XXI. Mendeko koadernoak
Koaderno batean oharrak hartzea ez da lehengo gauza bera pantailak iritsi direnetik. Paperezko orriak dituzten betiko liburuxkek hor jarraitzen dute, baina orain koaderno digitalak ere hor daude, betikoek eskaintzen dituzten aukera guztiak berekin dituztela, baina formatu digitalak ematen duen moldakortasunarekin. Gailu horien bidez, pantaila batean idatzi dezakegu arkatz eta paperez egingo bagenu bezala, gure oharrak berehala gorde ditzakegu artxibo batean, baina orri kopuruan inolako mugarik gabe. Horixe da lehenbiziko desberdintasuna koaderno tradizionalen aldean, eta beste funtzio batzuk ere aipatu behar dira: gure letra automatikoki bihurtzen du testu mekanografiatu, gure oharrak sinkronizatu egin ditzakegu gure ordenagailu eta mugikorrekin, eta koaderno berririk erosi beharrik ez dugu izango orriak bukatzen zaizkionean.
Guztiek ez dute balio gauza berdinetarako
Merkatuan gailu askok daukate “koaderno digitalaren” izena, baina, egiaz, oso gutxik eduki behar lukete izen hori. Hiru eratako gailuak daudela esan liteke: oinarrizkoak, hibridoak eta %100 digitalak.
Lehenbiziko multzokoek eragin dezakete nahasmendu gehien. Sail horretako gailuen prezioa ez da izaten 20 eurotik gorakoa, eta paperezko koaderno bat ekartzen dute, non orriak berrerabili egin ditzakegun, eta bolaluma bat ere izaten dute, ezabatzen dena. Baina ezer ez da digitala, eta aplikazio bat erabili behar izaten da, nahitaez, orria mugikorraren eskanerrean pasatzeko; horrela gordetzen eta digitalizatzen da. Hau da, testua idatzi ondoren, mugikorraren eskanerrean pasatu behar da formatu digitalean gordetzeko. Egia esaten hasita, ez da zertan ordaindu gisa horretako kitak eskuratzeko, doako aplikazio batzuek ere eskaintzen baitute aukera gure oharrak eskanerrean pasatzeko edo Karaktere-ezagutze Optikoak erabiltzeko (OCR). Guyucom, Elfinbook eta Homestec etxeetako gailuak aurkituko ditugu multzo horretan.
Bigarren multzoan gailu hibridoak edo SmartPad direlakoak daude. Tableta digitalizatzaileak dira, eta orri baten azpian jartzen dira. Orrian idazten dugun guztia harrapatu egiten du tabletak eta gure mugikorrean gordetzen du automatikoki. Edozein paper jar dezakegu gailu horien gainean, baina gailuaren neurriarekin bateragarriak diren koadernoak aurkitu beharra dago eta ohikoena izaten da ekoizleak eskaintzen dituenak bakarrik erabili ahal izatea. Wacom Bamboo etxeko produktuak dira adibide bat.
Azkenik, hirugarren multzoa da guztietan osatuena; pantailaren beraren gainean idazten da, tinta elektronikozko teknologia bati esker, eta gailuak berak eskaintzen ditu sistemak idatzi ditugun dokumentuak kudeatu, gorde, editatu eta kontsultatzeko, eta beste gailu batera konektatu gabe erabil ditzakegu. Horiek dira produkturik garestienak, baina interesgarrienak ere bai; Remarkable 2, Kobo Elipsa eta berriki atera den Kindle Scribe aipa daitezke multzo horretan.
Eskuz idazten ditugunak digitalizatu nahi baditugu, errazena eta merkeena izango da OCR funtzioak dituzten aplikazioak erabiltzea. Optical Character Recon esan nahi dute sigla horiek ingelesez, Karaktere-ezagutze Optikoa alegia. Funtzio hori aspalditxotik daukate eskanerrek, baina telefono mugikorretako kamerak hobetu direnez, eta Adimen Artifizialeko sistemak ere badituztenez, orain sakelan eraman ditzakegu. Aplikazioen dendaren batean OCR jarrita (Apple Store-n edo Google Play-n), ehunka aplikazio agertuko zaizkigu, eta ongi samar irakurtzeko moduan dagoen edozein paper enfokatuta, mekanografiaz idatzitako testu bat bezala utziko du eta edozein gailu digitaletan eramateko moduko dokumentu bat edukiko dugu. Eskaintza handia dago era horretako aplikazioetan, baina Microsoft Lens, Adobe Scan, CamScanner eta Docutain nabarmentzen dira.
Eta zergatik ez erabili tableta bat?
Azken urteetan, zenbait ekoizlek berariaz merkaturatu dituzte pantaila gainean arkatz digitalekin idazteko aukera ematen duten gailuak; Apple etxeak, esaterako, iPad-a atera du, eta Lenovo eta Samsung-ek ere badituzte bereak, Android sistemarekin bi horiek. Koaderno digitalaren funtzioa interesatzen bazaigu, zergatik ez baliatu horietaz? Badira kontuan hartu beharreko zenbait faktore
Autonomia da lehena. Koaderno digitalen bateriak astebete edo gehiago iraun dezake egunero maiz-maiz erabilita. Tableta tradizional bat erabiliko bagenu, egun bat ere ez luke iraungo, segur aski. Koaderno digital gisa erabiltzeko, tableten pantailak etengabe piztuta egoten dira eta horrek energia asko kontsumitzen du; horiek, izan ere, OLED teknologia darabilte gehienean (kalitate handiko teknologia da, eta pixel bakoitza bereizita argiztatzen du). Koaderno digitalen teknologia, berriz, tinta elektronikoan oinarritzen da (e-Ink) eta hori efizienteagoa da energetikoki, pantailan testua idazten eta erakusten den unean bakarrik erabiltzen baitute argindarra, energia gehiago gastatu gabe ikusgarri egon dadin pantaila aldatzen dugun arte.
