Alberto Fernandez, WWFko aditua uraren gaian

"Kotoizko kamiseta bat egiteko, 15.000 litro ur behar dira"

1 marzo de 2014

Zergatik du Espainiak hain aztarna hidriko handia?

Nekazaritzak erabiltzen du ur guztiaren %80. Bestalde, ez dago kontsumo kulturarik uraren inguruan, nahiz eta ondasun urria izan, beti oso merkea izan delako. Hauteskunde helburuekin ere erabili izan da. Bada garaia ikuspegi teknikotik eta zientifikotik begiratzeko.

Nekazaritzan al dago gakoa?

Bai. Nekazaritzarako laguntza gehien jasotzen duen bigarren herrialdea gara Europako Batasunean, 8.000 milioi euro inguru. Zati handi bat sail ureztatuetara bideratzen da, zeinak gero eta ugariagoak baitira: 3,2 milioi hektarea ingurukoak.

Horrek nola eragiten die kontsumitzaileei?

Kontsumitzaileek kalitatezko ura dute, baina ez dakite aztarna hidrikoaren berri. Kotoizko kamiseta bat egiteko, 15.000 litro ur baino gehiago behar dira; haragi kilo bat ateratzeko, 25.000 litro. Gainera, elikagai asko alferrik galtzen dira, eta horrekin ur asko ere bai, ongarriak, energia… FAOk egindako kalkuluen arabera, egun ekoizten diren elikagaiekin hamabi milioi pertsonak jan dezakete. Zazpi milioi inguru gara, eta bi milioi inguruk gosea pasatzen dute. Banaketa arazo bat da, eta hori konpontzeak ura hobeki erabiltzen ere lagunduko luke.

Kotoizko kamiseta bat erosita ur gehiago xahutzen al dugu etxeko txorrota irekita utzita baino?

Jakina. Kotoia ureztatu egin behar da, eta zenbait prozesutatik igaro behar du garbitzeko, kutsadura kentzeko, tinduak emateko…

Ur Hornikuntzaren eta Saneamenduaren Espainiako Elkartearen iritziz (AEAS), kontsumitzaileei tasa handiagoak ordainarazi behar litzaizkieke horniduraren kalitatea bermatzeko.

Udalerri txikietan edo penintsulako hego-mendebaldean bai, baina beste batzuetan ez litzateke beharrezkoa, adibidez, Madrilen, Bartzelonan eta ipar-ekialdeko lurraldeetan.

Zer-nolako ingurumen arazoak sortzen dira Espainian ura dela medio?

Gauza asko daude hobetzeko. Espainiak 700 eta 800 araztegi inguru behar ditu ibaietako uraren kalitatea ez dadin izan orain bezain txarra, Europako Batzordeak dioenez. Ibaien %60k kutsadura handia edo oso handia dute, Ibai-arroen Plan Hidrologikoetako azken azterketek esaten dutenez. Europak eskatzen du 2015. urtea baino lehen bermatu behar dela ibaien egoera ona. Kasu askotan ez gara iritsiko. Gobernuak lehentasuna eman behar lioke ura arazteari.

Europak isuna jar al diezaioke Espainiari?

Bai, ibaietan, lakuetan eta urtegietan bainua hartzeko uren kalitateagatik bezala.

Kontsumitzaileek nola aurreztu dezakete ura?

Bi erabileratako tanga edo deposituekin eta aurrezteko gailuak jarrita txorrotetan, zeinak brikolaje denda guztietan saltzen dituzten eta %40 aurrezten duten; hortzak garbitzean txorrota itxita; sukaldeko urari probetxua aterata; lorategietan tantakako ureztatze sistemak ezarrita; eta, batez ere, aztarna hidrikoaren kontzientzia hartuta eta ur gutxien behar duten produktuak kontsumituta.

WWFk asko azpimarratzen du urtegiek ingurumenean duten eragina ere.

Kontsumo handiak behartu egiten du ura urtegietan biltzera, eta azpiegitura horiek aldatu egiten dituzte ibaiak eta urpean uzten dituzte emankorrak diren ibar asko. Biztanle bakoitzeko presa gehien duen herrialdea da Espainia, eta guztira presa gehien dituztenetan hirugarrena (1.231 presa handi). Toki batzuk, Tajoren behe arroa, adibidez, Extremaduran, urtegi segida bat dira. Ez da gehiagoren beharrik, eta desagerrarazi egin behar lirateke zahartuta geratu direnak edo erabiltzen ez direnak, ibaiak berezko egoerara itzul daitezen. Euri asko eginda ere, ez daiteke gehiago bildu. Ongi kudeatzea da kontua.

Ba al da arriskurik herritarrei zerbitzu txarra eman diezaieten edo hornidura eten?

Levante aldean eta hegoaldean ura falta da, eskaria handiagoa delako baliabide naturalek eskaintzen dutena baino. Ura gezatzea irtenbide bat da, baina energia berriztagarriak erabili behar lituzke, eta, batez ere, kontsumoa murriztu eta eraginkortasuna handitu. Era horretan hobeki aurre egingo litzaieke lehorteei, baina gure politikariak ez dira batere ahalegintzen.

Botilako uraren kontsumoa handitu egin da azken urteetan. Merezi al du gastu hori egitea?

Botilako ura iturrikoa baino 450 aldiz garestiagoa da. Une jakinetan soilik dauka zentzua, bidaian goazela adibidez, edo ume txikiekin gaudela. Iturriko uraren kalitatea bermatua dago Espainia guztian. Besterik da zaporea ez gustatzea. Madrilgo ura munduko onenen artean dago. Jendeak pitxerretan eskatu behar luke ostatuetara edo jatetxeetara doanean.