Akabo txokolatinen iragarkiak haurrentzako ordutegian. Eta berdin gailetak, izozkiak, edari energetikoak eta zukuak iragartzen dituztenak. Nutrizio profilen inguruko araudiak geldiarazi egin nahi du haurren gizentasuna, eta 16 urtez azpiko haurrak babestu egingo ditu batere gomendagarriak ez diren produktuen iragarkietatik.

Nutrizio profilak: haurrak babestuago publizitatearen aurrean

1 apirila de 2022

Nutrizio profilak: haurrak babestuago publizitatearen aurrean

Sei eta bederatzi urte arteko bi haurretatik batek ia (%41) gehiegizko pisua edo gizentasuna du Espainiako Estatuan, datu hori ematen du Aladino 2019 txostenak. “Beldurtzeko eta kezkatzeko zifrak dira”, adierazi zuen Alberto Garzon Kontsumo ministroak iaz. Eta jakinarazi zuen elikagai eta edari ez-osasungarrien publizitatea arautzeko asmoa zuela 16 urtez azpiko neska- -mutilentzat. “Behar diren txosten guztiak ditugu Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako nutrizio profilak egokitzeko araudira, eta dagoeneko hitz egin dugu Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearekin”, iragarri zuen. Osasunaren eta elikaduraren arloko profesional asko ari ziren gisa horretako neurri bat eskatzen azken urteetan –dietista-nutrizionistak, pediatrak, endokrinoak…–, baina albisteak izugarrizko zalaparta ekarri zuen.

Batzuk ustekabean harrapatu zituen, beste hainbatek ez zekien zer diren nutrizio profilak, askok gaizki ulertu zuen albistea eta pentsatu zuen galarazi egingo zituztela zenbait produktu, nahiz eta asmoa publizitatea mugatzea izan, ez salmenta, eta 16 urte azpikoei berariaz zuzentzen zaizkien produktuena bakarrik, adibidez telebistak haurrentzat duen ordutegian ematen duena eta haur eta nerabeei zuzentzen zaizkien sare sozialetan, web-orrietan eta aplikazioetan ageri dena. Hor sartuko litzateke, adibidez, youtuber, influencer eta streamer batzuek ezkutuan egiten duten publizitatea ere, horien babesleak produktu osasungaitzak izaten dira- -eta hainbatetan, adibidez zizka-mizkak eta edari energetikoak. Era berean, enpresei tartea uzten zaie borondatez ezar dezaten beren autoerregulazioa, betiere arauak agintzen duen babesa gainditzen badu.

Zer dira nutrizio profilak? 

Haur gizentasunaren arazo gero eta handiagoa geldiarazteko, Osasunaren Mundu Erakundeak, Europako osasun agintariekin batean, nutrizio profilen proposamena aurkeztu zuen 2015ean. Definizioa ere eman zuen: “Elikagaiak nutrizio osaeraren arabera sailkatzeko zientzia da, gaixotasunaren prebentzioa egiteko eta osasuna sustatzeko”. Etxeetako erosketa saskian ohikoak diren elikagaiak 17 multzotan sailkatzen dira, eta horietako bakoitzean zehaztu egiten da gehienez zenbat mantenugai kritiko ager daitezkeen 100 gramo bakoitzeko (guztizko gantza, gantz saturatuak, azukre erantsiak, guztizko azukreak, eztitzaileak, gatza eta kaloriak), adingabeei iragarkietan erakutsi ahal izateko. Nutrizio profilen hasierako helburua da muga bat ezartzea elikagai bat osasungaitz gisa sailkatzeko eta, hala denean, galarazi egiten da berariaz 16 urtez azpikoei zuzenduriko publizitatea egitea elikagai horiekin. Inola ere ez da galarazten produktu hori saltzea edo helduentzako publizitatean iragartzea.

Publizitaterik ez haurren ordutegian… 

Osasunaren Mundu Erakundeak landu duen estrategia horren arabera, ez dago arazorik fruta eta berdura freskoen publizitatearekin, baina errotik moztu dituzte marmeladen, edari energetikoen, almibarretan datorren frutaren eta izozkien iragarkiak. Jogurtek, ogitxoek eta ogi luzeek edo gosaritako zerealek, berriz, muga batzuk izango dituzte mantenugai batzuetan.

OMEren dokumentua, nolanahi ere, marko bat da, eta Europako Batasunak ez du araudi bateraturik egin herrialde guztietarako. Herrialde bakoitzak, beraz, egokitu egin ahalko du bertako kulturara edo berezitasunetara. Portugalek, adibidez, ez dio aterik itxi ezein multzori, eta nutrizio mugak ezarri ditu guztietarako. “Irizpide estandarizatu bat ez izateak inkongruentziak eragin ditzake; gerta daiteke, adibidez, gatz kantitate jakin bat duten patatak iragartzeko modurik ez izatea Alemanian baina bai Portugalen. Eta ez da ahaztu behar herrialde bakoitzean industria oso ahaltsuak daudela eta eragin egin dezaketela gehienezko mugak ezartzeko garaian, adibidez gaztaren industriak Frantzian eta urdaiazpikoarenak Espainian. Arrisku hori ikusten dugu Europak azkar samar arautu ezean, herrialde bakoitzak nahi duen bezala egokitzen baitu bere araudia”, azaldu du Alba Santaliestrak, Aragoiko Dietista-Nutrizionisten Elkargoko presidenteak.

Elikadura ‘influencer’-ik gabe

Kontsumo Ministerioaren proposamenaren asmoa da ospetsuei, futbolariei, youtuberei eta influencerei ez uztea 16 urtetik beherako haurrei zuzenduriko iragarkietan ager daitezen, ezta produktua osasungarria denean ere. Hor sartzen dira gurasoak, hezitzaileak, irakasleak, haurren programetako profesionalak, kirolariak, artistak, edo garrantzi edo entzute publikoa duten pertsonak eta pertsonaiak, egiazkoak bezala fikziozkoak ere. Bestelako kanpainetan bai, parte hartzeko aukera izango dute, adibidez osasun publikoaren aldekoetan eta heziketa kanpainetan, jarduera fisikoa eta elikatzeko ohitura osasungarriak sustatzen dituztenetan.

Ontziko mezuak

Nutrizio profiletan oinarrituta, beste prebentzio neurri batzuk ezartzeko pausoa ere eman daiteke, eta, adibidez, ikastetxeetan eta osasun etxeetan mugatu egin daiteke elikagai batzuen salmenta. Edo nutrizionistek aspalditik egiten duten eskari bati erantzun: nutrizio eta osasun arloko aipuak kentzea osasungarriak ez diren elikagaien etiketatik. “Nutrizio profilak arautzearekin bat, arautu egin behar litzateke ontzietako marketina ere, hau da, ontzien aurrealdeko etiketa. Ez da aski telebistan ez ikustea, egunaren buruan mezu erakargarri asko ikusi eta entzuten baitugu kalean eta supermerkatuan. Gauza bat bestea gabe, osatu gabe gelditzen da”, azpimarratu du Santaliestrak.

Paketeetako mezuen kontua, dena den, nahiko labaina da. Nutrizio arloko aipuak (azukre gutxikoa, burdina askokoa, zuntz iturria, gantz gutxikoa…) eta osasun arlokoak araututa daude (kaltzioak lagundu egiten du hezurrak eta hortzak normal mantentzen, D bitaminak lagundu egiten du immunitate sistemak normal funtziona dezan…), EFSA Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak egiten du hori, baina ohar horiek esan nahi dute mantenugai hori kopuru jakin batean duela elikagaiak, ez nutrizio profil jakin bat duela. “Naturala”, “etxekoa”, “amonarena” eta gisako mezuak ez daude araututa, eta nahi bezala erabil daitezke. Javier Moran doktorea zuzendari aritzen da Elikadura arloko Berrikuntzaren Unibertsitate Institutuan (IIA), Murtziako Unibertsitate Katolikoan, eta nabarmentzen du, produktu baten etiketa begiratzean, kontsumo-data gomendatua edo iraungitze-data ez ezik nutrizio arloko informazioa ere bilatzen duela kontsumitzaileak, kaloriak, nutrizio onurak eta onura osasungarriak, halakorik badagoenean. Azken horiek erraz mozorrotzen edo ezkutatzen dira diseinu erakargarri batekin eta amu sasiosasungarriekin. “Elikagaien legedian eragin zuzena duen ekintzarik zehatzena zera da: nutrizio etiketa harmonizatu bat onartzea eta nahitaez jarraraztea ontzien aurrealdean”, adierazi du.

