Haurren gizentasuna: beste pandemia handi eta isila

Faktore askok eragiten du haurren gizentasunean, eta horri aurre egiteko tresnak ere asko dira. Baina autonomia erkidego guztiek ez dute berdin jokatzen, eta horregatik, leku batean edo bestean bizi, haurrek ez dute arrisku berdina gehiegizko pisua izateko.
1 urtarrila de 2022

Haurren gizentasuna: beste pandemia handi eta isila

Lurralde bakoitzeko adierazle sorta bat aztertu dugu, eta horrela ikusi dugu arazoari nola aurre egiten zaion hiru alderditatik: ingurua, ohitura osasungarriak eta ariketa fisikoa. Oraindik zer egin ugari dago.

Historian lehen aldiz, egungo haurren belaunaldiak bizitza laburragoa izango du euren gurasoenak baino. Arrazoia: haurren gizentasuna. Gehiegizko gantzaren ondorioz, oraintsu arte helduetan bakarrik agertzen ziren gaitzak gazteen artean ere azaltzen hasi dira garaia baino lehen, adibidez 2 motako diabetesa, bihotzeko gaixotasunak, arteria hipertentsioa, garuneko infartua eta loaren apnea. Eta etenik gabe ari da handitzen arazoa. Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, 1975. urtetik ia hirukoiztu egin da gizentasuna. Gertaera globala da, eta gure inguruko neska-mutilak ez daude salbu, jakina. Hamarretik lauk gehiegizko pisua dute gaur egun Espainiako Estatuan. Zer dago aldaketa horren atzean? Zer egin dezakegu gaitzaren eraginak txikitzeko? Garaiz al gaude?

Azken bederatzi hilabeteetan, EROSKI CONSUMER saiatu da galdera horiei erantzuten, eta zeresana duten arlo guztietako espezialisten laguntzarekin heldu dio “gaitz guztien gaitza” esaten dioten horri: Administrazioa, osasuna, industria, familia, eskola, zientzialariak, dibulgatzaileak eta komunikabideak. Bederatzi atal argitaratu dira, eta balio izan du gogoeta egiteko eta erraldoi horri nola aurre egin behar zaion ikusteko. Azken atal honetan ondorio batzuk atera nahi ditugu, eta autonomia erkidegoei begira jarriko gara. Gehiegizko pisuan zeresan handia duten hogei aldagai aztertu ditugu, jakin egin nahi izan baitugu erkidego batean edo bestean jaiotzea zenbateraino den erabakigarria.

 

Nola eragiten du pobreziak eta osasun arloko gastuak

Ingurua erabakigarria da haurrek gizentasuna eduki dezaten. Administrazio publiko guztien politikak ez dira berdinak, eta horien ondorioak ere ez. Osasun arloan gastu handiagoa egitea, pediatrian arreta hobetzeko baliabideak jartzea eta, batez ere, baliabide ekonomiko gutxiago duten herritarren multzoa handiagoa edo txikiagoa izatea, alderdi horiek ongi azaltzen dute haurren artean zergatik dauden halako aldeak mapa baten barnean.

Erakundeak jabetu dira osasun publikoaren arloko arazo bat dutela esku artean, eta urteak daramatzate lanean. 2005. urtean Espainiako Gobernuak NAOS Estrategia jarri zuen abian (Nutrizioa, Jarduera Fisikoa eta Gizentasunaren Prebentzioa) ekintzak eta esku-hartzeak egiteko gizarteko arlo guztietan, ebidentzia zientifikoa oinarri hartuta betiere, eta horrekin lortu nahi izan zen gehiegizko pisuaren zabalkundea etetea. Alberto Garzon Kontsumo ministroak berak onartu du estrategia ez dela ari funtzionatzen, eta EROSKI CONSUMER haur gizentasunaren inguruan egiten ari den atal berezi honetan egindako elkarrizketan adierazi zuen oraindik ere “hutsuneak” dituela eta ez dela lortzen zifrak apaltzea.

Datuek dena esaten dute. Osasun Ministerioak emandako zifren arabera (2017koak dira), gizentasunaren batez bestekoa %10,3koa da 2 eta 17 urte arteko haurretan (Gorputz Masaren Indizea 30etik gorakoa dutela esan nahi du). Are gehiago, Espainiako Herritarren Nutrizio Azterketak (ENPE) emandako datuen arabera -EROSKI Fundazioak sustatu du ikerlan hori-, 25 urtetik beherakoetan igo egin da gizentasunaren prebalentzia XXI. mendean, %3 eta %5 artean zehazki, adin multzoaren arabera. Eta gehiegizko pisu horrek osasun arloko konplikazioak ekarriko dizkie helduaroan, adibidez diabetesa eta kardiopatiak, eta lehenbiziko aldiz, bizitza itxaropen urriagoa ere bai, Idoia Labaien irakasleak azpimarratzen duen moduan (Osasun Zientzietan aritzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoan).

