Haurrentzako izozkiak

Haurrentzako izozkiak: neurrian hartu beharreko postrea

Helduentzat diren bertsioek baino azukre gutxiago dute, baina noizbehinka jan behar dira hala ere.
1 uztaila de 2021

Haurrentzako izozkiak: neurrian hartu beharreko postrea

Udarekin batean, beroa eta izozkiak ere heldu dira gurera. Era askotako formatuak, osagaiak eta zaporeak daude (konoak, bonboiak, sandwichak, poloak…) eta ez da batere erraza aukeratzen. Aukera sorta zabal horretan, badira propio haurrentzat egindako izozkiak ere, gehienak ere diseinu deigarriz osatuak, begiratu hutsean bereizteko: kolore biziko ontziak, haurrentzako pertsonaiak, forma bitxiak, izen itsaskorrak… Sail horretakoen barnean ere, alde handiak daude izozki batzuen eta besteen artean, eta komeni izaten da xehetasun garrantzitsu batzuk kontuan hartzea zer hautatzen ari garen jakiteko.

Sei sailetakoak

Izozkiak aukeratzen hasitakoan, egiten dugun lehen gauza izaten da bi multzotan sailkatzea: “izotzezkoak” eta “esne gainezkoak”. Baina etiketa irakurtzen dugunean, izen horiek ez dira inon ageri, hizkera arruntean bakarrik erabiltzen baitira. Egiaz, sail gehiago daude izozkietan, eta, gainera, beste izen batzuk hartzen dituzte, legediak zehazten duen bezala (618/1998 ED):

  • Kremazko izozkia. Esne jatorriko materia gantzatsuak %8 izan behar du gutxienez, eta esne proteinak %2,5 gutxienez.
  • Esnezko izozkia. Gutxienez %2,5 eduki behar du esne jatorriko materia gantzatsua, eta esne estraktu lehorra, berriz, %6 gutxienez.
  • Esnezko izozki gaingabetua. Gehienez %0,3 eduki behar du esne jatorriko materia gantzatsua, eta esne estraktu lehorra, berriz, %6 gutxienez.
  • Izozkia. Gutxienez %5 elikagaietatik datorren materia gantzatsua. Proteinek esne jatorrikoak izan behar dute.
  • Urezko izozkia. Gutxienez %12 izaten du guztizko estraktu lehorra. Hau da, asko jota, ura %88 izan daiteke.
  • Sorbetea. Fruta %15 izaten du gutxienez eta guztizko estraktu lehorra %20 gutxienez. Hau da, ura %80 eduki dezake gehienez.

Izozki bakoitza zein sailetakoa den jakiteko, legezko salmenta izenean zer jartzen duen irakurri behar dugu, zeina osagai zerrendaren ondoan egoten den gehienean. Guk aztertu ditugun izozkiak hiru eratakoak izan dira: izozkiak (Mikolápiz, Nestlé etxekoa eta Spiderman, Frigorena); urezko izozkiak (Pirulo Tropical eta Colajet, Nestlé etxekoak, eta Frigo Chuches), eta sorbeteak (Calippo, Frigorena; Frutti, Nestlérena eta Eroski poloak).

Produktu batzuetan ez da hain erraza sailkapena egitea, izozki mota bat baino gehiago baitatoz nahasian ontzi berean, adibidez Nestlé etxeko Fantasmikos direlakoetan (urezko izozkiak eta sorbeteak), eta berdin izozki beraren barnean ere, adibidez Frigo etxeko Drácula izenekoan, hiru zatiz egina baitago: urezko izozkia, sorbetea eta izozkia.

Ura edo esnea

Esan dugun bezala, izozkiak bi multzotan sailkatzea (“izotzezkoak “ eta “esne gainezkoak”) ez da oso zuzena eta nahasi egin gaitzake, batez ere “esne gainezko” guztiek ez dauka telako esne gainik. Baina irizpide hori lagungarria izaten da orientazio gisa: lehenbizikoek ura izaten dute nagusiki (hor sartuko lirateke “urezko izozkiak” eta “sorbeteak”) eta bigarrenek esnea, zehazki esne hauts gaingabetua (“izozkiak” sartuko lirateke hor).