Espainiako kasua

Garzon ministroaren proposamenak zehaztu du bost sailetako produktuek ezingo dutela publizitaterik egin haurren ordutegian, “era bateko edo besteko mantenugaiak eduki”. Lehenbiziko sailean txokolateak, litxarreriak, barratxo energetikoak eta estalgarri gozoak eta postreak daude. Hurrengoan gozogintzako produktuak daude, adibidez opilak, pastelak eta gaileta gozoak. Zukuak, edari energetikoak eta izozkiak ere ezingo dira iragarri. Berdin du mila bitamina eta mineralekin aberastuak egonda ere. Horien publizitaterik ere ez da onartuko. Gainerako sailetarako, muga bat jartzen zaie mantenugai batzuei 100 gramo bakoitzeko. Mantenugai kritikoak mugatu egingo dira produktu bakoitzean, eta muga horren azpitik daudenean bakarrik iragarri ahalko dira.

Miguel Angel Lurueña elikagaien teknologoak honela laburbiltzen du: “Badira premium sailak, eta hor, bistan da, elikagai osasungarriak sartzen dira, adibidez fruta, arrainak eta arrautza. Eta, bestetik, badira sail madarikatuak, adibidez edari energetikoak, txokolateak eta gozogintzako produktuak”. Helburua da nutrizio arloan behar adinako heziketarik ez duen populazio bat egoki elikatuko dela zaintzea, ohikoa da-eta horiek gurasoei elikagaiak eskatzen dizkietenean arrazoi emozionaletan oinarrituta egitea. Gurasoak ere babesten ditu publizitate amu nahasgarrietatik. Adibidez, azukre asko duten gailetekin eta gosaritarako zerealekin gertatzen da, bitaminak eta mineralak eransten dizkiete eta “xerra batek bezala elikatzen” dutela iragartzen dute.

Glosategia
  • Guztizko gantzak. Guztira zenbat gantz duen adierazten du, gantz azidoak, monosaturatugabeak eta polisaturatugabeak batuta.
  • Guztizko azukreak. Guztira zenbat azukre duen esaten du, begetalen eta esnearen berezko azukreak (laktosa eta galaktosa) eta erantsiak batuta. Atal honetan kontuan hartzen dira eztiak, ziropek eta fruta zukuek berez dituztenak ere.
  • Azukre erantsiak. Ekoizleak, sukaldariak edo kontsumitzaileak berak etxean eransten dituen monosakaridoak eta disakaridoak. Atal honetan kontuan hartzen dira eztiak, ziropek eta fruta zukuek eta fruta kontzentratuek dituzten azukre libreak ere.
  • Eztitzaile kaloriagabeak edo gehigarri eztitzaileak. Elikagaiei gozotasuna emateko erabiltzen diren substantziak edo mahaiko eztitzaileak. Azukre erantsien ordezko gisa erabiltzen dira normalean (azukre, ezti, ziropa, jarabe, panela, eta abarren ordez).
  • Energia balioa. Kaloriak dira. Mantenugai edo elikagai batek zenbat kaloria sortzen duen adierazten du erabat metabolizatzen denean. Energia hori kilokalorietan edo Kcal-etan neurtzen da normalean (ohiko hizkeran ‘kaloria’ terminoa erabiltzen da hori adierazteko, baina desegokia da) edo kilojouletan (Kj).
  • Gantz saturatuak. Zenbat gantz azido saturatu duen.
  • Trans erako gantz azidoak. Modu industrialean ekoizten diren gantz azidoak dira, landare jatorriko olioen hidrogenaziotik datozenak; gantz likido bat (olio bat) gantz erdisolido bihurtzea du helburu hidrogenazioak. Ohikoa zen margarinetan, opiletan…
  • Gatza. Sodio gramo bat 2,5 gramo gatzen baliokidea da.

