Kortisola, beste pandemia
Zuri ere gertatu izango zaizu noizbait: azterketa garrantzitsu bat egin behar izan duzunean, laneko hitzordu batera joan behar izan duzunean edo ezbehar bat egokitu zaizunean, lapurreta bat adibidez, sumatu izango duzu gorputza tenkatu egin zaizula, bihotz taupadak azkartu eta burua erne jarri zaizula, atezuan. Kortisolari esker gertatzen da hori guztia. Giltzurrun gaineko guruinetan sortzen du hormona hori gure gorputzak, giltzurrunen gainean ditugun bi triangelutxo horietan. Kortisolak lagundu egiten du gure garunak egoera zailei edo tentsio handikoei aurre egin diezaien, adibidez bihotzak indar handiagoz punpa dezala komeni zaionean organismoari. Eta ez hori bakarrik.
Txikitu egiten ditu hanturak, zaindu egiten du immunitate sistemak ongi funtziona dezala, lagundu egiten du arteria presioa doitzen, babestu egiten ditu bihotza eta odol-hodiak, laguntza ematen du proteinen, gantzen eta karbohidratoen metabolismoa egiteko eta baita odoleko azukre mailari eusteko ere. “Kortisolak oso zeregin garrantzitsua du gure organismoan. Funtsezkoak diren maila eta funtzio askotan parte hartzen du. Kortisolik gabe, izan ere, ez genuke bizirik iraungo”, adierazi du Mario Alonso Puig-ek, Kirurgia Orokorrean eta Digestio Aparatuko Kirurgian espezialista bera, New York-eko Zientzien Akademiako kidea eta Zientziaren Aurrerabiderako Ameriketako Akademiakoa ere bai.
Ordulari bat bezala
Hormona ziklikoa da, eta ziklo zirkadianoari jarraitzen dio, eguzkiaren erritmoan mugitzen da: goizetan iristen du maila gorena, egunari indarrez eta energiaz aurre egin diezaiogun. Gero, egunean zehar, apalduz joan ohi da. Eta gauen nabarmen apaltzen da, lo egin dezagun. Kortisola maila egokietan dagoenean, organismoa erabateko harmonian ibili ohi da. Normala da kortisolak gora egitea tentsio edo arrisku une batean, baina gero jaitsi egiten da. Madrilgo Complutense Unibertsitateak egin zuen ikerketa batek frogatu egin zuen toreatzaileei izugarri igotzen zaiela kortisola plazan sartzen direnean, baina zezenketa bukatzean maila normaletara etortzen zaie berriz.
Arriskua izaten da hormona horrek gora egin eta luzaroan irauten duenean horrela. “Arazoa sortzen da kopuru handiegietan askatzen denean denbora luzean. Estres kronikoa dagoenean gertatzen da hori, distres esaten diogun egoeran. Halakoetan, kortisola kopuru handiagoetan eta luzaroago askatzen da, eta batzuetan gertatzen da giltzurrun gaineko guruinak handitu egiten direla, hor ekoizten da-eta”, azaldu du Mario Alonso Puigek. Luze irauten duten estres, antsietate edo beldur egoerek modu arriskutsuan igoarazten dute kortisola. Tumore batzuek ere izugarri gora igoarazten dute: hipofasian edo giltzurrun gaineko guruinetan sortzen direnek, zeinak Cushing-en gaixotasuna agerrarazten duten, eta kortisol kopuru handi-handiak sorrarazten. Eta kortikoideek eta gisako sendagaiek ere igoarazi egiten dute hormona hori.
“Kortikoide exogenoak, funtzionalki, kortisola dira. Egitura zertxobait desberdina dute hormona natural horren aldean, baina ez asko. Kortikoide miligramo gutxi batzuekin 30 aldiz ahalmen gehiago izaten da hanturen aurka egiteko gorputzean dugun kortisol naturalarekin baino”, baieztatu du Camilo Silvak, Endokrinologia eta Nutrizioko espezialistak eta Nafarroako Unibertsitateko irakasleak.
