Gosea ezkutuan: malnutrizioa gaizki jaten dutenen artean

Malnutrizioa ez da gosea pasatzea bakarrik; organismoak osasuntsu irauteko behar dituen mantenugaiak lortzeko modurik ez izatea ere bada. Espainiako Estatuan sei milioi pertsonak baino gehiagok pairatzen dute egoera hori. Eta horietako asko haurrak dira.
1 abendua de 2024

Gosea ezkutuan: malnutrizioa gaizki jaten dutenen artean

Oparotasun garai batean bizi gara. Erraza da elikagaiak eskuratzea, eta kontsumitu dezakeguna baino gehiago ekoizten eta erosten dugu; hainbesteraino, 2022an Espainiako herritarrek 1.201 milioi kilo/litro elikagai eta edari bota baitzuten zakarrontzira, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak emandako datuen arabera. Baina, esan ohi den bezala, kantitatea eta kalitatea ez dira gauza bera, eta topiko horren azpian paradoxa kezkagarri bat ezkutatzen da: oro har elikagai ugariko garaian bizi garen arren, Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) 2022ko datuek diote mundu osoko 3.000 milioi pertsonak baino gehiagok malnutrizioa pairatzen dutela modu batean edo bestean (desnutrizioa, gainelikadura eta urritasun dietetikoak), eta biztanleriaren %10ek gosea pasatzen duela.

Norbaitek pentsa lezake garatzeko bidean dauden herrialdeei buruzkoak direla datu horiek, baina malnutrizioa arazo larria da ekonomia “aurreratuetan” ere, eta hori frogatzen duten zifrak kezkagarriak dira oso. Espainiako Estatuan, urtean 90.000 heriotza inguru izaten dira dieta desegokien ondorioz, eta gehiegizko pisua tratatzearen zuzeneko kostuak 1.950 milioi euro ingurukoak dira urtean.

Gainera, arazoak zuzeneko lotura du gizarte mailako desberdinkeriekin eta bidegabekeriarekin, eta horrek dimentsio berri bat gehitzen dio: Espainian egoera zaurgarrian dauden haur eta nerabeen %75ek zailtasunak dituzte hazkunderako, osasunerako eta ongizaterako egokiak diren elikagaiak eskuratzeko, CEU San Pablo Unibertsitatearen eta Mapfre Fundazioaren azterlan baten arabera, eta sei milioi pertsonak baino gehiagok –Espainiako biztanleriaren %13,3k– ez dute ziurtaturik elikagaietarako sarbidea, Alimentando un futuro sostenible ikerlanaren arabera (Etorkizun jasangarria elikatuz), zeina Bartzelonako Unibertsitateak egin duen Ana Moragues doktoreak gidatuta.

Bitaminak eta mineralak eskas.

Blanca Raidó dietista-nutrizionistak ia 12 urte daramatza Gurutze Gorrian lanean, osasun arloko teknikari gisa. Bere egunerokoan, elikagaietarako sarbiderik gabe gelditzeko zorian dauden ehunka familiarekin egoten da harremanetan: “Behar adina jaki maiztasun batekin eskuratzeko aukerarik ez duten familiak dira, faktore ekonomiko, sozial edo kulturalen ondorioz”, azaldu du Raidók. Duela urte batzuk arte, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) A malnutrizioaren kontzeptua erabiltzen zuen desnutrizio klasikoa aipatzeko, garapen bidean dauden herrialdeetan izaten dena, non elikagaien eta kalorien gabezia orokorra duten, eta B malnutrizioa ere aipatzen zuen, bereziki herrialde garatuetan sumatzen zen arazoa, dietaren nutrizio kalitateak eragiten duena, ez kalorien kopuruak. Baina gaur egun gehiago hitz egiten da desnutrizioaz eta malnutrizioaz, eta adituek “ezkutuko gosea” ere erabiltzen dute kontzeptu gisa. OMEren arabera, mikromantenugaien urritasunak eragiten du –bitamina eta mineralenak–, eta behar bezain modu askotarikoan ez elikatzeagatik gertatzen da, elikagai jakin batzuk gutxi edo modu desegokian hartzeagatik, besteak beste fruta, lekaleak, barazki eta berdurak, haragia eta arraina, esnekiak eta landare jatorriko gantz ugari duten elikagaiak.