Osaera desberdina dute, baina elaborazio prozesua ere ez da berdina. Urezko izozkietan eta sorbeteetan nahasi egiten dira osagaiak, emaitza homogeneo bat lortu arte. Lortzen den konbinazioa molde batean sartzen da, eta izoztu egiten da, nahi den itxura emanda. “Izozkiak” esaten zaienetan, berriz, osagaiak irabiatu egiten dira eta bitartean airea sartzen da, izozte tenperaturan. Helburua izaten da egitura bat sortzea non airezko burbuilak preso geldituko diren, testura arina eduki dezan eta izotzezko beira txikiak eratu daitezen, ez dadin gelditu harearen gisako testurarik.

Zerekin eginak daude? 

Osagaien zerrendari begiratzen badiogu, hor ikusiko dugu izozkiak nola eginak dauden. Baina ez hori bakarrik. Osagai bakoitza zenbateko kopuruan ageri den ere jakingo dugu, gehien duenetik gutxien duenera zerrendatu behar baitira. Horrela, baieztatu egingo dugu urezko izozkietan eta sorbeteetan ura ageri dela lehen lekuan, hori delako osagai nagusia. “Izozkien” saileko produktuetan (Mikolápiz eta Spiderman), esne hauts gaingabetua da osagai nagusia.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, haurrentzako izozkiak hautatu ditugu, merkatuan puntapuntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Osagaiak. Batez ere zenbat fruta eta nolako gantza darabilten.
  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Azukre, gantz eta energia kopuruak asko baldintzatzen du azken emaitza.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili produktuaren kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Nolakoa da materia gantzatsua

“Izozkien” saileko produktuek bi baldintza bete behar dituzte: esne proteinekin eginak egon behar dute eta gutxienez %5 eduki behar dute materia gantzatsua. Nestlé etxearen Mikolápizek ongi betetzen du azken hori (%10 du gantza), baina Frigo etxeko Spiderman zertxobait motz gelditu da (%4,9), nahiz eta esan litekeen %5 duela eta betetzen duela legea. Frigo etxeko Drácula izenekoan ere bada materia gantzatsua hiru zatietako batean, baina etiketan ageri den informazioarekin ez dezakegu jakin zenbateko proportzioan ageri den zati horretan.

Urezko izozkiek eta sorbeteek ez dute izaten materia gantzatsurik, baina badira salbuespen batzuk, adibidez Fantasmikos eta Frigo Chuches, non gaineko estalgarriaren zati den osagai hori. Materia gantzatsurik estimatuenak esne jatorrikoak dira (esne gaina edo gurina), zaporeagatik eta ezaugarri teknologikoengatik, eta horiek erabiltzen dituzte “kremazko izozkietan” eta “esnezko izozkietan”, baina garestienak ere horiek dira. Horregatik, askok landare jatorriko gantzak erabiltzen dituzte horien ordez, merkeagoak baitira. Gantz horiek dituzten produktuak “izozkien” sailean sartzen dira.

Landare jatorriko gantz horiek baldintza bat bete behar dute: gantz azido saturatu asko samar eduki behar dute, horri esker egoera solidoan irauten baitute giroko tenperaturan. Horrek erraztu egiten du izozkia egiteko prozesua gainerako osagaiekin nahastean aukera ematen baitu ore trinko bat eratzeko. Baina, batez ere, zehaztu egiten du azken produktuaren testura eta trinkotasuna, ukitu krematsua ematen dio eta eragotzi egiten du erraz urtzea.

Oraintsu arte, palma olioa erabiltzen zen gehien landare jatorrikoen artean, baina azken urteetan ospe txarra hartu du osasunari eta ingurumenari loturiko arrazoiengatik, eta beste batzuek ordezkatu dute. Azkenaldian, koko gantza erabiltzen da gehien, eta horixe ageri da nagusiki izozki guztietan, nahiz eta landare jatorriko beste gantz batzuk ere badituzten, kopuru txikiagoetan bada ere, adibidez shea eta karité gantza.

Frutadunak edo fruta zaporekoak

Legeak beste betebehar bat ere ezartzen du: sorbeteek fruta eduki behar dute %15 gutxienez (gehienetan pure gisa erabiltzen dute edo kontzentratutik lortzen den zuku gisa). Frigo etxeko Calippok eta Eroski poloek kantitate horixe daukate, hain zuzen. Nestléren Frutti delakoak gehiago dauka, %21,5 hain zuzen. Bestalde, Fantasmikosen ontzian urezko izozkiak eta sorbeteak datoz, baina osagaien zerrendak ez du bereizketarik egiten bataren eta bestearen artean, eta ez daiteke jakin azken horiek zenbat fruta duten (osotara %12,5 duela esaten du).

