Animalien eskubideek eta gizakion eskubideek berdinak izan behar al dute?
Ez. Animalia animalia da eta gizakia gizakia. Ez da nahasi behar gauza bat eta bestea. Animaliek badituzte eskubideak, baina ez dira gizakiok ditugun eskubideen berdinak. Baina horrek ez du esan nahi ez direla errespetatu, maitatu eta zaindu behar.
Espainiako zuzenbideak esaten du animaliak gauzak direla, jabeek eskuratu eta nahi duten bezala erabil ditzaketen ondasunak?
Bi plano desberdin daude. Bat da lagun egiteko animaliena. Eta bestea, esperimentazioan erabiltzen diren animaliena. Horregatik, legediak ere desberdina izan behar du. Zientzian oso-oso arautua dago animalien erabilera, gizakiak etxeko txakur eta katuekin izan beharreko harremana baino askoz gehiago. Europako araudiak zehaztu egiten du nola tratatu behar diren, nola elikatu eta zaindu; zer-nolako anestesia erabil daitekeen eta nola hil behar diren. Dena dago arautua. Baita esperimentu bakoitzean zenbat animalia erabil daitekeen ere: ez daitezke erabili beharrezkoak diren baino gehiago.
Beharrezkoa al da animaliekin esperimentatzea zientziak aurrera egin dezan osasunaren arloan eta gaixotasunen tratamenduan?
Gizarteak eta medikuntza modernoak animaliekin esperimentatu delako iritsi dute gaur egungo ongizate maila. Gaur-gaurkoz, ezinbestekoa da animaliak erabiltzea, batez ere garunaren ikerketan. Ezinezkoa da garuna Petri xafla batean erreproduzitzea.
Espainian, 920.000 animalia erabiltzen dira urtean helburu zientifikoekin eta irakaskuntza helburuekin, Nekazaritza Ministerioaren arabera. %85 inguru karraskariak dira, saguak eta arratoiak. Badira, dena den, untxiak, txakurrak, zaldiak eta astoak, katuak eta txerriak ere. Animalia horiek babestuta al daude tratu txarren aurka?
Bai, babestuta daude tratu txarren aurka. Ez zaie minik egiten: batzorde etiko batek onartu behar du esperimentua. Gainera, animalia zenbat eta garatuagoa izan eta zenbat eta sentiberagoa izan minarekin, hainbat eta zorrotzagoak izaten dira esperimentuaren betebeharrak. Horretaz gain, argitu behar da esperimentazio zientifikoan erabiltzen diren animaliak ez direla kalean hartuak. Gatibutasunean egon diren animaliak dira, helburu horretarako haziak. Norbaitek tximino bat erabiliko badu, ez da oihanera joaten haren bila. Hasteko, laborategiko tximinoek, txakurrek edo katuek askatasunaren inguruan ez dute gizakiok dugun kontzeptua. Eta, gainera, ezagutu ere ez dute egiten. Animaliategi batean jaio den sagu batek kaiola du leku naturala. Animalia horiek, gainera, albaitariek kontrolatzen dituzte (animalien ongizatearen arduradunak esaten zaie), eta haiek zaintzen dute ez dezatela estresik izan eta ez dezatela sufritu.
Espainiako zientzialariak animaliekin esperimentatzearen alde agertu dira El uso de animales en la investigación científica lanean; dokumentu hori Espainiako Elkarte Zientifikoen Konfederazioak argitaratu du, otsailean, eta CSICeko eta Espainiako unibertsitateetako adituek parte hartu dute.
Lan hori egin da ezagutza falta dagoelako eta erantzun egin nahi izan zaielako Europako korronte animalistei, ez baitute nahi animaliekin esperimentatzen jarraitzea. Lehenik eta behin, argitu egin nahi genuen animaliekin esperimentatzeko araudi zientifikoa oso zorrotza dela eta badituela printzipio moralak ere. Bigarrenik, erabiltzen diren animaliak berariaz horretarako haziak direla. Eta, hirugarrenik, ez direla hainbeste eta gero eta gutxiago direla. Zientziak gero eta animalia gutxiago erabiltzen ditu urtetik urtera, teknika berriak sortzen direlako, adibidez, lerro zelularrak.
Ikertzaileek 920.000 animalia erabili zituzten 2013an, 2009an baino heren bat gutxiago, Nekazaritza Ministerioaren arabera. Babesten al duzu laborategiko animaliak murriztea eta zientziak gero eta gutxiagotan esperimentatzea izaki biziekin?
Erabat. Animaliekin esperimentatzean, hiru arau hartzen ditugu kontuan: animalia kopurua murriztea, erabiltzen diren metodoak fintzea animalien ongizatea hobetzeko eta, ahal denean, hazkuntza zelularrak erabiltzea horien ordez. Zientzialariak egunero saiatzen gara animalia gutxiago erabiltzen.
El Derecho de los animales (Animalien eskubidea) lanean, animaliei ematen zaizkien tratu txarrez ari dira filosofoak, juristak eta etologoak, Espainiako lege egoera zein den aztertzen dute eta laborategietan animaliekin egiten diren esperimentuak ere bai. Zer diozu zuk?
Norberak nahi duen sinesmenak eduki ditzake eta horien alde egin. Baina besteenak ere errespetatu egin behar dira, zeren animaliekin esperimentatzea, gaur-gaurkoz, beharrezkoa baita. Eta legearen barrenean jokatu beharra dago. Badira ekintzaile zintzoak, eta hain zintzoak ez diren beste batzuk ere bai.