Minbiziaren etorkizuna

Gaixotasun prebenigarri, sendagarri edo kroniko baterantz

Duela urte batzuetatik hona, benetako iraultza gertatu da onkologian, nagusiki zehaztasuneko medikuntzan aurrera egin ahala. Minbizi mota bera duten pazienteei orain ez zaie tratamendu bera ematen, eta horri esker, biziraupena %20 handitu da azken hamarkadetan. Gaur egun, minbizia diagnostikatu dieten pertsonen %60 sendatu egiten dira, baina zientziaren helburua da 2030erako %70 izan daitezela, eta gainerako pazienteentzat gaixotasuna kroniko bihur dadila, baina ez hilgarri. Lortzeko bidean goazela esatea ez da gehiegikeria bat.
1 iraila de 2022

Minbiziaren etorkizuna. Gaixotasun prebenigarri, sendagarri edo kroniko baterantz

Egunero 767 pertsonari esaten diete minbizia dutela Espainian, eta urtea bukatzerako, 280.100 kasu berri antzemango direla kalkulatzen da. Onkologia Medikoko Espainiako Elkarteak (SEOM) emandako datua da, eta beste hau ere bai: 2040. urterako, intzidentzia handitu egingo da, urtean 341.000 kasu antzemateraino. Ez dira albiste onak. Minbiziak ez du atsedenik hartzen, eta urtetik urtera gero eta intzidentzia handiagoa du mundu osoan; dena den, badira itxaropentsu egoteko datuak ere: urtero gero eta pertsona gutxiago hiltzen da gaitz horren eraginez. Hilkortasuna nabarmen txikitu da, eta gaur egun, minbizia duten pertsonek bost aldiz biziraupen handiagoa dute bost urteren buruan duela 40 urte minbizia izan zutenek baino. Duela bi hamarkadatatik hona, minbizia gainditzen duten pazienteen zifra handituz joan da urtez urte ikerkuntzan aurrera egin den neurri berean, eta horretan berebiziko eragina izan du zehaztasuneko medikuntzak ekarri duen berrikuntzak, iraultza handia eragin du-eta onkologian. Tumore bakoitzak dituen ezaugarrien araberako tratamendu pertsonalizatua eman ahal izateak gero eta hurbilago jarri du oraintsu arte pentsaezina zena: minbizia patologia prebenigarria, sendagarria edo kronikoa izatea.

Mugarri horretara iristeko, ezinbestekoa izan da minbizia eragiten duten mutazioen ezagutzan azken 20 urteetan egin den aurrerapen handia. Espezialistek orain zehaztasun handiagoz dakite nola jokatzen duten zenbait tumorek, eta hori funtsezkoa da haien aurkako borrokan. Tumoreak zer-nolako nahasmendu espezifikoa duen jakinda, onkologoek informazio oso adierazgarria edukiko dute nola jokatzen duen jakiteko, eta gero hari zuzenduriko tratamendu bat bilatuko dute mutazio horri aurre egiteko. Paziente guztiei orain ez zaie tratamendu bera ematen, eta oinarri horrekin sortzen, lantzen eta ezartzen dira tratamendu berriak.

Sendagai espezifikoagoak

“Kirurgia, erradioterapia eta sendagaiak erabilita, diagnostikatzen diren 100 minbizitatik 60 sendatzen ditugu egun; zifra itxaropentsua da, batez ere duela 30 urte sendatzen genituen %40ekin alderatuta”, azaldu du Fernando Riverak, Marqués de Valdecilla Ospitaleko Onkologiako buruak. Minbizia duten guztiak sendatzea da edozein onkologoren helburua, baina oraindik %40 ez dira guztiz osatzen. Baina minbizia ez desagertzeak ez du esan nahi hil egingo direnik. “Sendatzen ez diren gehien-gehienak metastasia dutelako izaten da, hau da, tumorea diagnostikatzen denerako, beste organo batzuetara ere zabaldua egoten da, batzuetan gehiegitara. Haiek sendatzea lortzen ez badugu ere, askotan kontrolatzea lortzen dugu eta pertsona horiek luzaroan bizi izatea tumorearekin”, adierazi du Riverak.

Desagerrarazten ez den %40 horren itxaropena sendagai berrietan dago, eta horiekin gertatzen ari den iraultza hain da izugarria, antibiotikoek ekarri zuten aurrerapen handiarekin bakarrik alderatu daiteke. Berrogeiko urteen aurretik, ebaki bat egin eta gaiztotzen bazen, heriotza ekar zezakeen, baina hori errotik aldatu zen antibiotikoekin. Marqués de Valdecilla Ospitaleko onkologoak dioenez, minbiziaren aurkako sendagaiekin ere antzeko aldaketa baten aurrean gaude. “Sendagai berriekin, orain tumore-zelulari bakarrik erasotzen zaio, zelula osasuntsua ukitu gabe. Askoz ere sendagai espezifikoagoak dira kimioterapia tradizionala baino, zeinak toxikotasun handia ematen zien pazienteei.  Orain identifikatu egiten dugu tumore horretan zehazki zer dagoen alteratua, eta sendagai egoki bat bilatzen dugu alterazio jakin horretarako”, azaldu du Fernando Riverak.

Prebentzioaren eta baheketaren garrantzia

Osasunaren Mundu Erakundeak egindako kalkuluaren arabera (OME), minbizi kasuen %30 eta %50 artean saihestu egin daitezke. Tabakoarekin dugu adibiderik argiena. Jendeak erretzeari utziko balio, minbiziaren %30 ez lirateke agertuko. Gaur egun, bost arrisku faktore nagusiek eragiten dute gaitz horrek sortzen dituen heriotzen heren bat: tabako eta alkohol kontsumoa, gorputz masaren indize handia, fruta eta berdura gutxi jatea, eta jarduera fisiko falta. Diagnostiko goiztiarrak eta baheketak ere heriotza asko eragozten dute. Ondesteko minbiziaren baheketa egitera deitzen dituzten pertsona guztiak hitzordura joango balira (hori diagnostikatzen da gehien Espainian, eta 50 eta 69 urte arteko herritar guztiei eskaintzen diete), kalkuluek diote eragotzi egingo liratekeela heriotzen %30. Baheketa hori duela 10 urte baino gehiago hasi ziren egiten Espainiako osasun sistema publikoan, eta, zalantzarik gabe, heriotza asko eta asko eragotzi ditu; baina oraindik askoz gehiago izan litezke, baheketa egitera deitzen dituzten herritarren %60k bakarrik egiten baitute. Berdin gertatzen da zerbix-eko minbiziarekin eta zitologiak maiz egitearekin ere, edo bularreko minbiziarekin eta mamografiekin.

Garaiz parte hartu ahal izatea entsegu klinikoetan

Egunetik egunera sendagai berriak agertzen dira eta askoz gehiago izango dira aurrerantzean, minbizia tratatzeko ehunka entsegu kliniko egiten ari dira-eta. Zehazki, Entsegu Klinikoen Espainiako Erregistroak (REEC), zeina Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak koordinatzen duen (Aemps), 997 entsegu kliniko berrirekin itxi zuen 2021. urtea, eta horien artean, minbizi motaren bati buruzkoak dira 10etik 4. Riverak nabarmendu du entsegu klinikoetan Europako herrialderik ahaltsuenetakoa dela Espainia, eta tratamendu berritzaile baterako sarbidea izatea beti dela aukera bat pazientearentzat. “Entsegu klinikoak ospitalean egitea eta horietan parte hartu ahal izatea funtsezkoa da. Pazienteari entsegu kliniko bat eskaintzeko modua baduzu, tratamendu horretarako sarbidea aurreratu egingo diozu, 5 eta 10 urte artean, denbora hori behar izaten da-eta baimentzeko. Askotan, bestelako tratamendu batzuek huts egin dutenean, bizirik irautea esan nahi du”, azaldu du onkologoak.

Helburua: pankreako minbiziari erasotzea

Onkologoek esku artean izaten dute European Cancer Information System datu basea (ECIS), non minbizi mota bakoitza larritasunaren arabera sailkatua dagoen. Informazioa eguneratu egiten dute maiz-maiz, eta herrialde bakoitzean zenbat kasu antzeman dituzten azaltzen da, faseka multzokatuta –garaiz antzeman dituztenak, oso aurreratuta aurkitu dituztenak…–, eta ikusi egiten da paziente horietatik zenbatek iraun duten bizirik diagnosikoa egin eta handik bost urtera. Horri esker badakigu bularreko minbizia duten paziente guztien %90 (fase guztietakoak) sendatu egiten direla bost urteren buruan, eta zifra hori ia %100era igotzen da garaiz antzematen dituztenak kontatuz gero. Jakina da, halaber, ondesteko minbizia duten pazienteen %50ek irauten dutela bizirik bost urteren buruan, biriketako minbizia dutenen %10-15ek eta pankreakoa dutenen %7k baino ez.

“Oraintxe bertan, pankreakoa da minbizirik txarrena, 100 pertsonatatik 7k bakarrik irauten dutelako bizirik, baina egia da egunen batean tratamendu bat agertu daitekeela eta egoera hori aldatu. Lehenago ere gertatu izan da kontrolatu ezin genituen tumoreekin eta, orain, ordea, tratamendu berriak agertu ondoren, erraz maneiatzen ditugu. Urrutiago joan gabe, tumore germinalek (obulutegia, barrabilak) oso pronostiko txarra izaten zuten duela 30 urte, eta gaur egun sendatu egiten dira kasuen %95”, jakinarazi du Kantabriako ospitaleko Onkologiako buruak. Eta ez gaude hain urruti pankreako minbiziaren pronostiko txar hori ere hobetzetik.

Oraintxe bertan, KRAS mutazioak ikertzen ari da buru-belarri komunitate zientifikoa (Kirstenrat sarcoma viral oncogenes); proteina mutatu bat da, minbizi guztien 25% agertzen dena eta pankreako minbizien 95%. Mutazio horiek dituzten zelulei zuzenean eraso egin ahal izateak esan nahiko du gaitz hori sendatzeko modua aurkitu dela, eta horrexegatik da hain handia tumore mota horren inguruko interes zientifikoa. “Aurrerapen handiak egin dira eta KRASen aurkako sendagaiekin egindako entsegu klinikoek etorkizun handiko emaitzak eman dituzte; hortaz, edozein unetan atera daiteke eraginkortasun handiko sendagai familia bat eta pankreako minbiziaren biziraupen tasa aldatu.  Ez da ahaztu behar tumore-zelula bat zelula bihurri bat dela, ugaritu eta kasurik egiten ez duena, eta azkenerako tumore bat sortzen du. Zelula horren ahulgunea zein den aurkitzen badugu, sendagaiak akabatu egingo du”, adierazi du espezialistak.

Nanopartikulak: tratamendu eraginkorragoa

Oraindik ere ikerketa fasean daude nanopartikulak, baina aski aurreratua dago hori ere. Teknologia horrek nanopartikula txikiak sartzen ditu organismoan eta sendagaiak garraiatu egiten dituzte gorputzeko zati jakin batera eta modu programatuan askatu, are eraginkorragoak izan daitezen.

“Tumoreen aurkako sendagai askok nahi gabeko ondorio handiak eragiten dituzte modu sistematikoan hartuz gero. Tumorea dagoen lekura garraiatu eta han askatzeak aukera emango luke dosiak murrizteko, konposatu horiek tumorean bakarrik askatzen baitira, eta horrela neurri handian saihestu egingo litzateke hainbesteko ondoeza eragiten duen toxikotasuna”, azaldu du Domingo Barber ikertzaileak (Espainiako Bioteknologia Zentroan dihardu). Behin organismo barnean daudela, zenbait mailatan lan egiten dute sendagaiek:

  • Zuzenean jarduten dute tumorearen aurka. Eragotzi egiten dute hazi eta zatitu dadila, murriztu egiten diete erasotzeko gaitasuna, hilarazi egiten dituzte tumore-zelulak edo lagundu egiten dute gure immunitate sistemak tumore-zelula horiek antzematen jarrai dezan.
  • Aktibatu egiten dute  immunitate sistemako zelulek tumorearen aurka ematen duten erantzuna; zelula horiek tumorean sartzen dira eta desagerrarazten saiatzen dira.
  • Eragotzi egiten dute tumoreak odol-hodi berriak sor ditzala, hortik mantenugai gehiago lortuko lukeelako eta hazten jarraitu.

Eta nola desagerrarazten dira nanopartikula horiek? Tumorea dagoen gunean gelditzen ez direnek jarraitu egiten dute odolean zirkulatzen eta organoen makrofagoek geldiarazten dituzte (atxikitze zelulak dira, organoetan izaten direnak, eta bakterioak eta bestelako mikroorganismo kaltegarriak iragaztea eta desagerraraztea da horien zeregina). “Gure laborategian burdin oxidozko nanopartikulekin lan egiten dugu, organismoak badituelako mekanismoak mineral horren mailak kudeatzeko. Saguekin aztertu dugu nanopartikula horiek nola desagertzen diren tumoreen aurkako tratamenduetako kopuru antzekoetan erabilita, eta ikusi dugu hilabete batzuen buruan nanopartikula guztiak atxiki egiten dituztela makrofagoek barean eta gibelean, eta hor degradatu egiten dira eta burdinaren metabolismoarekin bat egiten dute ferritina moduan”, azaldu du Domingo Barberrek.

 

GenRisk proiektua

Zenbateko arriskua dut minbizia izateko?

Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak (AECC) babesten duen ekimena da GenRisk proiektua, eta proposatzen du askoz arrisku faktore gehiago bilatzea eta ezagutzen ditugunekin gurutzatzea (tabakoa, alkohola, gizentasuna, adina eta sedentarismoa), minbizia izateko arriskua kalkulatu eta kuantifikatzeko eta prebentzioa hobetzeko. Proiektu epidemiologiko handia da, eta Espainiako 12 probintziatan ari dira lantzen, 6.008 paziente onkologikoren eta osasuntsu dauden 4.098 pertsonaren (kontrol taldea) lagin biologikoak eta dietaren datuak erabilita. Helburua da funtsezko adierazleak (biomarkagailuak) identifikatzea, minbizia izateko arrisku handiena duten pertsonak zein diren jakin eta paradigma berri bat sortzeko baheketa egitean. Hauxe lortu nahi da: Lehen mailako Arretako kontsultatik, odol analisi bat eta gure ohiturei buruzko galdera batzuk eginda, medikua gai izan dadila esateko zer-nolako arriskua dugun minbizi jakin bat izateko eta jarraibide batzuk ematea prebentzio lana egiteko.

Immunoterapia: iraultza handia

Immunitate sistema erabiltzea minbiziari aurre egiteko. Hori da immunoterapia, eta tratamendu batzuk ere izaten ditu, ahotik, zainetatik eta larruazaletik ematekoak (minbizia larruazalekoa denean); emaitzak, egia esan, ikusgarriak izan dira zenbait pazientetan. Gripe edo herpes bati aurre egiten dien bezala, minbizi-zelulak desegiteko diseinatua dago gure immunitate sistema. Egiaz, etengabe egiten du hori. Gaixotasuna agerrarazi baino lehen, T linfozitoek eta Natural Killer zelulek koordinatzen dute immunitate erantzuna minbizi-zelulak akabatzeko eta tumore txarrik sortzera ez iristeko, nahiz eta zelula horiek batzuetan lortu egiten duten gure defentsak gainditzea.

Gure gorputzak berez duen gaitasun horretatik abiatuta, ikerketak zenbait teknika landu ditu linfozitoen erantzuna bizkortzeko, modu eraginkorragoan jardun dezaten. “Immunoterapia hasi besterik ez da egin, eta dagoeneko ari da sendatzen lehen sendaezina zena. Horren adibide bat da tumore hematologikoetan lortu duen emaitza ona (odoleko minbiziak dira, adibidez leuzemia edo linfoma), baina oraindik ere ahalmen handia du erakusteko, eta horretan ari dira ikertzaileak. Izugarrizko proiekzioa du”, nabarmendu du Fernando Riverak.

• CART immunoterapia: sofistikatuena. Pazientearen immunitate zelulak erauzi egiten dira organismotik (T linfozitoak) eta laborategian hazten dira kantitate handietan. Hor errezeptore berezi baten genea eransten zaie, CAR delakoa, zeinak lagundu egiten duen linfozitoek bat egin dezaten minbizi-zelulen gainazalarekin.
Maila egokiak lortzen direnean (bi eta zortzi aste artean igarota), zelulak itzuli egiten dira gorputzera transfusio baten bidez. Terapia horrek emaitza ikusgarriak izan ditu odoleko minbizi mota batzuetan, baina ikerketak jarraitu egiten du. Joan den otsailean, 10 urtez egindako jarraipen ikerketa baten emaitzak argitaratu zituzten Nature aldizkarian; leuzemia zuten bi pazienterekin egina zen, eta tratamendu hori hartu zuten lehenengoetakoak izan ziren. Denbora horretan, pazienteei transplante bidez sartu zizkieten linfozitoak ugaltzen joan dira, eta oraindik ere badute gaitasuna minbizi-zelulak hiltzeko.
Espainian, IMAGINE izena du CART immunoterapian oinarritzen den proiektuak (Implementing Magnetic targeting of Nano-guided Immune cells), eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko Bioteknologia Zentroa ari da lantzen (CNB-CSIC). Proiektu horretan, imanak sartzen dituzte tumorearen gunean nanopartikula bidez, zelulen transfusioa egiten denean (CART immunoterapia) modu eraginkorragoan atxiki daitezen. “Zelula horiek sartu ondoren, imanaren laguntzaz hobeto atxikiko dira eta kopuru handiagoan”, azaldu du Domingo Barber ikertzaileak.

Immunitate kontroleko puntuen inhibitzaileekin egindako terapia. Gure immunitate sistemak baditu berezko mekanismoa batzuk, immunitate-kontroleko puntuak esaten zaienak, eta horien bidez, infekzio bat gertatzen denean, eragotzi egiten da immunitate erantzuna bortitzegia izatea eta zelula osasuntsuak desegitea.
Esan liteke galga lana egiten dutela gure immunitate sistemak ez dezan gogorregi erantzun. Terapia horrekin, zeina onartua dagoen bularreko minbizian erabiltzeko, maskurikoan, urdailekoan, gibelekoan, kolonekoan eta biriketakoan, besteak beste, sendagai batzuk ematen zaizkio pazienteari mekanismo horiek blokeatu ditzaten eta kontrako eragina sortu: sistema neurriz kanpo bizkortzen da minbiziari hobeto aurre egiteko.

Antigorputz monoklonalekin egindako terapia. Antigorputz horiek berez sortzen ditugu eta lagundu egiten dute linfozitoek antigenoak ezagutu ditzaten germenen gainazaletan. Terapia hori baimenduta dago eta erabiltzen ari da, eta hauxe da funtsean: antigorputz horiek modu artifizialean diseinatu eta gorputzean sartzen dira, berez sortzen ditugunekin bat egin dezaten eta, horrela, minbizi-zelulak hobeto ezagutzeko mekanismoa indartu dadin (batzuk oso ongi ezkutatzen dira) eta desegin ditzan.

Immunomodulatzaileekin egindako terapia. Terapia hori ere erabiltzen da gaur egun minbizia tratatzeko; sendagai jakin batzuk ematen dira gure immunitate sistemaren jarduera modulatzeko eta linfozitoen jarduna areagotzeko, immunitate-zelulen erantzuna indartsuagoa izan dadin eta minbiziari modu eraginkorragoan egin diezaioten aurre.

Erradiazio zuzena tumorean: eraginkorragoa eta nahi gabeko ondorio gutxiagorekin
  • Protoi bidezko terapia. Pedro Prada onkologia erradioterapikoko zerbitzuburua da Valdecilla Ospitalean (Espainian ospitale publikoen artean horrek bakarrik eskaintzen die terapia hori pazienteei). Hark adierazi digu zer-nolako aldea dagoen teknika horren eta erradioterapia tradizionalaren artean. “Fotoi bidezko erradiazioarekin (erradioterapia tradizionala) erradiazioa igortzen dugu tumoreak erasandako gunean, eta fotoi sortak zeharkatu egiten du gunearen lodiera guztia. Imajina dezagun sabelaldea tratatzen ari garela. Alde batetik sartzen da fotoi sorta, dosi bat tumoreari ematen zaiola, eta beste aldetik irteten da, baina erasan gabeko beste gune batzuei ere eragiten die. Protoiekin, dosia organismoan sartzen da eta tratatu beharreko gunean gelditzen da. Energia guztia tumorera joaten da, eta ehunari ez dio kalterik egiten”. Horrek espezialistei aukera ematen die dosia handitzeko tumorea dagoen gunean, eta hori oso garrantzitsua da, zenbat eta erradiazio gehiago izan, orduan eta gehiago sendatzen baita. “Dosi egokiarekin, zelula kaltegarririk ez da gelditzen bizirik, baina askotan fotoi bidezko erradioterapiarekin ez dezakegu egin, dosia egitura osasuntsuetara ere iristen baita”, zehaztu de Pradak.
  • Brakiterapia. Barne erradioterapia da, eta bizi kalitate hobea eskaintzen dio pazienteari. Erradiazio teknika interbentzionista da, eta kateter baten laguntzarekin, organismoko edozein zatitara iristen da eta erradiazio dosia sartzen du tumorearen muinean bertan. “Dosi asko ematen dugu tumorean eta ez osasuntsu dauden egituretan. Terapia konplexuagoa da, langile trebatuak eta ebakuntza-gelak behar direlako, baina oso eraginkorra. Horrekin tratatzen ari gara saio bakar batean eta modu anbulatorioan prostatako tumoreak, bularrekoak eta beste ginekologiko batzuk”, azaldu du espezialistak.
  • Onkotermia. Tumore-zelulei erasotzen dien beste teknika bat da, eta zaurgarriago bihurtzen ditu tratamenduaren aurrean (erradioterapia edo kimikoa). Tumore-zelulen tenperatura igo eta ezegonkortasun egoera bat sortu nahi izaten da, sentiberagoak izan daitezen kimio edo erradioterapia bidezko tratamenduen aurrean. “Laguntza tratamendu bat da. Tumore bat aurreratua badago eta kimio edo erradioterapia ematen badiogu, onkotermia batzen denez, emaitza hobeak lortuko ditugu”, adierazi du Pedro Pradak.
  • Intraoperatorioa. Erauztea eta erradiazioa ematea aldi berean. Horixe da erradio intraoperatorioa. “Elektroi azeleragailu bat izaten dugu ebakuntza-gelan, eta ebakuntzan bertan tumorea erauzi egiten dugu eta erradiazioa sartzen, dosi asko emanez denbora gutxian eta behar duen gunean, osasuntsu dauden errai eta ehun guztiak baztertuta”, azaldu du Pradak.

Txertoak: hurrengo pausoa

Gaur egun badugu birus batek eragiten duen minbizi baten aurkako txertoa, giza papilomarena, zeinak umetokiko minbizia eragiten duen. Erresuma Batuan egin duten ikerlan batek dioenez, txerto horri esker 36.000 emakume libratu dira minbizitik, eta herrialde hartan duen intzidentzia (14 eta 16 urte arteko neskatoei ematen hasi zirenetik) %87 apalagoa da. B hepatitisaren aurkako txertoak ere lagundu egin du gibeleko minbizia izateko arriskua murrizten gaixotasun kroniko hori duten pertsonen artean. Baina ez da hain erraza birus batek eragiten ez dituen gainerako minbizien aurkako txertoa aurkitzea. Egia da ikertzen ari direla eta batzuk fase aurreratuetan daudela, baina, itxura guztien arabera, minbizi bat tratatu eta sendatu ondoren jartzeko txertoak izango dira, gorputzean gelditu den edozein minbizi-zelula erabat hiltzeko, eta, gainera, bestelako terapia eta sendagai batzuekin konbinatuko dira. “Beste ikerketa lerro batean, txerto bat sortu nahian ari dira minbizi mota jakin bat sortzeko arrisku gehien duten pertsonentzat, baina oraingoz ez du eman emaitza handirik”, adierazi du Fernando Riverak.

Kirurgia robotikoa: min gutxiago eta zehaztasun handiagoa.

Kirurgiak zeregin oso garrantzitsua du minbizi bat sendatzeko garaian, eta, bereziki, robotikoak. Teknika horrek robot baten besoan instalaturik dauden tresna txikiak erabiltzen ditu kirurgialariak modu digitalean kontrola ditzan (ebakuntza gelan egon gabe ere egin dezake). Kirurgia horretan ebaki txikiak egiten dira, kirurgia tradizionalean baino askoz txikiagoak, eta ez da hain inbasiboa. Ordenagailuari esker, kirurgialariak hobeto ikusten du gunea, eskuetan ez da dardararik izaten eta esterilizazioa handiagoa izaten da. Kirurgia mota horrek baditu muga batzuk, tumore jakin batzuetan bakarrik erabil daiteke eta.

“Eraginkorra izan dadin, metastasi gutxi egon behar dute”, adierazi du Fernando Riverak. Hori hala izanik ere, ebakuntza horietan gertatu den berrikuntza teknologikoak onura handia ekarri dio pazienteen bizi kalitateari. Kirurgia robotikoari esker, kirurgialariek oso tumore konplexuak kendu ahal izan dituzte, eta abantaila batekin gainera, indarberritzeko prozesua askoz ere azkarragoa izaten dela, ospitalean denbora gutxiago egin behar dela eta konplikazio gutxiago sortzen dela (odol gutxiago isurtzen da eta infekzioak ere bakanago agertzen dira).

Adimen artifizial berria

Adimen Artifiziala dagoeneko erabiltzen da minbiziaren diagnostikoa egiteko, baina luze gabe tratamendu hobea eskaintzen lagunduko du kasurik konplexuenetan, adibidez biriketako minbizian, zeinak mutazio asko izaten duen. Diziplina horrek milaka irudi hartzen ditu tumore jakin bat duten pazienteenak (erresonantzia, mamografia, ekografia, PET), eta horien datu asko aztertzeko gaitasuna du algoritmo multzo batzuen bidez; erradiologoei aspalditik ematen die laguntza ona tumore asko garaiz antzemateko, eta horrek ugaritu egiten ditu sendatzeko aukerak.

Baina Adimen Artifizialaren ikerketa harago doa minbiziaren arloan, eta, adibidez, sistema berriak lantzen ari dira gaur egun Deep learning teknologiarekin (Ikaskuntza sakona); horrek hobetu egin ditu algoritmo tradizionalak eta, azken urteetan, lagundu egin du bularreko minbiziaren susmoa sortzen duten lesioak antzematen eta gezurrezko positiboak eta negatiboak murrizten. Erradiogenomika da Adimen Artifizialeko beste berrikuntza bat; horrek ere irudi medikoak erabiltzen ditu, eta aztertu egiten du irudi horren ezaugarriek eta tumorearen genetikak duten harremana.

Minbiziaren aurkako borrokan Adimen Artifizialak duen etorkizunaren eta ahalmenaren erakusgarri, Europako Batasunak I3LUNG proiektua onartu du berrikitan. Europako zenbait ospitalek sustatu dute, eta helburua da plataforma bat sortzea biriketako minbizia duten edo hartatik osatu diren milaka pazienteren informazioa aztertzeko eta, hartara, espezialistek modua izatea minbizi mota horri aurre egitean aurkitzen dituzten zailtasunei aurre egiteko. 

Ohiturak aldatzea arriskua murrizteko

Berrikuntza horrek guztiak lor dezake minbizia sendatzea, baina ez dezakegu uste izan gaixotasun hori desagertu egingo dela. Zientziak armarik onenak eman dizkigu aurre egiteko eta garaile ateratzeko askoz aukera gehiago, baina oraingoz zientzialariek ez dute iragarri desagertu egingo denik. Hala ere, guk geuk askoz gehiago egin dezakegu gaitza ez dadin agertu. Ez da ahaztu behar hiru minbizitatik bat prebenitu egin daitekeela bizi ohitura osasungarriekin: ez erre, alkohol kontsumoa murriztu, ariketa egin, elikagai prozesatu gutxiago jan, trans gantzak kendu eta zuntza, fruta eta berdurak maizago hartu. Garaiz antzematea ere garrantzitsua da: C hepatitisaren aurkako txertoa eta giza papilomaren aurkakoa hartzea, ohiko azterketa ginekologikoak egitea eta gorozkietan odol analisiak koloneko minbizia antzemateko.

Haurren minbizia: desberdina eta konplexuagoa

Gaixotasunen erruz hiltzen diren haurren artean, minbiziak eragiten du heriotza gehien. Azken urteetan, biziraupen tasak hobetu egin dira, eta tumore hematologiko batzuetan, adibidez leuzemia akutu linfoblastikoetan %90etik gorakoak dira (azken minbizi horretan, muinak linfozito gehiegi sortzen du, eta horixe da ohikoena haurren artean). “Karakterizazio molekular aurreratuari esker lortu da hori neurri handian. Hau da, gaixotasuna zer-nolako mutazioak agerrarazi duen zehaztu ahal izateari esker; horrek lagundu egin digu ez bakarrik diagnostikatzen, baita zenbaitetan tratamendu pertsonalizatuak eskaintzen ere. Hobetu egiten du pronostiko txar-txarra zuten pazienteen biziraupena”, azaldu du Víctor Galan medikuak, La Paz Ospitaleko Hemato-Onkologia Pediatrikoko Zerbitzuan aritzen denak.

Haurren minbizia desberdina da helduenarekin alderatuta. Helduarena, gehienean, zelulen zahartzeak eragiten duen gaitza da. Pediatrian, ordea, minbiziak osagai genetiko handiagoa izaten du, eta horri buruz ere gero eta gehiago dakigu. “Immunoterapiaren bilakaerak aurreapen handia ekarri du haurren minbiziaren aurkako borrokan”, adierazi du onkologoak. Protoiterapia ahaztu gabe, zeinak lagundu egin duen elektroiak darabiltzan erradioterapia klasikoaren eraginkortasuna mantentzen, baina toxikotasuna murriztuz, eta horrek bereziki interesgarria egiten du nerbio sistema zentraleko tumoreetarako, zeinak oso ohikoak diren pediatrian. “Haurrak hazten ari diren organismoak dira, eta erradiazioarekin osasuntsu dauden egiturak ukituz gero, eragotzi egin dezakegu bilakaera normala izatea. Haurrekin erabiltzen den protoiterapiaren abantaila da tumorea desagerrarazi egingo dugula nahi gabeko ondorio gutxiagorekin eta, batez ere, tratamenduak ez duela eragotziko garapen normalarekin jarraitzea”, zehaztu du Pedro Pradak, Valdecilla Ospitaleko Onkologia Erradioterapikoko buruak.