Sonia Castañeda, Biodiversidad Fundazioko zuzendaria

"Europako herrialdeetan bioaniztasun gehien eta Red Natura 2000 sarean eremu gehien duen herrialdea gara"

1 mayo de 2016
Img entrevista listado 1107

Nola definituko zenuke “bioaniztasuna” terminoa?

Bioaniztasunak inguratuta gaude gure egunerokoan. Gure etxean dago, hozkailuan, sendagaien kutxan, arropan… Bioaniztasunari buruz hitz egitea geneei buru hitz egitea da, espezieei buruz, ekosistemei buruz.

Hilabete honetan ospatuko da Bioaniztasunaren Mundu Eguna.

Bioaniztasuna garrantzitsua da, beharrezkoa delako planetan bizitza egon dadin. Ekologiarik gabe ez dago ekonomiarik: munduko ekonomiaren %40 sistema horiek osasuntsu edukitzearen mende dago. Eta baita gizartearen ongizatea ere, haren mende baitago guk sendagaiak izatea, elikagaiak, oihalak, eta abar.

Kontsumitzaile gisa, zertan eragiten digu bioaniztasuna galtzeak.

Espezieak galtzen ditugu, eta oroitu behar da bizitzaren katea osatzen duen maila bakoitzak funtzio bat betetzen duela. Horretaz gain, gutxitu egiten da elikagai kopurua eta nekazaritzako eta itsasoko espezieen ugaritasuna.

Batzuei ez zaie axola espezieak desagertzea, guk jaten ditugun gutxi horiek ez diren bitartean. Zer esango zenieke?

Horrela pentsatzea akatsa da. Espezie guztiek betetzen dute funtzio bat ekosistemetan, zerbitzu batzuez hornitzen gaituzte planetan bizitzeko modua egon dadin eta bizi garen ontzi horrek, Lurrak, funtziona dezan. Pentsa ezazu zuk ez duzula eztirik jaten eta berdin zaizula erleak desagertuta ere. Zientzia arloan lortu den adostasunak esaten du, hori gertatuko balitz, gure planetan ezingo litzatekeela bizi, erleek oinarrizko polinizazio funtzioa betetzen dutelako. Erle guztiak greban jarriko balira, milaka milioi euro kostako litzaiguke haien lana egitea. Gainera, espezie bat desagertzen den bakoitzean, baliteke gaixotasun jakin baten sendabidea galtzen aritzea.

Eta ez ditugu galtzen espezie ezagunak bakarrik, baita ezezagunak ere.

Hala da. Ezagutzen ez den mundua handiagoa da ezagutzen dena baino. Espezie bakoitza da aintzat hartzekoa, baita ezagutzen ez ditugunak ere.

Kontsumitzaile gisa zer egin dezakegu bioaniztasuna ez galtzeko?

Gauza asko. Ingurumenarekin arduraz jokatzen duten kontsumitzaileak izan gaitezke, zer eta zenbat kontsumitzen dugun aztertu, ahalik eta hondakin gutxiena sortu, murriztu, berrerabili eta birziklatu, uraren eta energiaren erabilera kontrolatu, produktu iraunkorrak kontsumitu… Kontsumitzaileek aldaketa eragiteko indar handia dugu, guk ezartzen dugu ekoizten denaren eredua.

Zuen fundazioaren arabera, Espainia da Europan bioaniztasun gehien duen herrialdea. Zer-nolako datuak nabarmenduko zenituzke?

Bioaniztasun aberatsa dugu. Alde batetik, 85.000 espezie baino gehiago ditugu: Europako animalia espezieen %50 eta landare hodidunetako espezieen %80. Horretaz gain, Espainiako lurraldearen %30 Red Natura 2000 sarean dago. Europako sare bat da, balio ekologiko handia duten naturguneak biltzen dituena; horrekin batean, gure itsas eremuaren %8 babestua dago.

Zer-nolako neurriak hartzen dira Espainian bioaniztasuna zaintzeko eta galera hori geldiarazteko?

Asko. Fundaziotik, lanean ari gara lurralde barrenean proiektuak sortzeko. Gure deialdiekin, urtero Espainia osoko 250 erakunde inguru babesten ditugu, zeinak lagundu egiten baitute bioaniztasuna ezagutzen, zaintzen eta horren inguruko sentsibilizazioa egiten.

Bioaniztasuna zaintzeko eta lehengoratzeko lan horretan, zer-nolako lorpenak nabarmenduko zenituzke?

Azken urteetako garrantzitsuenetakoa itsas eremua zaintzea izan da. Gure itsasoen %0,5 babestetik %8 babestera pasatu gara Life+ Indemares proiektuari esker, zeina aurrendaria baita Europan itsas eremua babesteko arloan. 2014. urtean bukatu zen, eta haren bidez, espezie berriak aurkitzea lortu da, edo Espainiak 7.000 itsas hektarea babestu izatea Red Natura 2000 sarean. Bestalde, lurreko eremuari dagokionez, iberiar desmana edo kantabriar basoilarra babesteko proiektuen bidez, espezie horiek gehiago ezagutzea lortu da eta haien habitata babestea.

Zenbaitek dio Espainian ez dela behar adina egiten bioaniztasunaren alde. Nola erantzungo zenieke halako kritikei?

Egia da oraindik asko dagoela egiteko eta erronka ugari dagoela, baina ez daiteke ukatu gure herrialdean ekimen asko egiten direla arlo publikoan eta pribatuan. Ez da kasualitatea izango Europan bioaniztasun gehien eta Red Natura 2000 sarean eremu gehien duen herrialdea izatea gurea. Gizartea gero eta sentsibilizatuagoa dago ingurumen gaiekin, eta oso albiste onak daude bioaniztasuna zaintzen jarraitzeko indarra ematen digutenak.