287 finantza-produktu aztertu ditugu 32 finantza-erakunderen 100 sukurtsaletan

Erakundeek gordailuak, zor-agiriak eta inbertsio-funtsak gomendatzen dizkiete nagusiki inbertsiogile txikiei

Zor-agiriak ere gorantz ari dira, bankuek eta kutxek kapitala behar dute eta
1 martxoa de 2012
Img tema de portada listado

Erakundeek gordailuak, zor-agiriak eta inbertsio-funtsak gomendatzen dizkiete nagusiki inbertsiogile txikiei

Diruak ez omen du zorionik ekartzen, baina egoera ekonomikoa hainbeste zaildu den honetan, funtsezkoa da jakitea zer egin litekeen gure aurrezkiak ongi erabiltzeko. Espainiako Estatuan, etxeetako aurrezkia 18.486 milioi eurokoa izan da 2011. urteko hirugarren hiruhilekoan (3.562 milioi euro apaldu da aurreko urteko garai berarekin alderatuta). Kontsumitzaile txikiak aurrezki horiek non inbertitu ditzakeen aztertu nahi izan du EROSKI CONSUMERek, apustu seguru eta etekintsuak zein izan daitezkeen jakiteko. Horretarako, urtarril bukaeran, 32 finantza-erakunderen 100 bulegotara joan dira aldizkariko teknikariak, honako 18 hiru hauetan: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Kordoba, Logroño, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Santander, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza.

Teknikari bakoitza, ohiko erabiltzailea balitz bezala, 6.000 euro inbertitzeko asmoz joan da bankuetara (lehendik ez zen bezero), eta nolako finantza-produktuak eskura ditzakeen galdetu du 32 erakundeetako bakoitzean: Bancaja, Caja Madrid eta Caja Rioja (Bankia); Banco Popular; Banesto; Bankinter; Bankoa (Crédit Agricole); BBK, Vital Kutxa eta Kutxa (Kutxabank); Sabadell, Banco Herrero, Banco Guipuzcoano (Sabadell); BBVA; CAI; Caixa Bank; Caixa Galicia (Novacaixagalicia); Caja Cantabria; Caja Círculo; Caja España-Caja Duero; Caja Murcia; Nafarroako Rural Kutxa; Cajasol eta Nafarroako Aurrezki Kutxa (Gizabidezko Banka), Cajastur; Cajasur; CAM; Catalunya Caixa; Ibercaja; ING Direct; Banco Santander; eta Unicaja. Bisita horietan, gordailuak eskaini dizkiete teknikariei, inbertsio-funtsak eta zor-agiriak ere bai, baina, gehienbat, gordailuen aldeko apustua egin dute bankuetako langileek, produktu seguruak baitira, kapitala bermatzen dutenak. Oso deigarria izan da zor-agirien goraldia: asko hedatu dira aurrezki-formula gisa, eta, nagusiki, finantza-erakundeen kapital-beharrak bultzatuta. Ildo horretan, bezeroei eskaini dizkieten bost zor-agiritatik bi Banco Santanderrenak izan dira.

Eskaintza

EROSKI CONSUMERi, guztira, 287 produktu eskaini dizkiete 6.000 euroak inbertitzeko. Gehien, gordailuak eskaini dizkiete (halakoak izan dira eskaintzen % 45), zor-agiriak ondoren (% 22) eta inbertsio-funtsak gero (% 13). Hiriz hiri aztertuta, Madrilen eta Oviedon eskaini dituzte gordailuak gehien; inbertsio-funtsak Murtzian; zor-agiriak Sevillan; gordailu konbinatuak Oviedon; aurrezki-kontuak Madrilen eta Gasteizen; eta akzioak, A Coruñan.

Bestelako produktu batzuk ere iragartzen saiatu dira saltzaileak. Honako hauek: aurrezki kontu-korronteak (bost bisitatatik batean), aurrezki-planak (zortzitik batean), burtsako inbertsioak (sei alditan bakarrik), aurrezki-aseguruak (lautan), pentsio-planak (behin), Estatu-obligazioak (behin) eta altxor-bonuak (beste behin).

