Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Nutrizioaren adinak, 0-3 urte: osasunaren zimenduak

Esne garaiak berebiziko garrantzia du haurraren osasunean eta bilakaeran (haurtxoak esnea bakarrik hartzen duelako esaten zaio horrela). Izan amarena edo artifiziala, bakoitzak eskaintzen dituen aukerak sakon ezagutzea komeni da ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko.

Amaren elikadura

Haurdunaldian bezala, bularra ematen ari den garaian ere (edoskitzealdian alegia), amak oso ongi zaindu behar du zer jaten duen. Eta horixe nabarmentzen dute nutrizionistek ere. Eduard Baladiak, esaterako (Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiako kidea da), hauxe azpimarratzen du: “Haurdunaldian erabili zituen printzipio osasungarri berberak erabil ditzala elikatzeko garaian”. Kontuan izan behar da oraingo honetan ere ez duela birena jan behar, esnea sortzeko, amak ez baitu gehiago jateko beharrik.

Falta ez daitezkeen mantenugaiak

Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, dieta osasungarria izan dadin, ezaugarri hauek bete behar ditu: kopuru orekatuetan eman behar ditu energia, proteinak, bitaminak eta mineralak, eta askotariko elikagaietatik lortu behar dira horiek. “Hau da, ugari behar ditu frutak eta barazkiak, lekaleak, ale osoko zerealak, oliba olioa, esnekiak, arrautzak, arraina, gantz gutxiko haragiak”, azaldu du Baladiak. “Errutina hori modu naturalean egokitzen zaio bularra emateko garaian izaten diren eskakizun zertxobait handiagoei, gosea eta asetasuna doitzen duten mekanismoen bidez, haurdunaldian gertatzen zen bezala.

Dietista-nutrizionistaren gomendioa da “lehentasuna ematea elikagai gutxi prozesatuei, elikagai ultraprozesatuak mugatzea edo, are hobeto, elikagai osasungarrietarako sarbidea erraztea eta mugak jartzea osasungarriak ez direnei (opil industrialak eta edari azukretsuak), hau da, kaloria asko duten produktuei, bete bai baina elikatzen ez dutenei”. Kafeina ere nabarmen murriztu behar da. Eta komeni da oroitaraztea tabakoa kendu egin behar dela edo, gutxienez, ahalik eta gehiena murriztu. Produktu galarazirik? Zalantzarik gabe, alkohola. “Nahiz eta haurrari kantitate txikia iritsiko litzaiokeen, uste dut saihestu beharrekoen artean sartu behar genukeela”, zehaztu du Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiako adituak.

Komeni al da gehigarriak hartzea?

Ez modu sistematikoan. Adituek onartzen dute batzuetan ezinezkoa dela bularra emateko garaian behar diren mantenugai kopuruak lortzea elikaduraren bidez bakarrik, ohi baino beharrizan handixeagoak izaten baitira zenbaitetan; dena den, ezinbestekoa da medikuari galdetzea edozein bitamina edo mineral hartu aurretik. “Frogek esaten dute behar denean hartu behar direla gehigarriak; hau da, gabeziak antzematen direnean edo gabezia nabarmen bat diagnostikatzen denean. Hori bai, beti espezialistak aginduta”, adierazi du Baladiak.

Eta pisua galtzeko dietak?

Haurdunaldian ez bezala (garai horretan guztiz galarazita daude argaltzeko planak), bularra emateko garaian egin daitezke energia gutxiago ematen duten dietak, haurtxoa arriskuan jarri gabe, Eduard Baladiak azaltzen duen bezala: “Edoskitzealdia egonkortua dagoenean, gehiegizko pisua duten amek pisua galtzeko pausoak eman ditzakete bularra luzaroago emanez eta ekarpen energetikoa mugatuz; hau da, argaltzeko dieta arina egin dezakete, esnearen ekoizpena eta kalitatea arriskuan jarri gabe”. Hori bai, beti mediku batek edo dietista-nutrizionista batek gainbegiratu behar du, eta, jakina, inork ez ditu bere kontura hartu behar argaltzeko produktuak osasun arloko profesional baten kontrolik gabe.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak