta tiroidearen funtzioan eragina izan dezaketen konposatuak. Landare horiek gordinik jaten direnean gertatzen da hori; horregatik, arazorik gabe jateko, ongi egosi behar dira.
  • Kafeina. Kopuru handian, eragotzi egin dezake tiroideko nahasmenduaren aurkako sendagaiak hartzen dituzten pertsonek tiroideko hormonak behar bezala xurgatzea. Kontsumoa mugatzea eta medikuari kopuru seguruari buruz galdetzea gomendatzen da.
  • Algak. Itsas algak, batez ere kelp, dulse eta wakame, iodo iturri oparoa dira. Horiek janda, iodo gehiegi metatu daiteke gure organismoan (horrek okertu egin ditzake hipertiroidismoaren sintomak edo tiroideko guruinaren hantura areagotu hipotiroidismo autoimmunea duten pertsonengan). Era berean, eragotzi egin dezake sendagaiak behar bezala xurgatzea.

Beste kalte bat: noduluak.

Espainiako Otorrinolaringologia eta Buru eta Lepoko Kirurgia Elkartearen arabera (SEORL CCC), tiroideko noduluen prebalentzia oso handia da populazio orokorrean; izan ere, “haztapen bidezko nodulu bat aurkitzeko probabilitatea %5 ingurukoa da, eta zifra hori %70era iristen da ekografia bidezko nodulu ezkutu bat aurkitu nahi denean”. Tiroideko nodulu bat aurkituz gero, lehenik eta behin tumore onbera edo gaiztoa den zehaztu behar da (noduluen %90 onberak dira eta %95 asintomatikoak). Onbera bada, tratamendua eboluzioaren araberakoa izango da, eta tamainaz gehiegi handitzen bada, ebakuntza kirurgikoa egin eta tiroidea erauztea da irtenbidea.

Mantso hazten den minbizia.

Tiroideko minbizia tumore gaizto bat da, guruin horren barruan dagoena eta tiroideko zelulak kontrolik gabe hazten direnean sortzen dena. Tiroideko Minbiziaren Espainiako Elkarteak emandako datuen arabera, Espainian 4.000 eta 5.000 kasu artean diagnostikatzen dira urteko. Gainera, azaldu dutenez, “gainerako tumoreetan ez bezala, tiroideko minbizi gehienek, zehazki tiroideetako minbizi bereiziek, hazkunde motela dute. Behin pazientea tratatuta, emaitzak itxaropentsuak izaten dira: tiroideko minbizi gehienak guztiz ezabatzen dira kirurgiarekin eta tratamenduarekin, motaren arabera”.

Zergatik dago gero eta kasu gehiago?

Azken 40 urteetan, tiroideko arazoen diagnostikoak hirukoiztu egin dira. Zer esan nahi du horrek, kasuen kopurua ere hirukoiztu egin dela edo gero eta proba gehiago egitearen eta, beraz, hobeto diagnostikatzearen ondorio baino ez dela? Zaila da hori argitzea, aitortu du Zafonek: “Egia da tiroideko gaixotasunak hasierako faseetan antzematen direla gero eta gehiago; argi dago, sintomak egon aurretik aurkitzen badituzu, bilatu egin duzulako dela”. Atzera begiratzen badugu, garai batean oso kontu arraroa zen tiroideko hormonak aztertzeko eskatzea. Gaur egun, ordea, analisien errutinaren zati dira. Hala, proba horiek orokortuta, baita sintomak sortu aurretik ere, hipotiroidismo subklinikoa deritzonaren gero eta kasu gehiago diagnostikatzen dira. Hipotiroidismo mota hori agertzen da TSHren gorakada gertatzen denean, baina bai T4ak bai T3ak kontzentrazio normalak ageri izaten dituzte. Zer egin behar da halakoetan? Tratamendu farmakologikoa eman behar al da? “Adostasunez, TSHa baino ez denean handia, ez da ezer egin behar; izan ere, kasuen %50ean normalizatu egiten da. Bilakaera behatu behar izaten da, eta atzerabiderik ez dagoela eta sintomak denbora gutxian ager daitezkeela ikusten denean, normalean sendagaiak ematen hasten da”, dio Zafonek.

