Kakao kremak

Azukre gehiegi eta kakao gutxi

Produktu horiek osagaien artean fruitu lehorrak eta esnea dutela aipatzen dute, eta ohikoak izaten dira haurren askarian. Baina azukre eta gantz asko izaten dute, eta, horregatik, oso noizbehinka jateko utzi behar dira.
1 iraila de 2022

Kakao kremak. Azukre gehiegi eta kakao gutxi

Denboran atzera egin eta 1980ko hamarkadara joaten bagara, erraza izango da kako kremaren baten iragarkia aurkitzea. Garai haietan hasi ziren ezagun egiten produktu horiek. Osagai oneko elikagai gisa sustatzen zituzten (esnea, kakaoa eta hurrak), haurren askariak prestatzeko egokiak zirela esaten zuten eta alderdi positiboei lotuta ageri ziren: energia ematen zuten eta egokiak ziren haurren hazkunderako. Denbora asko pasatu da ordutik, baina produktu horrek orain ere leku handia hartzen du neska-mutilen ogitarteko eta sandwichetan. Iraganean ahaztuta gelditu beharrean, kontsumoa areagotu egin da azken urteetan. Ideia bat egin dezagun, mende honetako lehen hamarkadan batez besteko kontsumoa urtean 310-330 gramokoa zen herritar bakoitzeko, eta gaur egun 400 gramoen inguruan dabil; hau da, ontzi ertain bat izango litzatekeena. Zifra horiek, dena den, zuhurtziaz interpretatu behar ditugu, batez besteko balioak direlako; hau da, badira egunero jaten dituzten pertsonak eta badira dastatu ere egiten ez dituztenak. Produktu horien arrakasta ezaugarri organoleptikoetatik heldu da nagusiki: gozotasun handia izaten dute, kakao eta hur zaporea nagusi direla, eta testura berezi-berezia, ogi xerra batean aise zabaltzeko modukoa eta, gainera, ahogozo itsaskor eta atsegina.

Ezaugarri horiek estuki lotuta daude osagaiekin eta horien proportzioarekin. Adibidez, testura solidoagoa izango dute palma olioa duten kremek, adibidez Nutella etxekoak, ekilore olioa nagusi dutenek baino, adibidez Nocillak. Ildo horretan, marka bat edo bestea hautatzeko orduan, norbere gustuak aginduko du. Baina horren gainetik, badira elementu objektibo batzuk ere kontuan hartu behar genituzkeenak erosketa egitean.

Desberdintasunak lehen begiratuan

Produktu horiek oso antzekoak dirudite itxurari eta diseinuari begiratuta. Poto gardenetan merkaturatzen diren kremak dira, eta irudietan produktua bera ageri da ogi xerra batean zabalduta, hur batzuk ondoan dituela. Ildo horretan, desberdintasun argienak ageri dituzten kremak bi zaporekoak dira, adibidez Nocilla ChocoLeche eta Eroski 2 zapore, bi krema konbinatzen baitituzte, bata kakaoz egina eta bestea kolore zurikoa; azken horrek, besteak ez bezala, ez dauka kakaorik, kakao gantza eta esnea baizik.  Produktu horien guztien xehetasunen berri izateko, etiketa irakurtzea komeni da. Hasteko, lehenik eta behin salmenta izenari begiratu behar genioke. Normalean osagai zerrendaren ondoan ageri da, eta ezaugarri orokorren berri ematen digu. Adibidez, produktu guztietan ageri da “kakao krema” aipua, eta batzuetan bestelako xehetasun batzuk ere ematen dira, adibidez kakaoa dutela, hurrak edo beste osagai batzuk. Valsoia etxeko kremak, adibidez, hauxe dio: “Zabaltzeko krema, hurraz eta kakaoz egina, sojarekin”.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, kakao kremak hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Azukre eta gantz kopuruak asko baldintzatzen dute azken emaitza.
  • Osagaiak. Nolako kalitate komertziala duten jakiteko, bereziki osagai aipagarriei dagokienez, adibidez kakaoa, hurrak eta esnea, baita erabili den gantz motari dagokionez ere.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu zintzo emana ote dagoen eta legea betetzen ote duen, edo, aitzitik, nahasgarria edo engainagarria gertatzen den.
  • Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa.  Legea betetzen duen aztertu dugu.

Azukrea protagonista

Informaziorik garrantzitsuena, zalantzarik gabe, osagaien zerrendan dago. Egoki interpretatzeko, komeni da jakitea osagaiak ordenan adierazita datozela, gehien duenetik gutxien duenera. Hau da, zerrendan lehenbiziko azukrea ageri bada, esan nahi du osagai horixe duela kopuru handienean. Halaxe gertatzen da aztertu ditugun produktu guztietan, eta horrek berak nahikoa esaten du horien nutrizio ezaugarriez. Mantenugai hori %50eko proportzioan dauka Veritas etxekoak (gutxien duena) eta %58koan Nocilla ChocoLechek (gehien duena).

Ñabardura bakarra Veritas kreman aurkitu dugu, zeinak azukre beltza darabilen zuriaren ordez. Uste izaten denaren kontra, nutrizioaren ikuspegitik ia ez dago batere alderik bien artean, biak sakarosaz osatuta daude-eta nagusiki. Horrela, bada, azukre zuriaren ordez beltza erabiltzeak ez du osasungarriago egiten produktua. Aldaketa bakarra zaporean egongo litzateke, eta hori kontuan hartu beharko da hautatzeko orduan.

Materia gantzatsua, olioak eta koipea

Bigarren osagairik ugariena materia gantzatsua da. Horixe gertatzen da produktu guztietan, Veritas etxekoan izan ezik, non hirugarren lekuan ageri den, azukrearen eta kakaoaren ondotik. Krema guztiek daukate ekilore olioa eta kakao koipea, salbu eta Natra etxekoak (koltza eta palma olioak ditu) eta Nutellak (palma olioa).

Nutrizioarekin zerikusia duten arrazoiengatik eta arrazoi organoleptikoengatik konbinatzen dituzte materia gantzatsuak: ekilore olioa eta koltza olioa osasungarriagoak dira gantz solidoak edo erdisolidoak baino, adibidez palma olioa edo kakao koipea baino, lehenbizikoek ugariago izaten dituzte-eta gantz saturatugabeak. Baina, bestalde, lehenbiziko horiek likidoak dira giroko tenperaturan, eta ez diote testura ona ematen produktuari, eta bai, aldiz, palma olioak eta kakao koipeak; horiek, izan ere, gantz saturatu gehiago dutenez, solidoagoak dira eta horrexegatik eskaintzen dute krema horiek ukitu itsaskor berezi hori.

Estimatuena: kakaoa eta hurrak

Krema horietan kakaoa eta hurrak dira osagairik estimatuenak, zalantzarik gabe. Biak nabarmendu egiten dituzte etiketan, irudi bidez edo hitzekin, eta salmenta izenean ere aipatu egiten dituzte gehienean. Hori dela eta, osagai zerrendan zehaztu egiten da zenbateko proportzioan duen bakoitza, legeak halaxe agintzen du eta. Kakao proportzioari begiratzen badiogu, hiru multzo egin ditzakegu: kakaoa %4-5 inguru dutenak, adibidez Nocilla ChocoLeche, Natra, Milka eta Eroski 2 zapore; %7-8,5 dutenak, Nocilla originala, Nutella eta Eroski; eta gehiago dutenak, %11 eta %19,8 inguru, Valsoia, Nocilla Noir eta Veritas. Kakao kantitateak eragina dauka zaporean eta prezioan.

Hur kopurua, berriz, %4-5 ingurukoa da produkturik gehienetan, adibidez Nocilla, Eroski 2 zapore eta Milka etxekoetan. Alderdi horretan bereziki nabarmentzen dira Nutella, Valsoia eta Eroski, hiru krema horiek %13-14 dute-eta. Natra etxeko kremak, berriz, %2 baino ez dauka fruitu lehor hori. Veritas kreman ez da zehazten informazio hori; izan ere, ontzian ez da nabarmentzen eta, beraz, ez du kantitatea zertan zehaztu. Horrek pentsaraz dezake ez duela hur askorik izango, gainerakoan adierazi egingo luke eta. Nolanahi ere, ez daukagu hori baieztatzeko modurik. Beste muturrean Eroski etxeko kremak daude: horiek ontziaren aurrealdean nabarmenduta daukate zenbat hur duten, eta horri esker, begiratu batean jakin dezakegu datu horren berri.

Kakao krema osasungarriak?

Produktu batzuen etiketan nutrizio arloko ezaugarrien aipamenak ageri dira. Valsoia etxekoak, adibidez, “zuntz ugarikoa” esaten du, Nocilla originalak eta Nocilla ChocoLechek “gantz saturatuak -%35” aipua ageri dute, eta azken horrek beste hau ere badakar, “kaltzio iturria”, esnea daramalako. Batzuek, gainera, nabarmendu egiten dute palma oliorik gabeak direla (Nocilla, Eroski) edo ekilore olioa daramatela (Milka).

Berez, pentsa liteke alderdi horiek guztiak onak direla eta, hautatzen hasita, osagairik onenak dituzten kremak aukeratu behar genituzkeela (adibidez, ekilore olioa dutenak, eta ez palma olioa) eta nutrizio profil hobea dutenak (esaterako, azukre gutxiago dutenak eta gantz azidoen profil hobea). Baina ez dugu ahaztu behar gida honetan aztertu ditugun produktuek azukre asko dutela, produktu osoaren %50 gutxien duenak ere, eta ezaugarri hori ez du hobetzen zuntz asko izateak. Horrela, bada, hori oso kontuan hartu behar da, eta produktu horiek noizbehinka hartu. Horrela eginez gero eta dieta osasungarri baten testuinguruan, osasunean ez luke eragin aipagarririk eduki behar. Gozatzeko jaten ditugun produktu gisa hartu behar ditugu, eta garbi eduki oso noizbehinka jatekoak direla, ez geure burua elikatzeko eta ezta maiz-maiz jateko ere. 

Denek ez daukate esnea

Kakaoarekin eta hurrekin batean, esnea da beste osagai aipagarria produktu hauetan. Hori gertatzen da Nocilla ChocoLeche, Eroski 2 zapore, Nocilla originala, Nutella, Milka eta Eroski kremekin. Horiek guztiek esne hauts gaingabetua darabilte. Natrak ere badu esnezko osagai bat, zehazki esnearen gazura (hauts eran); osagai hori ez da hain estimatua, eta esnea baino merkeagoa da.

Horrela, esnerik ez duten krema bakarrak Nocilla Noir, Valsoia eta Veritas dira. Esneak edo esnearen gazurak eragina du ezaugarri organoleptikoetan, osagai horiek argitu egiten dutelako kremaren kolorea eta leundu egiten dute zaporea. Produktua merkatzeko ere balio dute, gehienean kakao proportzio txikiagoa erabiltzen delako, eta hori da osagairik garestienetakoa.

Zaindu beharreko mantenugaiak

Azukre kantitate handia ez ezik, gantz proportzioa ere oso kontuan hartzekoa da produktu horietan, %32aren inguruan dabil eta. Veritas etxekoak du gutxien, %25, eta gehien, berriz, Natra etxekoak (%37). Materia gantzatsua olioek osatzen dute guztietan, ekilore olioak batez ere, eta kakao koipeak. Olioak proportzioa handiagoan ageri dira eta, ondorioz, gantz saturatuak ez dira hainbeste ere: %6 inguruan dabiltza gehienak. Alderdi horretan Natra eta Nutella nabarmentzen dira; lehenak %8 dauzka gantz saturatuak eta bigarrenak %10, biek ere palma olioa darabiltelako, eta osagai ez da hain interesgarria osasunaren ikuspegitik.

Azukreak eta gantzak halako kopuru handietan edukita, ez da harritzekoa krema horiek kaloria asko ematea: 540 kilokaloria inguruan dabiltza 100 gramo bakoitzeko. Eta horrek eragin zuzena du, nola ez, Nutri-Score sailkapenean: aztertu ditugun produktuen erdiak E mailan ageri ageri da, eta gainerakoak D mailan. Azken horiek zertxobait zuntz gehiago daukate, eta horregatik lortzen dute emaitza hobexeagoa.

Zer daukan errazio batek

Produktuak elkarrekin alderatzeko eta bakoitzak zer-nolako ezaugarriak dituen jakiteko, oso lagungarria izaten da 100 gramoko kopurua hartzea eredutzat eta nutrizio balioari dagozkion datuak ikustea.  Baina kopuru hori ontzi ertain baten herena da, asko samar alegia, eta janaldi bakarrean nekez hartuko dugu halakorik. Janaldi bakoitzean zehazki zer hartzen dugun jakiteko, errazio bat hartu behar litzateke eredu gisa, eta zenbat mantenugai dituen ikusi. Hor ere badago eragozpen txiki bat, ordea, errazioaren neurria ez delako beti berdina pertsona guztietan. Erreferentzia bat erabiltzeko, 30 gramoko kopurua har dezakegu (produktu batzuen etiketan halaxe ageri da gainera). 100 gramoko kopuruan, produktuaren herena gantzak, azukreak eta energia dira, eta hori asko da. Hori errazio batera ekarrita, gantzak 10 gramo izango dira (bi koilarakadatxo), azukreak 17 gramo (ia lau koilarakadatxo) eta kilokaloriak 160, azukrerik gabeko bi jogurtek emango luketena alegia, baina jogurtak osasungarriagoak dira.

Ontzi berrerabilgarriak

Kontsumitzaile gisa gero eta eskakizun zorrotzagoak ditugu erosten duguna hautatzeko garaian, eta orain ez diogu begiratzen produktuari berari bakarrik, hau da, osaerari eta zaporea; orain beste alderdi batzuk ere hartzen ditugu kontuan. Azken urteetan indar gehien hartu duenetakoa ingurumenaren gaineko eragina da, eta hor ontziek garrantzi berezia hartzen dute. Aztertu ditugun kakao kremetan, ontzi guztiak beirazkoak dira, baina bada elkarrengandik bereizten dituen berezitasun bat. Produktu batzuen tapa biratuz itxi eta irekitzen da, adibidez Natra, Milka eta Eroskirena, eta ontzi horiek berrerabili egin ditzakegu (fruitu lehorrak gordetzeko, adibidez). Nocilla, Nutella, Valsoia eta Veritas etxeetakoek, berriz, presioan sartuta dute plastikozko tapa, eta behin produktuak amaituta, ontzia edalontzi gisa erabil daiteke, neurri eta forma egokiak ditu eta.

Hobe azukrerik gabe?

Krema horien alderdirik txarrenetakoa azukreetan dago, zalantzarik gabe; aztertu ditugun produktuetan, osaeraren erdia, gutxienez, azukreek hartzen dute. Hori dela eta, merkatuan badira itxuraz osasungarriagoak diren beste aukera batzuk. Horien artean daude azukre erantsirik gabeko kremak, eztitzaileekin eginda daudenak. Konposatu horiek badituzte abantaila batzuk azukreen aldean (esaterako, gehienak kaloriarik gabeak dira eta ez dute txantxarrik sorrarazten), baina mesfidantza eragiten dute, mito eta gezur asko zabaldu delako horien inguruan, adibidez ez direla seguruak Argi utzi behar da, ordea, eztitzaile guztiak seguruak direla. Hori bai, eragozpen batzuk ere eduk ditzakete, eta gerta daiteke gure hesteetako mikrobiotari edo asetasunaren mekanismoari eragitea; hori dela eta, ez daiteke esan behin betiko irtenbidea direnik azukrearen ordez hartzeko. Eta, batez ere, eztitzaileak edukitzeak ez du krema bat osasungarri egiten, inondik ere. 

Elikagai bat aztertzeko garaian, ez dira kontuan hartu behar “mantenugai kaltegarriak” bakarrik, baita beste alderdi batzuk ere, adibidez zer-nolako “mantenugai osasungarriak” falta dituen edo zer-nolako erabilera emango diegun, gerta baitaiteke egiaz osasungarriak diren beste elikagai batzuei lekua kentzea. Esaterako, askaritarako kakao ogitarteko bat prestatzen badugu, bazterrean uzten arituko gara askoz ere interesgarriagoak diren beste elikagai batzuk, adibidez fruta freskoa edo fruitu lehorrak. Azken batean, azukrea duten kremekin gertatzen den bezala, eztitzaileak dituzten kremak ere oso noizbehinka jan behar genituzke.

Sei aldiz garestiagoa

Produktu horien prezioa itxuraz lotua dago hur kantitatearekin eta, batez ere, kakao kantitatearekin, bi osagai horiek balio ekonomiko handikoak dira eta. Kremarik garestienak honako hauek dira: Valsoia (1,75 €/100 g, kakao %11 duela eta hurrak %14), Nocilla Noir (1,44 €/100 g, kakaoa %17 eta eta hurrak %4) eta Veritas (1,26 €/100 g, kakaoa %19,8 duela). Guztietan garestienak, Valsoia etxekoak, merkeena halako sei balio du (Natra). Alde nabarmenak dauden arren bien osaeran –lehenak ekilore olioa eta kakao koipea ditu, kakaoa %11 eta hurrak %14, eta bigarrenak, berriz, koltza eta palma olioak, kakaoa %5 eta hurrak %2–, ez dirudi prezioan halako aldeak izateko arrazoia badenik hori. Eroskik ere produkturik garestienaren antzeko osaera du (ekilore olioa, kakao koipea, kakaoa %7,5 eta hurrak %13), baina hiru aldiz merkeagoa da (0,56 €/100 g).

Erosteko gomendioak

  • Osagai aipagarrienak. Irakurri etiketa eta ikusi zenbat kakao eta hur duten. Zenbat eta gehiago, hainbat hobeto.
  • Nolako materia gantzatsua. Hobe kakao koipea eta ekilore edo koltza olioa nahasian dituena hautatzea, eta ez palma olioa duena.
  • Azukre kantitatea. Onena litzateke gutxi edukitzea, baina %50 eta%58 artean dabiltza; hau da, ez dago alde handirik batzuen eta besteen artean.

Ondorioak

Logikari jarraituz, azukre gutxien dutenak hautatzera joko genuke, eta Veritas etxekoa aukeratuko genuke, %50 baititu azukreak, gehien duenak baino %8 gutxiago (Nocilla ChocoLeche, %58rekin). Baina errazio bakoitzak zenbat ematen duen aztertuz gero, ikusiko dugu aldea oso txikia dela: %15 lehenak eta %17 bigarrenak. Hau da, azukre kopuruan ez dago alde aipagarririk produktu batzuen eta besteen artean.

Materia gantzatsua bai, erabakigarriagoa izan daiteke. Aztertu ditugun kremarik gehienek ekilore olioa eta kakao koipea dute nahasian. Natra eta Nutella dira salbuespenak, biek ere palma olioa baitute, eta hori ez da hain gomendagarria nutrizioaren ikuspegitik eta alderdi organoleptikoa kontuan hartuta.

Badaude beste faktore erabakigarri batzuk ere produktuen arteko aldea ikusteko, batez ere kakao eta hur proportzioa. Gehien dutenak Valsoia, Veritas eta Nocilla Noir dira, baina garestienak ere hiru horiek dira. Kalitate-prezioak kontuan hartuz gero, Eroski etxekoa da aukerarik onena: %7,5 dauka kakaoa, %13 hurrak eta prezioa 0,56 €-koa da 100 gramo bakoitzeko.

Zenbat gastatzen da urtean?

Valsoia 27,2 €

Nocilla Noir 22,4 €

Veritas 19,6 €

Nocilla ChocoLeche 17,2 €

Nocilla original 17,2 €

Nutella 13,1 €

Milka 12,4 €

Eroski 8,8 €

Eroski 2 sabores 8,4 €

Natra 4,9 €