Aztertu ditugun gainerako produktuetan badira frutarik gabeak (Frigo Chuches eta Mikolápiz), eta badira fruta dutenak ere, kopuru txikietan ordea: Spiderman (%9) eta Colajet (%4). Ildo horretan bereziki deigarriak dira Pirulo Tropical eta Drácula, zeinak ontzian nabarmenduta ageri duten fruta daukatela, baina egiaz oso gutxi dute: %6,8 eta %5 hurrenez hurren. Ideia bat izateko, Drácula izozki batean (50 g) 2,5 gramo fruta dago (purea) eta horrek esan nahi du marrubi baten zortzirena daukala.

Bestalde, izozki bat “frutaduna” dela esan ahal izateko (adibidez, “izozkia marrubiarekin”) gutxienez %15 eduki behar du fruta, nahiz eta onartzen den gutxieneko hori %10ekoa izatea zitrikoetan eta fruta azidoetan, exotikoetan edo zapore bizia edo trinkotasun pastatsua dutenetan; adibidez, anana, banana, kiwia edo mangoa daramatenean. Kopurua hori baino txikiagoa denean, fruta “zaporekoa” dela esan behar du (adibidez, “marrubi zaporeko” izozkia).

Aztertu ditugun izozkien artean, Frigo etxeko Spidermanek hiru zati ditu, eta horietako bat “marrubizko izozkia” dela esaten du; hortaz, ez du betetzen aipatu berri ditugun bi formuletako bakarra ere (“frutaduna” edo “fruta zaporekoa”). Esan berri dugun bezala, produktu horrek %9 dauka marrubi zukua, baina portzentaje hori izozki osoarena da, eta ez dezakegu jakin zati horrek zenbat duen zehazki.

Azukrearen zergatiak

Izozkien bereizgarrietako bat da, izoztuta egoteaz gain, gozo zaporea izaten dutela. Hori lortzeko, azukrea eransten diete gehienean. Ohiko azukrea erabiltzen da (sakarosa), baina baita beste mota batzuetakoak ere, adibidez glukosa ziropa eta fruktosa. Pertsona askok uste du kontsumitzailea despistatzeko egiten dutela hori, osagaien zerrendan ez dezan ikusi “azukrea” hitza. Baina egiaz ez da hala. Helburu teknologikoekin erabiltzen dituzte azukre horiek: ura atxikitzeko eta beirazko izotz handirik ez sortzeko erabiltzen dute, horrek testura hareatsua eta desatsegina emango bailioke izozkiari. Esne likidoaren ordez esne hautsa erabiltzeko arrazoietako bat ere horixe da.

Azukrearen sailkapena

GEHIEN DUTENAK

  • Calippo: 17,9 g
  • Colajet: 13,3 g
  • Mikolápiz: 11,5 g

GUTXIEN DUTENAK

  • Pirulo Tropical: 6,5 g
  • Spiderman: 7 g
  • Fantasmikos*: 9,1 g

Gramoak, ale bakoitzeko. *Fantasmikosen hiru ale hartu dira kontuan, beste markek darabilten errazio bera osatzeko (48 gramokoa darabilte).

Ospe txarrena duten osagaiak

Elikagaietan aurki ditzakegun osagaien artean, zalantzarik gabe gehigarriek dute osperik txarrena. Horiek substantzia seguruak dira egiaz, baina, hala ere, jende asko kezkaturik egoten da horiekin, bereziki elikagaiak haurrei zuzentzen zaizkienean. Enpresak jabetzen dira horretaz eta ahalegina egiten dute ez erabiltzeko. Baina beti ez litezke saihestu, funtzio teknologiko garrantzitsuak betetzen baitituzte, adibidez osagaiak modu homogeneoan nahastea edo izozkiak testura egokia lortzea. Batzuetan ordezkatu egin daitezke gehigarri horiek eta hain ospe txarrik ez duten beste batzuk erabili funtzio bera lortzeko. Adibidez, Spiderman eta Calippo izozkietan erremolatxaren eta intsusa baiaren zuku kontzentratua darabilte, itxura batean kolorea emateko (hala balitz, koloragarri gisa agertu behar lukete osagaien zerrendan).

Beste batzuetan, irudi ona duten gehigarriak aukeratzen dituzte eta beste izen batekin ematen. Hau da, osagaien zerrendan kode alfanumerikoa adierazi beharrean (adibidez, “E160a, E100 edo E410”), izen osoa jartzen dute (esaterako, “karotenoak, kurkumina, garrofin goma”). Legezkoa da hori egitea, baina engainagarria izan daiteke zenbaitetan. Spidermen delakoak, adibidez, “jatorri naturaleko koloragarriak” aipatzen ditu, eta egia da (kurkumina eta ikatz begetala daramatza), baina “natural” hitzari legeak ez dio ematen erabilera hori, eta pertsona askok interpretatzen du produktu horrek ez daukala gehigarririk, eta ez da hala (substantzia horiek E100 eta E153 koloragarriak dira).

Nutrizio arloko informazioa

Nutrizioaren ikuspegitik, azukrea da izozki horien ezaugarririk nabarmenena. Horietako batzuk ekoizleak eransten ditu (azukrea, glukosa ziropa…) eta beste batzuk zukuek eta fruta pureak emanak dira, batez ere sorbeteetan. Azukre horiek zer-nolako jatorria duten, hori ez da garrantzitsua, guztiek ere berdin jokatzen baitute ikuspegi metabolikotik, azukre libreak dira eta. Hau da, gure organismoak oso azkar xurgatzen ditu, eta horrek eragin kaltegarria izan dezake osasunean, baldin eta maiz samar hartzen baditugu edo gehiegizko kopuruetan. Aztertu ditugun izozkiek, batez beste, %18,5 daukate azukrea, hau da, 10,6 gramo errazio bakoitzak, eta hori bi koilarakadatxo baino gehiago da (4,5 gramo dauka bakoitzak).

Produktu batzuek gantza ere asko daukate. Mikolápiz (%10), Fantasmikos (%11) eta Frigo Chuches (%9,8) aipatuko genituzke. Lehenbiziko horretan espero izatekoa da, “izozkien”sailekoa baita. Beste bietan deigarriagoa da hainbeste gantz izatea, bata sorbetea delako eta bestea urezko izozkia, nahiz eta azalpen erraza duen: estalgarriaren zati da gantza. Deigarria da, halaber, Spidermanek beste bi horiek baino gantz gutxiago izatea (%4,9), hori ere “izozkien” sailekoa izanik.

Etiketa irakurtzean, gantz kantitatea ez ezik, gantz horren jatorria ere kontuan hartzekoa da, guztiak ez baitira berdinak. Gida honetan aztertu ditugun izozkietan, koko gantza erabili dute gehien. Nutrizioaren ikuspegitik, hobea litzateke olio osasungarriak erabiltzea, oliba eta koltza olioa adibidez, baina teknologikoki eragozpen batzuk sortzen dituzte izozkiak egiteko, proportzio handian ematen baitituzte gantz saturatugabeak. Maila komertzial hobeko izozkiek horregatik erabiltzen dute esnearen gantza (esne gaina edo gurina). Hori bai, ez dugu ahaztu behar produktuak berak nolako ezaugarriak dituen: izozkiak dira, produktu osasungaitzak, gantz mota bat edo bestea eduki.

Proteina kantitatea hutsaren hurrengoa da aztertu ditugun produktu guztietan, salbu eta “izozkien” sailean, horiek esnea daramate eta. Nolanahi ere, proportzio txikian ematen dute; zehazki, %3,2 dauka Spidermanek eta %2,3 Mikolápizek, eta horrek esan nahi du gramo bat eskas ematen duela proteina errazio bakoitzak.

Produktu gehienek 60 kilokaloria ematen dute errazio bakoitzeko, eta hori almendra eskutada batek ematen duena da. Zenbait produktuk, dena den (Fantasmikos, Frigo Chuches eta Mikolápiz), kaloria gehiago daukate, gantza ere gehiago daramate eta; zehazki, 104 kcal ematen dituzte batez beste (adibidez, banillazko flan batek adina). Nolanahi ere, ez genuke ibili behar kaloriak zenbatzen, eta nondik datozen ikusi behar genuke: elikagai osasungarriak diren (almendra eskutada bat) edo osasungaitzak (izozkia).