Disruptore endokrinoak.

Dena den, diagnostikoen gorakada horretaz gain, arrazoi posible gehiago daude tiroideko disfuntzioak ugaritzearen atzean. Horien artean, disruptore endokrinoak esaten zaienak, gorputzeko sistema endokrinoarekin interferentziak sorraraz ditzaketen substantzia kimikoak, gure organismoak modu naturalean sortzen dituen hormonen ekintza imitatu edo blokeatu egin dezaketelako, tartean tiroideko hormonena.

Ikerketa zientifiko askok lotzen dituzte tiroideko nahasmenduak eta disruptoreak, adibidez ftalatoak, bifenilo polikloratuak, organokloratuak, bisfenola eta sugar-atzeratzaile bromatuak. Arazoa da substantzia horiek uretan agertzen direla, airean, produktu kimiko industrialetan, norberaren zaintzarako produktuetan, kontsumorako materialetan… Hau da, leku guztietan.

Gure tiroidea gaixotzen ari al da mikroplastiko eta kutsatzaile horiengatik? “Oso gai konplexua da. Badakigu haren funtzioari eragiten diotela, baina benetan zaila da zehaztea zenbat eta zenbateraino. Disruptore endokrino askoren eraginpean gaude, eta kantitatearen, esposizio denboraren eta norberaren ahultasunaren araberakoa izango da. Ez dago kausa-efektu egoera argirik, batez ere epe luzerako esposizioak direlako”, adierazi du Zafonek.

Eta zalantza gehiago ere badaude tiroideko nahasmenduei buruz. Adibidez, badakigu ahotik tiroxina hartuz organismoari beharrezko hormona kantitatea ematen zaiola, baina horrekin ez al gara ari disfuntzioaren ondorioa bakarrik tratatzen eta ez kausak? “Hipotiroidismo kasu gehienak Hashimotoren tiroiditisaren ondorio dira, guruinari erasotzen eta hura suntsitzen duen gaixotasun autoimmunearen ondorio. Mekanismoa ezagutzen dugu, baina ez zerk abiarazten duen”, azaldu du Zafonek. Era berean, ez dakigu gaixotasunak zergatik duen prebalentzia handiagoa emakumeen artean gizonen artean baino.

Hor, berriz ere patologia autoimmuneei begiratzen zaie, “askoz ere maizago gertatzen baitira emakumeen artean, nahiz eta ez jakin zergatik. Uste dugu emakumearen beste faktore hormonal espezifiko batzuek eragiten dutela, baina egia da alde handia dagoela gizonen eta emakumeen prebalentzian”, nabarmendu du Zafonek.

Tiroidea eta buru osasuna

Tiroideko nahasmenduaren eta buru osasunaren arteko harremana konplexua da, batez ere sintomak nahasgarriak izaten direlako sarritan, bai hipotiroidismoarenak eta bai hipertiroidismoarenak, eta gaixotasun psikiatriko bat dagoela pentsaraz dezakete.

  • Hipotiroidismoan ohikoak dira astenia psikomotorra, lozorroa, logura eta nahasmendu kognitiboak, esaterako oroimena galtzea eta kontzentratzeko gaitasunik ez izatea, eta horiek guztiak oso ohikoak dira depresioan.
  • Hipertiroidismoa hiperaktibitatearen kausa izan daiteke, eta takikardiarekin, urduritasunarekin, krisi basomotorrarekin eta suminkortasunarekin batean ager daiteke; halakoetan, nahasi egin daiteke beste gaitz batzuekin: antsietatea, izu krisiak edo mania gertakariak, hipomania gertakariak…

Angel Corona psikiatrak adierazten duen bezala, “tiroideko gaixotasunetan zein psikiatrikoetan, sintoma batzuk gainjarri eta nahasi egiten dira batzuetan. Jakin egin behar da koadro horiek bereizten”.