Iparra/hegoa desberdintasunak

Autonomia erkidegoak banaka hartuta, Murtzia zigortzen du gehien beste “pandemia” honek: hamar adingabetatik lauk dute gehiegizko pisua eta gizentasuna. Kanariak (%35,5) eta Andaluzia (%33,4) datoz ondoren. Pobrezia tasa handiena ere hiru erkidego horietan daukate. Pobreak gizen esaten zaio fenomeno horri, eta argi azaltzen du diru sarrera apalenak dituzten familietan bi aldiz handiagoa dela haur gizentasunaren tasa sarrera handienak dituztenetan baino, datu horiek ageri dira Aladino 2019 txostenean (Kontsumo Ministerioak eta AESAN Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak egina da).

Azterketa horrek berretsi egiten du elkarri estu lotuta daudela gizentasuna eta pobrezia. Diru sarrera apalenak dituzten familiak maizago joaten dira janari lasterra eskaintzen duten saltokietara, merkeagoa izaten da eta: %18,5ek astean behin gutxienez jaten dute jatetxe horietan, eta sarrera handiagoak dituzten familien artean %10,7k izaten dute joera hori. Baliabide gutxien duten haurrek, gainera, gozoki gehiago jaten dute erosoago bizi direnek baino (%11,5ek egunean zenbait aldiz, eta baliabide gehiago dutenen artean, %3,9k). Askotan, produktu horiek ematea da haurrak “saritzeko” modu bakarra familia horietan. Egoera horretaz jabetuta, joan den urtarrilean Errege Dekretu bat onartu zuten pertsona zaurgarrienak kontsumoaren arloan babesteko, eta pertsona kontsumitzaile zaurgarria zer den ere definitu zuten; besteren artean, haurrak eta adin handiko pertsonak sartzen dira hor.

Esan dugu Murtzia dagoela sailkapen horren azken lekuan; beste muturrean, berriz, Nafarroa dago, diru sarrera handienak dituen erkidegoa eta patologia horretan daturik onenak eskaintzen dituena era berean: adingabeen %1,4k baino ez dute gizentasuna Nafarroan, eta %15ek gehiegizko pisua. Aragoi eta Galizia datoz atzetik, non bost adingabetatik batek gainditzen duen gehiegizko pisuaren muga. Erdialdean Euskal Autonomia Erkidegoa eta Katalunia daude. Bi erkidego horietan zenbait estrategia abiarazi dituzte eraginkorrak izan nahian gizentasunaren aurkako borrokan, eta neurri aitzindariak ere hartu dituzte; Katalunian, esaterako, igo egin dituzte edari azukretsuen zergak, eta badirudi hori bera egingo duela Espainiako Kontsumo Ministerioak ere Estatu osorako, halaxe adierazi zuen, behintzat, joan den urrian.

Euskal Autonomia Erkidegoan, bestalde, 1.000 egunen Plana landu dute, eta laster argitaratuko dituzte ondorioak. Erkidego horretan baztertu egin dituzte oso epe luzeko planak, eta horregatik jarri dute 1.000 eguneko tartea helburu osasungarriak lortzeko: %20 handitzea fruta eta berdura jaten duten haurren portzentajea, %20 murriztea gatz kontsumoa, dietan %20 jaistea azukre libreak eta elikadura osasungarriaren alde ari diren eragileen eta ekimenen %50 lankidetzan aritu daitezela. Helburu errealistak dira, eta zentzuzko epea ezarri zaie.

Osasungintzaren gabeziak

Gizentasunari buruzko datuak ez dira hobetu Espainian, eta zeregin ugari dago beraz. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) emandako datuen arabera, gainera, Europako prebalentziarik handienetakoa du (Greziak eta Italiak bakarrik dute handiagoa). Osasungintzari dagokionez, Osasun Sisteman dietistak eta nutrizionistak sartzea izan liteke irtenbideetako bat. Bat baino gehiago harritu egingo da agian, baina profesional horiek ez daude osasun sistema publikoan sartuta autonomia erkidegorik gehienetan, nahiz eta Europako herrialde batzuetan sartuta egon, adibidez Frantzian.

