Ezkondu edo izatezko bikote egin: alde onak eta txarrak

Ezkondu egingo naiz edo elkartu?

Espainiako Estatuan handitzen ari da ezkondu gabe bikote egonkorra osatzen dutenen kopurua, baina bizikidetzarako aukera horrek desabantaila agerikoak ditu oraindik ere legearen arloan eta arlo ekonomikoan.
1 noviembre de 2018
Img entrevista listado 1279

Zer da hobea, ezkontzea edo izatezko bikote egitea?

Ez dago formula hoberik edo txarragorik, faktore pertsonal, sozial eta erlijiosoak baizik (besteren artean), eta horien arabera jokatzen dute beren harremana formalizatzen dutenek.

Desabantaila gehiago izaten al dute izatezko bikoteek?

Egoera desberdinak dira, zeren bikote ezkondua izateak eta izatezko bikotea izateak ondorio berberak balitu, ez bailuke zentzurik izango biak bereizteak. Baina garrantzitsuena da onartzen hasiak direla izatezko bikoteen izaera juridikoa, eta bikote ezkonduen parera hurbiltzen ari direla. Izatezko elkartzeen helburu bakarra da elkarrekin bizi izatea ezkontideek egiten duten bezala. Egokitu egin behar dira eskubide horiek guztiak.

Ezkontzarekin alderatuta, zein da desabantaila nagusia?

Legezko ondorioei dagokienez, alargun saria da oztoporik handienetakoa, nekezago lortzen baitute urteetan ezkondu gabe elkarrekin bizi izan direnek. Eskubide hori izateko, ia nahitaezkoa da erregistroan izena emanda egotea, diru sarrera txikiak izatea eta elkarrekin urte jakin batzuk bizi izatea, beste zenbait baldintzaren artean (aldatu egiten dira erkidego batetik bestera). Beste desabantaila bat herentziekin gertatzen da, baina hori testamentuaren bidez konpontzen da.

Egoera bat aurkeztuko dizut: “Pisua nik erosi banuen, zer gertatzen da izatezko bikotea banaiz eta bereiztea erabakitzen badut?”

Erkidego batzuek aukera ematen dute izatezko bikoteek eskritura bidez jaso ditzaten elkarrekin biziko diren garaian eta ondoren indarrean egongo diren hitzarmenak. Halakorik egiten ez denean, normalena izaten da bi kideek berdin erantzutea zama guztiei, beren gaitasun ekonomikoa kontuan hartuta. Dena den, ikusi egin behar litzateke bakoitzak zer-nolako ekarpenak egin dituen eta horren arabera zehaztu bestearekiko eduki litzaketen kreditu eskubideak.

Eta ezkonduta egonez gero?

Orduan, ikusi egin beharko da irabazpidezko erregimenean dauden edo ondasunak banatuta dituzten, baina gehienean, Kode Zibilak dioen bezala, “zordun bakoitzak modu pertsonalean erantzuten du bere ondarearekin”. Aski izango ez balitz, aukera egongo litzateke irabazpidezkoak bahitu ditzatela eskatzeko.

Elkarren kontuan diru gehiago jarri banuen eta bereizten banaiz, zer-nolako aldeak daude?

Ekarpenak bientzat berdin banatu ahalko lirateke likidatzeko garaian. Gehienean hala izaten da, salbu eta frogatzeko moduan egiaztatzen badugu diru gehiago jarri dugula. Horretarako, oso garrantzitsuak dira bankuko agiriak, horien bidez frogatu egin baitaiteke kapital baten jatorria eta helmuga. Ezkonduta egonez gero, berriz ere ikusi egin beharko litzateke irabazpidezko erregimenean dauden edo ondasunak banatuta dituzten.