Ikusmena kontuan hartzea ere garrantzitsua da. OLED pantaila batek argia eta erradiazioa islatzen ditu etengabe, baita “irakurtze moduan” jartzen dugunean ere (tonu laranjakara hartzen du). Koaderno digital batean ez du halako efekturik, eta paper gainetik irakurtzea bezain erosoa da gure begietarako, gure erretinara ez baita heltzen inolako argi artifizialik.
Hirugarren arrazoiak ere pantailarekin du zerikusia, baina oraingoan gainazalarekin. Tabletek kristal bat izaten dute eta haren gainean idazten dugu, eta mugimendu eta bibrazio haptikoen bidez (pantaila sakatzean sentitzen den bibrazio txikia), bolaluma bat paper gainean erabiliko bagenu bezala izaten da; tinta elektronikoa darabiltenak, berriz, tratatuta heldu dira ukimena paper gainekoaren antzekoa izan dadin, eta irudipen horixe ematen du arkatz digitalarekin idaztean. Horrek ere sortzen du arazotxo bat: pantaila horietarako arkatz digitalen muturrak gastatu egiten dira eta aldatu egin behar izaten dira aldian behin.
Koaderno digitalen merkatuak lurrikara bat jasan du 2022an. Orain arte marka independenteak ziren nagusi, Remarkable eta Kobo esaterako. Baina aurten, tinta elektronikoa darabilen beste produktu batekin denen gainetik jartzea lortu duen erraldoiak (Amazonek e-Book-ekin lortu duenaz ari gara) Kindle gailuen bertsio berri bat merkaturatu du, irakurtzeko ez ezik idazteko ere balio duena; Kindle Scribe. Mugimendu hori mugarria izan da, hasteko prezioetan, garestiago saltzen zituzten markek merkatu egin behar izan dituztelako beren gailuak, adibidez Remarkable etxeak; beste batzuek, berriz, Kobo etxeak esaterako (Amazoni lehia egiten ari zaio eBook-en merkatuan), dagoeneko ekin dio oso antzekoa den gailu bat diseinatzeari, funtzio gehiagorekin eta zertxobait merkeagoa.
Horren ondorioz, orain arte oso espezifikoa zen merkatu bat modan jarri da eta lehia sortu da. Eta hori agerian geldituko da gailu berriak merkaturatu ahala. Ikusi egin beharko da lekurik ba ote dagoen marka guztientzat edo, aitzitik, Amazon eta haren produktuak nagusituko zaizkien gainerakoei (ez da ahaztu behar atxikita dituztela Kindle-ren zerbitzu guztiak, besteak beste liburutegi erraldoi baterako sarbidea).
Nola hautatu koaderno adimendun bat
Lehenbiziko sailkapena egin dugunean adierazi dugu gailu batzuk ez daitezkeela hartu koaderno adimenduntzat (aplikazio bat darabilten horiek, idazten duguna eskanerrean pasatzeko); hortaz, hibridoak eta %100 digitalak bakarrik aztertuko ditugu. Gure beharrizanetara ongien egokitzen dena aukeratzeko, kontuan hartu behar da:
- Tamaina. A4 formatuko gailuak dira ohikoenak (hori da neurririk erabiliena paperean) edo A5 formatukoak (aurrekoaren erdia da neurriz). Bigarrenak merkeagoak izaten dira, eta erabilgarriak dira ideiak etorri ahala idazteko edo testu txikiak. Baina bizkar zorroetatik paperezko koadernoak behin betiko kendu nahi izanez gero, hobe da neurri handiagokoak hautatzea, garestiagoak izan arren; alde batetik, erosoagoa da horietan idaztea, pantailan leku gehiago dutelako, eta bestetik, PDF eta PowerPoint erako dokumentuen gainean idazteko garaian askoz praktikoagoak dira.
- Arkatza edo erakuslea. Gehienetan gailuarekin batera etortzen da, baina denak ez dira berdinak. Aztertu egin behar da pilak behar dituen, USB bidez karga litekeen edo kargatzeko beharrik ez duen izaten. Gailu horien arriskurik handiena eta betiko koadernoen aldean izaten duten desabantailarik handiena da elementuren bati bateria ahitzea eta, beraz, idatzi ezinik edo gailua erabili ezinik gelditzea.
- Pantailaren dentsitatea. Elementu teknikoei begira jarrita, pantailaren dentsitatea da ezaugarri behinena (bereizmena beste gauza bat da). Hazbete bakoitzeko puntu kopuruarekin neurtzen da (DPI sigla ditu ingelesez). Erraza da informazio hori nola interpretatu jakitea: zenbat eta puntu gehiago hazbete bakoitzeko, orduan eta errazagoa izango da zehaztasunez eta garbi idaztea. Presio mailak ere garrantzitsuak direla esaten duten zenbaitek (1.024 eta 2.048 artean ibili ohi dira), baina marraztu nahi duenari baino ez dio eragingo horrek, presio handiagoa edo txikiagoa egin ahalko baitu trazua difuminatzeko. Idazteko orduan ez du hainbesteko eraginik.