Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Nutrizioaren adinak, 0-3 urte: osasunaren zimenduak

Esne garaiak berebiziko garrantzia du haurraren osasunean eta bilakaeran (haurtxoak esnea bakarrik hartzen duelako esaten zaio horrela). Izan amarena edo artifiziala, bakoitzak eskaintzen dituen aukerak sakon ezagutzea komeni da ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko.

6 hilabetetik 3 urtera

Haurrak sei hilabete egiten dituenetik aurrera, elikadura osagarria hasten da eta, horrekin batean, zalantza berriak. Zer eman behar diogu? Nola eskaini behar diogu? Bularra ahalik eta denbora gehienean ematea, elikagai berriak banan-banan eskaintzea eta kezkarik ez izatea eskaintzen diogun horretatik asko edo gutxi jaten duen, horra hor kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak.

Adin horretarako egokiak diren elikagaiak eskainiz hastea da lehenbiziko pausoa elikadura dibertsifikatzeko; horrela prestatuko dugu haurtxoa etorkizunean elikatzeko –baina ez orain–, eta ezinbestekoa da amaren esnea hartzen ari den garaian ematea pauso hori, horrek murriztu egiten baitu elikagai berri horiekin kalteak jasateko arriskua (glutena dutelako, alergenoren bat…). Haurrak 6 hilabete inguru dituenean hasten da elikadura osagarria, haurrek gehienean –ez beti, hala ere– behar bezalako garapena izaten dutelako bestelako elikagai batzuk onartzeko. Hiru seinalek adierazten dute haurra prest dagoela urrats hori egiteko:

  1. Eserita mantentzen da eta buruari tente eusten dio.
  2. Gai da bere gorputza koordinatzeko elikagaiak ikusi, hartu eta ahora eramateko.
  3.  Ahoan jartzen dituenean, ez ditu mihiarekin kanporatzen (estrusio errefluxua).

Bizitzan gauza guztiekin gertatzen den bezala, haurtxo batzuek 6 hilabetetan egoki beteko dituzte baldintza horiek, baina beste batzuek denbora gehiago beharko dute. Elikagai berriak eskaintzean, baliteke trebetasun horiek dituzten haurtxo batzuek hartu eta ongi jatea; beste zenbaitek, ordea, manipulatu baino ez ditu egingo, eta litekeena da hirugarren talde batek hartu ere ez egitea. Jokabide guztiak dira erabat normalak, eta ez da ezer berezirik egin behar aldatzeko, bularra edo formulako esnea eman baino ez, elikagai osasungarriak eskaintzen jarraitu eta ikuskizunarekin gozatu.

Noiz etanola sartu elikagaiak

Garai batean egutegi zorrotz bat zegoen elikagaiak adinaren arabera sartzen joateko, eta hor esaten zen zer-nolako elikagaiak, kantitateak eta testurak ziren egokiak adinez adin. Ezagutzan sakondu ahala, malgutu egin da kontua, egutegia hura desagertzeraino. Haren ordez, askoz errazago bete daitezkeen gomendioak gelditu dira eta, segur aski, egokiagoak direnak. Eduard Baladiak oroitarazi dizkigu:

  1. Lehenik bularra edo formulako esnea eskaintzea: esneak jarraituko du izaten elikagai nagusia.
  2. Sei hilabetetik aurrera: gomendioa da elikagai osasungarriak hautatzea, guriak (hatzekin erraz zapaltzeko modukoak) eta itotzeko arrisku handirik eragiten ez dutenak. Adibidez, pasta, arroza, kinoa, osoko artatxikia (ongi egosia), barazkiak lurrunetan, indioilar edo oilasko haragia, arraina lurrunetan, ahuakatea, fruta hautatuak. Zatiak eman ahal zaizkio, eskuekin eusteko modukoak eta miazkatu eta hozkatu ditzakeenak; fruta eta ahuakatea izan ezik, gainerakoak hanburgesa edo ziritxo (birrindu) bihur daitezke, eta era horretan, testura homogeneoa lortzen da, baina hatzekin hartu eta hozkatu daitekeena.
  3. Hamabigarren hilabetetik aurrera:
    • Haurtxoak amaren esnea hartzen badu, esnekiak gerorako utziko ditugu. Haurrek esne moldatua hartuz gero, gomendioa da 12. hilabetetik aurrera hori baztertu eta esneki osoak hartzen hastea.
    • Zerbak, espinakak eta neurri handiko arrainak har daitezke 12. hilabetetik aurrera, baina kantitate txikietan, barazkiek nitratoak izaten baitituzte eta arrainek metal astunak.
  4. Hiru urtetik aurrea, has gaitezke solido txikiagoak eskaintzen, adibidez fruitu lehor osoak, krispetak, mahats ale osoak (edo antzekoak) eta testura gogorreko beste elikagai batzuk, adibidez azenario gordina. Adin horretan, haurtxorik gehienek behar bezalako garapena izaten dute itotzeko arrisku larririk ez izateko (koordinazioa, hortzhaginak aterata, elikadura boloa kudeatzeko gaitasuna).
  5. Elikagai baztergarriak: azukreak, eztia, marmeladak, txokolatea, opilak (gailetak barne) eta hestebeteak ez dira osasungarriak, eta, horregatik, ahal den guztia atzeratu eta mugatu behar dira.