Aspalditik ari dira hori eskatzen: haurren gizentasunak kausa asko duela esaten bada behin eta berriz eta diziplina askotatik erantzun behar zaiola, begi bistakoa dirudi profesional hori oso lagungarria izan daitekeela aurre egiteko, aditua baita elikaduran. 2015. urtean argitaratu zuten berrikusketa sistematiko batek nabarmentzen duenez, eta halaxe oroitarazten du Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak (CGCODN), profesional horiek Lehen mailako Arretan sartuta osasun sistema publikoak 105 euroraino aurreztu litzake inbertitzen den euro bakoitzeko, jende gutxiago ospitaleratuko litzatekeelako eta tratamendu gutxiago erabili. Nazioartean egin diren zenbait ikerketaren datuetatik atera ditugu zifra horiek.

Azken urteetan aurrerapen handiak egin diren arren, 1.000 biztanle bakoitzeko dauden dietista-nutrizionista kolegiatuen kopurua ez da nahikoa. CGCODN erakundeak emandako azken datuen arabera, gaur egun 5.715 espezialista daude. Hori aski al da gehiegizko pisua duten haur-gazteen %40 hori artatzeko? Adierazgarria da gehiegizko pisuari dagokion tasa txikiena duen erkidegoak izatea dietista-nutrizionista gehien. Nafarroaz ari gara, non lau profesional dauden 1.000 biztanle bakoitzeko. Katalunia dator ondoren, espezialitate horretan goi mailako ikasketak eskaini dituen lehen erkidegoa; bi profesional dituzte 1.000 biztanle bakoitzeko. Extremadura eta Kanariak daude azken lekuetan, bi profesional baino gutxiagorekin.

Jose Serrano medikuaren esanetan (Espainiako Pediatria Elkartekoa kidea da), dietista-nutrizionisten eta pediatren kontsultek “ondoz ondo” egon behar lukete osasun etxeetan, egunero modu koordinatuan lan egiteko. Haur gizentasunari loturik dauden arazoen tratamendua, ordea, Lehen mailako Arretan egiten dute. Eta atal horretan ere baliabideak falta dituzte: Espainian, batez beste, pediatra bat dago 1.000 adingabe bakoitzeko.

Pediatrak falta

Autonomia erkidegoen artean ez dago alderik ia. Tartea 1,27 eta 0,87 artekoa da, eta Valentziako Erkidegoa, Asturias eta Kanariak daude denen buruan. Beste muturrean, Katalunia eta Madril daude (ez dira iristen batera). BPG handiena duten lau erkidegoetako bi dira horiek biak. Osasun arloko gastuari dagokionez, sailkapenaren erditik behera ageri dira biak ere. Aldea 500 eurotik gorakoa da pertsona bakoitzeko; Nafarroa ageri da inbertsio horren buruan, 1.843 eurorekin, eta Madril azken aurreko lekuan 1.320 eurorekin. Azkena Andaluzia dago, Madrilek baino 78 euro gutxiago jartzen duela biztanle bakoitzeko. Katalunia batez bestekoaren zertxobait behetik dabil, 1.574 eurorekin biztanle bakoitzeko.

Bitartekoak falta direla ikusita, badira ekimen partikular batzuk haur gizentasunaren aurka borroka egiteko. Horren adibide da Bizkaiko Medikuen Elkargoak 2013an abian jarri zuen formazio kanpaina haurrak eta gurasoak jabetu zitezen zein garrantzitsua den ongi elikatzea.

Serrano adituaren iritziz, zeina Haurtzaroa eta Dieta Mediterraneoa (Infadimed) programa laguntzen aritzen den hiru eta bederatzi urte arteko ikasleen artean dieta mediterraneoa sustatzeko, baremo horiek ez dira aski. “Baliabideak jarriko balituzte Lehen mailako Arretak denbora gehiago eskain dezan, dietista-nutrizionistek kontsultetan parte har dezaten, elikagaien industriak ez dezan egin nahi duen guztia eta zergak jarriko balizkiete produktu azukretsuei hain erraz ez erosteko, gauza guztiek bilakaera logikoagoa edukiko lukete”, adierazi zion pediatra horrek EROSKI CONSUMERi 2021eko ekaineko alean.

