Gizendu edo ez, geneen kontua al da?

Pertsona bakoitzak bere genoma du, bakarra. Kode horrek baldintzatuko du garaiagoa izango den edo ilehoriagoa, baina baita mantenugai batzuk nola barneratuko dituen ere edo gizentzeko joera handiagoa edo txikiagoa izango duen. Dietaren inguruko erabakietan gure geneek esaten dutena kontuan hartuz jokatzeak aukera ematen du osasun arloko neurriak nork bere egoerara egokitzeko. Nutrizio pertsonalizatua esaten zaio horri.
1 maiatza de 2022

Gizendu edo ez, geneen kontua al da?

Pentsa dezagun Lego irudi bat dela gure gorputza. Hainbat pieza dugu eta, muntatzeko, jarraibide batzuk behar ditugu. Akatsen bat egonez gero, piezak ez zaizkio lotuko elkarri eta irudia ez da ongi geldituko. Giza genona (edo DNA) izango litzateke jarraibide genetikoen eskuliburua, zelula bakoitzean dagoena. Nukleoan dauden 23 kromosoma pareek osatzen dute, eta kromosoma txiki bat ere izaten du nukleotik kanpo, mitokondrian. 23 kromosomen pare bakoitzak DNA sekuentziaren 3,1 milioi oinarri izaten ditu gutxi gorabehera, hau da, organismoaren deskribapen osoa ematen duen esaldi luze baten antzeko zerbait.  Geneak dira esaldi horretako hitzak. Hori gutxi balitz bezala, gene bakoitzak funtzio bakar bat eduki dezake edo bat baino gehiago. Kaltetua badago edo nahasmenduren bat baldin badu (mutazio bat), jarraibideak oker irakurriko ditu eta gerta daiteke funtzio horiek ez betetzea behar bezala. Gure gorputzeko beste funtzio bat bezala, nutrizioari loturik dauden mekanismoren bat gaizki kodetuta egonez gero, baliteke pertsona batzuek joera handiagoa izatea gizentasuna edo hiperkolesterolemia izateko, bi adibide aipatzearren.

Dna zuzentzea

Genoma sekuentziatzeak aukera ematen digu gure gorputzeko operazioen eskuliburua ezagutzeko, egunerokoan nola jokatuko duen aurreikusteko eta, beharrezkoa balitz, osasun arriskuak prebenitzeko neurriak hartzeko. Genetikalariak, biologoak eta bioteknologoak dira genoma “deskodetzeko” ardura duten profesionalak. Eta edozein ikerketari ekin aurretik, argi uzten dute geneak ez daitezkeela aldatu. Nolabait esateko, ez daitezke aldatu esaldi luze horretako letrak. Baina aukera dago puntuak, komak edo azentuak jartzeko eta genomaren gramatika “zuzentzeko”; hau da, osasun arloko erabakiak har ditzakegu bizitza errealean. Eta nutrizioa da eragiteko erabil dezakegun palanka horietako bat.

Kontzeptu kontua

Nutrizio arloko genomika diziplina sortu berria eta ezezaguna da. Ikerketa eremu zabal gisa ikertzen da, eta beste diziplina batzuk ere sartzen dira haren barnean, adibidez nutrigenetika, zeinak ikertu egiten duen gure gorputzak nola erantzuten dien mantenugaiei norberaren profil genetiko bereziaren arabera. Adibidez, aztertu egiten du zein genek eragiten dituzten zailtasunak pertsona batzuek mantenugai batzuk metabolizatu ditzaten (zenbait gaixotasun izateko joera areagotu egin dezake horrek).

Nutrigenomikak, bestalde, aztertu egiten du elikagaien mantenugaiek nola eragiten dieten gure geneei. Adibidez, ikertu egiten du karbohidratoek zergatik gizentzen dituzten hainbeste pertsona batzuk eta zergatik diren hain onuragarriak beste batzuentzat. Azkenik, nutriepigenetikaren ikergaia da jaten ditugun elikagaiek nola aldaraz dezaketen gure geneen funtzionatzeko modua.  Gaur egun, kontzeptu horiek guztiak bakarrean biltzen dira: zehaztasuneko nutrizioa. Jose Maria Ordovas da arlo horretako erreferenterik handienetakoa, Zehaztasuneko Nutrizioa eta Gizentasuna Programako zuzendaria IMDEA Food Institutuan eta Giza Nutrizioaren eta Zahartzearen Ikerketa Zentroko ikertzailea Bostonen (HNRCA). Haren esanetan, oraindik ez dago definizio bakar bat diziplina horretarako. “Zientzia gisa, zehaztasuneko nutrizioak jakin eta ulertu egin nahi du osasunean nolako eragina duen gure barne-faktoreen (genetikaren) eta kanpokoen interakzio konplexu horrek (mikrobiotak, elikagaiek, jarduera fisikoak, loak, baita ezaugarri ekonomiko, sozial eta ingurumen arlokoek ere). Dimentsio anitzeko ikuspegi horrek aukera emango digu zenbait galderari erantzuteko, adibidez zer, noiz, non eta nola jan behar dugun. Eta modu pertsonalizatuagoan egin ahalko dugu gainera, gaur egun nutrizio arloan ematen dituzten gomendio orokorren ordez”, azaldu du Ordovasek.

