Bitaminaz gainezka

Ezinbestekoak dira gure organismoak ongi funtziona dezan; hala ere, errezetarik gabe eros ditzakegun gehigarriak hainbeste ugaritu izanaren ondorioz, osasun arloko erakunde askok ohartarazi dute neurriz kanpo hartzeak badituela bere arriskuak. Gure osasuna arriskuan egon daiteke.
1 otsaila de 2024

Bitaminaz gainezka

Nork ez du entzun bitaminak dohainez eta onuraz beterik daudela? Hainbestetan gauza bera errepikatuta, azkenerako ulertu egin dugu, oso modu sinplistan bada ere, bitamina asko hartzeak osasun ona izatea esan nahi duela eta produktu aberastu bat osasungarriagoa dela (esnezko postrea, txakurrentzako pentsua, krema edo xanpu bat). Horrekin batera, bitaminaz egindako konplexuak funtsezkotzat jotzen ditugu nekeari, hotzeriari edo giharretako minari aurre egiteko. Baina errezetarik gabe saltzen direnez, gehiegi erabiltzen dira, eta jende askok kontsumitzen ditu mirarizko sendagai gisa. Hala adierazi du Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiak 2021ean egindako txosten batek: Nutrizio arloko gehigarrien erabilera Espainiako biztanlerian. Hor ageri denez, Espainiako Estatuko lau herritarretatik hiruk (%75) “osagarriren bat kontsumitzen dute osasuna hobetzeko”, nahiz eta orain arte indarrean egon den ebidentzia zientifikoak adierazten duen froga sendo gutxi daudela produktu horien segurtasunari eta eraginkortasunari buruz. “Horrelako osagarriak hain maiz erabiltzeak, autopreskripzio maila hain handia izateak eta zernahitarako erabiltzeak agerian uzten dute osasun publikoko arazo baten aurrean gaudela”, diote egileek.

Zer egiten dute gure alde?

Bitaminen erabilera okerra aztertzeak ez du esan nahi haien garrantzia gutxietsi egiten denik. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) dioenez, “bitaminak funtsezko konposatu organikoak dira, eta funtsezko zeregina dute eginkizun biologiko eta metaboliko askotan. Elikagaietan oso kopuru txikietan dauden substantziak dira, eta funtsezko zereginak betetzen dituzte giza gorputzak ongi funtziona dezan”. Funtzio horien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Ezinbesteko funtzioak. Bitamina bakoitzak funtzio bakar eta bereziak ditu, eta funtsezkoa da prozesu biologiko zehatzetarako. Adibidez, C bitamina funtsezkoa da kolagenoaren sintesirako, D bitamina beharrezkoa da kaltzioa xurgatzeko, eta B multzoko bitaminek funtsezko zeregina dute energiaren metabolismoan.
  • Osasuna hobetzea. Gaixotasun kronikoen prebentzioarekin ere lotzen dira bitaminak. Adibidez, bitamina antioxidatzaileek, esaterako C eta E-k, lagundu egiten dute oxidazioaren estresari aurre egiten, eta zahartzearekin zerikusia duten gaixotasunei aurrea hartzeko zeregina izan dezakete.
  • Immunitate sistema sendotzea. Zenbait bitaminak indartu egiten dituzte gure babesak, besteak beste C-k eta D-k.
  • Energia eta bizitasuna. B multzoko bitaminak funtsezkoak dira elikagaiak energia bihurtzeko. Horrek lagundu egiten digu bizitasun handia izan dezagun eta nerbio sistemak behar bezala funtziona dezan.
Zenbat behar dugu egunean?

Bitaminei buruzko gomendioei jaramon eginez gero, nahasi ere egin gaitezke, gida batzuetatik besteetara aldatu egiten baitira. Europan, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak (EFSA) ezartzen ditu jarraibide horiek, eta Espainiako Estatuan, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren (CSIC) gomendioak har daitezke kontuan.