Inbertitu eta aurreztu

Gaixotasun kroniko horren hedapena geldiarazteak arindu ederra ekarriko lioke ogasun publikoari. Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) emandako datuen arabera, Espainiako Estatuko herritarrek urtean 265 euro ordaintzen dituzte zergetan gizentasunak eta gehiegizko pisuak eragiten dituzten arazoak tratatzeko. Gaixotasun horren eta harekin zerikusia duten patologien tratamendura bideratzen den gastu publikoa 2.500 milioi eurokoa da osotara, halaxe dio Gizentasunak eta patologiak eragindako kostu sozial eta ekonomikoen liburu zuriak. Eta handitzen ari da: Gizentasuna Ikertzeko Europako Elkarteak egindako kalkuluaren arabera (EASO siglak ditu ingelesez), gizentasunak urtero 3.081 milioi euroko gastua eragingo die Estatuko herritarrei 2030. urtean.

Osasun publikoak bizi ohitura osasungarriak sustatzeko bultzatzen dituen ekintzek, hala ere, eragin onuragarria dute herritarren osasunean eta inbertsio bikaina dira. Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundeak Gizentasunaren zama astuna txostenean dioenez (pandemia aurretik argitaratu zen), neurri sorta bat hartuko balitz publizitatea eta elikagaien etiketak arautzeko eta komunikazio kanpaina masiboak egiteko, urtean 41 milioi euro aurreztuko lirateke Espainian osasun kostuetan. Eta, gainera, kalorien %20 murriztuko balizkiete azukre, gatz, kaloria eta gantz saturatu asko duten elikagaiei, transmisio bidezkoak ez diren 472.000 gaixotasuni aurrea hartzeko modua izango litzateke 2050erako, urtean 169 milioi euro aurreztuko lirateke kostu sanitarioetan eta enplegua eta produktibitatea handitu egingo litzateke (13.000 langile urtebetean lanaldi osoan aritzearen neurriko hobekuntza).

 

Azken balorazioa

Nafarroa denen buruan. Nafarroak du gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren tasa globalik txikiena autonomia erkidegoen arten (%14,95). Aragoi heldu da ondoren, tarte handi samarrera (%20,71). Faktore horretan beste bi alderdik ere eragiten dute: pobrezia tasa txikiagoa izateak eta inbertsio handia egiteak osasun arloan, 1.694 eurokoa biztanle bakoitzeko. Horrek esan nahi du atal horretan diru gehien jartzen duen hirugarren erkidegoa dela Aragoi. Eta pediatra bat ere ez duen arren 1.000 biztanle bakoitzeko, dietista-nutrizionista gehien duen erkidegoa da Estatu osoan biztanle bakoitzeko.

Andaluzia azkena. Andaluzia, Kanariak eta Gaztela Mantxa dira azkenetakoak. Haurren gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren datuetan hirugarren erkidegorik kaskarrena da Andaluzia (Murtzia eta Kanariak bakarrik ditu atzetik), %33,4ko prebalentziarekin. Pobrezia tasarik handiena duten erkidegoetan ere hirugarrena da (%28,5), Extremadura eta Kanariak dituela atzetik. Osasun arloko inbertsioan, berriz, azkena da.

Ongi jatearen eta behar adina lo egitearen garrantzia

Aldaketa sozialak nahasmena ari dira eragiten ohitura osasungarrietan eta, ondorioz, gizentasunak libre dauka bidea. Presaka bizi gara, eta denbora faltaren erruz, ultraprozesatuek eta janari lasterrak hartu dute dieta mediterraneoaren lekua gure menuetan. Unescok Gizateriaren Ondare Ez-material izendatu du elikatzeko eredu osasungarri hori, non ariketa fisikoa eta atsedena ere kontuan hartzen diren.

Erakundeak jabetu dira horretaz, eta azkartu egin dute erritmoa alderdi horietan eragiteko. 2021eko urrian, Alberto Garzon Kontsumo ministroak jakinarazi zuen arautu egingo zutela janari eta edari osasungaitzen publizitatea emateko ordutegia, zehazki haur eta nerabeei zuzentzen zaiena. Handik aste batzuetara, Ministerioak errezeta bilduma bat argitaratu zuen Marian Garcia nutrizionistarekin, Comida rápida, barata y saludable izenekoa (Janari lasterra, merkea eta osasungarria), zeina Harvard-eko Plateraren ereduan oinarritzen den. Harvard-deko Osasun Publikoko Eskolak diseinaturiko gida bat da, otordu osasungarri eta orekatuak sortzeko, eta frutak, begetalak eta barazkiak jartzen ditu erdigunean.

