Gizentasunak ba al du sendabiderik?
Gizentasunaren epidemia ziztu bizian hedatzen ari da mundu osoan, baina, aldi berean, zientziak borrokan jarraitzen du zabalkunde hori geldiarazteko. Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) eta Espainiako Epidemiologia Zentroak 2023an egindako ENER-COVID azterlanaren arabera, 18 urtetik gorako biztanleen %55,8k gehiegizko pisua dute (%18,7k gizentasuna eta %37,1ek gehiegizko pisua), eta gizentasun larriaren prebalentzia ia %5ekoa da. Ez da estetikari edo gorputz neurriei loturiko arazoa, osasun publikoko arazo larria baizik. Gizentasuna gaixotasun kroniko eta progresibotzat hartzen da, eta nahasmendu metabolikoekin lotzen da, besteak beste diabetesarekin, hipertentsioarekin, artritisarekin, gibel gantzatsuaren gaixotasunarekin, minbizi mota batzuekin eta bihotz-hodietako gaixotasunekin.
Azken urteotan, gizentasunaren aurkako botikak agertu dira, eta sendagai mota horri esker gehiegizko pisua murriztea lortu duten pertsonaia famatuek ezagun bihurtu dituzte; horrek iraultza zientifikoa eragin du, aurrekaririk gabea. Ez dira “injekzio magikoak”, bi hamarkada baino gehiagoko ikerketaren ondorio baizik (2 motako diabetesa duten gaixoetan zer-nolako ondorioak dituzten aztertzen aritu dira). Eta, zeharka, egiaztatu egin dute eraginkorrak ote diren gehiegizko pisua, gizentasuna eta bihotz-hodietako arriskua duten pazienteak tratatzeko. Science aldizkariak aitortu duenez, “2023ko aurrerapen zientifiko aipagarriena” ekarri dute sendagai horiek, zeinak hesteetako hormona bat imitatzen duten, peptido izenekoa (glukagoi-1aren antzekoa da). Emaitzak ikusita, gehiegizko pisuaren eta horri loturiko gaixotasunen aurka borrokatzen duten milioika pertsonaren itxaropena izan daitezke.
Gizentasunaren arrazoiak.
“Gehiegizko pisua eta gizentasuna duten eta aurreko saialdietan porrot egin duten pazienteentzako botikak dira; bizitza aldatu nahi dutenentzako, bizimodu osasungarria nahi dutenentzako, osasuna nabarmen hobetuta. Tratamenduan zehar pisua %10 edo %15 artean jaisten da, baina farmakologia ez da irtenbidea. Gakoa da pazienteari ohitura osasungarriak sartzen laguntzea, unitate espezializatuetan, esku-hartze globala egin dezaten”, azaldu du Cristobal Morales doktoreak, Gizentasuna Aztertzeko Espainiako Elkartearen (SEEDO) bozeramaile eta endokrinoak. “Gaur egun, gizentasuna ez daiteke zehaztu pisua edo edo gorputz masaren indizea kontuan hartuta (GMI); formula matematiko hori duela 100 urte baino gehiago erabiltzen da gizentasuna antzemateko, baina urrunago joan behar dugu: behatu egin behar dugu gorputzaren osaera, gantz metaketa, giharren osaera, funtzio metabolikoa, konplikazio mekanikoak, giltzadura arazoak, buruko arazoak (hamar pertsonatatik zazpik antsietate eta depresio arazoak dituzte), eta gaixotasunaren oinarri psikologiko eta biologikoak ulertu. Historiaurreko geneak ditugu, energia aurrezteko diseinatuak. Orain gizarte obesogeniko batean bizi gara, eta pisua handitzera garamatza ezaugarri horrek.
Espainian onartuak
- Gizentasuna: liraglutida (Saxenda)
- 2 motako diabetesa:
- Semaglutida (Ozempic injektagarria eta Rybelsus pastillak)
- Dulaglutida (Trulicity injektagarria).
Iristear daudenak
- Gehiegizko pisua eta gizentasuna: semaglutida (Wegovy), zeinak baduen Sendagaiaren Europako Agentziaren onespena. Aurrerabidea ekarriko du, pisua are gehiago murrizteko modua emango baitu (%15; Saxendarekin, berriz,% 8).
- 2 motako diabetesa, gizentasuna eta gehiegizko pisua: tirzepatida (Mounjaro). Pisu galera %21ekoa da.
Nola funtzionatzen dute sendagai horiek.
Ozempic injektagarria 2 motako diabetesa tratatzeko ematen da eta Wegovy laster merkaturatuko dute Espainian gehiegizko pisua eta gizentasuna tratatzeko; bi horien printzipio aktiboa semaglutida da. Konposatu horrek imitatu egiten du GLP-1 hormonaren funtzionamendua. Hormona hori hesteak jariatzen du elikagaiak digeritzean, eta burmuinari jakinarazten dio aseta gaudela eta ez dela gehiago jan behar. “Janaria urdailera iristen denean, gure hormonak aginduak ematen hasten dira behar duguna jan dezagun, baina ez gehiegi, eta jaten duguna metabolizatu dezagun. Seinaleak bidaltzen dituzte gibelera, pankreara eta garunera, eta asetasun goiztiarra sortzen dute, goserik ez dagoela adierazten duen seinalea”, azaltzen du Clotilde Vazquezek, Madrilgo Jiménez Díaz Unibertsitate Ospitaleko Endokrinologia eta Nutrizio Saileko buruak. “Gainera, beste ondorio onuragarri batzuk ere eragiten ditu, ez hain ezagunak, gantz ehunean, termogenesian eta jaten duguna gibelean metabolizatzeko moduan. Horregatik dira hain botika onak, ez dute sortzen nahi gabeko ondoriorik, jateko gogoa kentzeko erabiltzen ziren beste batzuek bezala, zeinak tolerantzia handiagoa sortzen zuten eta ondorio kardiobaskular desegokiagoak”, azaldu du.
Zer dio ebidentzia zientifikoak.
Hain zuzen, The New England Journal of Medicine aldizkariak argitaratu berri duen azterlan baten arabera, bihotzeko gutxiegitasuna eta gizentasuna duten gaixoetan, urtebetean semaglutidarekin egindako tratamenduak (2,4 mg) gehiago murriztu zituen sintoma eta muga fisikoak, hobetu egin zuen ariketaren funtzioa eta plazeboak baino pisu galera handiagoa eragin zuen. Beraz, sendagai familia horrek babestu egin dezake bihotza, giltzurrunak eta hanturen aurka egin dezake, eta berme bat dute gainera: 20 urte baino gehiagoz erabili izan direla 2 motako diabetesa tratatzeko.
“Nahi gabeko ondorio kaltegarrien artean, urdail-hesteetako arazoak ikusten ditugu, hala nola beherakoa, goragalea edo goitika egitea dosiak handitu ahala. Errebote efektua ere gerta daiteke, galdutako pisua berreskuratzea, pertsona bat astean miligramo bat semaglutida hartzen egon bada eta bat-batean hartzeari uzten badio”, esan du Vazquez doktoreak. “Horregatik, oso pixkanaka kentzen da beti, eta termogenesia areagotzen saiatuz ariketa fisikoarekin eta elikadurarekin. Halaber, ez litzateke gomendagarria pankreatitisa izateko arriskua duten pazienteentzat eta tiroide muineko minbizi mota jakin bat izateko arriskua dutenentzat”, dio.
Gizarte Segurantzak Ozempic agintzen die die aldi berean 2 motako diabetesa eta 30etik gorako gorputz masa duten pazienteei. Finantzaketarik gabe, sendagai mota horiek 130 eta 280 euro artean balio dute. Sendagai horien hileko kostu handiak eta hornidura faltak eragina izan dezakete pazienteek tratamenduarekiko agertzen duten atxikimenduan. Beste aukerarik ezean, pazienteek merkatu beltzera jo dute sendagai faltsutuak erostera, halaxe dio Europako Medikamentuaren Agentziaren txosten batek, eta horrek asaldura eragin du. Txosten horrek ohartarazten du Ozempic-en gezurrezko luma autokargatuak erostea arriskutsua dela osasunerako (Erresuma Batuan, Alemanian eta Austrian saltzen dituzte). Ameriketako Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak ere (FDA) ohartarazi du arriskutsua dela “markarik gabeko” sendagai horiek erostea, jatorrizko bertsioaz bestelako osagaiak izan ditzaketelako, eta osasunerako ezezagunak diren ondorioak sorrarazi. Datozen hilabete eta urteetan gizentasunaren aurka onetsi eta merkaturatuko diren botiken hurrengo belaunaldiek prezioak mugatuko dituztela espero da, merkatu beltza suntsituko dutela eta gizentasunaren epidemiaren aurka egingo dutela aurrerantzean ere.
Botika horiek aldatu egiten dute hesteak jariatzen duen hormona bat, 1 motako glukagoiaren antzeko peptidoa (GLP-1), degradatzeko denbora gehiago behar izan dezan. Hormona horren hartzaileak gure gorputz osoan daude, eta, beraz, organo askori eragiten die:
Urdaila
- Murriztu egiten du urdaila husteko denbora.
Garuna
- Suspertu egiten du nerbio sistema zentrala.
- Areagotu egiten du asetasuna.
- Murriztu egiten du gosea.
Bihotza
- Eragin kardiobabesleak.
- Hobetu egiten du funtzio endoteliala.
- Hobetu egiten du bihotz maiztasuna.
- Murriztu egiten du infartu osteko kaltea.
- Handitu egiten du ezkerreko bentrikuluaren funtzioa.
Pankrea
- Areagotu egiten du intsulina jarioa.
- Handitu egiten du intsulinaren biosintesia.
- Sustatu egiten du Beta zelulen ugaltzea (intsulina sortzen duten hormonak dira).
Giharra
- Glukosa gehiago xurgatzen eta biltegiratzen da.
- Sentiberatasun gehiago izaten da intsulinarekiko.
Ehun gantzatsua
- Murriztu egiten du gibeleko glukosa ekoizpena.