Gomendioak

Noiz hasi eta noiz arte iraun

Amaren esnea. 0 – 6 hilabete / 3 urte

Esne egokitua (amaren esnea hartzen ez duten haurretan). 0 – 6 hilabete / 6 – 12 hilabete

Zerealak –ogia, arroza, pasta, eta abar– (glutenarekin edo gabe), fruta, barazkiak1, lekaleak, arrautzak haragia2 eta arraina3, oliba olioa, fruitu lehor zapalduak edo ehoak. Jogurt pittin bat eta gazta samur pixka bat eskain daiteke 9. edo 10. hilabetetik aurrera. 6 – 12 hilabete / 3 urte

Esne osoa*, jogurta eta gazta samurra (kopuru handiagoan) *Haurrak amaren esnea hartzen ez duenean. 12 – 24 hilabete / 3 urte

Itotzeko arriskua eragin dezaketen solidoak (fruitu lehor osoak, krispetak, mahats ale osoak, sagarra edo azenario gordina). 3 urte

Elikagai baztergarriak (azukreak, eztia4, marmeladak, kakaoa eta txokolatea, flanak eta esnezko postreak, gailetak, opilak, hestebeteak eta urdaitegikoak). Zenbat eta beranduago eta zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto (sekula ez 12 hilabeteak baino lehen)

1. Barazkiak: saihestu egin behar dira espinakak eta zerbak 12 hilabeteen aurretik (eta erabiltzen direnean, ez dezatela hartu plater guztiaren %20 baino gehiago), nitratoak izaten dituzte eta. Urtebetetik aurrera eta 3 urte egin arte, beharrezkoa da barazki horietatik ez dezatela jan egunean errazio bat baino gehiago. Haurrak bakterio bidezko infekzio bat baldin badu urdail-hesteetan, baztertu egin behar dira bi barazki horiek.

2. Haragia: Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) gomendatzen du 6 urtetik beherako haurrek ez luketela jan behar berunezko munizioarekin ehizatu diren animalien haragirik, neuronetan kalteak eragiten dituelako.

3. Arraina: merkurioa dela eta, 3 urtetik beherako haurrek ez dute jan behar ezpata arraina edo luba, gelba, tintoleta eta atuna (3 eta 12 urte arteko haurretan, astean 50 gramo gehienez edo 2 astean 100 gramo, eta espezie bereko bi ez dituzte jan behar aste berean). Gainera, kadmioa izaten dutenez, haurrek ez dituzte maiz jan behar ganben, otarrainxken eta zigalen buruak eta karramarroaren antzeko krustazeoak. Helduek kopuru handiagoetan hartu behar izaten dituzte kalteak sumatzeko.

4. Eztia saihestu egin behar lukete 12 hilabetetik beherako haurrek, botulismo arriskua dela eta. Adin horretatik aurrera, gaixotasuna sortzen duen bakterioak (Clostridium Botulinum) ez du arazorik sortzen.

Iturria: Recomanacions per a l’alimentació en la primera infància (de 0 a 3 anys) lanaren moldaketa (Lehen haurtzaroan elikatzeko gomendioak (3 urte bitarte), Kataluniako Osasun Publikoaren Agentziarena.

 

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak