Salgaiak hegan
Iluntzeko zortziak. Gautu du Gasteizko aireportuan. Askok eta askok lanaldia bukatu duten garaian hasten dute berea beste zenbaitek. DHLko langileek, esate baterako. Salgaiak garraiatzen aritzen da enpresa hori, eta Gasteizen dauka aire-garraioko gune nagusia. Espainia, Portugal eta Frantzia hegoaldetik iristen diren salgaiak txukun sailkatu ondoren hainbat lekutara banatzen dituzte.
Egunean 16.000 pakete ere bai
Furgoneta andana bat iritsi da enpresaren nabera, eta hantxe utzi du bakoitzak bere zama, Asturiastik, Kantabriatik, Euskal Herriko hainbat lekutatik… ekarria. Gauza guztiak ongi kalkulatu eta neurtu behar dira, akatsik txikiena ere garesti ordaintzen baita esportazioez ari garenean: zenbait minututako atzerapenak galera ekonomiko handiak eragin ditzake. Paketeak hartu, eta arraboleraino eramaten dituzte orga-gidariek; han, Guardia Zibila begira dagoela, X izpien eskanerretik pasarazten dituzte banan-banan. Bidaiarien hegaldietan bezala, salgaienetan ere oso-oso zorrotz zaintzen dute segurtasuna. Lanegun bakarrean 16.000 pakete jartzen dituzte helmugarako bidean: eskanerretik pasatu, zinta batean bidali eta hainbat langilek eskuz sailkatzen dituzte, helmugaren arabera, bakoitza bere edukiontzian. Diseinu bereziko ontziak izaten dira, hegazkinen fuselajera ongi egokitu daitezen. Edukiontzietan garraiatzea seguruagoa, eraginkorragoa eta merkeagoa da.
Zama, doi-doi orekatua
Aldi berean, nabearen goiko solairuan, langileak erabat kontzentraturik ari dira. Adi-adi begiratzen diote pantaila bati, luze gabe bost hegazkin lurreratuko dira-eta Gasteizko aireportuan, Santiagotik, Alacantetik, Valentziatik, Sevillatik eta Portotik datozenak; beste pantaila batean, baskula eta lurreratzeko gunerako sarbidea ageri zaizkie. Meteorologia-gorabeherak zaindu beharra dago, hegazkinen zamatze-orriak antolatu eta edukiontziak pisatu. Kontuz egin beharreko lana da. Hegazkinaren zati bakoitzak pisu jakinari eusteko gaitasuna dauka, eta funtsezkoa da zama doi-doi orekatzea, edozein desorekak istripu larria eragin dezake eta. Gainera, hainbat alderdi hartu behar dira kontuan: adibidez, hegazkinak zenbait erregai izaten duen hegaldiaren une bakoitzean.
Kronometroari begira
Hegazkinak txandan-txandan lurreratzen dira. Santiagotik eta Alacantetik datozenak heldu orduko, zamak deskargatzeari ekin diote, altxatzen den plataforma bat erabiliz, eta ibilgailu bereziz bete da inguru hura guztia; horiek garraiatuko dituzte salgaiak. Lurreratuko diren hurrenak Valentziatik, Sevillatik eta Portotik datozen Boeing-ak dira. 45 minutu baino ez dituzte egingo lurrean, eta tarte horixe izango dute DHLko langileek erregaiz hornitu eta zamalanak egiteko. Dena behar bezala dagoenean, hurrenez hurren, Erresuma Batura, Belgikara eta Alemaniara bidean jarriko dira hiru hegazkinak.