Gazteak eta pantailak

Burbuila analogikoaren arriskua

Iritsi da unea aliantzak egiteko. Gure seme-alabentzat mehatxu izan daitezkeela pentsatu beharrean, heziketan eta neurozientzian aditu direnek esaten dute aukera gisa hartu behar genituzkeela pantailak, haurrak heziketa digital osasungarri eta seguruan inplikatzeko. Ez badute ikasten teknologia kontrolatzen, teknologiak kontrolatuko ditu.
1 maiatza de 2022
chica en cafetería con ipad

Gazteak eta pantailak. Burbuila analogikoaren arriskua

Ikerketa bat argitaratu du 2022. urtean Empantallados.com guraso plataformak: Pantailen eragina familiako bizitzan, eta hor esaten denez, gurasoen %90 baino gehiago jabetzen dira teknologia berriak funtsezkoak direla seme-alaben etorkizun profesionalean. Nahiz eta ongi jakin erabilgarriak direla, familia askori zalantzak sortzen zaizkie, ez baitute argi haurrek nola erabili behar duten teknologia eta zer komeni den: galaraztea, erabiltzen hasteko unea ahalik eta gehiena atzeratzea edo sustatzea. Irakasleek, gizarte hezitzaileek, psikologoek eta neurozientzialariek behin baino gehiagotan esan dute utzi egin behar zaiola teknologia deabrutzeari, eta aliatu gisa hartu behar dugula haurrak ez daitezen baztertuta gelditu etorkizunean ere hortxe egongo den errealitate batetik. Txikitatik heziz gero, errazagoa izango da nerabezaroan modu arduratsu eta seguruan erabiltzea. 

Zenbat eta lehenago, hobeto

Kontua ez da hiru urtetan mugikorra erostea haurrari, baina 15 urte egin arte ere ez dugu itxaron behar. Ordurako berandu izango da, halaxe dio Jordan Shapirok, Filadelfiako Temple University-ko irakasle eta alfabetatze digitaleko adituak. Ikertzaile horren ustez, lehenbailehen erakutsi behar zaie haurrei mundu digitalaren berri. Haren esanetan, sei eta zazpi urteko haurrei oraindik ere badago modua jarraibide batzuk emateko, baina nerabe bati jada ez. Iritzi berekoa da Jordi Jubany, antropologoa eta psikologiako eta familiako gaietan aditua, eta hark azpimarratzen duenez, “teknologiaren gaian ez da hainbeste begiratu behar noiz den adin egokia mundu digitalean hasteko, eta erabilera horretan haurra hezteko eta laguntzeko moduak bilatu behar dira”. Aditu horrek oroitarazi egin du zenbaitetan oharkabean gelditzen den zerbait: edukien kontsumitzaile izateak ez duela esan nahi eskura ditugun tresnak ezagutzen ditugunik eta gaitasunez baliatu. “Horretarako funtsezkoak dira familia inguruko erabilerak, ohiturak eta balioak, normalean hor ematen dugu-eta ordu gehien”, azaldu du Jubanyk. Gurasoek eredu ona eman behar dute, eta inork baino lehen haiek hartu behar diote neurria teknologien erabilerari, seme-alabek ikus dezatela sare sozialetan aritu daitezkeela, baina badutela denbora liburu bat irakurtzeko ere, kirola egiteko edo beste zaletasun batean aritzeko.

Arauak guztientzat

Keinu batzuk oharkabean egiten ditugu, baina adierazgarriak dira. Adibidez, haur batek ikusten duenean bere gurasoak obsesionatuta daudela whatsappeko mezu guztiak erantzun nahian edo ohean sartu eta ez direla gai izan jakinarazpenak desaktibatzeko, nekez lortuko da teknologiarekin harreman osasungarria sortzea. Etxean denentzat balio behar dute arauek.