Test genetikoak: pisua galtzea zure geneen arabera

Gizaki batek 40.000 gene baino gehiago ditu, eta norbanako bakoitzean modu batean kodetzen dira. Horregatik gara bakarrak.

Badakigu ezaugarri genetikoek baldintzatu egiten dutela ohitura berdinek ez edukitzea eragin berdinak pertsona guztietan, eta ezagutzen ditugu eragin horiek baldintzatzen dituzten 50 ezaugarri genetiko baino gehiago. Hori dela eta, test genetikoak tresna itxaropentsuak dira prebentziozko medikuntzarako. Listu lagin batetik abiatuta egiten dira. Laborategira bidali eta atera egiten dute DNA, haren sekuentzia aztertu eta zenbait patologiarekin zerikusia eduki dezaketen polimorfismoak bilatu. Hortik aurrera, dieta bat jartzen da.

Oraingoz, osasun publikoak ez ditu estaltzen test horiek, garestiak dira (300 euro inguru) eta klinika pribatuek egiten dituzte. Batzuek oso-osorik egiten dute genomaren sekuentzia. Merkeagoak direnek, berriz, arazo jakin bati atxikita dauden patologiekin zerikusia duten geneak bakarrik bilatzen dituzte. Ikerkuntzan aurreratu ahala, ikusten ari da mutazio batzuek nola eragiten dieten arazo metaboliko jakinei. Dena den, lotura horren berri izateak ez du esanahi beti nutrizio arloko gomendio frogatuak eman ahalko direla. Bide luzea dago egiteko.

Gizentasunaren genea: ba al dago halakorik?

Hauxe da nutrizionisten eta endokrinoen kontsultetan gehien entzuten den galderetako bat: pertsona batzuek zergatik duten zailtasun gehiago gosea kontrolatzeko eta faktore horrek nola sorraraz dezakeen gizentzeko joera. Eta erantzunetako bat FTO genean egon daiteke, “gizentasunaren genea” esaten zaion horretan. “Gene horrek kodetu egiten du proteina bat –zehazki, desmetilasa–, zeinak aldarazi egiten duen RNA mezularia, eta horrek esan nahi du modulatu egiten duela beste gene batzuen funtzionamendua. Eragin handia du garunean, eta funtzio garrantzitsua betetzen du gosea eta elikadura arloko jokabidea arautzen duten mekanismoetan. Ikusi da, halaber, modulatu egiten duela ehun gantzatsuaren eta gantz metaketaren bilakaera”, azaldu du Lidia Daimielek, zeina zuzendaria baita Epigenomaren Nutrizio Kontrolerako Taldean IMDEA erakundean.

Gene horren aldaera batzuek lotura izan dezakete asetasuna sentitzeko gaitasuna apaltzearekin eta garunean gosea arautzeko ardura duten eremuetan erantzun neuronal indartsuagoak sentitzearekin janarien irudiak ikustean. Eta gosea zenbat eta handiagoa, orduan eta zailtasun gehiago jateko bulkadari eusteko eta, beraz, orduan eta joera handiagoa gizentzeko eta ehun gantzatsua metatzeko. Daimielek dioenez, “ikusi da, halaber, badagoela harremana aldaera horiek agertzearen eta elikadura arloko jokabidearen artean.  Horrela, gene horren aldaerak dituztenek gehiago jaten dute, bereziki gantzak eta proteinak, eta joera handiagoa dute mokadutxoak egiteko”. Erraza da antzematea: PCR batekin edo sekuentzia genetiko batekin egiten da. Hurrengo pausoa izaten da nutrizio pertsonalizatua ezartzea, ez jarraibide orokorrekin, berezitasun genetikoak kontuan hartuta baizik. “Goseari eta elikadura arloko jokabideari eragiten dion nahasmenduren bat identifikatzen denean, elikagai bakoitzak zenbat asetzen duen ikusi eta horren arabera joka dezakegu, eta egunean zehar otorduak nola banatu ere aztertu beharko da mokadutxoak eta betekadak saihesteko”, azpimarratu du Daimielek. Beste bide bat izaten da metabolismo basala arautzea (organismoak behar dituen kaloriak oinarrizko funtzio metabolikoak egiteko), adibidez jarduera fisiko gehiago eginez eta intentsitate handiagoz.

Ultraprozesatuak eta dna

Nutrigenetikak ikerketa lerro berri bat ireki du elikagai ultraprozesatuen inguruan, zeinak lehendik ere susmopean dauden zerikusia dutelako transmisio bidezkoak ez diren zenbait gaitz agertzearekin, adibidez minbizia edo gizentasuna. Celia Martinez doktorea ikerketa batean parte hartzen ari da gaur egun, non elikagai ultraprozesatuen mantenugaiek eta DNAren metilazioak izan dezaketen harremana ikertzen ari dira.

“Metilazioak etengailu baten gisan jokatzen du, eta itzali edo piztu egiten ditu gene batzuk, ustez lotuta daudenak gaixotasun batzuk izateko joerari, adibidez gizentasuna”. “DNAren adierazpenak izaten duen aldaketa hori dietaren eraginez gerta daiteke, elikagai prozesatuak izan edo ez, baina epe luzean itzulgarria da baldin eta norberak hautatzen duen ohiko menuaren gain esku hartzen bada”, ohartarazi du. METHYL-UP izen du ikerketak, eta hor ikertzen dena da ea elikagai ultraprozesatu asko jateak ba ote duen eraginik DNAren metilazioan, eta ondorioz, handitu egiten ote den gizentasun arriskua. “Oraindik ez dugu behar adina datu ondorioak ateratzeko, baina ikusi da DNAren metilazioan aldeak daudela elikagai ultraprozesatu asko edo gutxi jan. Desberdintasun horiek nola eragiten dioten gizentasuna izateko arriskuari, hori zehazteko dago oraindik”, adierazi du Celia Martinezek.

Geneek gure elikaduraz esaten dutena

Gosea eta asetasuna

Geneen azterketa eginda, ikusi egin daiteke gosea/asetasuna binomioa arautzen duten mekanismo hormonaletan ba ote dagoen nahasmendurik.

Gizentzeko joera

Aztertu egiten da organismoak nola erantzuten dion dietan egiten diren aldaketei eta ariketa fisikoei, hau da, gantz deposituak erraz erretzen hasten den edo, aitzitik, giharrak desegiteari ekiten dion.

Metabolismoa

Gantzak eta karbohidratoak xurgatzeko, metabolizatzeko eta metatzeko prozesuekin zerikusia duten geneak aztertzeak aukera ematen du dieta pertsonalizatuak diseinatzeko, mantenugai baten edo bestearen proportzioak aldatuz.

Elikagaiekiko intolerantziak

Mantenugai jakin baten metabolismoan parte hartzen duten entzimen aldaketa genetikoen eraginez gertatzen dira asko. Adibidez, laktosarekiko intolerantzia edo fruktosa gaizki xurgatzea.

Bihotz-hodietako arriskua

Aztertu egiten da, adibidez, omega-3 ugariko dieta batek murriztu egiten ote duen edo ez bihotz-hodietako gaixotasuna izateko arriskua profil jakineko pertsonetan. Edo mutaziorik gertatu den LDLR genean (“kolesterol genetiko” ospetsua).

genetica y alimentación

Nutrizio pertsonalizatua

Nutrizioari aplikaturiko genetikan zenbat eta gehiago aurreratu, orduan eta indar handiagoa hartzen du honako ideia honek: gizentasuna faktore anitzeko gaixotasuna dela. Ez da aski nutrizio orekatua eta ohitura osasungarriak izatea. Genomak baldintzatu egiten du zer-nolako elikagaiek edo zein kirolek eta zenbateko intentsitateak emango dituen emaitzarik onenak pertsona jakin batean. Baita nola eragiten duen hesteetako mikrobiotan ere. Minority Report filmean gertatzen zenaren antzeko zerbait lortu liteke genoma ezagututa; film hartan, Tom Cruisek gaizkileak atxilotu egiten zituen okerkeriak egin baino lehen. Genomak dioenaren arabera moldatuz gero dieta, lagungarria izango litzateke gaixotasun kronikoak izateko arriskua murrizteko, adibidez gizentasuna edo patologia kardiometabolikoak.  Horrekin diru asko aurrezten da tratamenduetan eta pazienteak osasun hobea izango du urteetan. Jose Maria Ordovas irakasleak, dena den, ñabardura bat egin du: “Zehaztasuneko nutrizioarekin ez dugu bilatzen norbanako bakoitzari jarraibide jakin batzuk ematea, gehiago da pertsonak azpimultzotan sailkatzea, zapaten edo arropen neurriarekin egiten dugun bezala”. Nutritipoak esaten zaio horri.

Aztertu egin behar al dugu gure genoma?

Test genetikoen publizitatea ikusita, badirudi herritar guztiek egin beharreko kontu bat dela, baita nutrizio ohitura osasungarriak dituztenek, jarduera fisikoa egiten dutenek eta lo ongi egiten dutenek ere. “Iruditzen zait osasuntsu dagoen pertsona batentzat, gene onak eta ohitura onak dituen batentzat, genoma ezagutzeak ez lukeela eragin handirik izango haren bizitzan. Gaur egun, ordea, pertsona horiek gutxiengoa dira, rara avis batzuk, eta gutako gehienak giro obesogeniko batean bizi gara [gehiegizko pisua izatera daramaten ohiturak eta jokabideak sustatzen dituen giro batean]”, nabarmendu du Ordovasek. Baina nutrizioa ez da zientzia zehatza eta elikagai batzuen inguruko gomendioak aldatu egiten dira aldian behin, adibidez gantzen edo haragi gorrien ingurukoak, eta horrek ere baldintzatu egiten du dieta perfektu batera iritsi ahal izatea genomaren arabera. “Zehaztasuneko nutrizioa gauzatzeko ordun zehaztasun falta handia dago oraindik. Ikasten ari gara nola aurreikusi gutako bakoitzak zer-nolako erantzuna emango dien elikagai batzuei edo besteei, eta hori funtsezkoa da hurrengo pausoa egiteko, ohitura osasungarri pertsonalizatuak emateko alegia, baina ez nutrizio arlokoak bakarrik”, nabarmendu du Ordovasek.

Zehaztasuneko nutrizioak atea zabaldu dio krononutrizioari ere, hau da, ez bakarrik zer jaten dugun, baita noiz eta nola banatzen den ere jaten dugun hori eguneko une bakoitzean. “Gaur egun, hain zuzen, modan jarri da egun batzuetan jatea eta besteetan ez, edo otorduak ordu jakin batzuetara murriztea. Baina berriz esango dut gutako bakoitza desberdina dela. Ikusten ari garenez, hobe da aurreratzea eta ez atzeratzea, hau da, badirudi osasungarriagoa dela goiz gosaltzea, bazkaltzea eta afaltzea, eta ez berandu”. Baina alderdi hori ikertzen ari dira oraindik ere.

Hurbil, baina ez denen eskura

Teknologia genetikoak elikaduraren eta nutrizioaren arloan erabiltzeko joera demokratizatzen hasia dago, baina oraindik bide luzea dago egiteko. Gaur egun, adibidez, farmazian edo Interneten badago modua elikagaiekiko intolerantzia batzuk antzematen dituzten testak eskuratzeko (kontsumitzaileek tentuz ibili behar dute, ez baita araudi espezifikorik produktu horietarako), baina norberaren genetikan oinarritzen diren dieta pertsonalizatuetara iristea beste kontu bat da, eta urte luzeetako ikerkuntza beharko da.

Etorkizuna

Azken urteetako aurrerapenak gorabehera, oraindik ere zer ikasi asko gelditzen da zehaztasuneko nutrizioa erabat garatzeko. “Egin ditugu aurrerapenak, baina ez dugu doitu erlojugile batek salgai jarriko duen ordulari bati eskatzen dion neurriraino”, adierazi du Jose Maria Ordovasek, Giza Nutrizioaren eta Zahartzearen Ikerketa Zentroko ikertzaile denak Bostonen (HNRCA). Zenbat denbora beharko da paziente bati gomendio pertsonalizatuak emateko moduan egoteko? “Hori izango da, segur aski, erantzuteko galderarik zailena. Laurogeiko urteetan ikerketa eremu hau abian jarri nuenean, hurrengo bost urteetan izango zela baieztatzen nuen, eta gauza bera esaten jarraitu dut hurrengo lau hamarkadetan. Baina uste dut orain egia izango dela”, ziurtatu du Ordovasek, eta bere egin du Niels Bohr daniar fisikariaren esaldi bat: “Aurreikuspenak egitea oso zaila, bereziki etorkizunari buruz ari garenean”.