Jolasak ere badu bere “menu osasungarria”

Lagundu egiten du bilakaera kognitiboa, psikomotrizitatea, koordinazioa eta babestu egiten du buruko osasuna, besteren artean. Zalantzarik gabe, jolasa oinarrizko zutabea da haurren hazkundean, nahiz eta gero eta denbora gutxiago eskaintzen dioten. Pantailen edo eskolaz kanpoko jardueren ondorioz, haurrak gutxiago jolasten dira, eta, horrela, galdu egiten dituzte jolasaren onurak. Eta jolas mota bakoitzak baditu bereak. Haur Jolasaren Behatokiak haurren aisialdiko Harvard platera sortu du, eta horren bidez, familiei erakutsi nahi diete haurrek zenbat denbora eskaini beharko lioketen jolas bakoitzari.
1 abendua de 2024

Jolasak ere badu bere “menu osasungarria”

Gero eta argiago dago ohitura osasungarriak elikadura osasungarriarekin, atsedenarekin eta jarduera fisikoarekin eraikitzen direla. Haurtzaroan, gainera, beste alderdi garrantzitsu bat dago haurren bilakaera fisikoa eta mentala egokia izan dadin: jolasa. Eta alderdi horrek gero eta gabezia gehiago ditu. Estudio sobre el comportamiento de los consumidores de juegos y juguetes (8-12 años) azterlana egin du Valentziako Unibertsitateko Sormen eta Hezkuntza Berrikuntzen Institutuak (Jolas eta jostailuen kontsumitzaileen jokabideari buruzko azterlana, 8-12 urte), eta hor esaten denez, Espainiako Estatuan lau haurretatik batek baino ez du egunean bi ordu baino gehiago ematen jolasean; eta bostetik bat besterik ez da aritzen jolasean eskolatik irtetean. “Haurrei jolaserako denborak kenduta edo murriztuta, Haurraren Eskubideen Adierazpenean jasotzen den eskubide bat kentzen ari gatzaizkie”, dio Silvia Sanchez Madrilgo Complutense Unibertsitateko Hezkuntza Ikasketen Departamentuko irakasleak.

Haurtzaro “heldutua”.

Galdera hau sortzen da: Zer ari zaie haurrei jolasa lapurtzen? Adituek hainbat arrazoi aipatzen dituzte, baina guztiak nabarmentzen dituzte bi. Alde batetik, pantailen hedapen neurrigabea. La falta de juego en la infancia (Haurtzaroko jolas falta) azterlanean ageri diren datuen arabera (Crecer Jugando Fundazioak eta AIJU Haur Produktuen eta Aisialdiaren Institutu Teknologikoak egina da), Estatuko haurren ia %70ek gomendatu baino denbora gehiago ematen dute pantailen aurrean (adituek diote egunean gehienez 60 minutu eman behar luketela). Ehuneko hori are handiagoa da 1-3 urteko haurren artean (%84) eta 4-6 urtekoen artean (%88). Bestalde, adingabeen agenda gero eta beteagoa dago, egutegian sartutako jarduera ugarirekin betetzen zaie asteko egutegia (kirolak, hizkuntzak, musika eskolak…), eta horiek hartzen diete denbora librea; Silvia Sanchezen esanetan, haurtzaroa “heldutu” izanaren erakusle da hori. “Egunak 24 ordu baino ez ditu, eta ez dago denetarako denborarik; aukeratu behar denean, jolasak lekua galtzen duela dirudi. Horren ondorioz, adingabeak gutxiago jolasten dira, baina baita okerrago ere, eta galtzen ari dira jarduera horrek garapenerako dakartzan funtsezko onurak”, dio Sanchezek.

Zer ari dira galtzen?

Jolasak dituen onurak galtzea ez da txantxetako kontua. “Jolasteko denborarik ez duen haur bat behar bezalako garapena izateko denborarik izango ez duen haur bat da”, dio Silvia Alava psikologoak. “Jolasaren bidez, haurrek garunaren funtsezko prozesu bat lantzen dute, funtzio exekutiboa, zeina ezinbestekoa den arrakasta izateko, plangintza, gainbegiratzea, lan memoria, arreta eta abar eskatzen baititu. Hori guztia oinarrizkoa da, eta jolas librearen bidez lortzen da”, adierazi du Alavak.

Baina ez hori bakarrik. Jolasa funtsezkoa da maila sozioemozionalean, osasun mentalaren babesle gisa jarduten du, lagundu egiten du psikomotrizitatea, indarra, koordinazioa eta oreka lantzen, mundua ulertzen eta enpatia, hiztegia, memoria, arreta, arrazoiketa logikoa eta pentsamendu abstraktua lantzen. “Jolasari lekurik uzten ez zaionean, kontsultan zera ikusten dugu: haur askorengan inolako arazorik gabe garatu beharko liratekeen prozesu jakin batzuek nolabaiteko atzerapena daramatela”, ohartarazi du psikologoak.

Hirietako parkeak, oasi bat edo muga bat libre jolasteko?

Gaur egun, biztanle gehienak hiri masifikatuetan eta zirkulazio handiko hirietan bizi dira. Hiri horietan, askotan, parke txikiak izaten dira aire zabalean jolasteko gune bakarrak, eta normalean koloreetako hesi batek inguratzen ditu. “Duela hiru hamarkada kalean aritzen ginen jolasean. Orain ezin da. Eta, alde batetik, gauza ederra da parke horiek izatea, haurrek badutelako toki bat behintzat. Baina era horretako parke guztiak berdinak dira, egitura berbera dute, kautxuzko lurzorua… Hor oso zaila da berritzea, jolas aberats eta irudimentsuak ateratzea, eta, beraz, parkea ez da oso erakargarria izaten”, adierazi Clara Pons-Mesmanek. Dibulgatzaile horren aldarrikapena beste bide batetik doa: “Ahalik eta parkerik naturalenak eraiki behar lirateke”. Horretarako, oinarrizko lau alderdi hartu behar lirateke kontuan:

  1. Zorua material naturalekin egina izatea (harea, harritxoak, zuhaitzen azala…), aukera ematen duelako askoz ere modu aberatsagoan, askotarikoagoan eta sortzaileagoan jolasteko.
  2. Egiturak zurezkoak eta ahalik eta itxura naturalena dutenak.
  3. Landaredia, parkean eta inguruetan.
  4. Estimulatzailea izan dadila, haurrei aukera eman diezaiela beren trebetasunak probatzeko, elkar tentatu eta libreki jolasteko.

Jolasaren “Harvard-eko platera”.

Errealitate horri buruz kontzientziatzeko, Haur Jolasaren Behatokiak Jolas osasungarriaren menua sortu zuen, Harvard-eko plater ospetsua abiapuntu hartu (elikaduraren arlokoa) eta jolasera egokitzen duen ekimena. Plateraren zatirik garrantzitsuena (%40), fruta eta barazkiei dagokiena, kanpoko jolasak hartu behar luke. Ondoren, jolas librea eta arautua leudeke, bakoitzak plateraren %25 hartzen duela (osoko zerealen eta proteina osasungarriaren baliokideak izango lirateke). Azkenik, %10arekin jolas teknologikoak leudeke, pantailak barne hartzen dituztenak.

“Haurtzaroan jolaserako denborak garrantzi handia duela nabarmendu nahi genuen, eta azpimarratu nahi genuen adin handiagoetan ere jarraitu beharko luketela jolasten, ahalik eta denbora luzeenean. Gaur egun, adibidez, zortzi urtetik aurrera oso ohikoa da zera esatea: “ni jada ez naiz aritzen jolasean, hori txikien kontua da”, eta jolas hori pantailekin egitea. Hori ez liteke horrela izan. Zortzi urterekin jarraitu egin behar da jolasten”, azaldu du Silvia Alavak, zeinak parte hartu baitu ekimen hori abian jartzen.

Adituek nabarmentzen dute oso garrantzitsua dela plater eredu hori haurren adinera eta garapenera egokitzea. Hiru urte bete arte, pantailek menutik kanpo egon behar lukete. Eta adin txiki horietan, kanpoko jolasak eta jolas libreak hartu behar lukete plater osoa. “Denbora eta portzentaje jakin batzuk finkatzea arriskutsua izan daiteke, batez ere haurrak garapen fase desberdinetan daudenean. Halakoetan, nahiago du zentzuz jokatzeko deia egitea. Jolas osasungarriaren menua proposamen orientagarria da, eta egokitu egin daiteke adingabe bakoitzaren adinaren, beharren eta egoeraren arabera. Garrantzitsuena da jolas moten arteko oreka osasungarria mantentzea, eta ziurtatzea teknologikoak ez duela oso-osorik beteko jolas tartea”, adierazi du Silvia Sanchezek.

%40: Kanpoko jolasa.

Kanpoan egiten den jolasak dauka eraginik handiena haurraren osotasuneko garapenean, baina jolasari denbora kentzen zaionean, kanpoko jolasak pairatzen du gehien, eta alde handia sumatzen da teoriaren –gomendatutako denboraren– eta praktikaren artean. Halaxe baieztatzen du duela gutxi egin den inkesta batek: lau umetatik bat baino ez da aritzen kalean jolasean maiztasun handiarekin, eta hor alde handia dago aitona-amonen belaunaldiarekin. Garai hartan, lau haurretatik hiru kalean jolasten ziren astean zenbait egunez.

Eta arazoaren errua ez dute pantailek bakarrik. “Aldaketa arkitektoniko asko izan da hirietan. Askoz gehiago eraiki da, askoz ere zirkulazio handiagoa dago. Gaur egun familiek jada ez dituzte haurrak bakarrik kalean uzten, eta adingabeek autonomia hori ez badute, azkenean denbora gutxiago ematen dute aire librean jolasten”, hausnartu du Clara Pons-Mesman-ek, Haurren Zuzenbidean aditu eta jolas librearen dibulgatzaileak. Eta aire zabalean jolasteari uzten diotenean, jarduera horren onura guztiak galtzen dituzte haurrek. “Maila fisikoan, jarduera fisikoa eta trebetasun motorrak sustatzen ditu. Eguzkia hartzeak ere mesede egiten du (D bitamina xurgatzea, loaren zikloa hobetzea, begien bilakaera laguntzea…) eta immunitate sistema bizkortu egiten da. Maila emozionalean, kanpoan jolasten denean, bereziki naturan, kortisola murriztu egiten da eta, beraz, estres mailak ere bai. Gainera, maila sozialean, jolastera ateratzen zarenean askoz errazagoa da beste norbaitekin topo egitea eta harremanak sortzea”, dio Pons-Mesmanek.

%25: Librea eta sinbolikoa.

Manu Sanchez Lehen Hezkuntzako irakaslea da Maestra Angeles Cuesta ikastetxean (Marchena, Sevilla), eta El gran libro de los juegos liburuaren egilea (Jolasen liburu handia); hor esaten duenez, jolas librea da bizitzan sortzen den lehena eta urte askoan irauten duena. “Heldu egindakoan modu fisikoan egiten ez badugu ere, irudimenarekin egiten dugu aisialdi garaian”, dio. Jolas horri esker, haurrek beren esperientziak eta emozioak prozesatu ahal izango dituzte irudimenaren bidez; haien irudikapenik onena jolas sinbolikoan dago, adingabeak irakasle, mediku edo guraso izatera jolasten diren horretan. “Rol sozialak, egoerak eta mundu fantastikoak esperimentatzeko modu bat da jolas sinbolikoa, eta horrek lagundu egiten du gure ingurunea hobeto ulertzen. Haurrek imitatu egiten dute inguruan ikusten dutena, horrela seguru eta onartuta sentitzen baitira. Izaki sozialak gara, eta geure buruarengan konfiantza eta berrespena behar izaten dugu”, adierazi du Sanchezek.

Silvia Alava psikologoak, bestalde, gaineratu du jolas sinbolikoak haurrei aukera ematen diela “beren munduari eta gertatzen ari zaienari buruzko narratiba bat sortzeko”, eta hori, dioenez, haurtzaroan buru osasuna “babesteko faktorea” da.

Galtzen erakustea jolas arautuekin

“Lehen uste zen jolastea –batez ere adin helduetan– denbora galtzea zela, baina pandemiaz geroztik mahai jokoek indarra hartu dute berriro. Etxekoekin kalitatezko denbora izatea funtsezkoa dela konturatu ginen”, adierazi du Manu Sanchez irakasleak.

Familia askok bat egin du susperraldi horrekin. Beste batzuk bidean gelditzen dira, ez direlako gai seme-alaben haserreak kudeatzeko galtzen dutenean. Ba al dago gatazka horiei ihes egiteko modurik? Irakaslearen ustez, funtsezkoa da jolasa egoki hautatzea. “Gustatzen zaigun jolas batean ari bagara, erosoago sentituko gara eta ez diogu hainbesteko garrantzia emango irabazteari edo galtzeari.

Enpatia hobetzeko eta irabazten eta galtzen ikasteko beste aukera bat izaten da jolas kooperatiboetan aritzea. “Oso ezagunak egin dira, ez delako izaten lehiarik eta jokalaririk ez delako kanporatzen. Denok irabazten dugu eta denok galtzen dugu. Hor, garrantzitsua izaten da parte-hartzaileak ohar daitezela jolasean berdin duela galduta ere, beti irabazten delako bizipen edo esperientzia bat”, azaldu du.

%25: Arautua.

Aurrez ezarritako arauak dituenari esaten zaio jolas arautua, eta hor sartzen dira, besteak beste, mahai jokoak eta kirolak. “Autokontrola erakusten digute, galtzen eta irabazten, arauak onartzen eta modu autonomoan edo taldean lan egiten”, dio Manu Sanchezek. Gainera, jolasaren arabera, haurrek beste hainbat trebetasun landu ditzakete: hiztegia, lan memoria, arreta iraunkorra, arreta zatitua, plangintza, pentsamendu estrategikoa eta begia-eskua koordinazioa. Sanchezen ustez, jolas mota horrek ehuneko handiagoa izan beharko luke “jolasaren plateraren” barnean; izan ere, onartu eta errespetatu beharreko arauak dituztenez, oinarri ona da bizikidetza hobetzeko. “Denbora gehiagoan eta kalitatez hobeto jolastu izan bagina, egungo arazo asko beste era batera konpondu ahalko lirateke. Jolasak besteekin errespetu gehiagoz aritzera garamatza”, adierazi du.

%10: Teknologikoa.

Aditu guztiek adierazi dute jolas teknologikoa ez dela behar-beharrezkoa haurren garapenerako. Baina Silvia Alavak azaltzen duen bezala, errealistak izan behar dugu: “Ez da zentzuzkoa gure seme-alabak hezi nahi izatea jolas horiek egongo ez balira bezala”, dio. Psikologoak, hala ere, ahalik eta gehiena mugatzea gomendatzen du, pantailek ez ditzaten gainerako jolasak irentsi. “Eta, batez ere, iragazki lana egin beharra dago. Zure haurra jolastu aurretik, jolastu zu, begiratu jolasak zer-nolako balioak dituen, eta hortik aurrera, erabaki ezazu zure semeaz duzun ezagutzaren arabera. Haurraren askatasuna sustatzen duten beste jolas batzuetan ez bezala, hauekin askoz erneago egon behar da, hobeto gainbegiratu behar da, eta ikusi jolasa haien adinaren neurrikoa den, jolasak asko aztoratzen dituen, errutinak aldatzen dituen… “, azaldu du. Silvia Sanchez ere ados dago. “Ez ditut pantailak errefusatzen, baina uste dut funtsezkoa dela helduek bitartekari lana egitea”, adierazi du ikertzaileak. Haren ustez, funtsezkoa da gurasoek teknologiaren erabileran lagun egitea, gidatzea eta gainbegiratzea, beste jolas modu batzuekin orekatuta dagoela ziurtatzeko. “Pantailak tresna bat izan daitezke, baina ez bakarra, ezta entretenimendu edo ikaskuntza iturri nagusia ere”, nabarmendu du.

6 aholku jolasa sustatzeko
  1. Haurrek haurtzaroan egin behar duten gauzarik garrantzitsuena lo egitea, jatea eta jolastea da; beraz, jolaserako denborak errespetatu egin behar dira.
  2. Sustatu egin behar da gure haurrak beste haur batzuekin elkartzea. Funtsezkoa da bera bezalakoekin jolastea eta, gainera, jolasa librea izatea, beti ez izatea heldu batek arautua.
  3. Utzi autonomia jolaserako garaian. Egia da haur askori kosta egiten zaiela bakarrik jolastea, baina hori egitera animatu behar dira, lekua utzi behar zaie entretenitzen ikas dezaten.
  4. Familian jolastea. Tarte bereziki dibertigarriak izaten dira, eta, gainera, familian giro goxoa lortzen da eta segurtasun loturak ere lantzen dira.
  5. Ez pentsatu denbora alferrik galtzen ari garenik. Jolasaren bidez prozesu asko lantzen dira maila kognitiboan, trebetasun sozialak ere bai, erregulazio emozionalak. Jolasaren bidez, haurrak behar bezala joango dira heldu egiten.
  6. Pentsatu behar da jolasak haurtzaroan babestu egiten duela buruko osasuna.