Flanak

Flanak: noizbehinka jateko postrea

Arrautzaz egina, gaztaduna edo banillazkoa: aukera bat baino gehiago dago, eta denetan esnea da osagai aipagarriena. Osagai nagusiek ematen dizkiete kalitate komertziala eta mantenugaiak, eta horrexegatik hartu behar dira kontuan. Ez da ahaztu behar, dena den, esnezko postre azukretsu bat dela, eta oso noizbehinka jatea komeni dela.
1 apirila de 2022

Flanak: noizbehinka jateko postrea

Gure gastronomian leku berezia dute flanek, postrerik tradizionalenetakoak dira eta. Multzo berean sar litezke natillak eta arroz esnea ere: guztiak ere oinarrizko osagai gutxi batzuekin egiten dira, non esnea nabarmentzen den, eta erraz eta azkar samar presta ditzakegu etxean. Beti da erosoagoa bertsio komertzialak hautatzea, eta horien artean hainbat aukera izaten da. Gida honetan aztertu ditugu horietako batzuk.

Zer-nolako aukerak daude?

Bertsio bat baino gehiago dago, errezeta osatzen duten osagai nagusien arabera. Badira arrautzaz egindako flanak (La Lechera, Dhul eta Eroski), badira banillazkoak (Danone eta Flanby), gaztazkoak (Goshua, Doncel, Danone eta Eroski), arrautzaz eta gaztaz eginak (Dhul) eta baita bestelakoak ere, kafezkoak eta turroizkoak esaterako. Normalean erraz bereizten dira begiratu hutsean, ontziaren aurrealdean letra handiz adierazten baita zer-nolako flana den. Ontzi motak ere argibide batzuk ematen ditu zenbaitetan, banillazkoak esaterako plastikozko terrinetan ontziratzen dira (maila komertzial apaleneko produktuak dira eta material hori merkeagoa da); gainerakoek, berriz, aluminiozko ontziak erabiltzen dituzte, eta horren bidez etxean egindako produktuaren itxura ematen diete (etxean egindako flanak maria ontzian jartzen dira gisa horretako ontzietan).

Nola jakin zer ari garen erosten

Produktuak zer-nolako ezaugarriak dituen ziur jakiteko, legezko salmenta izena irakurtzea izaten da onena (osagai zerrendaren ondoan agertzen da gehienean). Nahiz eta flanak oso postre errotuak diren gure gastronomian, ez dago legezko definiziorik horientzat, eta horregatik, batzuetan produktuaren deskripzio bat erabiltzen da salmenta izen gisa (“esnezko postre arrautzaduna” Dhul etxekoa), besteetan erabilerak finkatu duen izena (“banilla zaporeko flana”, Flanby etxekoa), edo biak nahasita ere bai zenbaitetan (“arrautzazko flana, esnezko postrea arrautzarekin”, Eroski etxekoa).

Garrantzitsua da, halaber, osagaien zerrenda arretaz irakurtzea. Hor ageri da zer-nolako elementuekin egina dagoen, baina garbi eduki behar da gehien duenetik gutxien duenera zerrendatzen direla, osagai bakoitzak duen pisuaren arabera. Gainera, ontzian osagairen bat nabarmenduta agertzen denean, irudi bidez edo hitzekin, esan egin behar du zehazki zenbat daukan. Jarraibide horiekin, argi samar jakin dezakegu zer den produktu bakoitza.

Esne kantitatea: flan motaren arabera

Flanak esnezko postreak dira berez, eta ez da harritzekoa, beraz, esnea izatea osagai nagusia. Dena den, alde handiak daude produktu batzuetatik besteetara. Banillazkoek, adibidez, esne gehiago daukate, eta logikoa ere bada, gainerakoek bestelako osagai nagusi batzuk ere izaten dituzte-eta, adibidez arrautza eta gazta. Hori argi ikusiko dugu etiketa batzuk irakurrita: Flanby etxekoak, zeina banillazko flana den, %73,3 du esnea (%1,8 da esne hautsa), eta La Lechera eta Dhul etxekoek, biak arrautzaz eginak, %55 lehenak eta %53 bigarrenak. Aipagarria da esnearen inguruko beste xehetasun bat ere: ontzi batzuetan letra handiz nabarmentzen da esne freskoz eginak daudela, baina hiru flanek ez dute betetzen indarrean dagoen legedia eta ez dute zehazten zenbat esne daukaten: Dhul etxeko arrautza eta gazta flana, Goshua etxekoa eta Doncel.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, flanak hautatu ditugu, merkatuan puntapuntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Kaloriek, azukreek, proteinek eta gatzak bereziki baldintzatzen dute balorazioa.
  • Osagaiak. Kalitate komertziala nolakoa den jakiteko aztertu ditugu, batez ere zenbat arrautza, gazta eta esne duten jakiteko.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Osoa edo gaingabetua