A BITAMINA

Haurrak: 300-800 μg | Helduak: 800 μg | Adin handikoak: 800 μg | Kopuru horretara iristeko adibide bat: Azenarioa (100 g, 942 μg)

C BITAMINA

Haurrak: 20-100 mg | Helduak: 90 mg gizonentzat. 80 mg emakumeentzat | Adin handikoak: 110 mg gizonentzat. 95 mg emakumeentzat | Kopuru horretara iristeko adibide bat: Kiwia (1 ale, 90 mg)

D BITAMINA

Haurrak: 10 μg (400 UI) | Helduak: 15 μg (600 UI) | Adin handikoak: 20 μg (800 UI) | Kopuru horretara iristeko adibide bat: Sardina (100 g, 17 μg)

E BITAMINA

Haurrak: 6-15 mg | Helduak: 11 mg | Adin handikoak: 11 mg | Kopuru horretara iristeko adibide bat: Almendrak (eskutada bat, 10 mg)

K BITAMINA

Haurrak: 20-75 μg | Helduak: 70 μg gizonentzat. 60 μg emakumeentzat | Adin handikoak: 70 μg gizonentzat 60 μg emakumeentzat | Kopuru horretara iristeko adibide bat: brokolia (141 μg).

Falta izatetik gehiegi izatera.

FAOk eta medikuntzako erakunde guztiek nabarmentzen dute bitaminak ezinbestekoak direla. Baina, era berean, gure organismoak sintetizatu ezin dituen substantziak direnez, argi adierazten dute kanpoko iturrietatik lortu behar ditugula. Eta Carmen Linares farmazeutiko eta dietista-nutrizionistak dioenez, “ikasgaia gaizki ikasi dugu. Ukaezina da bitaminak ezinbestekoak direla osasunerako, baina behar dugun kantitatea erraz lor daiteke eta lortu behar da dieta orekatu eta osasungarri baten bidez. Gehigarrietara jotzea akats bat da; hainbeste bitamina hartzea alferrikako gastua da poltsikorako, eta are okerragoa dena, arazoak, desorekak eta nahasmenduak ere eragin ditzake”.

Kontua da dagokien lekua ematea bitaminei, eta osasun agintariak kezkatzen hasiak daude horrekin. Azken adibidea Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak eta Farmazialarien Elkargo Ofizialak abian jarri duten ekintza bateratuan dugu. Ekimen horren helburua da D bitamina duten gehigarriak modu seguruan ematea eta ohartaraztea beharrezkoa baino gehiago hartuz gero osasun arazo larriak ager daitezkeela hiperkaltzemiaren ondorioz (odoleko kaltzio maila handia). D bitaminaren inguruan sortu den auziak ongi islatzen du zer-nolako joerak nagusitu diren gehigarrien inguruan: azken urteotan alarma piztua zen, Espainiako biztanlerian bitamina horren gabezia orokorra badagoela egiaztatu baitzen. Baina hortik beste muturrera pasatu zen: Gaztela eta Leongo lehen arretako sendagile eta botikariek egindako azterlan batek dioenez, “D bitaminaren dosi handiak agintzen ari zaizkie pazienteei justifikaziorik gabe”. Egoera horren ondorioz, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (AEMPS) segurtasun ohar bat argitaratu zuen 2019an eta ohartarazi zuen “D bitaminaren gaindosifikazioak hiperkaltzemia kasu larriak” eragiten zituela helduaroan eta adin pediatrikoan.

Gaindosi arriskurik bai?

Hiperkaltzemiaraino iristea ez da erraza, baina kontuan izan behar da bitamina gehiegi hartzeak hiperbitaminosi izenekoa eragin dezakeela. Hori bai, “gehigarri gehiegi hartzearen ondorio denean soilik gerta daiteke hori; dietaren bidez inoiz ez gara iritsiko gure osasuna arriskuan jartzera”, argitzen du Carmen Linaresek. Alderdi hori garrantzitsua da egunero hartu beharreko bitaminei buruzko gomendioak testuinguruan jartzeko, zeinak aldatu egin daitezkeen adinaren, sexuaren, osasunaren eta banakako beste faktore batzuen arabera. Nutrizio Komunitarioko Espainiako Elkarteak (SENC) elikaduraren arlorako ematen dituen gomendioei jaramon eginez gero, ikus dezakegu egunean 80 mg nahikoa dela C bitamina kopuru gomendatua lortzeko (kiwi batek ematen duena da hori).

