Txakurraren higienea, muturretik isatsera
Txakurra ongi garbituta edukitzeak bermatu egiten du haren osasuna eta harekin bizi diren kideena ere bai. Familiako kidetzat hartzen da txakurra, eta hura garbitzeko zereginak ere familiaren ohiko ekintzetan txertatu behar dira. Bainatu, eskuila pasatu, hortzak eta belarriak garbitu… Funtsezkoak dira horiek guztiak txakurraren higienean, eta ongi egiteko, aski da aholku erraz-erraz batzuei jaramon egitea.
Txakurra eskuilatzea: eguneroko lehen higiene-ohitura
Txakurrari eskuila pasatzea da gure maskotaren higienea zaintzeko lehen urratsa, nahitaezkoa. Txakurrari zikindu egiten zaio ilea parkean paseatzen denean edo jolasean dabilenean, eta airean dauden gai kutsatzaileek ere zikindu egiten diote. Horregatik da garrantzitsua ilea egunero eskuilatzea, gorputzetik zikina kentzeaz gain, ilea sendotu egiten diolako eta larruazala eta ilearen oinarria osasuntsu egon daitezen laguntzen duelako, orraziaren hortzek ematen dioten masaje onuragarriari esker.
Ilea orrazteko maiztasuna aldatu egin daiteke ilearen beraren arabera (kizkurra den, leuna, luzea edo motza). Ilea korapilatua eta mordoilotua duen txakurrari, adibidez, egunean behin baino gehiagotan pasatu beharko zaio eskuila.
Zenbat eta lehenago hasi txakurra eskuilatzen, hainbat eta lehenago onartuko du ilearen higienea zaintzea ohiko ohituretako bat dela, txakurra, izan ere, ohiturek gidatzen duten animalia da eta. Ilea maiz-maiz orrazteak, gainera, estutu egin dezake jabearen eta maskotaren arteko harremana. Orrazteko garaian laztanak eta hitz atseginak esateak lagundu egiten du txakurra erosoago senti dadin.
Bainua
Urarekin eta xaboiarekin bainatuta osatuko dugu gure txakurraren ileak eta larruazalak behar duen garbitasuna. Hirian bizi den txakur bat hilean behin bainatu behar da ile luzea badu, eta bi edo hiru hilez behin ile motza badu.
Bainuko urak txakurraren ohiko gorputz-tenperaturan egon behar du (39 ºC-koa izaten da, batez beste, pertsonena baino bi gradu gehiagokoa). Kontu pixka bat eduki behar da txakurra garbitzeko erabiltzen den produktua begietara ez joateko, eta belarrietan urik ez sartzeko neurriak hartu behar dira: oso erabilgarria izaten da, adibidez, kotoizko tapoitxo batzuk jartzea belarrietan.
Txakur bakoitzak bere xanpua
Merkatuan hainbat produktu agertu dira txakurrak bainatzeko (pertsonentzako direnek ez dute balio, gure larruazalak beste pH bat daukalako eta txakurrari kalte egin diezaioketelako). Xanpuen artean, badira larruazal oso sentiberentzat direnak, erreakzio alergikoak edukitzeko joera dutenentzat modukoak, baita ile mota jakin batentzat eginak daudenak ere: motza, luzea, kizkurra, iluna edo argia. Txakurraren ezaugarrietara ongien egokitzen dena hautatzea da kontua. Albaitariak esango digu inork baino hobeki zer-nolako xanpua komeni zaion txakur bakoitzari.
Hats gaiztorik ez
Hortz-haginak ongi garbitzea da modurik onena txakurrak hats gaiztorik eduki ez dezan. Gainera, eragotzi egiten ditu ahoan ager daitezkeen infekzioak eta bestelako gaitzak (hortzoietako hanpadurak, jateko zailtasunak edo zenbait eritasun larri, giltzurrunei edo gibelari eragin diezaioketenak). Txakurrari astean bitan hortz-haginak eskuilatzeko ohitura hartuz gero, arazo horietako asko saihestea lortuko dugu.
Begiak, makarrik gabe
Begiak zaintzea ere oso garrantzitsua da, eta horiek garbitzeko ohitura ere finkatu egin behar da. Txakur askok, adibidez, makarrak izaten dituzte begietan, eta traba egiteaz gain, itsusiak ere badira. Arazo hori konpontzeko, aski da gazur fisiologikotan bustitako gazekin kentzea. Horrela eginez gero, eragotzi egingo dugu begietan infekzioak sor dakizkien (konjuntibitisa, adibidez).
Belarri osasuntsu eta garbiak
Astean behin, behintzat, eman behar zaie begiratu bat txakurraren belarriei, batik bat belarri handiak dituztenei: pabiloi handi-handiak izaten dituzte, eta ez dute uzten airea entzunbideetan sar dadin; ondorioz, kosta egiten da zikinkeria berez kanpora atera dadin korronteak bultzatuta.
Belarri motzak dituzten txakurrekin, berriz, aski da belarriak hilean bitan garbitzea. Behatz erakuslean gaza bat bilduta egin daiteke hori, eta, horrekin batera, entzunbideetako argizaria kentzen duten produktu bereziak ere erabil daitezke.
Txakur polit eta osasuntsuak
Ilea luze leuna edo ile kizkurra duten txakurrei maiz samar moztu behar zaie ilea, korapiloak egiten zaizkie eta. Gaur egun, badira txakurrentzako apaindegi espezializatuak, zeregin horretarako prestatuak daudenak. Bestalde, garrantzitsua da animaliaren azazkalak zaintzea eta moztea, batez ere azazkalak berez gastatzeko joerarik ez dutenei. Albaitariak lagunduko du zeregin horretan, txakurrari ohiko azterketak egiten dizkionean.