Garbi eduki behar da, halaber, zer egin nahi dugun teknologiarekin eta zer-nolako lekua eman nahi diogun gure bizitzan. “Galdetu egin behar diogu geure buruari zer-nolako interesak dituen gure familiak eta etxean zertarako erabiliko dugun”, azaldu du Anya Kamenetz-ek, zeina hezkuntza arloko espezialista den eta Pulitzer sarirako izendatu zuten 2005ean nerabeen inguruan egin zituen erreportajeengatik. Horretarako, gurasoei gomendatzen die, mugikorrari itsatsita egon beharrean zertan ari diren esan gabe eta seme-alabek ez dezaten pentsatu mugikorraren erabilera gauza sekretua eta pribatua dela, azalpenak eman ditzatela haren erabilerari buruz. “Adibidez: telefonoa hartuko dut bihar zer-nolako eguraldia egingo duen begiratzeko, edo nire helbide elektronikoa begiratuko dut pertsona horrek erantzun didan ikusteko…”, azaldu du Kamenetzek. Argi badugu teknologia hori zertarako erabiltzen den, gure seme-alabak ohartuko dira horretaz.

Beste alderako korrontea: zenbat eta beranduago, hobeto

Aditu askoren ustez, lehenbailehen komeni da haurrak eta teknologia elkarrekin harremanetan jartzea, baina beste batzuek diote ahalik eta gehiena atzeratu behar dela. Alvaro Bilbao neuropsikologoa da horietako bat. Haren ustez, lehen sei urteetan ez zaie inolako pantailarik eman behar. El cerebro del niño explicado a los padres izeneko liburua argitaratu du (Haurren garuna gurasoei azaldua), eta hor azaltzen du zer-nolako arriskuak dituzten teknologia berriek haurrentzat. “Datu sendoek frogatzen dute haurrak telefono adimendunen, tableten eta bestelako gailu batzuen eraginpean egoteak handitu egiten duela arriskua jokabide arazoak eta arreta faltagatiko nahasmenduak izateko”, idatzi di liburuan.  Baina bada gehiago ere. “Kalkuluek diotenez, 2008. urteaz geroztik jaiotakoena izango da lehen belaunaldia 25 urte betetzen dituenean gurasoek baino koziente intelektual txikiagoa izango duena. Eta horretan zerikusi handia dute telebista aurrean eta bideo-jokoetan ematen dituzten orduek, eta frustrazioaren aurrean tolerantzia txikiagoa izateko bidean jarri izanak”, azaltzen du. “Neurozientziaz eta garapen intelektualaz dakidana jakinda, ez daukat haurrentzako inolako aplikaziorik nire mugikorrean edo tabletan”, bukatzen du.

Cal Newport zientzia konputazionaleko irakaslea da Georgetown-eko Unibertsitatean (Washington), eta iritzi berekoa da. El País egunkarian egin berri dioten elkarrizketa batean aditu horrek argi esaten du: “Inork ez luke mugikorrik eduki behar 16 urteak baino lehen. Are gehiago, zentzuzkoagoa litzateke 18 urtetan ematea”. Smartphoneen inguruan dituen zalantza berdinak sortzen zaizkio beste kanal eta plataforma batzuekin ere. “Badakigu sare sozialek ondoez psikologikoa eragin diezaieketela. Beren garunak ez dezake kudeatu ondoeza sortzen dien hori guztia, eta horregatik azpimarratzen dut ez luketela eduki behar halako sareak dituen mugikorrik, mezuak jartzeko aukera emango dien bat baino ez”.

Errudunaren bila

Ezin da esan teknologia denik etxeko arazo guztien erruduna. Shapiroren iritziz –berak zerbait irakurtzeko eskatzen die seme-alabei haiekin bideokontsolan jolasten hasi aurretik, izan paperetik, tabletatik edo liburu elektronikotik–, kontua ez da gazteek gutxiago irakurtzen dutela, kontua da gurasoek jada ez dutela libururik irakurtzen. Ez da bidezkoa gauza guztien errua teknologiari egoztea.

Nahiz eta familia bakoitzak egokiena iruditzen zaiona egiten duen seme-alabentzat, pantailak gaizki erabiltzearen ardura gurasoena da hein handian. “Batzuek ulertzen dute haien ardura dela seme-alabek teknologia kontsumitzea eta aldian behin gainbegiratu egiten dute zer-nolako edukiak ikusi dituzten edo zer-nolako jarduerak egin dituzten Interneten. Batzuek galarazi egiten dute, arriskuen beldur direlako, eta beste batzuek nahiago dute ez begiratu zertan ari diren”, adierazi du Jordi Jubanyk.

Orduan, nork dauka formula sekretua? “Ez da dena galarazi behar eta ez da dena onartu behar. Aukera egokia, beti bezala, heztea da”, azaldu du. Eta hori lortzen da elkarrekin esperientziak partekatuz, horrela irizpide bat eraikiz joan daitezen mantso-mantso. Ongi dago seme-alabekin solasean aritzea Tik Tok-en edo Snapchat-en barregarria edo desatsegina iruditu zaien zerbaiti buruz; etxean denok parte hartzea biral bihurtu den bideo bati buruzko iritzia emanez. Bidaia horretan lagun egiteko modu bat da, ez dadin umezurtz digital bat izan, hau da, tresnak erabiltzen jakin bai, baina ez duena ulertzen zer-nolako ondorioak dituen.

Dieta osasungarriarekin alderatzen du Jubanyk. “Ez dugu uzten nahi duten guztia jan dezaten ordu guztietan. Kasu honetan dieta digital osasungarri bat eraiki beharra dago arau arrazoituekin, adostasuna lortzeko eta aldian behin berrikusteko. Txikitatik landu behar da autonomia eta erantzukizuna Interneterako sarbidearekin, sare sozialekin, tabletekin eta mugikorrarekin. Beharrezkoa bada, lagungarriak izan daitezkeen tresnak erabilita, adibidez iragazkiak eta guraso kontrolerako aplikazioak, nahiz eta jarraipenik onena beti izango den helduek egiten dutena”, zehaztu du.

Arau horietako bat denbora mugatzea da. Zenbat? Anya Kamenetzen iritziz, haurren ohitura orokorrak hartu behar dira kontuan. “Nahiko lo egiten al dute? Pasatzen al dute denbora aire zabalean? Maiz egiten al dute ariketa? Egiten al ditu egunez eguneko eskolako lanak? Pasatzen al dute denbora familian? Egoten eta jolasten al da lagunekin aurrez aurre? Errutina horiek nahitaezkoak dira, eta seinale batzuk ematen dizkigute gure seme-alabek pantailekin arazo bat duten jakiteko”, azaldu du.

Haien “ni digitala” sortzea eta zaintzea

Lan munduan ikusgarriak izateko, gazteek on-line profil bat izan behar dute. Izan beka bat eskatzeko edo bilatzeko, izan praktikak egiteko edo lehenbiziko lana bilatzeko, garrantzitsua da ospe digital bat sortzen joatea, etorkizunean kalterik eragingo ez diena. Edozein iruzkin, irudi edo bideo konprometitu biralizatu egin daiteke, eta horrek kalte oso handia egin diezaioke haien irudiari. Horregatik da garrantzitsua lehenbailehen hastea nortasun digitala zaindu eta positibo bat kudeatzen. “Nortasun digitala oihal zuri bat da, eta bertan islatu behar dugu gu garena edo izan nahiko genukeena. Gakoa da etengabe eguneratzea, sarean egiten den guztia nortasun horren barnean gelditzen da eta”, azaldu du Manuel Areak, La Lagunako Unibertsitateko katedradunak. Jose F. Borras eta Beles San Nicolasekin batean (EDULLAB Heziketa eta Teknologia Berriak Laborategiko kideak dira hirurak), gida bat egin dute gazteek jakin dezaten zer-nolako alderdiak diren funtsezkoak nortasun digital oso bat kudeatzeko.

  • Edukiak betiko. Jakin egin behar da sarean argitaratzen dena betiko geldituko dela han. Hortaz, eragin zuzena izango du etorkizuneko nortasun digitalean, bai arlo pertsonalean eta bai profesionalean ere.
  • Eremu pribatua. Gazteek eskubidea dute sarean eremu pertsonal bat izateko, gurasoek esku hartu gabe. Hori dela eta, konfiantzazko eta errespetuzko harreman bat sortu beharra dugu haiekin. Txiki-txikitatik landu behar dugu arlo hori.
  • Inguru partekatua. Konfiantza hori lantzeko modurik onena da leku partekatu batean erabil ditzatela tresna digital horiek, adibidez egongelan, norbaitek gainbegiratuta eta heldu bat gidari dutela ikaskuntza prozesuan, adibidez orriak bilatzen, bideoak edo gazteari interesekoak zaizkion baliabideak.
  • Bideo-jokoak lagungarriak izan daitezke. Bideo-jokoek ez dute zertan txarrak izan. Lagundu egiten diete hainbat trebetasun eta gaitasun lantzen, eta horiek ere haien nortasun digitalaren zati izango dira. Garrantzitsuena da adinaren araberako sailkapenak errespetatzea, horietan zenbat denbora ematen duten zaintzea eta zer-nolako baldintzetan erabil ditzaketen ezartzea. Buruko osasun arazoak daudenean, adibidez depresioa, antsietatea edo eskizofrenia, ez dira gomendagarriak, larritu egin ditzaketelako nahasmendu horiek.
  • Ezinezko burbuila bat. Ezer gutxirako balio du haurra burbuila batean sartzeak, teknologiarik gabe. Mundu digitalean parte hartzen ez uzteak ez du esan nahi beste batzuek ez dutela horretaz hitz egingo eta horrela ere osatu egingo dute beren nortasun digitala.
  • Nortasuna ez da bakarra eta mugiezina. Tresna asko dago nortasun digitala osatzeko: blogak, sare sozialak, bideo kanalak… Pertsona batek horietako bakar bat erabil dezake edo bat baino gehiago, baina guztietan ibili behar du kontu pixka batekin.
  • Oso ohikoa da norbaitek nortasuna lapurtzea. Ezinbestekoa da sare sozialak eta teknologia oro har modu arduratsuan erabiltzea, pribatutasuna eta segurtasuna konfiguratuz, taldean nor sartzen duten edo edukia norekin partekatzen duten hautatuz eta inguru seguruetan mugituz, pertsona ezagunekin bakarrik.  Gogoan izan behar da, gainera, neska-mutil askorentzat eskola dela mundu digitalera sartzeko beste ate bat. Oroitarazi egin behar zaie eremu horretan ere neurri berberak hartu behar dituztela pribatutasuna eta segurtasun pertsonala zaintzeko, eta, adibidez, ez dutela partekatu behar pasahitz pertsonalik ikaskideekin.

Nerabearen garun barnean

Adituen gomendioa da seme-alabekin Interneten denbora partekatzen hastea sei edo zazpi urte dituztenetik aurrera. Adin horretan, gurasoak izaten dituzte eredu eta, horregatik, errazagoa da haien jarraibideak kontuan hartzea. Nerabe bati arauak hutsetik jartzen hastea oso zaila da. Diego Redolar Neurozientziako irakaslea da Universitat Oberta de Catalunya ikastegian, eta horren zergatia azaldu digu: “Adin horretan, garuna oraindik ere garatzen ari da eta heltzeko prozesu hori ez da lineala.

Haien sistema emozionala oso aktibo egoten da, baina oraindik ez daukate helduok dugun kontrol kognitiboa. Sistema linbikoa eta, zehazki, amigdalaren egitura, zeinak lagundu egiten digun arriskua antzematen eta saihesten eta baita onuragarriak iruditzen zaizkigun gauzetara hurbiltzen ere, oso garatuta egoten da jaiotzen garenean, eta nerabezaroan helduta egoten da. Baina jakintzarekin, erabakiak hartzearekin eta arrazoinamenduarekin zerikusia duen sistema, gure jokabideak nolako ondorioak izango dituen aurreratzen diguna, ez da osotara heltzen 20-25 urte egin arte. Horregatik izaten dira nerabeak hain oldarkorrak eta inpultsiboak, eta askotan horregatik ezin izaten dituzte aurreikusi beren ekintzen ondorioak, eta horrek azaltzen du, halaber, zergatik diren hain zaurgarriak teknologia berrien erabilerarekin”, adierazi du Redolarrek.

Ikerketa gutxi egin da pantailek oro har eta sare sozialek nerabeen garunean duten eraginaren inguruan, baina bideo-jokoek duten eraginaren inguruan dezente ikertu da. Etengabe egiten dira ikerketak lotura bat aurkitu nahian bortizkeriaren eta bideo-joko bortitzen artean, baina oraindik ez da frogatu loturarik dagoenik. Berrikitan, Ameriketako Psikologia Elkarteak eguneratu egin du gai horren inguruan duen jarrera, eta hauxe baieztatu du: “Bortizkeriaren errua bideo-jokoei egozteak ez du sendotasunik zientifikoki eta desbideratu egiten du beste faktore batzuen gaineko arreta”. Nazioarteko ikerketa talde batzuek aztertu egin dute bideo-jokoek zer-nolako ondorioak dituzten garunean, eta ikusi da, maila kognitiboan, hobetu egiten dutela arreta, prozesamendu bisoespaziala, gaitasun exekutiboa eta memoria. Eta autismoa duten haur batzuetan ikusi da joko batzuek tresna terapeutiko gisa ere balio dutela. “Baina behar baino denbora gehiago ematen badute horietan eta haurrek utzi egiten badiote hain jokabide normalean garrantzitsuak diren beste gauzak batzuk egiteari –adibidez kirola egiteari edo harremanak izateari–, orduan eremu arriskutsuak sartzen gara”, azaldu du Diego Redolarrek. OMEk nahasmendu gisa sailkatu du Internet Gaming Disorder delakoa (Interneten jolasteak eragindako nahasmendua), eta mendekotasun horrek garunean sorrarazten dituen aldaketak kokainak eragiten dituenaren oso antzekoak dira”, erantsi du.

Ikasteko aukera bat

Simil teknologiko bat eginda, nerabezaroan softwarea eguneratzeko prozesuan sartuta egoten da garuna bete-betean. Egokitzen ari da ingurura eta helduarorako prestatzen. Heltze garai bat izaten da, neurozientzialariek kimatze neuronala esaten diotena, eta aldi horretan doitu egiten dira neuronak gune jakin batzuetan eta desagerrarazi egiten dira erabilerarik ez duten konexioak (haurtxoak eta haurrak direnean asko behar izaten dituzte ikasteko eta mundua arakatzeko), eta indartu helduaroan erabilgarriak izango zaizkienak. “Nerabearen garunean, sariaren eta motibazioaren sistemek paper kritikoa izaten dute, eta horrexegatik, garai hori aukera ona izaten da ezagutzak eskuratzeko. Teknologia berriek aukera ematen digute gehiago motibatuko duten ikaskuntza testuinguruak sortzeko, haien arreta erakarriko dutenak, eta motibatuagoak badaude, ezagutza hori azkarrago eskuratuko dute eta baita modu eraginkorragoan ere”, azaldu du neurozientzialariak.

niña viendo un ipad

Elkarrizketa

Sara Desirée Ruiz. Gizarte hezitzailea eta nerabezaroan espezialista

“Lehenbailehen egitea, horixe da adinik onena haur bat mundu digitalean hasteko, eta beti heldu batek lagunduta”

Gizarteak ez ditu ulertzen nerabeak, nahiz eta denok izan garen noizbait. Sara Desirée Ruiz duela bi hamarkada ohartu zen zergatik gauden ez atzera eta ez aurrera belaunaldi arte gatazka horretan: profesional gutxi aritzen delako familiei lagun egiten garunean hainbeste aldaketa gertatzen den bidaia horretan. Nerabezaroan alegia.  Gizarte hezitzaile honek jarraibide batzuk emango dizkigu gazte nerabeari lagun egiteko eta teknologia berriekin daukan harreman estu, konplexu eta ez arriskurik gabea ulertzeko.

Nerabeen arazoei buruz hitz egiten denean, beti aipatzen da teknologia. Hala al da? Zalantzarik gabe, pantailak neurririk gabe erabiltzeak, beste edozer bezala, ondorio okerrak eduki ditzake gure osasunean eta bilakaeran. Baina hori hala izanik ere, arriskutsua iruditzen zait eragin horiek guztiak gailuen erabilerari egoztea. Pantailek badituzte arriskuak, baina oso erabilgarriak dira eta faktore askok eragin dezakete nerabe bat sedentarioa izatea, eskolan emaitza onik ez ateratzea edo triste egotea.

Adibidez? Instagramen denbora pasatzea baino arriskutsuagoa izan daiteke nerabe batek sentitzea amak ez duela ulertzen, epaitu eta kritikatu egiten duela. Nerabe hori ez bada sentitzen etxean baloratua, arrisku handiagoa izan dezake edozein sare sozialetara post bat igota baino, eta gerta liteke egiten duen guztiak baloratua, entzuna edo ikusia izateko beharrari erantzutea. Gainera, gailuen erabilerak sorrarazten duen arrisku askok zerikusia du haurrei ematen diegun heziketa digital eskasarekin.