Ia ez da alderik izan bankuen eta kutxen artean, nahiz eta kutxek joera gehiago agertu duten gordailuak eskaintzeko (produktuen % 52 izan dira gordailuak kutxetan, eta % 40 bankuetan). Arrazoia? Kutxek banku-izaera hartzera joko dutela. Higiezinen burbuilak eztanda egin duenetik, finantza-erakundeei kapital gehiago eduki dezatela eskatzen diete; eta kutxek, ahulagoak direnez, fusioak egin behar izan dituzte edo beste erakunde batzuen menpeko izatera pasatu behar izan dute, eta banku-itxura hartu.

Gordailuak, zor-agiriak eta inbertsio-funtsak

Guztira, 128 gordailuri buruzko informazioa jaso dute teknikariek. Ia finantza-erakunde guztiek eskeini dute produktu mota hori, salbu eta Bancajak, ING Directek eta Unicajak. Gordailua da produkturik seguruena, bermatu egiten baitu inbertsioa, nahiz eta bankuak edo kutxak porrot egin. Hori gertatuko balitz, Gordailuen Berme-Funtsak itzuliko lioke dirua, 100.000 euroko mugarekin.

Bigarren aukera gisa, 62 zor-agiri eskaini dizkiete hamabi finantza-erakundetan: Bancaja, Banco Herrero, Banco Popular, BBVA, Caixa Galicia, Caja España-Caja Duero, Caja Madrid, Caja Rioja, Catalunya Caixa, Sabadell, Banco Santander eta Unicaja. Bostetik ia bi Banco Santanderrenak izan dira. Errenta finkoko aktiboak dira zor-agiriak, eta bigarren mailako merkatuan negoziatzen dira (AIAF). Azken hilabeteetan, nabarmen egin du gora produktu mota horrek, nahiz eta kontsumitzaileek dirua gal dezaketen horiekin. Komeni da jakitea ezerk ez duela bermatzen erosi baino prezio hobean salduko direnik, eta horien likidazioa edo kitapena erakundearen egoera ekonomikoaren araberakoa dela; hau da, erakundeak porrot egingo balu, produktu horiek ez daukate ezein berme-erakunderen babesik.

Apenas aurkitu dugu alderik gure azterketan banku eta kutxen artean

Argi dago, beraz, zor-agirietan inbertitzeak arriskuan jartzen dituela aurrezkiak. Hori horrela izanagatik ere, zor-agiriak eskaini dituzten saltzaileen % 87k bezeroari adierazi diote % 100ean bermatzen zaiola inbertitu duen kapitala, eta % 19k soilik jakinarazi diote produktu horiek erakundearen beraren bermea baino ez dutela, eta ez berme-funts batena, gordailuek daukaten bezala. Nola liteke, orduan, finantza-erakundeek bezeroei zor-agiriak eskainiz jarraitzea? Erakundeek kapitala behar dute uneotan, Europako Batasunak Basileako azken hitzarmenean ezarri dituen baldintzei erantzuteko (bankuen legediari eta erregulazioari buruzko gomendioak eman ditu), eta horregatik hartu dute joera hori. Hitzarmen horretan, kontrol gehiago eskatzen du EBk eta kontuak onbidera ditzaten galdegiten die finantza-erakundeei, produktu toxikoei edo etorkizunean sor litekeen berankortasunari aurre egiteko. Hori guztia jakinda ere, kontsumitzaileak produktu horien alde egin nahi badu, eta zor-agiriak aukeratzen baditu zuhur jokatu behar du eta zaindu egin behar du agiri horiek jaulkitzen dituen erakundearen rating delakoa (zorraren kalitatea), aski kaudimen baduela jakiteko eta, beraz, erakunde hori finantza-konpromisoei aurre egiteko moduan dela.

Azkenik, 38 inbertsio-funts eskaini dituzte bisitatu ditugun 18 finantza-erakundetan. Era askotakoak daude horien artean: errenta finkokoak (obligazioetan, bonuetan, letretan eta zor-agirietan inbertitzen dute), aldakorrekoak (akzioetan inbertitzen dute) eta mistoak (errenta finko eta aldakorrekoak).