Mantenugai kritikoak

Elikagai batzuk ez dira ageri zerrenda horretan begi bistako arrazoiengatik, adibidez edari alkoholdunak. Ez da kasualitatea: 18 urtetik beherakoek galarazia dute alkohola hartzea, eta galarazia dago, halaber, horien publizitatea egitea haurren ordutegian. Beste batzuk, adibidez jogurtak, zerrenda gorrian egon daitezke edo elikagai onartuen sailean, nolako osaera duten. “Jogurtei, adibidez, %2,5eko muga jartzen zaie gantzean, %2koa gantz saturatuetan, %0,2koa gatzean eta %10ekoa guztizko azukreetan. Azukre erantsi asko duten jogurtak nekez iragarri ahalko lirateke”, azaldu du Miguel Angel Lurueñak.

Neurri horrek jopuntuan jartzen ditu berez osasungarriak diren baina osagai jakin batzuk erantsita hiper azukretsu, gantz ugariko edo ultragazi bihurtzen diren egiazko “bonbak”. Jogurtak aipatu behar dira berriz ere: berez %4,5 izaten dute azukrea, esneak berez duena, baina azukretsuek %12 eta gehiago ere izan dezakete. Bestalde, bidea ixten zaie batere osasungarriak ez diren elikagaiei, oso kopuru handietan dituztelako mantenugai kritikoak, nahiz eta onuragarrien itxurarekin aurkezten dituzten mineralak eta bitaminak erantsita. Sail horretan leudeke txokolatezko irabiaki azukretsuak, kaltzioz eta bitaminaz aberastuta daudenak.

Zergatik orain? 

Nutrizio profilen kontzeptua ez da berria eta ez da Espainiako Kontsumo Ministerioari bururatu zaion ekimen isolatua. Portugalek, Irlandak eta Norvegiak ere sartu dute beren araudietan. Espainian orain heldu diote lehen aldiz gaiari modu irekian. Alma Palau Dietisten-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiko presidentea da, eta oroitarazi duenez, Europako Batzordeak “2006. urtean dagoeneko onartu zituen nutrizio profilak, baina egiaz abian jarri dira Etxaldetik mahaira estrategiak 2020an egin zuen txostenaren ondotik, han azpimarratu egiten baitzen horiek ezartzearen garrantzia eta beharra”.

Palauren iritziz, “nutrizio profilak abian jartzea atzeratu egin da, hein batean, elikagai industriaren presioagatik, ez baitzaio iruditzen inork esan diezaiokeenik nola egin behar dituen gauzak. Nahiago dute aurreratu eta ez ereduak proposatu. Zientzialari taldeak dituzte, baina enpresa ikuspegitik gehien interesatzen zaien zatiarekin gelditzen dira beti, eta albo batera uzten dituzte hain onuragarriak ez zaizkien alderdiak”. Politikariek, banatzaileek eta ekoizle txikiek ere ez dute lehentasun gisa ikusi. Nolanahi ere, ez da konponbide erraza duen gaia, eta erantzun azkarrik ere ez daiteke espero izan”, adierazi du.

Iragarki gehiegi 

Adin txikiko haurrek ordu asko ematen dute telebista aurrean. 2019. urtean Obesity Reviews aldizkarian argitaratu zen ikerlan batek dioenez (22 herrialdetan egin zuten), telebistako iragarkien %23k zerikusia dute elikagaiekin edo edariekin. Horien artean, produktu onartuak halako lau dira OMEk iragarkietatik baztertzeko modukotzat jotzen dituenak. Datuak okertu egiten dira haurren ordutegia bakarrik kontuan hartuz gero: %35 dira batere gomendagarriak ez diren elikagaien iragarkiak, nagusiki, freskagarrienak eta bestelako edari azukretsuenak, txokolate eta gozogintzako produktuenak, gosaritarako zerealenak, pastelenak eta gailetenak. Ikerlanak beste datu argigarri bat ere ematen du: iragarkietan tarte gehien hartzen duten elikadura arloko 10 enpresek Janarien eta Edarien Nazioarteko Aliantza sinatu dute (IFBA), nazioarte mailako konpromiso bat publizitate arduratsuaren alde. Horrek frogatzen du borondatezko autorregulatze kodeak ez direla betetzen.

Zergatik iragartzen dituzte?

Batere osasungarriak ez diren elikagai asko, noizbehinka jan behar liratekeenak, ahogozo atseginekoak eta erraz jatekoak dira. Ongi saltzen dira, eta mezu zoriontsuz beteriko publizitate kanpainak egiteko aukera eskaintzen dute. “Haur batek ikusten duenean gosaritarako zerealen iragarki batean eliteko kirolari bat edo influencer bat agertzen dela entrenatzen, lagunartean, etxe zoragarri batean bizi dela eta zoriontsua dela, oso zaila da azaltzea elikagai hori hiper azukretsua dela, ez dela osasungarria eta segur aski hark ez duela ohiko gosarian hartuko”, nabarmendu du Pablo Ojedak, dietista bera ere eta Gizentasunaren Espainiako Elkarteko kidea (SEEDO).

Familiak ere limurtzen ditu, eta baliatu egiten dira gurasoek seme-alabei gauzarik onenak emateko izaten duten desiraz gomendagarriak ez diren elikagaiak eros ditzaten. “Guraso batek iragarki batean ikusten eta entzuten duenean zereal horiek dituzten bitaminak direla haren haurrak hazteko behar duena, zaila da ikusaraztea begi aurrean duen hori hainbat gauza izan daitekeela baina ez osasungarria”, azaldu du Ojedak. Ordutegi horietan edo youtuberen edukietan publizitate hori galarazteak eragotzi egiten du haurren osasunerako kaltegarriak diren ondorioen zati bat, “baina ez du konpontzen oinarrian dagoen arazoa: ‘burdinaz eta kaltzioz aberastua” eta gisako amuek indar gehiago izaten dute gantz edo azukre ugari duela nabarmentzen duen oharrak baino”, ohartarazi du Ojedak.

Huts egiten duena hobetzea

Publizitate euskarrietan oraindik ere produktu osasungaitz horiek agertzeak argi islatzen du PAOS autoerregulaziorako kodearen porrota; 2005. urteaz geroztik dago indarrean, eta horren bidez industriak konpromisoa hartu zuen mantenugai kritikoak murrizteko zenbait elikagai multzotan. Kode horren 23. artikuluak ezartzen duenez, “elikagaien edo edarien publizitate mezuek ez dituzte sustatu edo aurkeztu beharko osasungarriak ez diren elikatzeko ohiturak edo bizi estiloak, adibidez neurririk gabe, gehiegi edo modu konpultsiboan jatea edo edatea”. Sinatu zuten enpresek konpromisoa hartu zuten hori betetzeko, eta are gehiago, 6.000 eta 180.000 euro arteko isunak ordaintzea onartu zuten araua hautsiz gero.

Ordutik, etengabe eman dituzte elikagai horiek neurriz kanpo jaten ageri diren haurren iragarkiak, baina Autocontrol-ek hogeita hamar salaketa inguru jasoko zituen, ez gehiago. Nutrizio profilek, hala ere, bi salbuespen onartuko dituzte, eta horien iragarkiak lehen bezala egin ahalko dira, produktu horien nutrizio osaera gorabehera. Jatorri Izen Babestu baten pean dauden (JIB) eta Adierazpen Geografiko Babestua duten produktuak dira.

Era horretan, madalenarik ezingo da iragarri, baina bai Pas-eko sobao direlakoak (JIB) eta Santiagoko tarta (AGB). Irtenbide horrekin ez daude ados nutrizionista guztiak. Alma Palau alde dago. “Salbuespen hori zentzuzkoa eta egokia da segur aski, kalitate zigiluak edo ziurtagiriak dira eta. Nutrizio profilak oso hurbil egon daitezke modu industrialean ekoitzi dituzten beste elikagai batzuenetik, baina geografia eta populazioa kontuan hartuta, horien hedapena askoz txikiagoa da. Elaborazio prozesua, gainera, askoz ere kalitate handiagokoa izan daiteke. Eta ondare kulturalaz ari gara, tradizioaz, historiaz…”, adierazi du Palauk. Ildo horretan, Palauk bat egin du beste dietista-nutrizionista batzuen iritziarekin, eta argi dio ez daitekeela pentsatu nutrizio profilak arautuz bakarrik lortuko dela haur gizentasunaren arazoa konpontzea. “Jendea hezteko eta elikaduraren arloan alfabetatzeko kanpainekin osatu behar da”.

