Datuek frogatu dutenez, Espainian botika asko kontsumitu bai, baina ez dira hartzen behar bezain egokiro. Botika ongi ezagutzen al du kontsumitzaileak?
Ongi ezagutzen du, oro har, oinarrizko botikez ari garela. Kontua da nola erabiltzen dituen: hasteko, botikak errazegi eskuratzen ditugu (geure burua medikatzeko, batik bat) eta, gainera, tratamendua betetzean biziki anarkikoak gara. Paziente gehientsuek ez dituzte hartzen antibiotikoak sendagileak agindutako epe osoan: ondoezaren sintomak desagertutakoan tratamendua bertan behera uzteak botikaren eraginkortasuna apaltzen du. Beste aldetik, pazienteaz artatzeko profesionala den aldetik, botikaria gutxietsia dago egun. Osasuneko kate-begi hori ez dugu behar bezala baliatzen. Patologia arin batzuk ez dira sendagilearen kontsultara joateko bezain larriak eta, gainera, botikariak aholkua doan eman diezaguke; bestetik, sintoma bat arintzat hartu eta farmaziara joan den pazientea botikariak Lehen Mailako Artapenera igorri ahal izango du, gaitza egiaz larria bada, bere aburuz.
Gutxiespen horren arrazoietako bat izan ahal liteke farmazietan botikak ez ezik produktu orokorrak salgai egotea?
Farmazietan saltzen diren produktu guztiek, baita botika huts ez direnek ere, berariazko baimena daukate eta kontrola gainditu behar izan dute, farmazian komertzializatu ahal izateko. Horri beste zerbait erantsi behar zaio, hots, farmazian sartzen denak badaki ez dela sartu ohiko denda batean, aurrean daukan profesionalaren aholkua jasotzea espero dezake, profesional horrek saltzen duena ongi ezagutzen baitu eta hura saltzeko baimena baitu.
Barkatu errepikapena. Nola sal ditzake farmaziak gizentasunaren edo burusoiltasunaren aurkako produktuak, bi adibide baizik ez ematearren, gai horien eraginkortasun zientifikoa gutxien-gutxienez zalantza egiteko modukoa bada?
Saltzen baditu, saltzea legezko den seinale. Farmazia komertzio heterogeneoago bihurtzea norberaren kontua da.
Zelulitisaren kontrako kremen edo erekzioaren disfuntzioak zuzentzeko pilulen ikerkuntzara diru asko bideratzen da, herrialde batzuetan penizilina luxuzko produktua den bitartean. Nolako eginkizuna betetzen du hor Mugarik gabeko Botikariak erakundeak?
Arazo larrienak aduanetan topatzen dituztela salatu izan dute. Zer dela eta?
Politika txarraren eta indarreko ustelkeriaren ondorioz. Behin, bitan eta gehiagotan ere edukiontziak aduanetan atxiki egin dituzte, muga-zerga ugariago ordainarazteko bakarrik. Atxikipen horrek, onartua dagoen eta paper guztiak onetsiak dituen botika-partida bat herrialdean sartzea geroratu egiten du baina baimena emateko geroratze horrek etekin eskergak ematen dizkio aduanak administratzen dituenari. Zenbaitetan beste panorama bat ere ikusi dugu: herrialdeak onartzen dituen botiken zerrenda aldatu egin da, bat-batean, horrela jokatzeko arrazoirik eman gabe. Horrek, botika jakin horren galera ekartzen du, botika erabat galtzea, alegia. Esatea gogorra bada ere, herrialde batzuetan eragozpenik larrienak bertako gobernuek ezartzen dituzte.
Botikak herrialdean daudela, ez al dute talka egiten bertako industrien interesekin edo botika-dendekin?
Gure jarduera-eremua ez da hiri handia: horrelako guztietan badira bulego eta laborategiak. Askoz ere asmo apalagoak ditugu guk, oinarrizko botika eskuratzeko populazioak oinez kilometro asko egin behar dituen eskualdera iritsi nahi dugu. Gu horra iritsi eta eskualdea botikin izenekoarekin (hau da, ongi zuzkituriko edukiontzi txikia, tokian tokiko gizakiaren patrikaren tamainakoa, alegia) hornituta gabiltza. Kostu ekonomikoa dute, hain zuzen ere, botikek zailtasunik latzena. Eta galderari erantzuteko, zinez, kontsultategi sozial batek bere jardueran ez du arazorik izan ohi oinarrizkotik oinarrizkoena baizik eskaintzen ez badu, tokiko farmazia partikularrekin lehian sartzeari saihets eginez.
Ildo horretatik, gobernuz kanpoko erakundeek beren jardueretan ahalik eta gizaki autoktono gehien inplikatzearen alde dihardute. Ba ote da hori egiterik?
Herrialde batzuetan karitatezko parametroak mantentzen dira baina era horretan ez da hornitze autonomoa erdietsiko, nahiz eta horixe den benetako eta justiziazko banaketa ahalbidetuko duena. Beharrean dagoen populazioaz artatzea dugu helburua baina, hori bai, banaketaren gestioa autonomo izan dadin, lekuan lekuko gizakia beharrezko baliabideez eta azpiegituraz hornitzen ahalegindu beharko, beti ere.