Gose ezkutua malnutrizio modu bat da, oharkabean pasatzen dena, eta ondorioa ez da beti pisu txikia edo itxura deselikatua. Gainera, osasun arloko profesional asko ez daude kontzeptuarekin ohituta, eta diagnostikoa egitea ere ez da batere erraza (ebaluazio jarraituak eskatzen ditu, eta hori zaila izaten da). Horrek azaltzen du, neurri batean, infradiagnostikatuta egotea. Estigma sozial handia ere badakar, pobreziaren eta malnutrizioaren arteko lotura egin denez, familia batzuek arazoa ezkutatzera jo dezaketelako.

Elikagaiak eskuratzeko ezintasuna Espainian

Elikagaiak Eskuratzeko Segurtasun Faltaren Esperientzia Eskala izeneko adierazlearekin neurtzen dute FAOk, OMEk eta UNICEFek pertsona batek zenbateko ezintasuna duen elikagaiak eskuratzeko.

Elikagaiak eskuratzeko segurtasuna

Elikagaiak eskuratzeko segurtasun falta arina

Elikagaiak lortzeko segurtasun falta.

Elikagaiak eskuratzeko segurtasun falta moderatua

Multzo horretan dauden pertsonak:

  • Ez dute diru edo baliabide nahikorik dieta osasungarria egiteko.
  • Ez dute ziurtasunik elikagaiak lortuko ote dituzten.
  • Segur aski otorduren bat huts egin dute edo janaririk gabe gelditu dira noizbait.

Arriskuan jartzen da elikagaien kalitatea eta askotarikoak izateari uzten diote.

Murriztu egiten da elikagai kopurua, otorduak huts egiten dira.

Elikagaiak eskuratzeko segurtasun falta larria

Multzo horretan dauden pertsonak:

  • Janaririk gabe gelditu dira.
  • Egun oso bat eman dute jan gabe, urtean zenbait alditan.

Ez da deus ere jaten egun batean edo gehiagoan.

Gizentasuna ere malnutrizioa da.

Gose ezkutuak ez die eragiten elikagai eskasia duten pertsonei bakarrik, baita nutrizio kalitate eskaseko elikagaiak gehiegi kontsumitzen dituztenei ere; hau da, gehiegizko pisua edo gizentasuna eduki daiteke eta malnutrizioa jasan: “Gizentasuna ere malnutrizioa da. Jaten aritzeak ez du esan nahi behar dituzten mantenugaiak hartzen ari direnik”, azaldu du Raidók. Gainera, lotura zuzena dago ahalmen ekonomikoaren eta gehiegizko pisuaren artean: “Historikoki esan izan da gehiegizko pisua duen edo gizena dagoen pertsona batek ongi jaten duela, bizitza ona duela. Oparotasunarekin lotzen dugu gizentasuna, baina estatistikek justu kontrakoa esaten digute: gizarte bazterketa pairatzeko arriskuan dauden pertsonen artean, gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren mailak batez bestekoaren gainetik daude”.

Elikagaien Segurtasunerako eta Nutriziorako Espainiako Agentziak (AESAN) eta Gizarte Eskubideen, Kontsumoaren eta Agenda 2030aren Ministerioak egindako Aladino ikerketaren arabera, urtean 18.000 eurotik beherako diru sarrerak dituzten familia inguruneetan bizi diren haurren %47,3k gehiegizko pisua edo gizentasuna dute, eta urtean 30.000 eurotik gorako diru sarrerak dituzten etxeetan bizi diren adingabeekin alderatuta, %14koa da tartea.

Nola aukeratzen dugu gure dieta?

Elikagai bat edo bestea aukeratzeko garaian, norberaren lehentasunez gain, hiru faktorek izaten dute eragin handia: norberaren gaitasun ekonomikoak, elikatzeko kulturak eta ezagutzak. Diru gutxi dagoenean, kaloria ugariko baina mantenugai gutxiko elikagai merkeetara jotzen da, adibidez elikagai ultraprozesatuetara. “Informazio zuzenik ez baduzu, supermerkatura zoaz eta ikusten duzu ultraprozesatuak aukeratuta fruta edo arraina erosita baino elikagai gehiago eros dezakezula, eta ez dakizu zer-nolako onurak dakartzan elikagai horiek jateak: ondorioz, besterantz tiratzen duzu”, azaldu du Blanca Raidók. Harreman zuzena dago heziketa mailaren eta elikagaiekiko sarbidearen artean. Ikasketa eta gizarte maila handia duten pertsonek aukera gutxiago dute elikagaietarako sarbiderik ez izateko.

Alimentando un futuro sostenible ikerlanak ere islatzen du egoera hori. Hor esaten denez, arrazoi ekonomikoengatik egunean bost errazio fruta eta barazki kontsumitzen ez duten etxeen ehunekoa %38,7ra igotzen da elikagaietarako sarbidean ziurtasun falta ertaina edo larria duten etxeetan. Gainera, inkestari erantzun dioten familien %3,1ek ez dute modurik haragia, oilaskoa edo arraina jateko bi egunetik behin gutxienez. Baina ziurtasun faltaren bat duten etxeetan,%20,3koa da zifra hori.

Haurren gehiegizko pisua eta pobrezia

Iturria: Gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren prebalentzia 2 eta 17 urte artekoetan. INE, 2017. Pobrezia arriskuaren tasa. INE, 2020. Osasun Gastua biztanle eta autonomia erkidego bakoitzeko. Espainiako Osasun Ministerioa, 2019.

Zer-nolako ondorioak ditu osasunean.

Elikatzeko segurtasunik eza desagerraraztea premiazko bihurtu da; izan ere, desberdinkeria egoerak betikotu egiten ditu, eta eragin zuzena du haurren hazkundean, osasunean eta ongizatean. Blanca Raidó dietista-nutrizionistak azaldu duenez, elikagaiak eskuratzeko segurtasunik ezak osasunean dituen ondorio kaltegarriak hiru taldetan banatzen dira: fisikoak, kognitiboak eta sozioemozionalak.

Fisikoek pisu txikiarekin eta hazkundearen atzerapenarekin dute zerikusia, baina maila fisikoko eraginak ondorio gehiago ditu, bereziki maila kognitiboan: “Garunaren garapenari eragiten dio guztiak, eta horrek eragin zuzena du eskola errendimenduan, ez direlako ondo garatu hizkuntza, kontzentrazioa eta memoria”, aztertzen du Raidók. “Azkenean, horrek guztiak ikasketak uztea dakar, eta horrek eragina izango du helduak direnean”, ohartarazi du. Azkenik, alde sozioemozionala ere hor dago. Gabezia fisiko eta kognitibo horiek autoestimua apaltzea eragin dezakete, eta horrek segurtasunik ezaren eta frustrazioaren sentimenduak sortzen ditu, eta murriztu egiten ditu autokonfiantza eta motibazioa, eta ingurune pertsonalarekiko eta lanarekiko harremana ere bai. Eta depresio eta antsietate egoerak ere sorraraz ditzakeela dio adituak. “Sorgin gurpil bat bezalakoa da. Depresioarekin edo antsietatearekin bazaude, okerrago jango duzu, patologiak izango dituzu berriro, transmisio bidezkoak ez diren gaixotasunak –bihotz-hodietakoak, minbizi mota batzuk eta diabetesa– edo egoera horretatik ateratzea eragozten dizuten beste egoera batzuk”. Raidók zehaztasun bat ere eman du: “Haurrei buruz hitz egin dut, baina hazkunde arazoak kenduta, ia guztia estrapolatu egin daiteke helduetara”.

Epe luzera, elikagaiak lortzeko segurtasunik ezak areagotu egiten du helduaroan gaixotasun kronikoak izateko arriskua, eta iraunarazi egin ditzake pobrezia eta desberdinkeria zikloak, etorkizuneko heziketari eta lan aukerei eragiten baitie. Ildo horretan, malnutrizioa arazo indibiduala da, baina baita kolektiboa ere, herrialdearen ongizate sozial eta ekonomikoan eragin sakona baitu.

Zer egin dezakegu?

Elikagaiak eskuratzeko segurtasun faltaren gaia osotasuneko ikuspegiarekin landu behar da, eta horrek esan nahi du hobetu egin behar dela elikagai freskoetarako sarbidea, familiak hezi egin behar direla, politika publiko eraginkorrak ezarri eta elikatzeko ohitura osasungarriak sustatzen dituen ingurunea sortu. Raidók nabarmendu du funtsezkoa dela nutrizio arloko heziketa ematea: “Oinarrizko tresna da mundu guztiak jakin dezan zer jan behar lukeen. Hau da, elikagaiak jendearen eskura egotea eta gero zein aukeratu jakitea. Prebentzioa landu nahi dugu, eta ez sendatzen ibili”.

Heziketa lana eskolan egiten da, baina Blanca Raidók azpimarratzen du garrantzitsua dela prestakuntza programak ezartzea eta kanpainak egitea komunikabideetan, informazio erraza eta erabilgarria emateko, bizi garen ingurune obesogenikoari aurre egiten laguntzeko; izan ere, elikagai ultraprozesatuak eta nutrizio kalitate eskasekoak erruz ugaritu dira, eta lagundu egiten dute malnutrizioa hedatzen: “Batere laguntzen ez duen giroan bizi gara. Publizitate eta kanpoko eragin asko dago, eta zuzena zer den eta zer ez den jakiteko prestakuntzarik ez baduzu, ezingo duzu erabaki egokirik hartu”. Gainera, eskoletan eta lehen mailako arretako zentroetan hobetu egin behar litzateke kasuak hautemateko prozedura, osasun arloko langileen eta irakasleen prestakuntza indartuz, elikagaiak eskuratzeko ezintasunari loturiko malnutrizioaren zantzuak sotilak izaten direlako. Sintoma fisiko batzuk sumatzen dira, adibidez etengabeko nekea, zurbiltasuna, gaixotzeko joera, ilearen ahultasuna eta azazkalak haustea. Eskola eremuan, haurrek kontzentratzeko arazoak izan ditzakete, energia falta eta errendimendu akademiko eskasa. Horregatik da garrantzitsua arazoa garaiz antzematea. Familiek, irakasleek eta osasun langileek seinale horiei begira egon behar dute, eta eskolako jantokia funtsezko lekua da: “Egoera ahulean egonik elikagaiak eskuratzeko zailtasunak dituzten haurrek ere estigmatizazio handia jasaten dute”, dio adituak, eta horrek elikadurari loturiko jokabide jakin batzuk izatera eramaten ditu otorduetan, “adibidez, behar baino gehiago edo gutxiago jatera, etxean agian arazoak dituztela ezkutatzeko”.

Balio duten irtenbideak.

Duela gutxi arte, familia zaurgarri batzuek laguntza jasotzen zuten, adibidez elikagaiak edo beste produktu batzuk, hala nola arropa eta lanabesak, baina gero eta gehiago, horretan aritzen diren elkarteek nahiago dute diru txartelak eman (jasotzen dituzten pertsonek erosketak zuzenean egin ditzakete hainbat saltokitan), abantaila asko ikusten dizkiotelako aukera horri: laguntza duintzeaz gain, erabiltzaileak hartzaile aktibo bihurtzen ditu, eta ez laguntzaren subjektu pasibo, eta horrek lagundu egiten du pertsona horiek onbideratzen. Azken urteotan, Gurutze Gorriak hirukoiztu egin du diru txartelen banaketa, eta aparteko dirulaguntza jaso du Espainiako Gobernuaren eskutik, lurralde osoan diru txartelen programa bat abian jar dezan. “Duela gutxi, elikagaiak erosteko diru txartelak jaso dituzten 1.200 erabiltzaileren artean egin genuen ikerketa baten emaitzak aurkeztu genituen. Txartelekin batera informazioa emanez gero, ikusi dugu elikatzeko ohiturak hobetu egiten direla”, azaldu du Raidók. “Tailerrak emateaz gain, SMSak bidaltzen dituzte denboraldi batez, oso mezu sinpleekin:’Jan al duzu frutarik gaur?’. Egiaztatu egin dugu horrela jendeak hobetu egiten dituela erosketak”, azaldu du.

Falta behar ez duten mantenugaiak

Elikagaiak eskuratzeko segurtasun faltaren ondorioz, nutrizio arloko gabeziak izaten dira, baina zaila da gehiago zehaztea, azterketek ez baitituzte alderdi horiek neurtzen. “Garrantzitsua da zenbait mantenugai falta direla ohartzea, adibidez burdina, omega 3, A bitamina eta iodoa”, azaldu du Blanca Raidó dietista-nutrizionistak. OMEren arabera, horiek dira mikromantenugai garrantzitsuenak osasun publikoari dagokionez. Haragi giharretan, hosto berdeko berduretan eta lekaleetan izaten dira, beste elikagai askoren artean, baina oztopo sozioekonomikoek eta kulturalek zaildu egiten dute elikagai horiek eskuratzea, batez ere baliabide gutxiko familietan. Raidók heziketaren garrantzia azpimarratu du: “Iodoarena ez da arazo ekonomikoa, gatz iododunean baitago, baina garrantzitsua dela ez badakizu, ez duzu erosiko”.