Kontuz komisioekin

Komisioek gastu gehigarria ekartzen diote kontsumitzaileari, baina askotan ez da horretaz ohartzen. Teknikariei eskaini dizkieten produkturik gehienek (% 89k) ez dute eduki komisiorik, aurrez aurreko harremanetan saltzaileek adierazi bezala. Eskaini dituzten 287 produktuetatik 23tan soilik ezarri dituzte, eta inbertsio-funtsak izan dira gehienak, salbu eta BBVAko aurrezki-kontu berezi bat, Banco Santander eta Bankiterrek burtsan inbertitzeko aurkeztu dituzten bi produktu eta Sabadellek eskainitako Estatu-obligazioak. Azkenik, bost erakundetan ez dute esan komisiorik kobratuko duten edo ez.

Ildo horretan, garrantzitsua da jakitea ezein gordailuk edo IPFk (epe finkorako diru-ezarpena) ez daukala komisiorik. Hori bai, baliteke horiei atxikitako produktuek komisioak edukitzea, ohikoa izaten baita erakundeek kontu-korronte bat eskatzea kapitalak sortu dituen interesen kitapena egiteko aldian behin. Gainera, epe jakinera kontratatu diren gordailuek aukera ematen dute epea bete baino lehen gordailua ezeztatzeko, erakundeak berak ezarritako komisio bat edo zigor bat ordainduz.

Bestalde, inbertsio-funtsetan inbertitzeak hiru komisio mota ordaintzea dakar berekin: gordailu-komisioa (inbertsio-funtsean hartu diren aktiboak gordeko dituen erakundeak kobratzen du), kudeaketa-komisioa (kudeaketa-enpresak kobratzen duena da, funtsean inbertitu den kapitalaren gestioa egiteagatik) eta diru-itzultzearena eta/edo harpidetzearena (salerosketagatik). Azterketa honetan, bisitaturiko finantza-erakundeek % 0,05 eta % 0,10 arteko komisioa ezarri diote lehenengoari (% 0,2koa ezar dakieke, gehienez), % 0,40 eta % 1,65 artekoa bigarrenari (funtsa zer-nolakoa den, gehienezko muga bat edukiko du), eta % 4 eta % 5 artekoa hirugarrenari (etekinen arabera edo ondasun arabera ezar daiteke).

Dirua eskuratzea eta zigorrak

Bezeroak ba al du modurik inbertitu duen kapitala eskuratzeko, produktuaren iraupen-aldia bete aurretik? EROSKI CONSUMERen teknikariei baietz erantzun diete % 71tan, eta % 9tan esan diete baldintza jakin batzuetan soilik egin daitekeela hori. Produktuz produktu aztertuta, gordailuen % 73tan, kontsumitzaileak nahi duenean eskura dezake dirua, eta berdin egin dezake inbertsio-funtsen % 63tan eta aurrezki-kontuen % 100ean. Ez, aldiz, zor-agirietan: horien % 61ean ez dago inolako aukerarik diru hori eskuratzeko iraupen-aldia bete aurretik.

Eta dirua eskuratuz gero, jartzen al dute inolako zigorrik? Gehienean bai. Halaxe gertatzen da, esaterako, eskaini dituzten gordailuen % 71tan eta inbertsio-funtsen % 66tan; aurrezki-kontuen % 79tan, aldiz, ez dute zigorrik ezartzen. Jakin beharra dago gordailuetan dirua eskura daitekeela (kopuru osoa edo zati bat), baina gehienean zigor-tasaren bat ezartzen dutela, % 0,50etik % 2,00 bitartekoa, produktuaren arabera. Inbertsio-funtsetan, oro har, bestelakoa izaten da joera nagusia, eta batzuetan zigorra ezartzen duten arren dirua epea jakin bat igaro baino lehen ateratzeagatik (hilabete bat, hiru hilabete, urtebete…), gehienetan ez dute halakorik egiten (funtsaren esku-orrian agertu behar du baldintza horrek). Eta aurrezki-konturik gehienak ere salbuetsita egoten dira zigor horietatik, non eta ez diren zorpekoak edo ez diren zorretan utzitakoaren erreklamazioak.