Afrika edo Hegoamerikara doan pertsonak botikak eraman eta hantxe entregatzeko egokitasuna planteatu izan dio bere buruari zenbaitetan. Zer deritzozu horri?
Partikular bat izanez gero eta Osasunaren Mundu Erakundeak emaniko aholkuei jarraiki, hobe duela horrela ez jokatzea esango nioke: osasun-produktu bat agintariei jakinarazi gabe sartzeaz gainera (horrek arazo latza ekar baitiezaioke) lagundu nahiko lituzkeen pertsona horiekin nekez kontakta dezake turistak. Bestetik, nolako botika darama, zertarako da, prospektua zein hizkuntzatan idatzita dago? Botikak partikularrek entregatzen zizkigutenean produktuak sailkatu eta baztertu egin behar izaten genuen: haietako batzuk, adibidez, kolesterolaren aurkakoak ziren, gosetea edo desnutrizioa pandemia duten herrialdeetan zeharo alferrikakoak, beraz. Nolanahi ere, ohikoagoa da botikak igortzeko ekimena kolektiboetatik irtetea: horrelakoetan gure GKE hau bitarteko gisa eskaintzen dugu eta, emakida kolektibo horrek kudeatzea nahiago badu, Garapen eta Larrialdi alorrean espezializaturik dauden eta botika generikoak ekoizten dituzten irabazi-asmorik gabeko laborategi handiekin kontaktuan jarriko dugu: horixe da prozesua aurrera eramateko modurik merkeena, aurrean duzun burokrazia ikaragarria baita. Edukiontzi batek diru asko balio duenez, aurrekontuei ahalik eta zuku gehien ateratzeko xedez, bestelako igorpenak egiteko ere erabiltzen dute beste batzuek.
Helburua tragedia edo katastrofe baten ondoriozko krisia arintzea denean nola diharduzue?
Eskarmentuak frogatu digunez, eraginkorrena beste GKE batzuekin elkarlanean aritzea da: Asiako tsunamiren kasuan, adibidez, Bakearen Mezulariekin harremanetan jarri ginen gu: GKE hori lehenagotik bertan lanean ari zenez, beraiei igorri genizkien guk gestionaturiko emakida guztiak.
Munduko zeinahi tokitan botika berak balio al du?
Bai, oro har. Orain, herrialde industrializatuetan hirugarren generazioko antibiotikoak behar ditugu: biziagoak eta, nola ez, alboko eragin handiagokoak. Baina prebentzio alorreko medikuntzak -denetan eraginkorrena, alegia- nonahi balio du. Populazioa babestea dela eta, haurrak txertatzeko kanpainak martxan jartzeko jarrera irekia geroz eta herrialde ugariagok agertzen dute.
Etorritako inmigranteak eta munduan barrena dabilen jende kopuru handia tarteko, gaixotasunak inportatzen ari direla eta gainditutzat ematen ziren patologiak ostera agertzen ari direla entzun da aspaldi honetan. Ba al duzue horren arrastorik?
Bidaiariek ekar ditzaketen gaitz tropikal edo exotikoez gainera, nekez esan dezakegu gaixotasunak inportatu edo esportatzen direla.
Komunitate batzuek profilaktikoak erabiltzen ez dakitela dioen hori ere legenda urbanoa ote da?
Hori egia da, baina arazoa kulturala da eta okerreko informazioak eragindakoa. Kondoiaren erabilera HIESarekin lotzen denean, batez ere: gaitz hori toki zenbaitetan jainkoen zigortzat hartua denez, ezin saihestuzkoa da, izaeraz. Populazio batzuei, bestetik, HIES sortarazten duena kondoia dela “jakinarazi” zaie, horrelakorik erabil ez dezaten, noski. Gezurra daramaten mezu horiei, kultura batzuetan sexu-harremanek mendebaldeko tradizioek hertsatu nahi duten gaiztakeriazko estigma hori ez daukatela eta sexuaz gozatzea gauza erabat naturala dela erantsi behar zaie: horrela ez da harritzekoa gaitzaren mamua egunetik egunera handitzea.
Geure gizartera itzulita, zergatik ez zaio bitarteko eta indar gehiago bideratzen ohikoak ez diren gaixotasunen aurkako sendagaien ikerkuntzari?
Baliteke eremu hori industriarentzat errentagarria ez izatea; beraz, estatuek bete beharko lukete hutsunea, estatuen zeregina baita populazio osoaz -baita gutxiengoez ere- artatzea. Sendagaiak herrialdeetako zientzialari ekipoek aurkitu beharko lituzkete, hortaz. Nolanahi ere, ikerkuntzan gertatzen diren txiripen ondorioz, bilatzen ez diren helmugak agertzen dira batzuetan, hots, botika batzuk espero ez denean asmatzen dira. Farmaziako profesionalaren ikuspegitik, horrelako ikerlanak garatu ahal izan daitezen lanean ari dira.