Estatuko eskoletan dauden jantokiek ongi betetzen al dituzte haurrek eta nerabeek nutrizio arloan dituzten helburuak?
Oraindik ere asko dago egiteko, baina baietz iruditzen zait. Eskolako jantokiek zeregin garrantzitsua daukate haurren eta nerabeen elikaduran. Autonomia erkidegoek badituzte programak eskola jantokietako menuak berrikusteko, eta horien bidez aztertzen dute zer-nolako osaera duten eta zenbateko elikagai aukera eskaintzen duten, betiere autonomia erkidegoan bertan edo Estatu mailan landu dituzten gidetan ageri diren gomendioak oinarri hartuta, non zehaztu egiten den, gainera, menuak zer-nolako nutrizio baldintzak bete behar dituen neska-mutilen beharrizanak asetzeko. Otordu nagusiarekin, energia arloan dituzten beharrizanen %30-35 inguru hartu behar dute, eta menua diseinatzeko orduan, dieta osasungarria eta kopuruz neurri egokikoa izan behar du.
Zer-nolako nutrizio baldintzak eskatzen zaizkio janari enpresa bati eskola jantokietako lehiaketa publiko bat gainditu ahal izateko?
Erkidego bakoitzak ezartzen ditu baldintza horiek. Zoritxarrez, eskola jantokiei buruzko araudiak ez dauka esparru bateratu bat; batzuk hobeak dira eta beste batzuk txarragoak. Baina beharrezkoa da irizpideak bateratzea eta dietaren eta nutrizioaren arloko gomendio sorta bat adostea menuetarako.
Baina izango dira, behintzat, gutxieneko nutrizio baldintza batzuk adin tarte bakoitzerako…?
Bai, menuek egokiak izan behar dute ikasleen nutrizio baldintzetarako, adina, generoa eta jarduera fisikoa kontuan hartuta. Horretarako, zenbait erakundek eta ikerketa taldek ezartzen dituzte nutrizio baldintzak adin tarte bakoitzerako. Espainiako Estatuan, Aecosanek, Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak alegia, eta Europan, EFSAk, Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak.
Jantokirako menu bat antolatu behar badugu 6 eta 9 urte bitarteko neska-mutilentzat, nondik hasiko gara?
Espainiako Estatuan, Ikastetxeetako Elikaduraren inguruko Adostasun Dokumentuak ezartzen ditu jarraibideak (Aecosanek landua da), eta autonomia erkidego bakoitzak osatu egiten ditu gero. Madrilgo ikastetxe bateko menuak, adibidez, 6 eta 9 urte arteko haurrentzat prestatu denak, 600 eta 700 kcal artean eduki behar lituzke (egunean hartu beharreko energia guztiaren %30 eta %35 artean). Eta energia horren %10 baino ez daiteke izan gantz azido saturatuek emana.
Zer-nolako proportzioetan?
Proteinek osatu behar dute eduki osoaren %12 eta %15 artean, eta karbohidratoek %50etik gora izan behar dute. Lipidoek, bestalde, ez dezakete gainditu %30 eta %35 arteko muga. Eta haurrek komeni adina mineral eta bitamina hartzen dutela ziurtatzeko (mikromantenugaiak alegia), segurtatu egin behar da multzo guztietako elikagaiak jaten dituztela egunero.
Zein dira jantokietan gehien errepikatzen diren gabeziak?
Aukera gutxi dago arrain urdinetan, eta fruta eta barazki errazioak ez dira aski. Aitzitik, gehiegitan jartzen dira haragiak eta haren eratorriak. Eta menuek gatz asko izaten dute, nahiz eta azken urteetan murriztu egin den, zorionez. Emaitza horiek ageri dira zenbait autonomia erkidegotan egin dituzten ikerketetan, adibidez Madrilen, Gaztela eta Leonen, Andaluzian eta Euskal Autonomia Erkidegoan.
Zergatik agertzen dira puntu beltz horiek?
Autonomia erkidego askotan oraindik ere ez da nahitaezkoa dietistanutrizionista bat edukitzea eskolako jantokian, eta pertsona hori garrantzitsua da bertatik bertara egiaztatzeko jantokiak ongi funtzionatzen duela. Haiek diseinatu eta berrikusi behar lituzkete eskoletako menuak, askotarikoak izan daitezen, kontuan har ditzaten ikasleen lehentasunak eta baita dieta bereziak ere alergiak edo intolerantziak egonez gero. Beste puntu garrantzitsu bat ere ez dago orokortua: elikadurarekin, nutrizioarekin eta dastamena hezteko zereginarekin zerikusia duten jolasak eta jarduerak txertatze.