Eta ohar bat egin du: “Pertsona batek naturalki sortzen duen kortisolaren gainetik hartzen dituenean kortikoideak, inhibitu egiten da hormona horren ekoizpena. Giltzurrun gaineko guruina atrofiatu egiten da, kortisolik ekoitzi gabe egotera ohitzen delako. Horregatik, oso garrantzitsua da kortikoideak ez bat-batean kentzea; gutxika-gutxika jaisten joan behar da, giltzurrun gainekoak berriz ekin diezaion hormona hori ekoizteari”.
Estresak itota
Baina, zalantzarik gabe, estresa da kortisol igoeraren eragile nagusia, halaxe diote endokrinoek. “Estres negatiboa neurririk gabe igotzen joan da XXI. mendeko pandemia bihurtu arte”, nabarmendu du Víctor Vidal Lacostak, Laneko Medikuntzan espezialista denak eta El estrés laboral, análisis y prevención liburuaren egileak (Laneko estresa, analisia eta prebentzioa). “Kortisolarekin intoxikatuta gaude”, ohartarazi du, bestalde, Alonso Puigek. Kortisol asko dagoenean luzaro samarrean, gure organismoak sumatu egiten du fisikoki eta psikologikoki. Kalte fisikoen artean, ilea galtzea izaten da bat, larruazala lehortzea, betazaleko dardara, artikulazioak hanpatzea, hesteetako mukosa narritatu eta hanpatzea, libidoa jaistea, odoleko azukrea igotzea, arteria presioa handitzea, lo egiteko zailtasunak…
“Giharrak eta hezurrak ere hondatzen ditu kortisol asko izateak, hezurretako eta giharretako materia erabiltzen duelako energia bihurtzeko”, erantsi du Alonso Puig doktoreak. “Kortisol asko denean, gainera, jaitsi egiten dira defentsak eta blokeatu egiten dira zelula batzuk, LK linfozitoak esaterako, zeinak gure defentsaren zati diren eta tumore zelulak desegiteko eta birusen aurka egiteko zeregina duten”, ondorioztatu du. Kalte psikikoak ere ez dira nolanahikoak: memoriak huts egiten du, haserrekor egoten gara, antsietateak jota, zailtasunak izaten dira ikasteko eta kontzentratzeko…
Depresio eta antsietate gehiago
Kortisola maila apaletan izatea ere arazo bat da, ez hain ohikoa hala ere, eta kortikoideak hartuz tratatzen da. Medikuak kezkatzen dituena kontrako egoera da, kortisola zeruetan daukaten paziente gero eta gehiago ikusten dutela. Egungo bizimoduarekin, estresa hainbestekoa izanik, kortisol mailak oso goian zeuden lehen ere.
Eta koronabirusaren pandemiak areagotu egin du arazoa. Zazpi lagunetatik seik segurtasun falta sumatzen zuten munduan Covid-19 etorri aurretik ere, halaxe dio Nazio Batuen Erakundearen Garapenerako Txostenak. The Lancet aldizkariak iazko azaroan argitaratu zuen ikerlan batek argi azaltzen du 2020. urtean, pandemia betean, munduan nabarmen ugaritu zirela depresioa eta antsietatea. Depresio kasuak %25 handitu ziren mundu osoan, eta antsietate kasuak %26, batez ere emakumeen eta gazteen artean.
Eta Espainia ez da salbuespena. “Kortisol pandemia bat pairatzen ari gara aspalditik. Estres asko sortzen duen gizarte batean bizi gara, eta hori areagotu egin da azken bi urteetan koronabirusaren eraginez. Pandemia aurreko zifrek esaten zuten populazioaren %25ek antsiolitikoak edo depresioaren aurkakoak hartzen zituela, eta portzentajea igo egin da”, adierazi du Alonso Puigek. “Estresa betidanik egon da, gizakia agertu zenetik. Egiptoko piramideak eraiki zituzten esklaboek, adibidez, estres izugarria izaten zuten. Gaur egun, ordea, askoz estres negatibo gehiago dago, distresa esaten zaiona, Tutankamonen garaian baino” ohartarazi zu Victor Vidalek.
Kortisola igotzen denean, estresa dagoela esan nahi du ia beti. Eta Espainiako datuak ikaragarriak dira: laneko hamar bajatatik sei zuzenean lotuta daude estresari, kortisol ugari izateak bete-betean eragiten baitio organismoari eta osasunari. Gaixotasun guztien %60-70 inguruk lotura zuzena dute estresarekin, organismoko sistema guztietan eragiten du eta.
Oxitozina esaten zaion hormona erditzeari eta edoskitzeari lotua egon da oraintsu arte, askatzen denean lagundu egiten baitu umetokia eta umetoki-lepoa lasaitzen, eta bizkortu egiten du esne ekoizpena. Baina azken boladan ikusi da funtsezkoa dela estresa eta kortisol maila handiak jaisteko ere. Organismoak kortisol asko duenean, oxitozina gutxi sortzen du. Eta alderantziz: oxitozina sortzen denean, jaitsi egiten da kortisola.
Oxitozina aktibatu egiten da gure zentzumenak modu atseginean ernatzen dituen edozein jarduerarekin: lagunartean egotea, besarkada bat jasotzea, norbaitek adi entzuten digula ikustea… Batzuek enpatiaren hormona esaten diote. Beraz, kortisola arrastoan sartuta edukitzeko eta estresa gutxitzeko modu bat da sozializatzea eta gauza atseginak eta pozgarriak egiten saiatzea.
“Lagunartearen hormona da oxitozina, giza konexioarena, eta pertsona bat ez da hain estresatuta egoten beste norbaitekin dagoenean”, azaldu du Alonso Puigek.
Nola erreakzionatzen du gorputzak
Estresa dagoenean eta kortisol ekoizpena igotzen denean, azkartu egiten dira, halaber, bihotzaren taupadak, maiztasun kardiakoa esaten zaiona. Horrek lan gehiago egitera behartzen du bihotza eta oxigeno gehiago behar izatera azkarrago uzkurtu eta dilatatzeko. Odoljarioa ere handitu egiten da estresaren ondorioz, eta odolak indar handiagoa eragiten du arterien gain; horrek, aldi berean, handitu egiten du arteria presioa. Estres jarraituak handitu egiten du arterien zurruntasuna, eta azkarrago endekatzen dira.
Madrilgo Complutense Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Nutrizio eta Bromatologia sailak aztertu egin zuen kortisola igotzeak ba ote duen eraginik kronodisrupzioan (erritmoaren gorabeheretan), horrek handitu egin dezake-eta prebalentzia gehien duten gaixotasun degeneratiboak izateko arriskua: zahartze goiztiarra, minbizia, bihotz-hodietako gaixotasuna eta gizentasuna.
Sexualitateari ere eragiten diote kortisol maila handiek. “Kortisola igotzen denean, nabarmen jaisten da sexu desira eta sexu hormonen ekoizpena, eta jaitsi egiten da ugalkortasuna. Normala da: estres egoeretan organismoarentzat ugalkortasunak du garrantzi gutxien”, azpimarratu du Alonso Puigek. Gizonetan jaitsi egiten da testosterona eta emakumeetan estrogenoak eta progesterona, baina ez hori bakarrik. Journal of Developmental Origins of Health and Disease aldizkarian argitaratu zen ikerlan batek azaltzen duenez, haurdun gelditzeko garaian kortisol maila handiagoak dituzten emakumeek joera handiago izaten dute neskatoez erditzeko. Ez dakigu zergatik, hipotesiak baino ez daude horren inguruan, baina zenbait ikerketak egiaztatu dute egoera kaltegarrien ondotik –adibidez, Kennedy presidentea erail ondoren, I-11ko atentatu terroristak edo Diana printzesaren heriotza gertatu ondotik– neska gehiago jaio zela.
Listu edo odol analisi batekin neurtu daiteke kortisola. “Baina neurtzea bezain garrantzitsua da maila handi horiek luzaroan irauten duten jakitea, eta horretarako analisi asko egin behar lirateke”, ziurtatu du Camilo Silvak. Gehienetan ez dira egiten proba horiek, batez ere argi dagoenean estresak eragin duela kortisol gorakada hori.
Aro digitalean bizi gara, pantailaz inguratuta. Eta horiek baretu egiten gaituzte kortisola eta estresa zeruetan dauzkagunean: sare sozialek, bideo-jokoek eta whatsappek berehalako saria ekartzen digute. Pantailak erabiltzean, dopamina jariatzen dugu, plazeraren hormona, sexu harremanetan abian jartzen den hori bera, otordu on bat egitean edo gozaraziko digun beste zernahi. Arazo bat ere badu, ordea, dopaminak: plazerarena ez ezik, mendekotasunaren hormona ere badela. Eta pantailek gero eta mendekotasun handiagoa sorrarazten dute (ikerketa askok baieztatu du hori), eta, hortaz, ez da irtenbide ona horiek erabiltzea kortisol maila handiei aurka egiteko.
Arrastoan sartzea
Kortisola arrastoan sartuta edukitzeko, neurriz kanpo igoarazten duenari jarri behar zaio konponbidea. “Estresak eraginda igotzen denean, arrazoia tratatu behar izaten da. Ez dago jaitsiko duen sendagairik, eta, beraz, estresa gutxitzea da kontua”, azaldu du Camilo Silvak. Horregatik, gomendio batzuk kontuan hartzea komeni da hori lortzeko:
- Elikadura zaintzea. Nutrizioak gaitasuna du gure garunari eragiteko. Digestio hodia arduratzen da nagusiki, eta ez larruazala, gure organismoa kanpoko munduarekin komunikatu dadin. Ikerketa batzuetan agertu denez (adibidez International Journal of Basic and Clinical Endocrinology aldizkariak 2013an argitaratu zuen batean), kortisol maila handiak daudenean, joera izaten da janari lasterra kontsumitzeko, elikagai prozesatuak eta, oro har, nutrizio balio apala eta azukre eta gantz asko dutenak. Kortisol maila handiek aldarazi egin dezakete garunak jasotzen duen sari edo konpentsazio sistema eta mota horretako elikagaiak kontsumitzera eraman gaitzake; horrek, aldi berean, igoarazi egiten du kortisol maila, eta sorgin gurpil bat sortzen da. “Nire gomendioa da dieta orekatua egitea, mediterraneoa, eta nola jan behar dugun ere nabarmendu nahi nuke: mantso, patxadaz eta giro lasai batean, irentsi gabe, horrek elikatu egiten baitu estresa”, adierazi du Silvak.
- Ongi lo egitea. Garrantzitsua da behar bezala atseden hartzea. Gutxi eta gaizki lo egiten duten pertsonek goian izaten dute kortisola.
- Kirola egitea. Goteborgeko Unibertsitateko ikerketa batek aztertu egin zuen nola eragiten dion ariketa egiteak antsietate kronikoari (Journal of Affective Disorders aldizkarian argitaratua dago). Hauxe emaitza: ariketa fisikoa zenbat eta biziagoa, hainbat gehiago arintzen dira antsietatearen sintomak.
- Erlaxazioa lantzea. Zenbait ikerketak nabarmentzen dutenez, besteak beste Kaliforniako Unibertsitatean egindako batek, meditazioa eta arnasketa sakona lantzeak, eta erlaxatzeko beste bitarteko batzuek ere bai, lagundu egiten dute kortisola jaisten. Gaur egun, hormona horren goraldi gehienak gizakion buruak eragiten ditu: estutu egiten garelako, kezkatu… Patxadari eusten saiatu behar dugu eta modu baikorrean begiratu bizitzari.
- Gizarte harremanak sustatzea. Beste pertsona batzuekin interakzioan arituta, betiere adeitasunean eta afektuan oinarrituta badaude, oxitozina gehiago askatzen da eta hormona horrek jaitsarazi egiten du kortisola.