Noiz jarri behar dugu erne? Bideo-joko batean jolasten edo Youtuben bideoak ikusten orduak eman nahi izateak ez du esan nahi mendekotasun egoera batean daudenik gure seme-alabak. Baliteke komeni baino denbora gehiagoan aritzea, baina gainerako jarduerak aurrera ateratzen baditu, ez genuke sumindu behar. Hori bai, haien bizitza osoa gailu horien inguruan mugitzen bada, eskolako emaitzak kaskartzen badira, isolatu eta jarduerarik gogokoenak egiteari uzten badio, orduan kezkatu egin behar dugu eta laguntza bilatu. Horregatik da garrantzitsua guk laguntza ematea aisialdiari eta ikasketei eskaintzen dizkieten espazioak orekatzen, eta aisialdiko espazio askotarikoak izatera bultza ditzagula. 

Familia batzuetan galaraziak daude era guztietako pantailak. Zer iruditzen zaizu? Ez da oso komenigarria pertsona bat errealitatetik isolatzea. Nik kontrakoa proposatzen dut: teknologia mantso-mantso sartzea, modu kontzientean lagun eginda, erabiltzerakoan gai izan daitezen beren burua ahalik eta gehiena babesteko. Pertsona nerabeak 15 urte dituenean hori egitea arriskutsu samarra iruditzen zait, eta gatazka eta tentsio handiak eragin ditzake.

Guraso txarrak izango al gara haur bati mugikorra erosteagatik 10 urterekin? Inola ere ez. Nire gomendioa da lehenbailehen hastea. Hasteko modurik onena pertsona heldu batekin egitea da, mundu digitala erakutsiko diena eta pausoz pauso lagun egingo diena mundu horretan mugitzen ikas dezaten. Garrantzitsua da mugikorra ez uztea beste objektu bat gehiago balitz bezala, auto baten giltzak emango ez genizkiekeen bezala erabiltzen erakutsi gabe.

Nerabeari “utzi mugikorra” esate hutsak benetako gatazka bat eragin dezake. Zergatik dira hain minberak? Haien garuna garatzen ari da oraindik, ez ditu eskuratu funtzio exekutiboak osotara, eta joera izaten du edozein estimulu, txikiena bada ere, eraso gisa identifikatzeko. Horrek erreakzio oldarkorrak sorraraz ditzake. Beren burua babestea da erreakzio horien helburua. Une horretan, etxean esan diezaiekegun edozein gauzak, helduentzat txikikeria bat izanik ere, erreakzio desatsegin bat ekar dezake. Ez da gurekin haserre daudela. Besterik gabe, ez dezakete saihestu jokabide hori, horregatik esaten da honako hau: “Ez da pertsonala, zerebrala da”.

Zer egin dezakegu gurasoek gatazkak saihesteko mugak jartzeko garaia etortzen denean? Familiek muga argiak eta zehatzak jarri behar dituzte teknologiaren erabilerari dagokionez. Hitzarmenen bidez egin dezatela gomendatzen dut, eta seme-alaba nerabeak ahalik eta gehiena inplikatzea, norabide bakarrean egin beharrean. Nerabezaroak aurka egiten dio autoritateari, eta, beraz, modu kooperatiboan egin dezakegun guztiak lagundu egingo du haiek gehiago inplikatu daitezen betebehar gisa ezarrita baino. Beharrezkoa da tinko eustea hitzarmenak betearazteko orduan, eta hortxe dago erronka handienetako bat.

Teoria hori praktikan jartzea kostatzen da gehien. Jarriko al zenuke adibideren bat? Hitzarmenak familia guztiak bete behar ditu. Hau da, erabakitzen bada otorduetan inork ez duela mugikorrik hartuko edo 23:00etan itzali egingo dela wifia, familia guztiak bete behar du hori. Pertsona nerabeek berehala harrapatzen dituzte helduen inkoherentziak, eta horrek zaildu egin dezake hitzarmena betetzea.

Eskola eta institutuetan sustatu egiten da teknologiaren erabilera; etxean, aldiz, galga jartzen diogu. Bitxi samarra da? Hain zuzen, familiei mugak jartzea hainbeste kostatzearen arrazoietako bat da gailuen erabilera loturik dagoela eskolako zereginei. Denak funtzionatzen du ordenagailuaren, mugikorraren edo tabletaren bidez, eta familiei oso zaila gertatzen zaie arreta galarazten duten ekintzak gainbegiratzea ikasketa garaian. Oso garrantzitsua da ikastetxeak eta familiak elkarrekin joatea. Gaur egun ez ditugu behar bezala prestatzen ohitura osasungarriak sortu ditzaten bizitza digitalerako, helburu akademikoen inguruko erabilera aplikatua egiten da, baina ez dira kontuan hartzen teknologiaren erabileran urrunago doazen alderdiak. Gai zaila da eta azterketa sakona eskatzen du, baina garrantzitsua da familiek eskolaren laguntza izatea eta alderantziz ere bai.