Eskoletako jantokietan lerro hotzeko ereduak erabiltzen dituztela salatzen dute gehien gurasoak; sukalde zentral handiak erabiltzen dituzte, eta handik hozten dituzte Penintsula osora banatzen dituzten platerak. Okerragoa al da?
Ez daiteke orokortu edo esan lerro hotzekoa txarragoa dela eskola jantokiko sukalde tradizionala baino. Biak dira aukera baliagarriak gauzak ongi eginez gero. Ikastetxean bertan ez dagoen sukaldeak ez du zertan txarragoa izan.
Zure ustez, hortaz, Estatuko haur eta nerabeek eskoletan jaten duten janaria osasungarria da?
Autonomia erkidegoak lanean ari dira hala izan dadin, eskola jantokietako programen bidez edo informazio gidak eta dokumentuak landuz. Menuak berrikusteko ardura ere hartzen dute, eta egiaztatu egiten dute egoki betetzen dituztela ikasleek dietaren eta nutrizioaren arloan dituzten beharrizanak. Baina oraindik ere bada zer egina. Eta, horretarako, beharrezkoa da denek horren alde lan egitea, zuzendariek, eskolako eta sukaldeko langileek, guraso elkarteek, giza nutrizioaren eta dietetikaren arloko profesionalek, irakasleek eta administrazioek.
Haur Nutrizioaren Espainiako Liburu Zuriak dio eskolako jantokiak leku atseginagoa izan behar lukeela, dibertigarriagoa eta erakargarriagoa, gisa horretan nutrizio arloko heziketa erraztu dezan.
Ikasgelan ikasitakoa gauzatzeko laborategia izan behar du eskolako jantokiak, tailer praktikoekin eta heziketa jarduera osagarriekin, ohitura batzuk barneratu ditzaten elikadura osasungarriaren inguruan. Baina gaur egun ez da hala gertatzen leku guztietan.
Azter dezagun neska-mutilek etxean jaten dutena: osasungarria dela esango al zenuke?
Batzuetan, familiei denbora, arreta edo inplikazioa falta zaielako, etxeko elikadura ez da izaten behar bezain osasungarria. Nahiz eta 5 eta 11 urte arteko haurrak ez diren izaten apetatsuak elikagaiekin, egia da askatasun handi samarra izaten dutela nutrizioaren ikuspegitik egokiak ez diren elikagaiak lortzeko..
Baina haur askok ez du ikusi ere egin nahi berdura edo arraina…
Ikerketa batzuek diote pasta, patatak, arroza eta haragia maite dutela gehien. Lehentasun horietan badute eragina familiaren ohiturek, eskolako elikadurak, beren kideek jaten dutenak eta baita publizitateak ere. Egia da haurrek higuina agertzen dutela produktu batzuekin; hor sartzen dira, batez ere, arraina, berdurak, barazkiak, fruta eta lekaleak. Hori konpontzeko, animatu egin behar ditugu baztertzen dituzten elikagai horiek jatera, modu erakargarrian aurkeztu behar ditugu, gustagarri zaizkien beste elikagai batzuen ondoan.
Ikerketa batzuek diotenez, etxean jaten duten haurrek arrisku handiagoa dute gehiegizko pisua eta gizentasuna izateko.
Gerta liteke etxean ez izatea ohitura egokirik elikaduraren arloan, agian ezagutza faltagatik, agian maila sozioekonomikoagatik edo, besterik gabe, sukaldean aritzeko denborarik ez dutelako. Familian ez badago ohitura egokirik elikatzeko garaian, oso litekeena da haurraren elikadura ez izatea egokiena. Nahiz eta egunaren buruan beste otordu batzuk ere egiten diren, eskolan jaten duten haurrei gehiago kontrolatzen zaie zer eta zenbat jaten duten.
Orduan, zer da hobea, etxean edo eskolan jatea?
Egokiena litzateke etxean jatea, familiarekin, eta haurrei etxean erakustea zein diren ohitura osasungarriak. Baina lanak, ordutegiak bateratu ezinak eta denbora faltak eskolako jantokira jo beharra dakarte, ezinbestean.