Zer gertatzen da, beraz, behar baino gehiago hartuz gero? Zer gertatzen da bitamina gehiegi hartuta? Alde horretatik, bitaminak bi talde handitan bereizi behar dira:

  • Hidrodisolbagarriak. Izenak dioen bezala, uretan disolbatzen dira eta erraz xurgatzen dira urdail-hesteetako traktuan. Bitamina horiek gernuaren bidez kanporatzen dira erabiltzen ez direnean. C bitamina eta B multzoko guztiak sartzen dira hor. “Arazo metabolikorik ez badugu eta behar bezala elikatzen bagara, ez dugu C bitamina daraman gehigarririk beharko. Onurak lortu beharrean, gehigarriek alferrikako gastua besterik ez digute ekarriko”, azaldu du Deborah Garcia Bello Kimikako doktoreak eta zientzia dibulgatzaileak. C bitaminari dagokionez, adibidez, gure organismoak behar ez duen kantitatea giltzurrunak kanporatzen du lau ordu baino gutxiagoan.
  • Lipodisolbagarriak. Bitamina horiek gantz eta oliotan disolbatzen dira. Ezinbestekoak dira gorputzak behar bezala funtziona dezan, eta ehun gantzatsuetan eta gibelean gordetzen dira. A bitamina (erretinola), D bitamina, E bitamina (tokoferola) eta K bitamina dira. Bitamina horiek gorputzean metatzen dira eta zailak dira ezabatzen; beraz, maila toxikoak lortu arte metatu daitezke. Beraz, medikuak gomendatu behar du horiek hartzea dietatik kanpoko gehigarrien bidez.
Gure haurrak behar al du gehigarririk?

Bitaminek osasunari aparteko onura egiten diotelakoan, familia askok uste izaten dute seme-alabei gehigarriak ematea komeni dela, nahiz eta espainiako pediatria elkarteak honako jarraibide hauek ematen dituen:

  • Bitaminak elikagaietan daude, eta produktu gordinak barne hartzen dituen dieta askotarikoa egiteak behar adina bitamina ematen ditu (adibidez, frutak eta barazki jakin batzuk janda).
  • Ez da beharrezkoa, eta osasunerako kaltegarria ere izan daiteke produktu farmazeutikoen bidez edo belar-dendetan saltzen dituztenen bidez gehigarriak hartzea.
  • Akats oso hedatua da bitaminek haurren gosea areagotzen dutela sinestea. Jateko gogoa ez da aldatzen bitaminak hartuta. Efektu hori eragiten duten sendagaiek ez diote funtsezko mantenugairik ematen organismoari; besterik gabe, jateko gogoaren sentsazio “artifiziala” eragiten dute (lo egiteko gogoa ere bai).
  • Haurrei ez zaie pentsarazi behar pastillak edo xarabeak hartu behar dituztela indartsu eta osasuntsu egoteko.

Bestalde, pediatrek gomendatu egiten dute “bularra hartzen ari diren haurrei, bizitzako lehen urtean, D bitaminaren gehigarriak ematea tanta bidez. Hori bereziki garrantzitsua da neguko hilabeteetan eta eguzki gutxiko lekuetan bizi direnentzat, bitamina hori hein handi batean larruazalean bertan ekoizten baita, eguzki izpiei esker”. Formula egokituak ere bitaminekin osatuta daude, baina kopuru gomendatua jasotzeko egunean litro bat esne baino gehiago hartu beharko litzateke, eta, beraz, beharrezkoa da horiek gehigarri bidez hartzea.

Gehegizko kopuruak eta toxikotasuna.

Bitaminak funtsezkoak diren arren gorputzak normal funtziona dezan, gehigarri bidez neurriz kanpo hartzeak ondorio kaltegarriak izan ditzake (elikagaiekin ia ezinezkoa da maila seguruak gainditzea).

  • A bitamina. A bitamina modu kronikoan eta dosi gomendatuetatik gora emanez gero, arazo hauek ager daitezke: nekea, suminkortasuna, zefalea, anorexia, sukarra, odoljarioak hainbat ehunetan eta larruazaleko nahasmenduak. Haurrengan hezur luzeen epifisia garaia baino lehen ixtea eragin dezake, eta horrek neurria txikitzea ekartzen du. “A bitaminaren megadosiak intoxikazio akutua eragin dezake, eta ezaugarri hauek izango ditu: sedazioa, zorabioak, goragalea, oka egitea, gorriuneak eta larruazalaren ezkatatze orokorra. Adineko pertsonei bitamina hori ematen zaienean, segurtasun tartea txikia da; beraz, arreta berezia jarri behar da eta dosia ondo doitu behar da”, adierazi dute Monica Perez Rios eta Alberto Ruano botikariek.
  • D bitamina. Odolean kaltzio asko metatzea ekar dezake bitamina hori gehiegi hartzeak, eta horrek kalteak eragin ditzake hezurretan, giltzurrunetan eta beste organo batzuetan. “D bitamina justifikazio klinikorik gabe hartzeak eta aldian behin jarraipen azterketarik ez egiteak kontrako ondorioak sorraraz ditzake —hiperkaltzemia, bihotzeko arritmiak, giltzurrunetako kalkuluak—, bereziki dosi handiko formulak erabiltzen direnean”, halaxe nabarmendu dute Alfonso Diaz Madero eta Maria Jesus Hernandez Arroyo ikertzaileek (Lehen Arretako Botikarien Espainiako Elkarteko kideak dira).
  • E bitamina. Bitamina horren ondoriozko intoxikazioak ohikoak ez diren arren —toxikotasun txikienetakoa dauka—, gehiegi hartuz gero interferentziak eragin ditzake odol koagulazioan, eta odoljarioak eragin.
  • K bitamina. Ez da oso ohikoa, baina gehiegizko dosiak interferentziak eragin ditzake koagulazioaren aurkako sendagaiekin. Toxikotasuna ez da batere ohikoa: eguneko kopuru gomendatua baino 50 edo 100 aldiz gehiago hartu behar litzateke.
  • B bitamina. Oso dosi handietan, nahi gabeko zenbait ondorio eragin ditzakete, zein motatako B bitamina den.
  • C bitamina. Ohikoa ez den arren, C bitaminaren megadosiak urdail-hesteetako arazoak eragin ditzake. Ildo horretatik, Deborah Garcia Bellok azaltzen duenez, “azido askorbikoa (C bitamina) azido oxaliko bihurtzen da neurri batean, eta haren gatza –kaltzio oxalatoa– nahiko disolbaezina da, eta giltzurrunetako kalkuluak sor ditzake.

Beraz, arazo hori izateko arriskua saihestu nahi badugu, edo dagoeneko arazoa agertu bada, ez hartu C bitamina duen gehigarririk, edo doitu kontsumoa. Gehiegi hartzeak, gainera, goitika egitea eta beherakoa izatea ere eragin dezake”. Beste behin ere, azpimarratu behar da elikagai naturalen ordez gehigarriak hartzeak eragiten duela toxikotasun arriskua. Pertsona gehienek behar dituzten bitaminak lortzen dituzte dieta orekatu baten bidez, eta ez dute gehigarririk behar izaten, medikuak agindu ezean.

Kontuz interakzioekin

Askotan, nekea, ahultasuna edo energiarik eza sumatuz gero, bitaminak dituzten gehigarriak hartzera jotzen dugu geure kabuz. Hori kaltegarria izan daiteke bestelako sendagai batzuk ere hartzen ari diren pertsonentzat, bitamina batzuek okerreko interakzioa sorraraz baitezakete zenbait sendagairekin. Interakzioek hainbat ondorio izan ditzakete, hala nola sendagaiaren eraginkortasuna gutxitzea, mantenugaiak kopuru handiagoan edo txikiagoan xurgatzea edo nahi ez diren ondorioak sortzea.

  • C bitamina eta aspirina. C bitaminaren kantitate handiek areagotu egin dezakete urdailean narritadura izateko arriskua aspirinarekin edo antiinflamatorio ez-esteroideekin hartzen direnean.
  • D bitamina eta hipertentsioaren aurkako sendagaiak. D bitaminak erraztu egiten du kaltzioa xurgatzea, eta zenbait sendagai hipertentsibok, adibidez kaltzio-kanalen blokeatzaileek, kalte egin diezaiokete mineral horren mailari. Era berean, D bitaminak eragina izan dezake arteria tentsioa doitzeko prozesuan. Nolanahi ere, D bitaminaren eta presio arterialaren arteko erlazioa konplexua da, eta ikerketa gehiago egin behar da bitamina horrek hipertentsioan eta medikamentu hipertentsiboekiko erantzunean nola eragiten duen ulertzeko.
  • E eta K bitaminak eta antikoagulatzaileak. E bitamina ugari hartuz gero antikoagulatzaileekin batean, areagotu egin daiteke odoljarioak izateko arriskua. K bitaminak interferentziak eragin ditzake warfarina izeneko sendagaiarekin ere.

Funtsezkoa da medikuari galdetzea hartzen ari garen gehigarri orori buruz, eta eztabaidatzea zer-nolako interakzioak sor daitezkeen agindu dizkiguten sendagaiekin.