Epeak, gutxieneko inbertsioa eta zergak

Era askotako produktuak eskaini dituzte erakundeek, eta horrek asko zaildu du epeei, gutxieneko inbertsioari eta zergei dagokien azterketa. Hala ere, ondorio batzuk atera ahal izan ditugu, eta produktuen iraupen-aldiari dagokionez, adibidez, aldeak antzeman ditugu. EROSKI CONSUMERek sortu duen kontsumitzaile mota kontuan hartuta (6.000 euro aurreztu dituen pertsona bat), eskaini dizkieten gordailu eta zor-agiriak epe motzerakoak izan dira: zehazki, urte eta erdi arteko epea eduki dute gordailuen % 74k eta zor-agirien % 97k. Inbertsio-funtsak, aldiz, beste bi horien ondotik gehien eskaini dituzten produktuak, alegia, epe luzeagora begirakoak izan dira: 2 eta 3 urte arteko iraupena eduki dute % 60k.

Aurrezki-produktu bakoitzak zenbateko inbertsioa eskatzen du, gutxienez? Faktore askoren araberakoa izaten da hori. Askotan ez dute ezartzen gutxieneko kopururik (adibidez, euro batekin ere ireki daiteke kontu bat), baina beste batzuetan bai, nahiz eta produktu eta erakunde bakoitzak bere irizpideak jartzen dituen, beren merkatu-helburuen eta produktu bakoitzaren ezaugarrien arabera. Teknikariei eskaini dizkieten hamar produktutatik ia hirutan, erakundeek 600 euroko gutxienekoa finkatu dute, batez ere gordailu konbinatuentzat, zor-agirientzat eta inbertsio-funtsentzat.

Jakina denez, produktu bat edo bestea hautatzeko orduan, errentagarritasunari begiratu behar zaio. Gure azterketan, produktu guztiak aintzat hartuta (287), gordailuek % 1,19 eta % 4,55 arteko errentagarritasuna eduki dute, bost zor-agiritatik ia lautan ez da izan % 4tik gorakoa, eta errenta finkoko inbertsio-funtsetan (halakoak izan dira eskaini dituztenen % 82), % 1,37 eta % 4,5 artekoa izan da. Eta noiz ordaintzen dituzte interes horiek? Iraupen-aldia bukatzean ordaintzea izan da ohikoena, baina beste aukera batzuk ere eskaini dituzte: urtean behin ordaintzea, sei hilez behin, hiru hilez behin eta hilero.

Baina irabazi guztiak ez dira bezeroarentzat, Ogasunak ere hartzen du bere zatia, zergen bidez. Aurrezkiaren oinarri zergagarriari % 21eko karga ezartzen zaio, kopuru bat edo bestea izan, 2012. eta 2013. urteetako zergaldietan. Saltzaileek, ordea, eskainitako produktuen erdietan soilik eman dituzte argibide horiek, eta hirutik batean, gainera, okerreko datua eman dute (% 19ko karga dutela jakinarazi dute, baina hori 2011. urteari dagokio).

Kontu atxikiak

Azterketa egiteko, EROSKI CONSUMERek teknikari bat bidali du finantza-erakundeen bulegoetara, ohiko kontsumitzaile bat izango balitz bezala. Kontsumitzaile hori une horretan ez zen banku edo kutxa horietako bezeroa. Hori dela eta, bisiten % 93tan, aurrezki-produktua eskuratzeko, kontu-korronte bat irekitzera behartu dute bezeroa. Zazpi sukurtsal baino ez dira izan halakorik eskatu ez dutenak: horietako bitan jakinarazi dutenez (BBVA eta Nafarroako Rural Kutxa, Iruñean), kontratatzen den aurrezki-produktuaren interesak ordaintzeko bakarrik balio du kontuak, eta gainerakoetan, beharrezko baldintza gisa ez jarri arren, behin eta berriz adierazi dute komeni litzatekeela kontua irekitzea (Banco Santander, Sabadell, Caixa Bank eta CAN).

Oro har, finantza-produktu bat kontratatzeko, kontu-korronte bat irekitzea da baldintza nagusia. Hori egiteak, ordea, beste baldintza batzuk betetzera behartzen du bezeroa, finantza-erakundera are gehiago lotuko dutenak. Kontu-korronte gehienek, izan ere, mantentze-gastuak izaten dituzte edo komisio batzuk (azken horiek saihestu daitezke soldata kontu horretan helbideratuz gero, eta zenbait zerbitzu ere bai batzuetan, argia, ura eta gasa, adibidez). Komisioak aurrezteko beste aukera bat izaten da diru pixka bat sartzea, 300 eurotik 1.000 euro bitartekoa, edo diru kopuru txiki bat edukitzea (1.000 euro eta 2.000 euro artekoa), edo hilean behin edo sei hilez behin diru-ekarpen bat egitea (BBVAn, adibidez, 12 euro sei hilez behin; BBKn, berriz, 30-40 euro hilean).

Zer gomendatzen dute erakundeek?

Gordailuak dira, duda gabe, finantza-erakundeek gehien gomendatzen dituzten produktuak. Gure teknikarien bisiten erdietan gomendatu dizkigute. Bi arrazoi nagusi eman dituzte horretarako: errentagarritasuna eta segurtasuna. Caixa Banken kasuan bisita guztietan eskaini zizkigu funtsak; Banestok, berriz, bostetik lautan; Sabadellek zazpitik lautan eta BBVA eta Banco Santanderren hamalautik bostetan.

Komeni da zor-agiria kontratatu baino lehen finantza-erakundearen rating delakoa ezagutzea

Gordailuen ondoren, finantza-erakundeek gehien gomendatzen duten produktua inbertsio-funtsak dira. Proportzioa, ostera, askoz txikiagoa da: seitik bisita batean gomendatu dizkigute. Errentagarritasun polita eta zerga-onurak dira funtsak gomendatzeko eman zaizkigun arrazoi nagusiak. Hirutik finantza-erakunde batek gomendatu dizkigu. Honako hauek: BBVA, Banesto, Banco Popular, Caja Madrid, Banco Santander, Bankinter, Caixa Galicia, Sabadell, Bankoa, Banco Guipuzcoano, Kutxa eta Caja España-Caja Duero. Kasu aipagarrienak BBVA eta Sabadell dira: lehenak 14 bisitatik 4tan gomendatu dizkigu funtsak eta bigarrenak 7tik 3tan.

Hirugarren produktu gomendatuena, baina besteen nahiko atzetik (100 bisitatik 12tan soilik gomendatu dizkigute) zor-agiriak izan dira. Bost finantza-erakundek eskaini dizkigute: Banco Santanderrek (bost bisitetan); Unicajak eta BBVAk (bina bisitatan); eta Banesto, Caixa Catalunya eta Caja Madridek (bisita banatan).

Zein dira nire eskubideak eta betebeharrak?

Legeak babestu egiten du kontsumitzailea bankuen aurrean. Kontsumitzaileak, beraz, jakin egin behar du zer eskubide dituen eta zeri erreparatu behar dion finantza-produktu bat kontratatzean:

Informatzerakoan…

  • Eragiketa edo finantza-produktua ongi ulertzeko informazio zehatz eta beharrezkoa eman behar du erakundeak.

Kontsumitzaileak aztertu eta alderatu egin behar ditu kreditu-erakundeek eskaini dizkioten produktuak, eta zalantzarik badu, horiek argitzeko eskatu behar du.

  • Funtsezkoa da norberaren aukerei eta beharrei ongien egokitzen zaien produktua bilatzea.
  • Arretaz erreparatu behar zaio interes-tipoek eta epeek osatzen duten konbinazioari (epe jakineko gordailu bat hartuz gero, ikusi egin behar da zer-nolako likidezia duen; hau da, diruaren zati bat edo diru guztia ateratzerik izango den epea amaitu aurretik, eta zenbateko zigorra ordaindu beharko den); horretaz gain, arreta jarri behar zaie bankuek ezartzen dituzten komisioei edo sor daitezkeen gastu guztiei.

Kontsumitzaileak aukera du erakundeek eskaintzen dioten eragiketaren edo produktuaren kontratu-ereduak zein diren jakiteko.

Produktu jakin bat kontratatu nahi bada…

Bezeroak kontratuaren kopia eskatu behar du, eta ongi gorde, uneren batean beharko balu ere.

