Paloma Bel Durán, Ekonomiako irakaslea Madrilgo Complutense Unibertsitatean

"Kontsumorik ez badago, ez dago ekoizpenik, eta aberastasunik sortzen ez badugu, langabezia ez da desblokeatuko"

1 enero de 2015
Img entrevista 2 listado 181

Espainiako Estatuko egoera ekonomikoa hobetzen ari da?

Gauza bat da adierazle ekonomikoez hitz egitea eta bestea da kaleko errealitatea. Azkeneko berrikusketek goranzko joera islatzen dute: Espainiako ekonomia %2,4 haziko da 2015. urtean, 330.000 enplegu sortuko dira eta langabezia %22,45era jaitsiko da (FUNCASen arabera). Egin diren azken azterketek erakusten dutenez, bost hilabetez hazten aritu izanak pentsaraz diezaguke ziklo aldaketa datorrela. Baina adierazle horiek neurtu duten hobekuntza hori, ekonomiarena eta aberastasunarena, ez zaie berehala ailegatzen herritarrei. Pobrezia maila pentsaezinak iritsi ditugu, desoreka izugarriak, eta konfiantza galdu da sisteman eta agintariengan. Krisiaren iraupenak hainbat gaitz sortu ditu, kroniko bihurtzen direnak.

Enplegua galtzen ari al da orain ere?

Ez dago baldintzarik enpresa handiak sortzeko. Enpresen Direktorioak emandako datuen arabera, ehun produktiboa desegiten ari da. Gainera, jardunean ari diren enpresen %50 autonomoak dira eta horrek adierazten du ahaleginak badirela aurrera egiteko. Ez dago baldintza egokirik kanpo-enplegua sustatuko duten enpresa handiak abian jartzeko, baina pausoak ematen ari dira nork bere lanpostua sortzeko. Hazkundearen enpresa-printzipioak egingo du gainerakoa, baldintzak hobeak direnean.

Urtarrilaren 1ean hainbat aldaketa sartu dira indarrean. Zure ustez, nola eragingo diote “kaleari”?

Zerga jaitsiera baten helburua izan behar du kontsumoa suspertzea eta aberastasuna sortzea. Edonola ere, erreforma horrek kritikak jaso ditu eta jasoko ditu, eta kritika horiek zerikusia dute egokitasunarekin, ez delako argi ikusten komenigarria ote den hauteskundeak hain gertu egonda egitea, eta zerikusia dute klase ertainari egiten zaion kaltearekin eta diru sarreretan izan den galera orekatzeko nahitaez hartu behar diren neurriekin, uneotan oraindik ere murrizketak egiten dira-eta zerbitzu eta prestazioetan.

Espainiaren egiturazko langabezia %18koa izango dela esaten da. Jasan al dezake herrialde batek neurri horretako langabezia?

Ez. Aspalditik esaten da ezin zaiola eutsi halako langabeziari eta krisiak ezkutuko ekonomiaren hazkundea eragiten zuela, BPGaren %25aren ingurukoa. Eta egia da, ekonomia ezkutua areagotzeko haztegia da krisia, eta dirudienez indar handiagoz hazten da langabeziak mailarik handienak iristen dituen lekuetan eta higiezinen eta eraikuntzaren sektoreak birmoldaketa handienak jasan dituen inguruetan.

Krisi honek gazte askori eragin die.

Bai. Gazteen artean badira iraupen luzeko langabeak, badira beren prestakuntzari dagokien mailatik beherako lanpostuetan ari direnak eta badira, Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, kontratatzeko orduan azkenekoak diren gazteak eta kaleratzerakoan lehenak. Hori eragozpena da guretzat, eta baikortasunez begiratu behar dugu aurrera, eta pentsatu hor badagoela belaunaldi bat zailtasunak gainditzeko gai dena. Hori guztia posible izango da bestelako aukera bat eta itxaropena eskaintzen badizkiegu.

2015ean kontsumo pribatua handitu egingo dela aurreikusten da.

Espainian, hiru milioi pertsona daude pobrezia larrian; hau da, hilean 307 eurorekin baino gutxiagorekin bizi dira. Zifra hori Espainiako populazioaren %6,5 da, eta bikoiztu egin da 2007. urtetik. Kontuan izan behar dugu orain gauden mailak oso apalak direla eta termino erlatibotan gertatzen den edozein gorabehera izugarria dela, nahiz eta termino absolutuetan oso txikiak izan. Hala ere, antzematen hasi gara barne kontsumoa bizkortzen ari dela; horrek eskari bat sortu ahalko du, eta enpresek erantzun egin beharko diote.

Batzuek diote gehiago kontsumitu behar dela krisiari aurre egiteko. Beste batzuek, aldiz, murrizketen alde egiten dute bolada hau gainditzeko. Zer diozu zuk?

Ez dago beste biderik. Kontsumorik ez badago, ez dago ekoizpenik, eta aberastasunik sortzen ez badugu, ez dira desblokeatuko gainerako aldagaiak, batez ere langabezia.

Nola arindu daitezke “urtarrileko aldaparen” ondorioak?

Ezinbestekoa da kontsumoak egungo neurritasun hori galtzea. Enpresentzako oinarrizko arau bat, eta, hortaz, familientzat ere balio duena, planifikazioa da. Planifikatzea etorkizunari aurre hartzea da, aurrekontuak zentzuz egitea aintzat hartuz zer-nolako baliabideak ditugun eta zer ordaindu behar izango dugun. Kontuan hartu beharra dago egin asmo ditugun gastu guztiak, diru sarrerak eta sor litezkeen egoera guztiak.