Bada aski arrazoi birziklatzeko

Birziklatzeak onura handia egiten die ingurumenari, ekonomiari eta osasunari
1 apirila de 2012
Img medioambiente listado 712

Bada aski arrazoi birziklatzeko

/imgs/20120401/medioambiente1.jpg
Keinu txikiek ondorio handiak ekarri ohi dituzte sarri askotan, eta birziklatzea izan daiteke horren adibiderik onenetakoa. Keinu txiki eta errazekin, mesede ugari eta handiak egiten zaizkie ingurumenari, ekonomiari eta osasunari. Birziklatuz, murriztu egiten da zabortegietako kutsadura eta hondakin kopurua, eragotzi lehengai berriak eskuratu beharra, energia aurrezten da eta klima-aldaketari aurre egiten zaio, produktu berriak sortzeko modua ematen du, lanpostu berdeei eusten laguntzen du eta bizitzak salbatu ere egin ditzake. Bada aski arrazoi, beraz, birziklatzeko.

Murriztu egiten da zabortegietako kutsadura eta hondakin kopurua

Hondakinak -batzuk arriskutsuak dira- inolako kontrolik gabe naturaren gain botaz gero, kalte larria egin dakieke florari eta faunari, eta kutsatu egin daitezke ibaiak eta akuiferoak. Birziklatuta, aldiz, eragotzi egingo dugu hondakinek era horretan buka dezaten edo zabortegietara eraman ditzaten, zeinak gero eta beteago baitaude. Horra datu bat: beirazko 3.000 botila birziklatuta, 1.000 kilo zabor sortzeari uzten zaio, eta % 20 murrizten da airearen kutsadura.

Hondakin organikoak, behar bezala bereizita, konposta egiteko erabil daitezke, eta konposta ongarritarako baliatuz, saihestu egiten dira ongarri industrial nitrogenatuak (ingurumenari kalte egin dio horien erabilera intentsiboak).

Eragotzi egiten da lehengai berriak eskuratu beharra

Hondakinak birziklatuz gero, ez da hainbeste lehengai eskuratu behar produktu berriak egiteko, birziklatu den hori bihurtzen baita lehengai:

  • Beira erabilia urtu eta itxura berri emanda, % 93 aurrezten dira materialak.
  • Paper birziklatuzko tona bakoitzeko, bost eta hamazazpi zuhaitz artean salbatzen dira, eta ur asko aurrezten da: 21.000 eta 50.000 litro artean.
  • Bi tona plastiko birziklatuk tona bat petrolio aurrezten dute.
  • Tona bat aluminio birziklatuta, lau tona bauxita erauzteari uzten zaio (mineral horretatik lortzen da metal hori).

Nola aurreztu energia eta nola aurre egin klima-aldaketari

Lehengai berriak erauzi, landu eta garraiatzeko prozesuek ere energia asko eskatzen dute, eta, gehienean, erregai fosiletatik lortzen da energia hori. Birziklatuz gero, energia gutxiago behar izaten da: beirazko botila bat birziklatzen den aldiro, 100 watt-eko bonbilla batek lau orduz behar lukeen argindarra kontsumitzeari uzten zaio.

Eta energia-kontsumoa murrizten duenez, klima-aldaketaren aurka egiteko ere balio du birziklatzeak. Kilo bat paper birziklatuta, 900 kilo karbono dioxido (CO2) isurtzeari uzten zaio, eta horixe da, hain zuzen, berotegi-efektua eragiten duen gas nagusietako bat.

Produktu berriak sortzen dira

Hondakinak birziklatu eta hortik lortzen diren materialekin, produktu berriak egin daitezke. Plastikozko ontziekin poltsak, zuntzak, hiri-altzariak edo eraikuntza-materialak egiten dira; aluminioak eta altzairuak ontzi eta xafla berriak egiteko balio dute; paperak eta kartoiak, berriz, kaxa bihurtzen dira, edo egunkari, bilgarri edo idazteko orri; eta beiratik botila eta objektu berriak lortzen dira.

Material birziklatuekin jatorrizko ontzia bezalakoak egin daitezke (beirarekin, adibidez) edo haiekin zerikusirik ez duten produktuak. Freskagarri-latak, esaterako, autoen gurpil-uztaiak egiteko erabil daitezke, brick-ak zapata-kaxak egiteko, eta PET plastikoarekin egindako botilak, jantzi polar bat egiteko.

Lanpostu ‘berdeei’ eusteko balio du

Birziklatze-sistemak ehunka laguni ematen die lana, eta horien ardura izaten da sistemak ongi funtziona dezan. Espainiako Estatuan, Ecovidrio eta Ecoembes erakundeek kudeatzen dituzte, hurrenez hurren, beira eta ontzi arin erabiliak. Irabazi asmorik gabeko erakundeak dira biak ere.

Bizitzak salba ditzake

Ospitaleetako larrialdi zerbitzuek izaten dituzten erabiltzaileen % 10 sendagaiak gaizki erabiltzeagatik joaten dira. Sendagai horiek birziklatzeko sistemak, beraz, herritarrek kontzientzia har dezaten balio behar du, tratamenduak ongi bete ditzaten eta beren kabuz botikarik har ez dezaten.

Ekologikoagoak izateko aholkuak
  • Ekologiaren zazpi arauei jarraitu: Gogoetatu egin behar da zerbait kontsumitu aurretik; baztertu produktu edo jarduera ez-ekologikoak (“erabili eta botatzekoak” edo bilgarri gehiegi daukatenak); murriztu eta behar-beharrezko dena soilik erabili; berrerabili, produktuek bizi luzeagoa eduki dezaten; birziklatu, materialak aprobetxatu eta zabortegira joan ez daitezen; ondasunak birbanatu, desorekei aurre egiteko; eta enpresei eta erakundeei eskatu behar zaie ingurumenaren aldeko jarduerak susta ditzatela. Zazpi arau horiek ikasi eta abian jartzen dituztenek lagundu egiten dute ingurumena zaintzen, eta, bide batez, dirua aurrezten dute.
  • Ibilgailu pribatua utzi eta garraiobide iraunkorrak erabili: Ibilgailu pribatua saihestea komeni da eta garraiobide publikoaren alde egitea edo ahalik eta gutxien kutsatzen duena hautatzea.
  • Energia gutxiago gastatu: Energia dezente aurrezten da aire girotuari edo berogailuari gradu bat edo bi jaitsiz gero eta tresna elektrikoak pausaldian (stand-by) ez utzita.
  • Ura modu eraginkorrean erabili: Bainatu beharrean, bost minutuko dutxa bat har daiteke, arropak garbitzeko ur hotzezko programak erabil daitezke eta txorrotetako ur-ihesak saihestu.
  • Etxean egindako produktu ekologikoak: Gure produktuak etxean eginda, dirua aurreztuko dugu, eta ekologikoagoak eta osasungarriagoak izango dira, gainera.
  • Papera aurreztu: Orriak bi aldeetatik erabil daitezke, fakturak formatu elektronikoan jaso eta paper birziklatua edo zigilu ekologikoa duena erabili.
  • Turista ekologiko egin: Ez da komeni hegazkinean bide luzeak egitea eta oporlekura iritsitakoan ingurumenari kalte egingo dioten jokabideak edukitzea: ur gehiegi erabiltzea edo hondakin asko sortzea.
  • Natura babestu, naturan bertan: Naturarekin gozatzea gauza ederra da, baina ingurua errespetatuz egin behar da hori.