Osagaien zerrenda irakurrita, esneari buruzko beste xehetasun bat ere jakin dezakegu: zenbat gantz duen. Hor ere badira aldeak flan motaren arabera: arrautzaz egindakoetan esne erdigaingabetua erabiltzen da (legez %1,5-1,8 izaten du gantz), gaztazkoetan esne osoa (gantza gutxienez %3,5 izaten du) eta banillazkoetan esne partzialki gaingabetua, hau da, osoak baino gantz gutxiago duena baina ez dena sartzen erdigaingabetuaren mugetan.

Flanby etxekoan, esaterako, %1,1 da esnearen gantza. Arrazoi organoleptikoek eragingo dituzte, ziur aski, desberdintasun horiek, esnearen gantzak ukitu krematsua ematen duelako, eta ezaugarri hori gehiago nabarmendu nahi izaten da gaztazko flanetan eta ez banillazkoetan, azken horiek arinagoak izan ohi dira eta. Baliteke arrazoi komertzialak ere egotea gantzaren inguruko desberdintasun horietan: esne osoa garestiagoa da gaingabetua baino, eta pentsatzekoa da kalitate komertzial handieneko flanek esne osoa erabiliko dutela.

Zenbat arrautza eta zenbat gazta dute? 

Arrautzazko flanetan, osagai hori da kopuruz bigarrena esnearen ondotik. Zehazki zenbat duen jakin dezakegu, produktu guztietan esaten baita, legeak agintzen duen bezala. Dhul etxekoak du gehien, %28, Eroski etxekoa dator ondoren (%23) eta La Lechera gero (%21). Gaztazko flan batzuek ere kopuru aipagarrietan daukate arrautza, adibidez Eroski etxekoak (%17,7) eta Dhul arrautzaz eta gaztaz eginak (%17). Osagai horrek mantenugaiak ematen ditu, jakina, baina produktuaren ezaugarriak zehaztu ere bai: itxura, zaporea, lurrina eta testura. Gaztazko flanen artean, Danone etxekoa nabarmentzen da: %29 du gazta, gainerakoek halako bi.

Nola alderatu ditzakegu? 

Ikusi dugun bezala, flanek adierazi egiten dute zenbat arrautza eta gazta daukaten, osagai horiek errezetaren zati direnean, jakina. Esnearekin, ordea, ez da berdin gertatzen, eta zaila da alderaketak egitea. Horretarako nutrizio arloko informazioa har dezakegu erreferentzia gisa, eta zehatzago, proteina eta gantz proportzioa, mantenugai horiek osagai “nobleek” ematen dituzte eta: esneak, gaztak, arrautzak eta esne gainak. Proteinei begiratuta, Dhul arrautza eta gazta eta Eroski gazta nabarmentzen dira, biak ere %5,6rekin, proteina ugariko bi osagai dituzte-eta, gazta eta arrautza. Arrautzaz egindakoek ere proteina dezente dute, %4,9 eta %5,1 artean dabiltza Dhul arrautzazkoa, La Lechera eta Eroski. Banillazkoek esnea baino ez dute, eta horiek daukate proteina gutxien (%2,7 eta %3 artean). Deigarriak dira Goshua etxekoaren kopuruak: esnez eta gaztaz egina dagoen arren, %2,6 baino ez ditu proteinak, gainerako flan guztiek baino gutxiago.

Gantzari dagokionez, aldeak oso nabarmenak dira. Banillazkoek daukate gutxien(%0,8-%1,8), esne partzialki gaingabetuz eginak daudelako eta ez daramatelako gantza ematen duen beste osagairik, adibidez esne gaina, gazta edo arrautza. Arrautzazkoetan, %3aren inguruan dabil gantza, eta gaztaz egindakoetan %5,3 eta %5,9 artean. Danone gaztazkoa nabarmentzen da guztien artean: %12,5 dauka gantza, mota horretako beste flanek halako bi, esne gaina daramalako eta gazta dezente (%29). Kalitate komertziala nolakoa duten igartzeko, batu egin genitzake gantzak eta proteinak. Danone gaztazkoa nabarmentzen da, zeinak %16,2 dituen proteinak eta gantzak.

Bigarren lekuan Dhul arrautzaz eta gaztaz egina eta Eroski gaztazkoa daude, %11,5 dituztela proteinak eta gantzak, espero izateko kopurua, esne osoa, arrautza eta gazta ageri baitira osagaien artean. Hirugarren lekuan Doncel eta Goshua etxeetako gazta flanak jarriko genituzke eta Dhul eta Eroski arrautza flanak, antzera dabiltza-eta proteina eta gantz kopuruan: %9 Doncel etxekoak eta %7,9 Goshuak. Azkenik, proteina eta gantz gutxien duten flanak banillazkoak dira, Danone eta Flanby etxekoak, %4,5 eta %3,8rekin.

Honela egiten dituzte

Flan komertzialak egiteko modua eta etxekoa oso antzekoak dira. Tanga handi batean jartzen dituzte osagaiak (esnea, arrautza, gazta, esne gaina, azukrea…) eta nahasi egiten dira emaitza homogeneo bat lortu arte. Ondoren, behar den errazioa sartzen da ontzietan, non aurrez karamelu likidoa jartzen den (nahi izanez gero), eta labe batean sartzen dituzte maria bainuan, produktu bakoitza komeni den denbora eta tenperaturan. Azkenik, tapa batekin itxi eta hoztu egiten dira. Prest daude merkaturatzeko. Osagai nagusiez gain (esnea, arrautza, gazta, esne gaina, azukrea), gelifikatzaileak, lodigarriak eta egonkortzaileak ere erabiltzen dituzte, horrela produktuak errazago lortzen baitu testura egokia eta iraun ere gehiago egiten du. Osagai seguruak dira –landare jatorrikoak dira asko–, adibidez almidoia, pektina edo garrofin goma–, baina zaporea kendu dezakete edo etxean egindako flanek ez bezalako testura bat eman. Horiek saihestu nahi izanez gero, hortxe dugu Dhul etxeko arrautza flana.

Nutrizio profila

Nutrizioaren ikuspegitik, arrautzetatik eta esnekietatik datozen proteinak balio biologiko handia dute, eta, horregatik, hobe litzateke osagai horiek proportzio handienean dituzten flanak hautatzea. Baina zer gertatzen da gantzarekin? Mantenugai hori ere osagai horiek ematen dute eta, ondorioz, betiko galdera agertzen da: hobeak al dira esneki gaingabetuak? Hainbat urtetan deabrutu egin da gantza, baina gaur egun badakigu gantz guztiak ez direla berdinak. Hain zuzen, esne osoak leku bat izan dezake dieta osasungarri baten barnean, eta ikerketa batzuek diote hobea dela gaingabetua eta erdigaingabetua baino, gehiago asetzen duelako eta bitamina lipodisolbagarriak ematen dituelako. Dena den, gauza bat da esne osoa hartzea eta oso bestelako kontua gazta edo esne gaina duten postreak jatea, azken horiek gantz asko izaten dute-eta gehienean.

Gainera, gatz horien zati bat saturatuak dira (%4 inguru gaztaz egindakoetan eta %8 inguru Danone etxekoan), eta gantz saturatu guztiak ere berdinak ez diren arren, hobe da saturatugabeak hartzea. Zer erabakiko dugu? Produktu mota horrekin ohikoa den zalantza baten aurrean gaude: gantz gehiago duten flanak zaporetsuagoak eta krematsuagoak dira, hau da, jendeari gehiago gustatzen zaizkio, baina ez dira hain gomendagarriak nutrizioaren ikuspegitik.

Erabaki bat hartzeko orduan, kontuan hartu behar genituzke nork bere baldintza pertsonalak, batez ere nola dagoen gure osasuna eta produktu horiek zenbateko maiztasunez kontsumitzen ditugun: osasuntsu bagaude eta noizbehinka jaten baditugu, gantz kopuru horrek ez gintuzke kezkatu behar. Baina osasun arrazoiak direla medio gantz saturatuen kontsumoa murriztu egin behar badugu, edo produktu horiek maiz jaten baditugu, gantz gutxien dutenak hautatu behar genituzke.

Dena ez da kaloriak kontatzea

Flanetan, gantz kantitateak kaloriei ere eragiten die eta, beraz, gantz gehien dutenek ematen dute kaloria gehien, eta alderantziz. Horrela, Danone etxekoak du kaloria gehien (191 kcal/100 g), Dhul arrautza eta gazta heldu da ondoren (164 kcal/100 g) eta Eroski gazta gero (156 kcal/100 g); gutxien dutenak, berriz, banillazkoak dira, Danone eta Flanby, 100 kcal ingururekin 100 gramo bakoitzeko. Kontua ez da, ordea, kaloriei bakarrik begiratzea; kaloria horiek zer-nolako elikagaietatik datozen ere ikusi behar da. Ez da gauza bera 191 kcal horiek gaztazko flan bat janda hartzea edo entsalada batekin. Beste modu batez esateko: hobe da elikagai osasungarrietatik lortu energia, eta ez flanetatik.

Azukrea erruz

Argi eduki behar dugu azukre erantsi askoko postreak direla, eta ez dugu pentsatu behar arrautzaz egindako flanak aproposak direla egunero jateko, proteinak hartzea komeni zaigulako adibidez, eta egiaz diren bezala ikusi behar genituzke: postre azukretsuak, oso noizbehinka jatekoak.

Hain zuzen arrautzaz eginda daudenek daukate azukre gehien, segur aski azukre gehiago erantsi beharra dagoelako zaporea gozoa izan dadin. Arrautzazko horietan, %21 du azukrea Dhul etxekoak eta %24 Eroskik. Azukre gutxien dutenak, berriz, Flanby banillazkoa (%16,6), Goshua gaztazkoa (%15,9) eta Danone gaztazkoa dira (%13,5), nahiz eta horiek ere asko duten. Kopuru horiek esan nahi dute ontzi bakoitzak 3-5 koilarakadatxo azukre dituela, gutxi gorabehera.

Nutri-Score sistemak berretsi egiten du esan berri duguna, eta C maila ematen die guztiei, azukre asko dutelako batez ere, eta zuntza eta osagai osasungarriak hutsaren hurrengoa direlako. Danone gaztazkoa da salbuespena, zeina D mailan dagoen, azukrea ez ezik, gantz saturatuak ere asko dituelako.

Osasungarriak al dira gantzik eta azukrerik gabeko aukerak?

Esnez egindako postreak dira flanak, eta azukre asko izaten dute (%14-24); hori dela eta, noizbehinka jan behar genituzke. Flan mota batzuek, gainera, gaztaz egindakoek adibidez, gantz asko daukate (%5-13). Flanek duten gauza “txarra” azukrea eta gantza badira, zer gertatzen da osagai horiek gabe eginda dauden bertsioekin? Osasungarriak al dira? Gantzari dagokionez, kenduz gero, gutxiago asetzen duen produktua lortuko dugu, zapore gutxiagoko eta testura kaskarragokoa. Gantzaren funtzioa ordezkatzeko, lodigarriak edo gelifikatzaileak erabili behar izaten dira, eta horiek uzten dute testura ez da hain atsegina; horrekin batean, zaporea emateko osagaiak ere erantsi behar zaizkie, adibidez azukreak edo eztitzaileak. Azukreei dagokienez, horiek kentzean eztitzaileak eransten zaizkie, baina ez da epe luzeko irtenbide bat, sustatu egin dezaketelako zapore gozoarekiko zaletasuna eta horrek urrundu egin gaitzake dieta osasungarri batetik.

Azken batean, flan batek gantzik eta azukrerik ez izateak ez du esan nahi osasungarria denik. Eta kontrako eragina ere izan dezake, zeren pentsa baitaiteke osasungarria dela eta neurririk gabe jan. Bertsio horiek ere noizbehinka jateko utzi behar genituzke.

Kalitate-prezio onenak

Kontuan hartzen badugu flanik onenak proteina eta gantz gehien dutenak direla, prezioarekin harreman onena dutenak hauek izango lirateke: Eroski arrautzazkoa, Danone gaztazkoa eta Eroski gaztazkoa. Kalitate-preziorik apalenak, berriz, Goshuak eta Doncelek izango lituzkete, proteina gutxi daukatelako eta prezio handia. Bi horiek dira garestienak aztertu ditugun guztien artean, 0,70 € balio du lehenak 100 gramo bakoitzeko eta 1,04 € bigarrenak. Prezio horren arrazoia izan liteke bi horiek beirazko ontzia daukatela, beste materialak baino garestiagoa eta, berez, jasangarriagoa. Baina oso zaila da hori neurtzea, beste faktore batzuek ere badutelako zeresana, adibidez zenbat energia eta baliabide erabili den ekoizteko eta garraiatzeko, zein neurritan berrerabiltzen diren ontziak edo zenbateraino birziklatzen.

Ondorioak

Flanak nagusiki esnez egindako postreak dira (osoa, gaingabetua edo partzialki gaingabetua izaten da esnea) eta gazta edo arrautza ere kopuru aipagarrietan eduki ditzakete, flan motaren arabera. Hain zuzen osagai horiek eta horien kopuruak sortzen ditu alderik handienak produktu horien artean.

Banilla zaporeko flanak esne partzialki gaingabetuarekin eginak daude nagusiki. Nestlé etxeko Flanby aukera hobea da Danone etxekoa baino, zertxobait proteina gehiago duelako, azukre gutxiago eta merkeagoa delako.

Arrautzaz egindakoen artean, Dhul etxekoak dirudi aukerarik onena, esne eta arrautza gehien berak duelako eta azukre gutxiago besteak baino. Baina garestiena ere hori da; Eroski etxekoak halako bi balio du ia, eta ez dago arrazoi argirik hori hala izan dadin. Horrela, kalitate-prezioak kontuan hartzen baditugu, Eroski arrautzazkoa da aukerarik onena.

Gaztaz egindakoen edo gazta dutenen artean, Danonek azukre gutxiago dauka eta, gainera, gantz asko. Ezaugarri hori ona da ikuspegi komertziala eta organoleptikoa kontuan hartuta, baina ez hainbeste osasunaren aldetik. Horregatik esan liteke aukera hobeak direla Dhul eta Eroski etxeetakoak, proteina asko ematen dute eta. Alderdi guztiak elkarrekin aztertuta, Eroski etxekoak ditu kalitate-prezio onenak.

Azkenik, flanek osagai interesgarriak badituzten arren, esaterako esnea, gazta edo arrautza, ez da ahaztu behar postre azukretsuak direla, eta, beraz, noizbehinka jan behar genituzkeela.

Erosteko gomendioak

  1. Flan mota. Salmenta izenak esaten digu zer motatako flana den: arrautzaz egina, gaztaz, arrautza eta gaztaz egina edo banillazkoa. Lehenbiziko hirurek mantenugai interesgarri gehiago dute, baina gantz eta kaloria gehiago ematen dute.
  2. Osagai nobleen kantitatea. Esne motak (osoa edo gaingabetua), arrautzak, gaztak edo esne gainak eta horietako bakoitzaren kopuruak arrasto bat ematen digute kalitate komertzialari buruz.
  3. Zenbat proteina eta gantz. Oro har, zenbat eta gehiago izan, orduan eta kalitate komertzial hobea.
  4. Zaindu azukreak. Zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto.
  5. Prezioa. Asko aldatzen da produktu batzuetatik besteetara. Garestienetako batzuetan ez da oso ongi ulertzen zergatik den hainbestekoa.

Etiketak ezkutatzen duen informaziorik garrantzitsuena