Kontratatu ondoren…

  • Kontsumitzaileari hainbat agiri iritsi behar zaizkio: kontuaren laburpena ageri dutenak eta interesen eta banku-komisioen likidazioari dagozkion dokumentuak.
  • Finantza-erakundeak interes-tasak, komisioak edo eragiketen gastuak aldatzea erabakitzen badu, bezeroari jakinarazi behar dio aldez aurretik.
  • Kontsumitzaileak arretaz aztertu beharko luke erakundeak aldian behin bidaltzen dion informazioa ongi dagoen edo ez.
  • Bankuak edo kutxak prozedura bat eduki behar du bezeroen erreklamazio, kexa eta galderei erantzuteko, hark, uneren batean, desadostasuna agertu nahi balio ere eragiketaren baten inguruan edo beste zernahi zalantza argitu nahi balu.

Egiazko finantza-aholkulariak?

Kontsumitzaileek oso ohitura gutxi izaten dute finantza-munduan ibiltzeko. Hori dela eta, erakundeek adierazi egin behar liekete bezeroei, haiek ongi ulertzeko moduan, zer-nolakoa den eskaintzen duten produktu bakoitza: zer ezaugarri dituen eta, nola ez, zer arrisku eta abantaila.

Teknikariek egindako bisitetan, bostetik batean soilik artatu ditu finantza-aholkulari batek, banka-exekutibo batek edo sukurtsaleko zuzendariak edo zuzendariordeak. Aitzitik, 32 erakundetatik 15etan, komertzial batekin edo kudeatzaile batekin aritu dira.

Kontsumitzaileen oinarrizko eskubideetako bat izaten da erakundeek informazio egokia eta osatua eman diezaiotela, ongi uler dezan nolako eragiketa edo produktua ari zaizkion eskaintzen. Teknikariei, ordea, hiru bisitatatik batean soilik eman dizkiete dokumentazio osatua eta azalpen esku-orriak. Azkenik, nabarmentzekoa da bisitarik gehienetan (lautik hirutan) teknikariei oso tratu atsegina eskaini dietela.

