Sortzen duzuen informazioa zabaltzeko Internet baliatzen duzue lehentasunezko bidetzat. Sareak eskaintzen duen berehalakotasun eta elkarreragina ez dira auzitan jartzekoak baina, nola iristen zaizkio mezuak ordenagailua Internetera konektaturik ez daukan pazienteari, edo baliabide hori nola erabiltzen den ez dakienari?
Osasunean beti jazo ohi den bezala, datuen jasotze eta transmisio-zentroa familia da. Gure honetan 35 edo 40 urtez beherakoek beren gurasoekin konektatzen dute. Alabaina, Internetez kanpo, bi paziente mota bereizi behar ditugu: pasiboak, sendagilearengana era paternalean doazenak, medikuaren eskuetan bere sendatze-prozesu ia osoa uzten dutenak, alegia; bestetik, aktiboak ditugu, fakultatibo bat baino gehiagoren iritzia bilatu eta, areago, erreklamazioak egiten dituztenak. Bere osasuna, hein handi batean, bere inplikazioaren arabera bilakatuko dela ulertzen duen paziente hori geroz eta ugariago da eta, paziente den aldetik, bere eskubideak barneratu ez dituen harengandik biziki urruti dago.
Zure tesia ebidentzian oinarritutako medikuntzaren aldekoa da, nahiz kontzeptu hori oso ezaguna ez dugun.
Kontua da, ikerlan zientifikoetan oinarritutako erabaki medikoak hartu behar dituzte osasun-alorreko profesionalek eta, era berean, ikerlan horiek kalitate handikoak izan daitezen ahalegindu. Osasun-alor guztietan dagoen bibliografiari begiratu bat emanez, berehala konturatuko gara medikuntza-alor batzuetan ikerlanak ugari baino ugariago diren bitartean (hori ez da beti kalitatearen baliokide), beste sail batzuetan ia-ia azterketarik ez dela egin. Maila, garrantzi eta kalitate handiko ikerkuntza zientifikoetan praktika klinikoaren aplikazio eta selekziorako metodologia hobetzea lortu nahi dugu Josep Laporte Fundazioan eta gertuko ditugun esparruetan. Era horretan, ebidentzia euskarritu, aztertu, egiaztatu eta kontzeptualizatuak gaixotasunen tratamendua zehazten lagun dezan erdietsiko dugu.
Adibiderik jarrita, akaso, hobeto ulertuko dizugu.
Esate baterako, tronbolitikoen bidezko tratamenduak miokardio-infartu akutua duten hainbat pazienteri bizia salbatu dioneko ebidentzia baldin badugu, pertsona batek infartua duela susmatzen dugun unean bertan, tronbolitikoak administratzeak bizia salba diezaioke. Hona beste adibide bat: duodenoko ultzera infekzio-eragile batek sortarazitako gaitza dela aurkitu genuenetik, antibiotiko inhibitzaileak preskribitzen ditugu. Eragile infekziosoa izatearen ebidentziak, orain, bestelako tratamendua aplikatzera ekarri gaitu.
Ebidentziaren medikuntzak patologia psikiatrikoak tratatzeko ere balio al du?
Depresioaz ari garela, bi maila bereizten dira, funtsez: endogenoak gizakiari berez dagozkion osagaiak (are genetikoak ere) dituena; exogenoa, aldiz, kanpo-faktoreek eragindakoa da. Espainian bertan eginiko ikerlanen ebidentziaren ondorioz, adibidez, badakigu inmigrante jendeak gogo-gaixotasun exogeno gehiago nozitzen dituela. Paperik ez izateak, prestaturik ez dauden lanean aritzeak, senideengandik urrunduta egoteak, kohesio sozialeko elementurik ez izateak… horiek guztiak buru-patologien iturri dira. Tratamendua aplikatzean ikerlan horien emaitza ezagutzea ezinbestekoa da, hil edo bizikoa.
Zergatik egiten ari dira aspaldian horren berariaz emakumearen osasunari begirako ikerlanak eta programak?
Ginekologia espezialitatean izan ezik, historikoki emakumea askoz ere eskasago izan da aztertua gizasemea baino. Medikuntza orokorrak -are espezializatuak ere- gizonezkoa hartu izan du eredu ikerlanak egiteko orduan; beraz, gizonezkoei dagozkien koadro klinikoak aztertu izan dira beti. Gure azterketek erakusten duten bezala, ordea, emakumea da osasun nuklearraren agentea: bera kezkatzen da bere senarraren, seme-alaben eta gurasoen osasunaz. Horrekin batera, esan dezagun argi eta garbi zaintzailea emakumea dela beti: gaixoa gizonezkoa baldin bada, gehien-gehienetan emakumeak zaintzen du; emakumea baldin bada ere, beste emakume bat izango du zaintzaile. Famili osasunaren kudeatzailea, beraz, emakumea da; horrek esan nahi du, hein handi batean, gizarte osoaren osasunaren kudeatzaile ere badela.
Medikuntza konbentzionalean gaixo batek baino gehiagok zerrenda luze bateko zenbaki soil gisa sentitzen du bere burua. Sendagilearen eta pazientearen arteko harremanak zenbaterainoko garrantzia du?
Paziente guztiek, diagnostikatu eta detektatzeko modukoa den gaixotasun horrezaz kanpo, kasuan kasuko patologiak beren eguneroko bizitzan, gerora begiratzeko eran edo, areago, harreman pertsonaletan eragiten dien inpaktuaren ondoriozko gaitz patologikoa ere nozitzen dute. Gogoan izan, gaixotasun larria denean, pazientearen bizimodua ez ezik familia guztiarena eta inguruko jendearena ere baldintzapean jartzen du. Medikuntza konbentzionala diagnostikoaz arduratzen da baina gehien-gehienetan tratamenduaren alderdi humanoaz ahantzi izan da; esan gabe doa alderdi hau ere axola bizikoa dela, pazientearen osasuna, neurri handi batean, berari eskainitako arretaren arabera aldatzen baita. Baina arreta hori ezinezkoa gertatzen da fakultatiboa eta gaixoaren arteko harremanik ez bada.
Oso litekeena da informazio ona duen herritarrak nozitzen duen patologia zehazki ezagutzea baina, hala ere, lehen mailako medikuntzako fakultatiboarengana jo behar izaten du; honek, agian, espezialistarengana bidaliko du. Zergatik dago horrela diseinatua osasun-protokoloa?
Lehen mailako medikuntza arras garrantzitsua da. Sendagile-sare horrek, sarri, espezialistak baino lehenago diagnostikatzen du. Lehen instantziako medikua, hain zuzen ere, makina bat kasu klinikoz arduratu izan da eta, noski, ebidentziaren medikuntzan duen ezagutza hori funtsezkoa du, gaixoari harrera egiteko unean.
Asiar aparteko pneumoniaz edota populazioaren parte ñimiño batean bakarrik eragiten duten bestelako gaixotasunez xehekapen osoko informazioa zabaldu dute hedabideek. Herri osasunaren perspektibatik, dibulgazio lan hori nahitaez egin beharrekoa ote da?
Arriskuaren pertzepzioa subjektiboa da. Hegazkin-istripuan baino minbiziak jota hiltzeko askozaz ere aukera gehiago dugu baina erretzen segitzen dugu, gaixotasun hori nozitzeko arrisku-faktore behinena dela jakinik ere. Baliteke erretzaile konpultsiboak hegazkinera igotzeko beldurrik ez izatea. Estatu espainiarrean aparteko pneumonia edo behi eroen gaitza nozitzeko arriskua hutsaren hurrena da baina, halaz ere, horrelako informazioaren aurrean sentikor agertzen da populazioaren parte bat; areago, informazio hori eskatu egiten du, bere osasunean horrek ondorerik izango ez duen arren.
Zergatik dira grafia medikoa eta diagnostikoak horren ulergaitzak herritar arruntarentzat?
Osasun-protokoloak gaurkotzeke dauden seinale da hori, baina gauzak aldatzeko lanean ari gara. Eta hobetzen segi beharko, are eta gehiago, datu guztien arabera, bihar-etzi Internet, posta elektronikoa eta gainerako teknologia berriak sendagile eta pazientearen arteko komunikabide izango badira.
Internetek mesfidantza sortzen du erabiltzaile batzuengan oraino ere, datu pertsonalen pribatutasuna urratu egin daitekeelako. Osasun historiala benetan konfidentziala izaki, nola babes daiteke horren intimitatea?
Datuen babesa lasai jorratu beharreko gaia dugu. Bidezko neurriak hartu behar diren arren, ene ustez hori ez da teknologia edo teknika alorreko kontua, kulturari dagokiona baizik. Konfidentzialtasun-kulturan bizi bagara, arazo hauetan bidezkoa den diskrezioaz arituko gara. Kontua da asmatzea: zer konta daitekeen eta zer ez, informazio pribatuak eskuartean ibiltzean kalterik egin ez dezagun.