Nutri-scorek emandako puntuazioa 

Nutri-Score sistemak zer-nolako sailkapena duen kalkulatzeko, algoritmo bat ezartzen da eta puntuak ematen ditu osagai edo mantenugai jakin batzuk izanez gero (zuntza, proteinak, frutak edo berdurak); aldiz, puntuak kendu egite ditu azukreak, gantz saturatuak, gatza eta energia ematen dituenean. Aztertu ditugun produktuek azukre asko daukate eta oso kopuru txikietan beste elementu batzuk, edo batere ere ez (adibidez, zuntza edo proteinak). Ondorioz, gehienek C mailako puntuazioa lortu dute Nutri-Score sisteman, salbu eta Mikolápiz eta Fantasmikos, zeinak D letra ageri duten, gantz saturatuak ematen dituztelako. Nestlé etxeko Pirulo nabarmenduko genuke atal horretan: B mailan dago, azukre gutxiago baitauka (%13 ditu, eta batez bestekoa %20koa da). Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi produktu osasungarria denik, nutrizio osaera besteena baino hobea dela baizik.

Haurrentzat pentsatuak?

Produktu batzuen ontzietan osasunarekin zerikusia duten aipuak darabiltzate amu gisa. Adibidez, batzuetan nabarmendu egiten dute fruta daukatela. Ontzi askotan, gainera, zigiluak jartzen dituzte, haurren nutrizioarekin zerikusia dutenak (adibidez, “Created for kids” (haurrentzat sortua) Nestlé etxearen produktuetan edo “Haurren osasunarekin konprometituak” Frigo etxekoetan. Eta mezuetan orokorkeriak eransten dituzte (“bereziki formulatua haurrentzat”, “proportzio egokia dute”, “modu arduratsuan saltzen dugu”); horrelakoek, egia esan, ez dute informazio zehatzik ematen horien ezaugarrien inguruan. Egia da produktu horietako askoren osaera haurrentzako “egokitua” egoten dela; adibidez, helduentzako izozkiek baino azukre gutxiago izaten dute (10 gramo inguru errazio bakoitzeko, eta helduenek 18 gramo). Eta berdin gertatzen da gantzekin. Baina mezu horiek ez digute pentsarazi behar produktu osasungarriak direla, nahiz eta fruta zukua eduki. Espainian haurrek eta nerabeek azukre erantsi asko kontsumitzen dute (50 gramo inguru pertsona eta egun bakoitzeko, Anibes 2017 ikerketaren arabera), Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen duen kopurua baino dezente gehiago (25-45 gramo baino gutxiago adin tarte horietarako), eta horrek lagundu egiten du gizentasuna eta gehiegizko pisua areagotzen. Azken batean, produktu horiek oso noizbehinka jateko utzi behar lirateke.

Pisuaren eta bolumenaren arteko desberdintasuna

Aztertu ditugun produktuen ontzietan, ale bat baino gehiago ageri da. Gehienek bost dituzte (Calippo, Frutti eta Mikolápiz) edo sei (Drácula, Spiderman eta Pirulo Tropical), nahiz eta badiren lauko ontziak ere (Colajet) eta zortzikoak ere bai(Eroski). Bestelako formatu batzuk ere badira, 15 alekoak adibidez (Frigo Chuches eta Fantasmikos), ale txikiagoak dituztelako (16 gramokoa da bakoitza, eta neurri handikoek, berriz, 60 gramo dituzte batez beste).

Erosketa egitean, garrantzitsua da ikustea etiketan zer ageri den produktu kantitatearen inguruan; hau da, zenbateko pisua duen (gramoak) eta zenbateko bolumena (mililitroak). Urezko izozkietan eta sorbeteetan ez da izaten arazo handirik, nahiko erraz kalkulatu daitekeelako kantitatea, gehienean bat etortzen direlako pisua eta bolumena (adibidez, Pirulo Tropicalen errazio batek 50 mililitro ditu eta 50 gramoko pisua). Esnez egindako produktuetan, ordea, adibidez “izozkien” sailean, despistatu egin gaitezke balorazio hori egitean; izan ere, aire konprimatuko burbuilak dituztenez barnean, bolumen handiagoa izaten dute pisua baino (adibidez, Mikolápizen errazio batek 50 gramo pisatzen du, baina 88 ml-ko bolumena dauka).

Horrek azaltzen du zergatik dauden halako alde handiak marka bakoitzak ezartzen duen errazioan. Adibidez, Spidermanen atal batek 35 gramo pisatzen du, baina 60 ml ditu, eta Eroskiren batek, berriz, bolumen (69 ml) eta pisu (60 g) bera ditu. Horregatik da garrantzitsua, erosketa egitean, pisuari eta bolumenari begiratu bat ematea. Aztertu ditugun marken artean, Spidermanek dauka pisu txikiena (35 g), eta handiena, berriz, Calippok (100 g).

Garrantzitsua da, halaber, etiketan ageri den errazioa zenbateko den kontuan hartzea. Ekoizle bakoitzak erabakitzen du zenbateko errazioa jarri, janaldi bakoitzean zenbat har daitekeen kalkulatuz. Neurri handiko izozkietan erraz egiten da hori, ale bakoitza hartzen delako erraziotzat, baina neurri txikikoetan zailagoa da kontua. Adibidez, Frigo Chuchesek ale bat jartzen du errazio gisa (17,4 g), eta Fantasmikosek bi ale (32 g). Hori garrantzitsua da nutrizio arloko informazioa aztertzean. Informazio horretan, datuak 100 gramo bakoitzeko adierazi behar dira nahitaez, baina ohikoa izaten da ekoizleek errazioaren datuak ere jartzea, eta izozkien kasuan nahasgarria ere izan daiteke hori (ez da ahaztu behar izozki handi baten errazioa 60 gramokoa dela).

Zer da hobea, “izotzezkoa” edo “esnezkoa”?

Jendeak uste izaten du “izotzezko” izozkiak, hau da, urez eginak eta sorbeteak, okerragoak direla gainerakoak baino, ez dutelako “elikatzen” eta lurrinak eta koloragarriak dituztelako osagaien artean. Horregatik hobesten dira “esnezko” izozkiak haurrentzat, hau da, “izozkien” sailekoak. Dena den, bi produktuak dira osasungaitzak, azukre ugari dutelako bai batzuek eta bai besteek. “Izozkiek” badituzte mantenugai on batzuk, baina horrek ez du esan nahi hobeak direnik (aztertu ditugunen artean, proteina gramo bat baino ez du errazio bakoitzak). Gainera, gantz dezente daukate, 5 gramo inguru errazio bakoitzeko; ondorioz, kaloria gehiago ematen dute. Kontuan hartu behar da, gainera, urezko izozki batzuek edo sorbeteek ere eduki ditzaketela gantzak eta kaloria dezente (Fantasmikos, Frigo chuches). Azken batean, denak dira osasungaitzak. Nutrizio arloan ageri dituzten desberdintasunak ez lirateke izan behar erabakigarriak, oso noizbehinka jateko produktuak baitira (ez arratsaldero edo bi egunetik behin jateko, eta bai, aldiz, urtebetetze batean).

Prezioak argibide batzuk eman ditzake

Alde handiak daude prezioetan: badira 0,30 € balio dutenak 100 gramo bakoitzeko (Eroski poloek) eta badira 1,9 € balio dutenak (Spiderman). Hau da, Spidermanen 100 gramok balio dutenarekin Eroski poloen 600 gramo erosi ahalko genituzke. Arrazoi bat baino gehiago egon liteke prezioan halako aldeak izateko. Osaera da garrantzitsuenetakoa. Garestienen artean “izozkien” saileko produktuak daude, eta ez da harritzekoa, gainerakoek baino osagai garestiagoak dituzte eta (esnea eta materia gantzatsua, adibidez).

Era berean, fruta daukaten produktuetan hori izan daiteke beste arrazoi bat, baina ez zenbat fruta duten bakarrik, nolakoa duten ere bai. Horrek azalduko luke Pirulo Tropical delakoa, fruta exotikoekin egina dagoena, garestiagoa izatea (1,40 €/100 g) Calippo baino (0,76 €/100), zeina marrubiz egina baitago, eta hori garestiagoa Eroski poloak baino (0,30 €/100 g), laranja eta limoi zukuz eginak daude eta.

Baina ez da osagaien kontua bakarrik. Beste faktore batzuek ere eragina izan dezakete prezioan, adibidez formatuak eta publizitateak, eta hori gertatuko da segur aski Fantasmikos eta Frigo Chuchesekin (gehienean, neurria txikiagoa denean garestiagoak izaten dira ekoizpen kostuak) eta Spidermanekin (haurrentzako pertsonaia bat darabil, eta horrek irudi eskubideak ditu).

Ondorioak

Haurrentzako izozkiak aztertu ditugu, eta hor hiru sailetakoak daude: izozkiak (esne proteinekin eta materia gantzatsuarekin eginak), urezko izozkiak (ura dute osagai nagusia) eta sorbeteak (ura daukate eta frutak ere bai, %15 gutxienez). Osaera desberdinak dute, eta horrek eragina du zenbait alderditan:

  • Ezaugarri organoleptikoak. “Izozkiek” testura krematsuagoa eta arinagoa izaten dute urezko izozkiek eta sorbeteek baino, eta horixe gertatzen da, adibidez, Spiderman eta Mikolápizekin.
  • Nutrizio osaera. Normalean, “izozkiek” proteinak ematen dituzte (gramo bat baino ez errazio bakoitzeko) eta materia gantzatsua (5 gramo inguru errazio bakoitzak). Horrexegatik daukate kaloria gehiago. Badira, dena den, salbuespen batzuk: Spiderman “izozki” bat da, baina materia gantzatsu gutxi dauka, eta Fantasmikos eta Frigo Chuches, berriz, urezko izozkia eta sorbetea dira, eta bi horiek kaloria gehiago daukate, gantza baitaukate estalgarrian.
  • Prezioa. Oro har, “izozkiek” prezio handiagoa izaten dute urez egindakoek eta sorbeteek baino, batez ere osagai garestiagoak erabiltzen dituztelako (esne hauts gaingabetua eta materia gantzatsua). Horixe gertatzen da Mikolápiz eta Spidermanekin, nahiz eta badagoen salbuespen bat: izan ere, Fantasmikos da garestienetakoa, segur aski formatu txikiagoa duelako.

“Izozkien” saileko produktuen artean, Spidermanen errazio batek azukre, gantz eta energia gutxiago ematen du Mikolápizen errazio batek baino, eta, gainera, merkeagoa da, hein batean errazioaren neurria txikiagoa delako.

Urezko izozkien artean, batzuek gantz asko dute, izozki mota horren ezaugarriak direla medio (Fantasmikos, Frigo Chuches) eta oso prezio handia (adibidez, Fantasmikosek, 1,75 € 100 gramo bakoitzeko). Sorbeteetan, fruta proportzioa estimatzen du gehien jendeak, nahiz eta nutrizioaren ikuspegitik ez den fruta freskoa jatea bezala, inondik ere. Ildo horretan, Fruttik dauka fruta gehien (%21,5%), baina prezio dezente hobea dute Eroski poloek.

Erosteko gomendioak 

Produktu horiek hautatzeko garaian, komeni izaten da etiketa arretaz irakurtzea honako informazio hau eskuratzeko:

  1. Salmenta izena. Horrela jakin ahalko dugu izozkia den (esne proteinekin eta materia gantzatsuarekin), urezko izozkia den (urarekin) edo sorbetea den (ura duena eta, gutxienez, fruta %15).
  2. Osagaien zerrenda. Sorbeteetan, zenbat eta fruta gehiago eduki, hainbat hobeto. Izozkietan, ezaugarririk estimatuena da esne gaina izan dadila materia gantzatsua, eta proteinak esne jatorrikoak izan daitezela.
  3. Nutrizio alderdiei buruzko informazioa. Azukre, gantz eta kaloria gutxien dutenak dira aukerarik onenak.
  4. Produktu kantitatea. Hartu kontuan gramoak (pisua) eta ez mililitroak (bolumena).
Zenbat kostatzen da ale bakoitza?

GARESTIENAK

  • Frutti Nestlé: 0,87 €
  • Fantasmikos Nestlé*: 0,84 €
  • Calippo Frigo: 0,80 €
  • Mikolápiz Nestlé: 0,80 €

MERKEENAK

  • Eroski Poloa: 0,18 €
  • Colajet Nestlé: 0,56 €
  • Drácula Frigo: 0,61 €

Prezioa, ale bakoitzeko. *Fantasmikosen hiru ale hartu dira kontuan, beste markek darabilten errazio bera osatzeko (48 gramokoa darabilte).

Adi frutari, azukreari eta gantz kantitateari