Aurrezteko finantza-produktu nagusien glosategia
  • Kontu-korronteak. Produktu horrekin, oinarrizko banku-eragiketa guztiak egin ditzake erabiltzaileak: ordainagiriak eta soldata helbideratu, transferentziak egin eta beste finantza-produktu batzuk kontratatu (hain zuzen, kontu bat edukitzea eskatzen dute horretarako, dagozkion interesak han sartzeko). Kontu horiek, oro har, ez dira izaten oso lehiakorrak.
  • Epe Finkorako Gordailua. Kontsumitzaileak diru kopuru jakin bat ematen dio finantza erakunde bati aldi jakin baterako. Elkarrekin adostu duten epe hori igaro ondoren, erakundeak diru guztia itzultzen du, eta ordain gehigarri bat ere bai (hori ere adostua izaten da). Epe baterako gordailuek, gehienean, aukera ematen dute kontsumitzaileak epea bete aurretik atera dezan dirua, baina trukean, zigor ekonomiko bat ezartzen diote (irabazietatik kentzen diote).
  • Zor-Agiriak. Dokumentu bat da zor-agiria, bermerik gabea, eta horren bidez, erakundeak konpromisoa hartzen du pertsona bati diru kopuru adostu bat emango diola une jakin batean. Ordaintze-promes baldintzagabea ere esaten zaio konpromiso horri. Zor-agiri bat jaulkitzen duenari harpidetzailea esaten zaio, eta hartzen duenari, onuraduna edo hartzailea. Azken batean, errenta finkoko aktibo bat da, AIAF Merkatuan kotizatzen duena. Zor agiriak epe motzerakoak izaten dira, eta iraupen-aldia 7 egunetik 25 hilabete bitartekoa izaten dute, nahiz eta eperik ohikoenak hilabete batekoak, 3koak, 6koak, 12koak eta 18koak izaten diren.
  • Altxor-Letrak. Zor publikoko balioak dira, errenta finkokoak eta epe motzerakoak. Eskari bakoitzak, gutxienez, 1.000 eurokoa izan behar du, eta hortik gorako eskariek kopuru horren multiploak izan behar dute. Deskontuz jaulkitako balioak dira, erosterakoan gutxiago ordaintzen direnak dirua itzultzean baino. Enkante bidez jaulkitzen dira produktu horiek.
  • Estatuaren Bonuak eta Obligazioak. Zor publikoko balioak dira, Estatuaren Altxorrak jaulkitzen dituenak, bi urterako, gehienez ere. Interes periodikoa duten balioak dira, eta aktiboaren balio nominalaren portzentaje gisa adierazten da (ezaugarri horrek bereizten ditu altxor-letretatik).
  • Akzioak. Akzio bat enpresa baten kapitalaren zati bat da, eta zera adierazten du: elkarte baten zenbateko zatiaren jabe den pertsona bat. Balioen Burtsan negoziatzen da balioen salerosketa (elkarte edo konpainia anonimoen akzioena, adibidez). Akzioak, inbertsio gisa hartuta, errenta aldakorrekoak dira, ez baitute itzultzen kontratu bidez finkatutako kopuru jakin bat; enpresa nola doan, horren araberakoa izango da akzioak emango duena.
  • Inbertsio-Funtsak. Izaera juridikorik gabeko diru edo ondasun kopuru bat da, inbertsiogile guztien ekarpenekin osatzen dena. Kudeaketa-Elkarte batek kudeatzen du ondasuna, eta zaindu, berriz, Erakunde Gordetzaile batek zaintzen du. Kudeaketa-Elkarteak erabakitzen du zer baliotan inbertitu. Parte-hartze ziurtagiri batek adierazten ditu jabetza-eskubideak. Inbertsiogileek egiten dituzten ekarpenak finantza-aktiboetan inbertitzen dira, ahalik eta errentagarritasun handiena lortzeko. Honako aktibo hauetan, adibidez: akzioak, letrak, bonuak, obligazioak, produktu eratorriak… nahiz eta aktibo ez-finantzarioetan ere inberti daitezkeen (ondasun higiezinetan, artean…).
  • Pentsio-Planak. Epe luzerako aurrezki-produktuak dira, erretiroa hartzen den garairako pentsatuak. Horien bidez, osatu egiten da Gizarte Segurantzatik jasotzen den erretiro-saria. Aurreztaileak, lan egiteko adinean dagoen artean, diru kopuru jakin bat jartzen du aldian behin (ekarpenak esaten zaie), eta, horrela, erretiroa hartzeko garaia iristean, kapital bat edukiko du pilatua, eta hortik dirua hartu ahalko du.
  • Erretiro-Planak. Ez dira nahasi behar pentsio-planekin. Epe luzera aurrezteko balio dute, erretiro-sari publikoaren osagarri. Bizitza-aurrezki aseguruak dira, aurreztaileak kapital bat metatu dezan erretiroa hartzen duenerako edo bestela, hiltzen denerako. Erabiltzaileak diru kopuru jakin bat jartzen du aldian-aldian, eta kapital aseguratua jasoko du kontratua amaitzen denean (bizirik badago), edo kontratua amaitu aurretik jasoko du elbarri geratzen bada edo hiltzen bada (kasu horretan, haren oinordekoek jasoko dute dirua).
  • Aurrezki-Aseguruak. Aurrezki-aseguru bat kontratatzeko, gutxieneko diru kopuru bat jarri behar da, baina ez da izaten osoa handia: 300, 600 edo 1.000 eurotik hasten da. Hor daude, besteak beste, pentsio-plan bermatuak (PPA) edo sistematikoki aurrezteko banakako planak (PIAS). Bi produktu horietan, pentsio-planetan bezala, urtean 600 euro inguruko diru-ekarpenak egin behar dira. PPAn, PIASen bezala, ezin da inbertitu urtean 8.000 euro baino gehiago 50 urtetik behera edukiz gero, edo urtean 10.000 euro baino gehiago adin horretatik gora edukiz gero. PIASen, berriz, ezin da inbertitu urtean 8.000 euro baino gehiago (berdin du zer adin duen PIASen izenpetzaileak), ez eta 240.000 euro baino gehiago ere produktuaren iraupen-aldi guztian.