Jesus Manzano, Erleen Lagunak Fundazioko zuzendari exekutiboa

"Erleak planeta guztian doaz gainbehera"

1 noviembre de 2014
Img entrevista 2 listado 171

Zer gertatzen zaie erleei?

Nekazaritza industrialak egin dituen gehiegikerien sintoma da horien gainbehera, eredu horrek sortu duen sorgin gurpilarena: monokultibo handiak, ongarri artifizialak, izurriteen aurkako toxikoak eta bioaniztasuna desagertzea. Produktibitate handiagoa lortzeko, elikagai uniformeen fabrika bihurtzen dira alorrak.

EBk debekatu egin du zenbait urtez pestizida batzuk erabiltzea. Nahikoa izango al da?

Neonikotinoideen gaineko susmoak ez ezik, alorretan erabiltzen diren beste eragile toxiko batzuen gaineko susmoak ere gero eta handiagoak dira. Txosten zientifiko luzeak eta legeria mantsoak beharko dira, eta bitartean, erleek eta milaka espezie polinizatzailek galdu egingo dute biziaren borroka ehun milioi urteko bilakaera egin eta gero.

Zergatik dira hain garrantzitsuak erleak?

Erleetan ikusten da zer-nolako osasuna duen gure ekosistemak eta erleak dira landareak birsortzeko katebegia Lurrean. Eragin ekonomikoa ez da nolanahikoa, Europako uztaren %84 polinitzaileen mende dago eta. Horiek gabe, gizakiarentzat garrantzitsuak diren zenbait landarek ez dute bizirik iraungo, arrozak adibidez.

Zer-nolako egoeran daude gaur egun?

Planeta guztian doaz gainbehera, leku isolatu batzuetan izan ezik. Erlezainek neke handiz lortzen dute erle galerak orekatzea. Gainera, erleen eskaria azkarrago handitzen ari da eskaintza baino. Toki batzuetan ez dago polinizatzailerik, eta baserritarrek eskuz polinizatzen dute sagastien lore bakoitza, arbelondoena… Txinak hiru eskualde handi ditu polinizatzailerik gabe.

Eta Espainian?

Europako azken inkestaren arabera, iparraldeko herrialdeetan baino txikiagoa da hilkortasuna. Baina erlezain askok ez dute esaten erlauntzaren zati bat hil zaienik, EBk sendagaientzat ematen dituen diru laguntzak ez galtzeagatik. Nekazaritza intentsiboaren mende dauden eskualdeek sufritzen dute gehien, nahiz eta penintsulako lurralde guztiari eragiten dion. Erleek izugarrizko mugikortasuna dute Espainian, erlauntz trukeak eta transhumantziaren merkatu aipagarriak eraginda.

Asiako erlea mehatxu bat dela esaten da. Zenbateraino?

Espezie inbaditzaile hori, Vespa celutina nigritorax, egiazko mehatxua da Frantzia hegoaldean, Portugal iparraldean eta, Espainian, Kantauri itsasoko ertzean eta Pirinioetako eskualdeetan. Liztortzar horrek ordu gutxitan egiten ditu erlauntz batekikoak, bere larbak erleekin elikatzeko. Inguru kaltetuetan badira aurka egiteko planak, eta espero da horien zabalkundea geldiaraztea. Komunikabideetatik eta Internetetik, Europako liztortzarraren aurka joateko esaten da, Vespa Crabro delakoaren aurka, baina hori errugabea da, eta, gainera, halakoei eusteko daukagun arma nagusia, bere lurraldea defendatu egiten du-eta inbaditzailearen aurrean.

Bizi al daiteke erlezaintzatik?

Espainia da Europako ezti ekoizle nagusia. 23.000 erlezain daude, eta horietako %20k baino ez dituzte ustiategi profesionalak. Andaluziak, Extremadurak eta Valentziak biltzen dute sektorearen %62. Eztia ateratzera bideratzen da negozioaren %90, beste herrialde batzuetan ez bezala, non dibertsifikatu egiten duten erlauntzeko gainerako produktuekin: propolioak, argizaria, polena, jelea, erle hazkuntza edo apitoxina (horien pozoia). Norberari lana emango dion ustiategi bati eusteko, 50.000 eta 80.000 euro artean jarri behar dira. Ez da erraza erleak gobernatzea. Erlezain hasiberri askok lehenbiziko urtean uzten dute. Asko ikasi behar da eta boluntario gisa aritu profesional aditu baten erlauntzetan, urtebetean gutxienez.

Zer-nolako neurriak hartu behar lirateke erleen egoera hobetzeko?

Pertsonen osasuna eta elikadura arloko segurtasuna hobetzeko hartu behar diren berberak. Aldarazi egin behar da nekazaritzako ekoizpen eredua. Landare aniztasun handiagoarekin, kimiko tona gutxiago beharko da. Beharrezkoa da erlezainak prestatzeko plan bat ere, eta osasun legedi bat, erlezaleak behartuko dituena erleen gaixotasunak jakinaraztera eta neurri egokiak hartzera.

Herrialde batzuek hirietan erlauntzak jartzen dituzte erleak salbatzeko eta kalitatezko eztia egiteko. Zer iruditzen zaizu?

Erleek osasun hobea dute hirietan, non parkeetan eta eremuetan flora aniztasun handiago duten eta agrotoxiko asko galarazita dauden. Beste herrialde batzuetako legedia oraindik ez dezakegu Espainian probatu: legeak galarazi egiten du hirietan erlauntzak jartzea. Unea iritsiko balitz, saihestu egin behar litzateke gure ekosistemarekin zerikusirik ez duten espezieak sartzea. Edonola ere, uste izatekoa da onurak ekarriko lituzkeela guztientzat.

Zer egin dezakete herritarrek?

Produktu kimiko-fitosanitarioen erabilera mugatu, polinizatzaileei kalitatezko elikagai hornidura bermatu, erlezaintza babestu, kontzientzia sortu eta nekazaritzan eragin, enpresetan eta agintariengan, eta lankidetzan aritzeko sareak sortu.