Gida bat familientzat eta ikastetxeentzat

Barrio Sésamo telesail gogoangarriaren egileak 60ko urteen bukaeran gai izan izan ziren ikusteko telebistak nolako ahalmen hezitzailea zuen. Gaur egun, Joan Ganz Cooney Zentroa jarri dute abian telesail haren sortzaileek; ikerkuntza eta berrikuntza talde independente bat da, irabazteko asmorik gabea, eta haurren alfabetatze digitala sustatzen du bitarteko digitalen bidez eta ikaskuntza arloko berrikuntza ere bai. Apustu horren barnean, talde horrek gida bat osatu du familiei eta ikastetxeei aholkuak emateko heziketan teknologia nola txertatu behar den jakin dezaten.

  • Inplikatu. Haur direnetik kontuan hartzen baditugu aplikazio bat deskargatzeko unean, helduak direnean barneratuta edukiko dute gauza naturala dela gurasoekin aplikazioen edo jolasen inguruan hitz egitea. Pentsatu egin behar da zerekin pasatzen duten ongi eta galdetu egin behar zaie zertara jolastu nahi luketen.
  • Elkarrekin jolastu. Ikerketek frogatzen dutenez, haurrek gehiago ikasten dute familiek ere parte hartzen dutenean. Haiekin jolasten garenean edo telebista elkarrekin ikustean, seme-alabei aukera ematen diegu galderak egin eta ikusten ari direnari buruz ikasteko, eta hortik beste elkarrizketa batzuetara iritsi gaitezke.
  • Elkarrekin irakurri. Egunero irakurtzeko tarte bat hartzea elkarrekin, izan liburu inprimatuak edo izan digitalak, modu dibertigarria da zaletasun hori sustatzeko. Erantzun irekiak dituzten galderak egiten saiatu beharra dago, lagundu egin behar zaie irudikatzen zer gertatuko den edo historiaren zatiak eta beren bizipenak konektatzen.
  • Proiektu sortzaileak egin. Beren edukiak sortzen dituztenean –historiak, artea, jolasak, bideoak…–, haurrek adierazi egin dezakete zer pentsatzen eta sentitzen duten. Mugikorrerako aplikazio batzuk lagungarriak izan daitezke haur koxkorragoek lehen pausoak eman ditzaten programazioan eta informatikan.
  • Esperientzia berrietarako prestatu. Esperientzia berri batzuk emozio intentsuekin lagunduta iristen dira, adibidez senide baten jaiotza, eskolako lehen eguna edo etxe aldaketa bat. Badira liburuak eta bideoak haurrei egoera horietan moldatzen laguntzeko, eta aspalditxotik erabiltzen dira.
  • Familiarekin konektatu. Ikerketek frogatzen dutenez, maite dituzten senitartekoekin bideodeiak egiten dituzten haur txikiek luzaroago eusten diote arretari zenbait jardueratan: liburuak elkarrekin irakurtzean, abestean, historiak kontatzean eta ikasgelan gauzak azaltzean.
  • Bidaiei probetxua atera. Autoan edo garraio publikoan, bidaiak estresagarriak izan daitezke, baina balio dezakete familian tarte bat pasatzeko ere. Badira aplikazio batzuk bidaian elkarrekin ikasteko eta jolasteko balio dutenak. Beste batzuek aukera ematen diete ibilbidearen jarraipena egiteko eta bidaia argazkiz eta historiaz hornitzeko.
  • Errutinak ezarri. Teknologiaren erabileran mugak jartzeak lagundu egingo du gure haurrek autokontrolerako gaitasunak landu ditzaten, eta eragotzi egingo du pantaila aurrean ematen duten denborak lekua kentzea beste jarduera batzuei, adibidez aire zabaleko jolasei. Egokiak izan daitezkeen uneak aukeratu behar dira eta gainerakoak mugatu.