Zein bai eta zein ez?

PUBLIZITATE MOTA GUZTIAK ONARTZEN DITUZTE

  • Fruta eta berdura freskoa
  • Haragia, arraina eta arrautza freskoak

SEKULA EZ DAITEZKE IRAGARRI HAURREN ORDUTEGIAN

  • Zukuak
  • Opilak
  • Izozkiak
  • Edari energetikoak
  • Txokolatea, gozokiak eta barratxo energetikoak

IRAGARRI DAITEZKE HAURREN ORDUTEGIAN, BAINA BALDINTZA BATZUEKIN

Aperitibo gaziak. Artozko kruxpetak eta patataz, artoz edo gariz egindako beste batzuk

  • Azukre erantsirik gabe.
  • Gatza gehienez ere 0,1 g 100 g bakoitzeko.

Esnezko edariak. Behi esnez, sojaz eta antzekoz egindako irabiakiak.

  • Guztizko gantzak 2,5 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Azukre erantsirik gabe.
  • Eztitzailerik gabe.

Bestelako edari batzuk. Freskagarriak, ur zaporedunak.

  • Azukre erantsirik gabe.
  • Eztitzailerik gabe.

Gosaritako zerealak. Corn flakes, mueslia, olozko prestakinak, zereal txokolateztatuak…

  • Guztizko gantzak 10 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Guztizko azukreak 15 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Gatza 1,6 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.

Gurinak eta olioak

  • Gantz saturatuak 20 g baino gutxiago.
  • Gatza 1,3 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.

Ogia. Edozein zerealekin egindako ogia, glutenduna edo gabea, txigortua, biskoteak…

  • Guztizko gantzak 10 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Azukreak 10 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Gatza 1,2 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.

Aurrez kozinatuak. Pizzak, lasagnak eta saltsa duten beste pasta plater batzuk, quiche-ak, plater prestatuak, vendingeko sandwichak, pastak, zopak eta eltzekariak (ontziratuak edo latakoak).

  • Guztizko gantzak 10 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Gantz saturatuak 4 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Guztizko azukreak 10 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Gatza 1 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Kilokaloriak 225 baino gutxiago 100 g bakoitzeko.

Jogurtak eta esnekiak. Jogurta, hartzituak eta kremak.

  • Guztizko gantzak 2,5 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Gantz saturatuak 2,0 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Guztizko azukreak 10 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Gatza 0,2 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.

Gaztak. Gazta freskoak (mozzarela eta ricota), erdionduak eta onduak.

  • Guztizko gantzak 20 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Gatza 1,3 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.

Fruta, berdura eta barazki prozesatuak. Latako fruta, marmeladak, fruta azukreztatua edo almibarrean, patata frijitu izoztuak…

  • Guztizko gantzak 5 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Guztizko azukreak 10 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Azukre erantsirik gabe.
  • Gatza 1 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.

Saltsak eta ongailuak. Zabalduta emateko kremak, entsaladen gatzozpinak, ketchupa, maionesa, ziapea eta soja saltsa.

  • Guztizko gantzak 10 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Azukre erantsirik gabe.
  • Gatza 1 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.

Pasta freskoa edo lehorra, arroza eta beste zereal batzuk

  • Guztizko gantzak 10 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Guztizko azukreak 10 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Gatza 1,2 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.

Haragi eta arrain prozesatuak. Hestebeteak, saltxitxak, latako haragi eta arrainak, ketuak edo kontserbakoak.

  • Guztizko gantzak 20 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.
  • Gatza 1,7 g baino gutxiago 100 g bakoitzeko.