Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Nutrizioaren adinak, 0-3 urte: osasunaren zimenduak

Esne garaiak berebiziko garrantzia du haurraren osasunean eta bilakaeran (haurtxoak esnea bakarrik hartzen duelako esaten zaio horrela). Izan amarena edo artifiziala, bakoitzak eskaintzen dituen aukerak sakon ezagutzea komeni da ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko.

Edoskitzealdi artifiziala

Amak batzuetan ez du modurik izaten haurrari bularra emateko, sortzen duen esnea ez delako egokia, egoera sozialak edo lanekoak ez diolako uzten edo, besterik gabe, bularrik ez ematea erabaki duelako; halakoetan, esne artifiziala edo formulakoa ematea egokia izaten da haurtxoaren hazkunderako. Mireia Roselló doktoreak azaltzen duen bezala (Valentziako Doctor Peset Unibertsitate Ospitaleko pediatra da, pediatriako larrialdietan espezializatua), esne moldatuak izaten dira, gehienak behi esnearekin eginak, eta gizakion esnearen osaera biokimikoa imitatzen dute. “Eta egoki betetzen dituzte haurtxoak dituen energia beharrizanak gorputzean prozesu metabolikoak gauzatu ditzaten eta garapen egokia izan dezaten; horretarako, %40-60 behar izaten dituzte karbohidratoak, %30-45 lipidoak eta %7-15 proteinak, baita bitaminak eta mineralak ere”, adierazi du.

Nola hautatu formulako esnerik onena? 

Formulako esneen artean hautatzeko orduan, amaren lehentasunak aginduko du, pediatraren aholkuak kontuan hartuta betiere, baina argi eduki behar dugu merkatuan dauden guztiek pasatu dituztela segurtasun kontrol zorrotzak, eta haurtxoak nutrizioaren aldetik dituen beharrizanei erantzuteko gai direla. Formula bat baino gehiago dago: hasierakoak edo 1 motakoak, 0 hilabetetik aurrera hartzekoak, eta baita jarraipenekoak edo 2 motakoak ere, 6. hilabetetik aurrera hartzekoak. Urtebetetik aurrera, behi esne osoa eman dakioke edo hazkunderako formulak. Haurrak 4 eta 6 hilabete artean dituenean, burdina gehiago behar izaten du eta beharrezkoa izaten da elikadura osagarria ematea, adin horretatik aurrera, izan ere, esnean bakarrik oinarritzen den dietak anemia ferropenikoa agerraraz dezake.

Ba al dago esne egokiturik?

Merkatuan badira “esne berezi” izenekoak: nahasmendu metabolikoren bat duten haurtxoen nutrizio beharrak asetzeko prestatuta dauden prestakinak. Horiek egiteko, haurrentzat diren ohiko esneak hartzen dituzte oinarri gisa, eta behar diren moldaketak egiten dizkiete. Eta erabiltzeko garaian, pediatraren gomendioak are garrantzitsuagoak dira.

Laktosarik gabeko esneak. Behi esnearekin eginak daude, baina laktosaren ordez beste karbohidrato bat izaten dute (adibidez, soja). Egokiak dira laktasa izeneko entziman gabeziaren bat izanez gero. Horiek erabiltzea gomendatzen da entzimaren jarduera berreskuratu artean.

Berrahoratzearen aurkako formulak. Haur batzuei janaria maiz etortzen zaie urdailetik ahora (urdail-hesteetako errefluxua), eta horiei gomendatzen dizkiete esne horiek. Lodigarriak erabiliz egiten dituzte, esnea ez dadin igo urdailetik aho barrunbera.

Formula hidrolizatuak. Esne horietan proteinak hidrolisi bidez zatikatuak egoten dira (molekulak destolestu egiten dira uraren ekintzarekin) zati txikiagoetan (proteina txikiagoetan eta baita aminoazidoetan ere), eta horrela errazago digeritzen eta xurgatzen dute behi esnearekiko intolerantzia duten haurrek, hesteetan xurgatzeko arazoak dituztenek edo proteina horiekiko alergia dutenek.

Arazo metabolikoetarako formulak. Entzima jakin baten funtzionamenduan akats bat dagoenean, batzuetan dietaren bidez bakarrik tratatu daiteke gaixotasun hori. Horrela, dietatik kendu egin behar izaten dira entzima akastun horren beharra duten elikagaiak. Esne horiek espezifikoak dira kasu bakoitzerako, eta medikuak zorrotz kontrolatuta erabili behar dira.

Garaia baino lehen jaio direnentzako eta pisu gutxiko jaioberrientzako formulak. Pisu gutxirekin edo garaia baino lehen jaio direnek nutrizio baldintza jakinak eskatzen dituzte, mantenugai erreserba urria izaten baitute oso, eta funtzio digestibo eta metaboliko heldugabea. Haurraren beharrizanak aseko dituzten mantenugaiak eman behar dituzte esne horiek, funtzio horiek heldu gabe daudela kontuan hartuta.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak