Biztanlegoaren %20ak bakarrik laguntzen dio GKEren bati
Inork ez du zalantzan jartzen jendearen jokaera eredugarria izan dela, baina, zer iritzi dugu solidaritateaz? Edo Gobernuz Kanpoko Erakudeez, eta orokorrean, oinarri-oinarrizko beharrak beteta izateko zoria ez dutenen oraina eta geroari buruzko kezka eta konpromisoa erakusten duten jarreren goraldiaz? Eguberri garaian, urtero eta tradizio sekularra bailitzan, ia guztiok akordatzen gara hurbileneko behartsu eta marginatuez.
CONSUMERek inkesta bat egin du EAE, Valentzia, Nafarroa, Bartzelona, Kantabria, Alacant, Errioxa, Tarragona, Burgos, Castelló eta Murtziako 3.000 herritarren artean, solidaritatearen inguruko guztiaz eta bereziki Gobernuz Kanpoko Erakundeen inguruan jendeak zer iritzi duen jakiteko. Inkesta honetako datuak azken egunotan Ertamerikara bidalitako giza-laguntzaren arrazoiak albora utzita interpretatu behar dira (elkarrizketak aurtengo irailean eginak baitira). Makro-inkestaren lehen emaitzetatik atera daitekeenez, GKEek oso irudi ona eta aldekoa dute gure gizartean. Orokorrean, konfidantza ematen dute eta altruismoarekin erlazionatzen ditu jendeak. Gainera, laguntzen hartzaileari gizabidezko tratua ematen diotela uste da.
Hala ere, diru hotzarekin erlazionatutako zenbaki hotzagoak tartean sartzen direnean, ez da dena hain argia, eta itzal ilunak ere sortzen dira: adibidez, biztanlegoaren %80ak aitortzen du ez diola inongo GKEri laguntzen. Beste datu bat: ongintzarako ematen dugun dirua (orokorrean, kale-kantoiko eskalearengandik hasi eta GKE-ONG bati ematen diogun kopururaino), esanguratsua izan arren, ez da kopuru garrantzitsua gure poltsikoarentzat: herritarrek batez beste 16.875 pezeta ematen dituzte urtean helburu hauetarako; hau da, Estatuko Estatistika Erakundearen arabera 18 urtetik gorako estatuko hiritar batek urtean gastatzen duenaren (900.000 pezetaren) %2a baino gutxiago. Kopuru garrantzitsua da, baina ez hainbeste loteria eta kirolarekin erlazionaturiko jokoetako batez besteko gastua ikusita: 22.530 pezeta urtean pertsona bakoitzeko. Egia esan, solidarioak gara, baina izan gintezke solidarioago.
Inkestatuen erdiak (gazteen artean gehitu egiten da kopurua) gure herria ez dela solidarioa uste du. Kritika hori areagotu egiten da gure mugetatik kanpora jotzen badugu: biztanleen %77aren ustez ez dira nahikoa nazioarteko kooperaziorako Gobernuek ematen dituzten laguntzak. Argi geratzen da Estatuko Aurrekontuen %0,7a -hainbestetan eskatzen den bezala- nazioarteko solidaritzara bideratzea kopuru txikiagoa dela herritarrek hurbileko marginatuari edo orokorrean gure herritik milaka kilometrotara gertatu den hondameneko kaltetuei laguntzeko ematen duten laguntza baino.
Kontraesankorrak gara
Inkestatuen jarrera pertsonalei begiratzen badiegu, kontraesan handiak sortzen dira. Horrela, %84ak solidariotzat du bere burua, baina %20 batek baino ez dio GKEren bati laguntzen (boluntario gisa edo/eta bazkide diruemale moduan). Eta %6 bakarrik ari da horrelako erakunderen batean boluntario lanetan, bere denboraren zati bat besteen aldeko lanean emanez. Partaidetza maila baxu hori ez dator bat erakunde horiek duten irudi onarekin. Hamar herritarretatik seik uste dute egiten duten lan desinteresatua eta borondatezkoa dela GKEen bereizgarri nagusia eta baita euren helburu sozial garbia ere. Herritarrek, gainera, hiru aldiz konfidantza handiago dute GKEengan Elizarengan baino eta Estatuarengan baino sei bidez handiagoa, solidaritaterako agente gisa.
GKEetan ustelkeria? Gizarteak GKEei buruz duen pertzepzio positiboa gora-behera, harritzekoa da lortzen duten kolaborazioa hain eskasa izatea. Hainbat datuk argitu diezagukete kontraesan hau. Adibidez, azken urteotan GKEak asko ugaldu diren arren (CONSUMERen azterketan 200 erakundetatik gora aipatzen dira bat batean), GKEen eta hauen egitekoari buruzko ezagutza ez da, inondik inora, masiboa: hiru lagunetik bat ez da gauza ezaugarri hauek dituen erakundeen izen bat bera ere emateko. Eta erakundeok sor lezaketen pertzepzio negatiboari dagokionez, lau pertsona nagusitik batek uste du GKEen lanak aitzakia eman diezaiokeela Estatuari biztanlego osoaren garapen sozial eta ekonomikoa eragozten duten arazoen konponbideaz ez arduratzeko. Azken batean, GKEek beste edozein taldek baino irudi hobea izan arren, eta solidaritaterako bide ordezkaezin moduan ikusten ditugun arren, oraindik ere ez dira guztiz ezagunak eta errezeloren bat edo beste ere sortzen dute. Eta horrek guztiak, zalantzarik gabe, eragina du boluntarioak eta bazkide diruemaileak bilatzeko erakundeok duten gaitasunean. Ez da txantxetako kontua biztanlegoaren %20ak GKEek gestionatzen duten diruaren xedeaz zalantzak dituela adieraztea. Edo herritarren %12 bakarrik dagoela ziur emandako dirua hartzaileak zuzenean jasoko duela. Nazioarteko solidaritatean, gainera, (azken asteotan ikusi ahal izan denez), mesfidantza garbia ageri da laguntzak jaso behar dituzten herrialdeetako agintari politiko eta funtzionarioen jokaera etikoaren inguruan. Inkestatuen erdiak uste du pertsona edo toki erakunde horiek bidegabekeriaz jokatu eta eurentzat gordetzen dutela emandako kopuruaren zati handi bat. Hala eta guztiz ere, datu kezkagarriagoa bat: bost herritarretik batek uste du GKEetako kideek euren probetxurako hartzen dutela bildutakoaren zati bat. Datu horrek inork gestionatutakoarengako izaten den mesfidantza adieraziko luke agian; eta zer esan dezakegu beste honetaz?: GKEetako boluntarioen %10ak (CONSUMERek azterketa honen bigarren zatian egindako berariazko inkesta baten bidez galdetuta), baieztatzen du erakunde horiei emandako diru, ondasun edo janarien zati garrantzitsu bat GKEko kideek eskuratzen dutela euren probetxurako.
Tradizionalak gara solidaritatean ere. Inkestatik atera daitekeen, kolaboraziorako ohizko moduak ditugu gogokoen, soberan duguna zuzenean ematea, alegia. Horrela, inkestatuen %32ak dio ahal duen guztietan arropa ematen duela. Garrantzian hurrengoa zorion-txartel benefikoak eta helburu altruistako zozketetan parte hartzea dira. Aitzitik, jarrera sortu-berriagoak, bidezko merkataritza eta antzekoak, oso minoritarioak dira oraindik. Herritarren %44ak, adibidez, ez du sekula erosten irabazien portzentaia bat solidaritate-proiektuetara bideratzen duten enpresen produkturik. Eta %41ak ez du sekula bidezko merkataritzako produkturik, herrialde garatugabeetako produzitzaileek euren lanarekin irabazi aski izan dezaten garantizatzen dutenik, erosten. Ongintzako modu ohizkoenak oraindik ere nagusi izan arren, gaitzespen handiena eragiten duten jarduera solidarioak elizaren ingurukoak dira: inkestatuen erdiak adierazten du ez diola sekula Elizari edo horren kideko inongo erakunderi laguntzen. Besterik gertatzen da telebista kateek antolatzen dituzten ongintzako galekin. Herritarren erdiaren ustez, audientzien gerra irabazteko komunikazio-enpresek darabilten tresna bat gehiago dela badakiten arren, ikuskizun horiek arazo errealak konpontzen laguntzen dute. Ikerketak argi uzten du, bestalde, solidaritateari dagokionez benetan esistitzen dela “gabonetako izpiritua”. Ongintzarako ekintza guztiak eguberri garaian urte guztian baino gehiago egiten dituztela diote inkestatuek. Baina, hori bai, ezberdintasunak daude ekintza solidario motaren arabera: Gabonetako ohikoena zoriontzeko txartel benefikoak erostea da (garai honetan beste urte-sasoi batzuetan baino %45 gehiago). Errifetako txartelak erostea ere %30 gehitzen da eta janari edo arropak ematea %20 gehitzen da urteko beste garai batzuen aldean.
GKE, oraindik gutxi ezagutzen den hitza. GKEk herritarren keinu solidarioak bideratzeko modu gisa ikusten dira orokorrean. Baina GKEen irudia oso positiboa den arren, ez da guztiekin neurri berean gertatzen. Erakunde guztien artean, Mugarik gabeko Medikuak (MGM) eta Cáritas dira jendeari ia bat batean etortzen zaizkion izenak. Hala ere, izenak aipatuz gero, gehiago ere ezagutzen dituzte inkestatuek. Adibidez, herritarren %90ak dio ezagutzen dituela Gurutze Gorria, Cáritas eta Mugarik gabeko Medikuak. Beraz, argi dago nahastea dagoela GKE hitzaren aurrean eta herritar askok ez duela kontzeptu hori identifikatzen. Goraipatuenak, egiten duten lanari dagokionez, Mugarik gabeko Medikuak eta Gurutze Gorria dira, biak ere osasun arloko izaera nabarmenekoak. Talde ekologistek (herritar askok GKEtzat hartu ez arren) eta marginatuen integraziorakoek, bestalde, ez dute hain onarpen zabala.
Solidaritatea eta Gu, bederatzi datutan
- Karitatea beste garai bateko kontzeptua da. Gaur egun nahiago dugu Solidaritatea hitza, “erlazionatuago dago konpromisoarekin eta laguntzaren hartzailearen garapenarekiko inplikazioarekin; integratzaileagoa da”.
- Biztanlegoaren %55ak uste du gure gizartea ez dela solidarioa (gazteak adinekoak baino kritikoagoak dira), baina gero eta solidarioago dela aitortzen du %44ak.
- Erlijio eta ideologia mailako arrazoiak ez dira gehiengoarengan honelako ekintzetara jotzeko arrazoi. Baina bai satisfazio pertsonala eta justizia sozialerako nahia.
- Pertsona nagusien %20ak bakarrik laguntzen du GKEren batean. Boluntario gisa (musutruk lan eginez), %6ak. Bazkide diruemale moduan %17,5ak. %2,5ak modu bietara.
- Kolaboratzaile gehien duten GKEak: Gurutze Gorria (erakunderen batekin kolaboratzen dutenen %38ak) y Cáritas (%30). Horien atzetik Unicef (%13), Manos Unidas (%11) eta MGM (%7). Gobernuz Kanpoko Erakunderen batekin kolaboratzen dutenen artean, hirutik bik erakunde bakarrarekin dihardu. %25ak bi erakunderekin eta %8ak hiru GKErekin. 6.- GKEren bat diruz laguntzen dutenen artean, urteko batez besteko laguntza 19.400 pezetakoa da. Zenbat eta irabazi handiagoak, kopuru horrek ere gora egin ohi du.
- Zenbat diru ematen dugu ekintza solidarioetarako (GKE eta beste erakunde altruista, limosna, errifa eta helburu benefikodun zozketa, emateko janariak erosten eta abarretan)?. 18 urtez gorakook horrelakoetarako pertsonako eta urteko 16.875 pezeta ematen dugula diogu; urtean batez beste gastatzen dugunaren %1,9.
- Datu horren arabera, oso logikoa da hiru lagunetik bik uste izatea Gobernuek euren aurrekontuen zati handiagoa bideratu behar luketela garapen bidetan diren herrialdeei laguntzeko.
- Gabonetan urtean zehar baino solidarioago agertu ohi gara. Gehien ugaritzen den ekintza zoriontzeko txartelak eta helburu benefikoko zozketa-txartelak erostea da. Baita arropak eta janariak ematea ere.
Datu hauen jatorria: irailean Estatuko iparraldeko eta ekialdeko 15 probintziatan 18 urtetik gorako 3.030 herritarri CONSUMERek egin zien inkesta zabala (40 galdera baino gehiagokoa).
Nola ikusten ditugu GKEk *
Oso irudi ona dute eta herritarrek garrantzi handia ematen diote hauen lanari. Inkestatuen %28ak uste du ez dutela ezer txarrik.
- Jendearen iritziz euren bereizgarriak lan desiteresatua eta borondatezkoa eta helburu sozialak dira. Estatuarekiko intependentzia ez da oso ezaguna. Jende gutxik du pertzepzio negatiboa.
- Alderdirik onena, jendearen aburuz, arazoetatik hurbil daudela eta laguntzak jasotzen dituenari gizalegezko tratua ematen diotela. Gainera, konfidantza ematen dute.
- GKEen gauzarik txarrena, herritarren ez dutela jakiten diruarekin zer egiten den eta erakunde hauen lanaren ondorio, Estatua konpondu behar lituzkeen arazoez ez arduratzea izan daitekeela.
- Beste akats batzuk: herritarren %10 inguruk uste du GKEk burokrazia larregi dutela, lanpostuak betetzeko boluntarioak erabiltzen dituztela eta antolakuntza txarra dutela.
- Jendeak gehien baloratzen dituen GKEak Mugarik gabeko Medikuak, Gurutze Gorria, Unicef eta Manos Unidas dira.
- Herritarren aportazio solidarioak gestionatzerakoan GKEengan Elizarengan baino hiru aldiz konfidantza handiagoa du jendeak eta Estatuarengan baino sei aldiz handiagoa .
- Baina bada mesfindatza ere GKEekiko: Inkestatuen %23ak uste du emandakoaren zati bat GKEetako kideek eurentzat gordetzen dutela.
- GKEren bati dirulaguntza ematen diotenen artean, urtean 19.400 pezetakoa da batez besteko aportazioa. Kolaboratzailearen diru-sarrerak zenbat eta handiagoak, laguntza ere orduan eta handiagoa. Hilean 270.000 pezetatik gora irabazten dutenek 30.000 pezetatik gora ematen dute urtean batez beste.
* Datu hauen jatorria: irailean Estatuko iparraldeko eta ekialdeko 15 probintziatan 18 urtetik gorako 3.030 herritarri CONSUMERek egin zien inkesta zabala (40 galdera baino gehiagokoa).
Zer diote GKEetako boluntarioek? *
- Batez beste, boluntarioek egunean ordu eta erdi (astean 11 ordu) ematen dute GKEetako lanean.
- GKEak antolakuntza-sozial mota bat direla uste dute, alderdi politiko, sindikatu eta abarren alternatiba beraz; eta erakundeotan erabakiak demokratikoki eta burokrazia askorik gabe hartu behar direla.
- GKEen funtzionamenduari dagokionez, gestioak eraginkor eta gardena izan behar duela azpimarratzen dute.
- Boluntarioentzat GKEen arazo nagusia bitartekorik eza da (inkestatuen %38aren iritziz). Horrekin batera, boluntario kopurua ez dela nahikoa (%17aren ustez). %10 inguruk burokrazia larregia aipatzen dute kexa gisa, eta lan egiteko orduan baino ez dituztela kontuan hartzen.
- 10 boluntariotik batek salatzen du GKEetako kide batzuk euren probetxurako hartzen dutela herritar edo erakundeek emandako ondasun edo diruaren zati bat.
- Hiru boluntariotik baten ustez, eurek egiten dituzten zenbait lan teknikariek ordainduta egin beharko lituzkete. Eta zazpitik batek dio GKEetan lanpostuak betetzen direla dohainiko eskulanaren bitartez.
- Boluntario egiteko dituzten motibazioen artean, besteen alde musu-truk zerbait egitea aipatzen da. GKEan lanpostua edo esperientzia profesionala bilatzen dutela aitortzen dute, bestalde, banaka batzuek.
- Hiru boluntariotik bik kualifikazio beharrik gabeko lanak egiten dituzte. Zazpi boluntariotik baten eginkizunak bakarrik eskatzen du unibertsitate mailako titulazioa.
* GKEen eguneroko gestioan duten hurbiltasunarengatik (ia egunero dihardute erakunde hauetan diru-ordainik gabe), komenigarri ikusi zen hainbat GKEtako 400 boluntario baino gehiagori elkarrizketa sakona egitea. Hauexek dira inkesta horren ondorioak.
Fitxa teknikoa eta taula honek
- 3.030 elkarrizketa pertsonal egin ziren etxez etxe EAE, Nafarroa, Kantabria, Errioxa, Burgos, Katalunia, País Valenciá eta Murtziako 15 probintziatako 18 urtez gorako herritarrei. Probintzia eta herritarren sexua eta adina kontuan izanda banatu ziren inkestak eta irailaren 7tik 25era bitartean egin ziren. Inkeston konfidantza maila %97koa da eta errore marjina %2 + (p=q=0,5)
- Ikerketaren aurretiazko fase gisa, 20 elkarrizketa sakon egin ziren, ikerketako gaiak zehaztu eta analisirako kontzeptuak argitze aldera.
- Gainera, GKEetara eta inguruko guztira gehiago hurbiltzeko asmoz, erakunde horiekin harremanetan jarrita, 401 elkarrizketa sakon egin genituen kolaboratzaile boluntarioen artean (maiztasun batez GKE batean musu-truk lan egiten dutenei); guztiak ere aurrez aipatutako probintzietakoak ziren.