- Hobetu egiten du glukosaren erabilera eta intsulinaren sentikortasuna.
- Eragin lipotikoa.
- Murriztu egiten ditu gantz biltegiak adipozitoetan.
- Handitu egiten du ehun gantzatsu nabar edo marroiko termogenesia.
Giltzurrunak
- Areagotu egiten da giltzurrunen funtzioa.
- Prebenitu egiten du giltzurrunetako kaltea.
- Hipertentsioaren aurkako efektua.
Gibela
- Glukagoi jariatze txikiagoa.
- Glukosa ekoizpen txikiagoa.
Beste pauso bat.
Semaglutida ez da gehiegizko pisua murrizteko ikertzen ari den printzipio aktibo bakarra. Gizentasunaren aurkako lasterketan, sendagaietan egingo den hurrengo jauzia tirzepatida izango da (Mounjaro izen komertzialekoa). Semaglutida baino indartsuagoa da, eta saiakuntza klinikoetan lortutako emaitzen arabera, %21 murrizten du pisua. Bi hormonaren (GLP-1 eta GIP) efektua imitatzen du eta gai da odoleko glukosa maila murrizteko. Hormona horiek suspertu egiten dute intsulina ekoizpena, atzeratu egiten dute urdail hustuketa eta areagotu egiten dute asetasun irudipen goiztiarra; ondorioz, elikagai gutxiago hartzen da.
JAMA Networkek argitaratu berri ditu azken saiakuntza klinikoaren emaitzak, eta horren arabera, sendagai hori eraginkorra da pisua galtzeko eta horri lotutako arrisku faktoreak murrizteko (hipertentsioa, kolesterola, gibel gantzatsua), baina tratamendua uzten denean, arrisku-markatzaile guztiek okerrera egiten dute eta pazienteak berreskuratu egin dezake galdutako pisua. Zergatik gertatzen da hori? Adituek diotenez, gizentasuna, diabetesa bezala, gaixotasun kronikoa da, eta etengabeko aldaketak eskatzen ditu bizitzeko eta elikatzeko ohituretan. Paziente batzuetan, bizitza osoko kontrol farmakologikoa beharko da pisua ez berreskuratzeko. Tirzepatida hasiera batean 2 motako diabetesaren tratamendurako diseinatu zen, eta Elikagaien eta Medikamentuen Administrazioak onartu egin du Estatu Batuetan (FDA, ingelesez), eta Sendagaiaren Europako Agentziak berriki berrikusi du, baimena zabaldu eta gehiegizko pisua eta gizentasuna kontrolatzeko balio ote duen aitortzeko, baina 2024-2025 arte ez da merkaturatuko Espainian.
Gizentasunaren kontrako botikak erabiltzeak ustekabeko eragina izan dezake elikagaien industrian. Morgan Stanley aholkularitza enpresak duela gutxi egin duen azterketa baten arabera, 2035ean 24 milioi pertsona inguruk (biztanleriaren %7k) gehiegizko
pisuaren aurkako tratamendu farmakologikoren bat hartuko dute. Horrela, “elikagaien, edarien eta jatetxeen industriek eskaera txikiagoa eduki lezakete, bereziki osasungarriak ez diren elikagaietan eta gantz, azukre eta gatz asko duten aukeretan”, laburbiltzen du txostenak.
Agur elikagai azukretsu eta gantzatsuei
Botikak hartzen jarraitzen duten kontsumitzaileei konpainia horrek egin dizkien azken inkesten arabera, azukre eta gantz ugariko elikagaiak gutxiago kontsumitzen dira, besteak beste gozokiak, edari azukretsuak eta opilak. Datu horien arabera, kontsumitzaile horien ia laurdenak alkohola edateari utzi zion, eta ia %20k edari azukretsuak utzi zituzten. “Sendagai horiek jende gehiagok erabiliz gero, produktu horien kontsumo orokorra %3 ere jaits daiteke 2035erako”, dio txostenak.
Leku gehiago elikagai osasungarrientzat
Aholkularitza enpresako analistek, gainera, ikusi dute gizentasunaren aurkako tratamendu farmakologikoa hartzen ari diren gaixoek maizago jaten dituztela elikagai osasungarrienak: fruta, barazkiak, arraina eta oilaskoa.
Estatu Batuetako Walmart supermerkatu kateak ere antzeko datuak ematen ditu 2023ko abuztuan bere dendetan egin duen merkatu azterketan. Sendagai horiek bere farmazietan sal ditzake kateak, eta horri esker ikusi ahal izan du zer-nolako lotura dagoen botika horien salmenta handitzearen eta edari alkoholdun, gozo eta aperitiboen gastua murriztearen artean. Informazio hori argitaratu ondoren, garagardo, aperitibo eta gozoki marken jabe diren enpresa batzuek galerak izan zituzten Burtsan. Hurrengo urteetan, gizentasunaren aurkako tratamendu farmakologikoak hedatzen badira, elikagaien industriak berriro aztertu beharko du nola eragingo dien kontsumitzaileen ohitura aldaketak bere kontuetan.