Mazapanak

Gehiago ordaintzea ez da ezeren berme

Almendra zuritu eta ehotu gordinari azukrea erantsiz osatzen da Eguberritako produktu berezi hau. Legeriak bi kategoria -Estra eta Gorena- xedatzen ditu.
1 abendua de 1998

Gehiago ordaintzea ez da ezeren berme

Gaurko azterketa egiteko kalitate komertzialik hobereneko -Suprema- zazpi markatako mazapanak aukeratu dira: La Fama, 1880, El Lobo, Antiu Xixona, La Bruja, Delaviuda eta La Jijonenca. 200 gramoko kaxatan aurkezten dira denak, La Fama eta La Jijonenca izan ezik: hauen kaxek 150 gramo dauzkate. Prezioari goazkiola, alde latzak ditugu: kiloko 1.300 pezetatik (La Bruja) 2.630 pezetaraino (1880).

Azterketan ateratako ondorio nagusia hau da: ongi landutako produktua da hau, osasun-egoera onean dagoena eta, osaketari, etiketari eta aditiboen erabilerari dagokienez, arauaren araberakoa da. Mazapana arrunt energetikoa izaki (500 bat kaloria 100 gramoko), gantza (en torno al 30%), karbohidrato (azukreenak, hau da, produktu osoaren %36tik %52ra bitarte) eta proteina ugari dauka. Kolesterol-zantzurik ez du, ordea, gantzak landarezkoak direlako.

Almendra-kopurua (funtsezko parametroa da hau, mazapan eta turroien kalitateaz ari garela) %49tik (La Bruja) %59ra (Jijonenca) bitartekoa da, hau da, Goreneko kategoria horen mugen barnean beti ere. Kontsumitzaileari interesa dakiokeen egiaztapen bat: prezioak ez du zerikusi handiegirik mazapanen almendra-kopuruarekin, are eta gutxiago ezaugarri organoleptikoekin (orearen itxura, zaporea eta ukimenarekin). Dastaketan, denek maila onargarria erakutsi bazuten ere, puntuaziorik hoberena erdietsi zutenak merkeenetako bi izan dira: Delaviuda eta La Bruja. Biotako edozein aukera polita izanik ere, kalitate-prezio erlaziorik onena Delaviudak (1.560 pezeta kiloko) agertzen du: dastaketan 7 puntu eraman zituen, almendra-zapore bizi eta zapore gozoagatik, eta orea fina eta ebakitzean guria zelako, nahiz eta itxuragatik, “erreegi” bezala jo zuten dastatzaileek.

Almendra eta azukrea, funtsez

Mazapanaren osaketa, fabrikazioan erabilitako almendra eta azukreen arteko proportzioen araberakoa da. Proteina, gantza, bitamina eta mineralek almendra dute jatorria. Goazen atalka-atalka. Proteina-edukia %10etik (La Bruja) %15era (La Jijonenca) dagoenez, Goreneko kalitateari dagokion gutxieneko %8 horren gainetik dabiltza balio guztiak. Jatorriz landarezkoa den arren, almendraren proteina kalitate biologiko handikoa da; ekosariak (ilarrak edo garbantzoak) daukana baino hobea, inondik ere. Mazapan hauen gantz-edukia, arauak adierazitako %24tik gorakoa da: %27 (La Bruja) eta %32 (La Jijonenca) bitartean dagoelako. Gantzak fruitu lehorrekoa denez, gantz-azido saturatuen edukia txiki-txikia da.

Almendrak -eta, hortaz, mazapak-, gainera kolesterolik ez du. Legeriak Goreneko kalitate honi gehieneko hezetasuna ere xedatua dio: %11%, alegia, baina gure zazpi laginak ez dira maila horretara iristen.

Mineral edo bitaminen ekarpen nabarmentzekorik ez du mazapanak: ohikoenak burdina, potasioa, fosforoa, kaltzioa eta magnesioa dira. Sodio-kopurua (gatza) ere hutsaren hurrengoa da. Bestetik, mazapanak B1, B2 bitaminak eta azido nikotinikoa dauzka, eta azido folikoa, kopuru txikiagotan.

Karbohidrato edo azukreak direla eta, %36tik (La Jijonenca) %52ra (La Bruja) dituzte laginok: langintzan baliaturiko azukrea dute, batik bat, iturri, almendrak ia hidratorik ez baitu. Guztirako azukreetatik, ia den-dena da sakarosa, erantsitako azukrea, alegia. Almidoiaren zantzurik ez da aurkitu.

Mazapanaren kalori ekarpena benetan altua da, tankerakoa zazpi leginetan: ia-ia 500 kaloria 100 gramoko. Pisua zaindu behar duenak, beraz, Gabonetan dezente mugatu beharko du mazapanen kontsumoa.

Almendra, aski

Oso-osorik almendra jatorria duen mazapanen gantzatik abiaturik, lagin bakoitzak zenbat almendra duen zehaztu da laborategian. La Brujak (gantz gutxien duena) agertzen du almendra gutxien (%49a) eta La Jijonencak (gantz gehien duenak) balio garaiena erakutsi du (%59a). Hau da, denek dute %45etik gora almendra; kalitate Goreneko mazapanei buruzko legeriak almendra eta bestelako lehengaiei dagokiela, gutxieneko balore horiek xedatu ditu. Ikus dezakegunez, almendra-kopuruetan ez dago alde nabarmenik eta, geroago egiaztatuko dugun bezala (Delaviudak, dastatzaileen baloraziorik onena jaso duenak, almendratan %53a dauka eta dastaketako bigarren onena almendra gutxien daukana da), parametro hau ere ez da erabakiorra mazapanen zaporea edo ukimena baloratzean. Aditiboak direla eta, kontserbakari gisa sorbikoa (E-200etik E-203era artekoak) darabilte denek. Sustantzia hau gantz-azido naturala bailiran eliminatzen du organismoak eta, gainera, ez da kaltegarria. Sorbikoa dela eta, gehien erabil daitekeen kopurua milioiko 1000 zati dira. Balore honez gainetik ez daude gure laginak, baina El Lobo eta La Bruja markakoetan hautemaniko kopuruak mugatik gertu dabiltza. Lagin batzuetako osagaien zerrendan bestelako aditiboak ere aipatzen dira, hala nola E-420 (sorbitola) estabilizatzailea eta (1880, El Lobo eta La Jijonencan), eta E-330 (azido zitrikoa) azidulatzailea (La Bruja eta Delaviudan). Aditibo hauek guztiak, laboratorioan aztertu ez diren arren, onartuak ditu legeak.

Mazapanen osasun-higiene egoea egiaztatzeko, laboratorioak enterobakterioen, E. coli, S. aureus, Salmonella eta lizun eta legamien agerpenik bilatu zuen zazpi laginetan. Emaitzak onak izan dira, den-denek betetzen baitute legeak xedaturikoa: E. coli, S. aureus eta Salmonellaren aztarnarik ez dago eta enterobakterio, lizun eta legamien zenbaketa ere oso-oso txikia izan da.

Pisu garbi eta etiketa, ongi

Azterturiko zazpi ontzietako egiazko edukia, adierazitakoa baino handixeago zen, La Brujakoan izan ezik, iragarritako kopurua baino bi gramo gutxiago baitzuen (%1 gutxiago) Legeriak %4,5eko tolerantzia xedatua duenez, La Bruja markako edukia zuzentzat har dezakegu. Pisu garbia ez ezik, adierazi beharreko datu guztiak agertzen dituzte ontzi guztiek: produktuaren izena, kategoria komertziala, fabrikatzailearen izena eta helbidea, ontziari dagokion lote-zenbakia eta noiz komeni den kontsumitzea. El Lobo, Antiu Xixona eta La Jijonencak, bere aldetik, mazapanak kontserbatzeko moduari buruzko argibideak erantsi dituzte. Etiketan nutrizioari buruzko informazioa ipini duen marka bakarra El Lobo da.

Dastaketan, emaitza on samarrak

Zaporeari eta ahoko ukimenari garrantzi handia eman zieten dastatzaileek, eta almendra-zapore biziko eta, pasta leuna (ez garautsua) bitarteko, ahoan ukimen guria izango zukeen mazapan gozoa hobetsi zuten. Zazpi laginetatik, Delaviudak eraman zuen baloraziorik onena (7 puntu azkeneko kalifikazioan), bere almendra-zapore bizi eta gozoagatik, eta ahoan oso ukimen ona agertzen zuelako, orea fina eta, ebakeran, guria izaki. Itxura, berriz, ez zen atsegina gertatu, mazapanezko iruditxoak erreegi agertu zirelako. La Bruja ere nabarmendu zen (6 puntu): orerik guri eta finena duen lagina da. Gainontzekoek ez zuten bost puntuko langa gainditu. Bosten kanpoko itxura gustatu zen arren, zaporea eta ahoko ukimena ez ziren atsegin gertatu. Antiu Xixona markakoen ukimen trinkoegia eta ore garautsu xamarra ez zen gustatu. 1880 markakoen zapore gozoa ona izanik ere, orea trinko eta garautsua zen. El Lobo eta La Famakoen orea trinko eta garautsu xamarra gertatu zen. Almendra-zaporerik ahuleneko lagina La Jijonencakoa izan zen (nahiz eta lagin honek almendra-kopuru ugari eduki) eta ahoan trinko eta garautsu gertatzean, ez zen CONSUMEReko dastatzaileak gogobetetzeko modukoa izan. Gabonetako mahaian apaingarri ipintzea dela eta, produktu honen estetikak kontsumitzaile batzuentzat duen garrantzia gogoan izanik, laginen itxura-aniztasunaren, distiraren, tankeraren, kolorearen eta abarren arabera ere kalifikatu zituzten dastatzaileek. Atal honetako hoberena La Fama izan zen, gertutik 1880 eta El Lobo zetozkiola. Ezaugarri hauengatik balore apalena Delaviudak eraman zuen (dastaketan gehien gustatu zitzaienak).

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Kalitate Goreneko zazpi markatako laginak aztertu ziren; mazapanak 200 eta 150 gramotako ontzietan datoz. Prezioetan alde handiak daude: kiloko 1.300 pezetatik (La Bruja) 1880 markakoen 2.630 pezetaraino.
  • Lagin guztietako osaketak berdintsuak dira eta zazpiek betetzen dute Goreneko kalitateko mazapanei buruz legeak agindutakoa.
  • Ekarpen energetikoa handia da (480 kilokaloria 100 gramoko, gutxi gora-behera). Mazapanetako gantzak, almendran jatorria duela, gantz-azido saturatu urri, baina kolesterolik ez du.
  • Almendra-zaporea eta osagai honen kopurua ez daude erlazio zuzenean. Almendra gehien duten (%55etik gora) laginen almendra-gustua ez zuten nabarmendu dastatzaileek, nahiz eta produktu garestienak ziren.
  • Prezioak almendra-kopuruarekin du lotura, ez zapore-kalitatearekin. Dastaketan Delaviuda (7 puntu) eta La Bruja (6 puntu) nabarmendu dira, hau da, merkeenetako bi. Delaviuda (1560 pezeta kiloko) da prezio-kalitate erlaziorik onena. La Bruja (1300 pezeta kiloko) ere aukera polita da.

Banan-banan

Mazapanak, banan-banan

Delaviuda.

  • 1560 pta. kiloko. Kalitate-prezio erlaziorik hoberena.
  • Almendra-kopuruz (%53) erdiparean.
  • Dastaketan, balorazio altuena, 7 puntu: “almendra-zapore bizia eta gozotasuna, ore fina guria ebakeran, nahiz erreegia agertzen den”.

La Bruja.

  • 1300 pta. kiloko, mazapanik merkeenak. Aukera polita.
  • Almendra gutxien (%49) eta azukre gehien (%52) daukatenak.
  • Dastaketan, 6 puntu: “almendra-zapore bizia eta gozotasuna, ore fina eta guria”.

Antiu Xixona.

  • 1330 pta. kiloko, oso merkea.
  • Almendra-kopurua, ertaina (%53).
  • Dastaketan, 5 puntu: “itxura ona, almendra-zapore eta gozotasuna dastatzaileen gustukoak izan ziren, orea trinkoegia eta garautsu xamarra”.

La Fama.

  • 1460 pta. kiloko.
  • Almendra-kopurua, ertaina (%51).
  • Dastaketan, 5 puntu: “oso itxura onekoa, zapore ertaina, ore trinkoa eta garautsu xamarra”.

El Lobo.

  • 1760 pta. kiloko. Garesti xamarra, aukeran.
  • Almendra-kopurua, ertaina (%51).
  • Dastaketan, 5 puntu: “xigortu xuabea, almendra-zapore eta gozotasun ertainak, orea trinko eta garautsu xamarra”.

La Jijonenca.

  • 1880 pta. kiloko, garestia.
  • Almendra gehien (%59), azukre gutxien (%36), gantz (%32) eta proteina gehien (%15 ) daukatenak.
  • Dastaketan, 5 puntu: “kolore xigortu xamarra, almendra-zapore urria, ahoan trinko eta garautsua izatea ez zitzaien gustatu dastatzaileei”.

1880.

  • 2630 pta. kiloko: garestienak, askozaz ere.
  • Almendra ugari (%54).
  • Dastaketan, 5 puntu: “oso itxura ona, gozotasuna gustatu zitzaien, baina ahoko trinkotasuna eta garautsu izatea ez zuten atsegin dastatzaileek”.