Industriaren boterea

Produktu osasungarriagoan kontsumoa sustatzea da neurri horien helburua, baina elikagaien industrian denak ez dira horren aldekoak. 10 multinazional handik kontrolatzen dute industria hori: Nestlé suitzarra, Danone frantziarra, Associated British Foods britainiarra eta PepsiCo, Unilever, Coca-Cola, Mars, Mondelez, General Mills eta Kellogg’s estatubatuarrak.

Konglomeratu handiak dira, eta produktu asko eskaintzen dute, sarri askotan batere gomendagarriak ez direnak eta errazioaren ideia apurtzen dutenak. Haurrek gehien atsegin dituzten elikagaien atzean azukre asko izaten da, baina baita gatz eta gantz asko ere. Beharrizan hori ez du industriak sortu haurrengan, baina etekina ateratzen dio eta areagotu egiten du azukrea erantsiz. Gehiegi baliatzen da, halaber, zapore gaziaren ahogozo errazaz edo elikagai gantzatsuen testura hezeaz.

Industria horrek neuromarketin estrategiak erabiltzen ditu salmentak handitzeko eta erosleak erakartzeko. Opariak, sustapenak, deskontuak, elkarte zientifiko-sanitarioen berariazko bermeak eta nutrizio arloko zenbait aipu, adibidez “freskoa”, “naturala”, “ona hezurretarako”, “lagungarria haurrak hazteko”.

Espainian badago gida bat industriak berak onartua 12 urtetik beherako haurrei zuzenduriko publizitatea autoerregulatzeko; PAOS kodea da, baina adituek garbi diote ez duela funtzionatzen. “Borondatezko hitzarmenak eraginkorrak izango dira agintariek gainbegiratzen badituzte bakarrik eta isunak jartzen badituzte. Araudi espezifiko bat ezarri behar litzateke 16 urtetik beherakoei zuzenduriko produktuetarako, Portugalen egiten duten bezala”, azaldu zuen Rafael Urrialde adituak EROSKI CONSUMER aldizkarian 2021eko maiatzean (Elikadura, Elikagaien Segurtasuna eta Nutrizioa dira haren lan eremuak).

Dieta mediterraneoa

Ongi elikatzea funtsezkoa da gizentasunari eta beste gaixotasun batzuei aurre egiteko, eta ongi elikatzea da dieta orekatuaren bidez gosea asetzea eta ariketa fisikoa maiz egitea. Andreu Raya Demidoff-en iritziz (Kirola Heziketarako eta Osasunerako GKEko presidentea da), hauxe da modu osasungarrian jateko errezeta: kozinatzea. “Kozinatzeko denbora eta gogo faltak ez dute uzten dieta mediterraneoa egiten, eta badakigu horrek oso emaitza onak eman dituela osasunari eta jasangarritasunari dagokienez”, azaldu du.

Elikatzeko modu eraginkorra dela frogatu nahian gazteen gizentasunari aurre egiteko eta bizi estilo osasungarriagoa sustatzeko, Eurecat zentro teknologikoak Europa mailako proiektu bati ekin zion joan den urtean: Med4Youth. Nutrizio arloko esku-hartzean oinarritzen den ikerketa kliniko bat da, eta lehenengoz aztertuko du dieta mediterraneoak nolako eraginak dituen 13 eta 17 urte arteko nerabeetan Espainiako Estatuan, Portugalen eta Italian.

Gizentasuna, azken batean, gaixotasun sozial bat, alderdi ekonomikoei eta kulturalei lotua. Azken hamarkadetan izugarri handitu da ultraprozesatuen kontsumoa, merkeak direlako, jateko gustagarriak eta publizitate kanpaina oldarkorren laguntza izan dutelako; ondorioz, “lehen mailako osasun arazo” bihurtu dira produktu horiek, halaxe onartu du Miguel Angel Royo- -Bordonadak, Madrilgo Osasun Publikoaren Elkarteko presidenteak.

Ultraprozesatuak gora

2019. urtean, Elikadura arloko Kontsumoaren Txostena Espainian argitaratu zuen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, eta hor ageri zenez, hiru lagunetatik batek janari lasterra hautatzen du etxetik kanpo jaten duenean aukera osasungarriagoen ordez. Txosten horretan bertan esaten denez, herritar bakoitzak urtean 5,81 kilo opil jaten ditu batez beste.

Ildo horretan, Kontsumo Ministerioa lege bat lantzen hasi da, mugatu egin nahi baitu pertsona ospetsuek neska-mutilentzat iragartzen dituzten produktu kaltegarrien publizitatea, luzatu egingo du adin tartea 15 urtera eta mugatu egingo du “janari osasungarritzat” jotzen denaren tartea. Helburua da industriari mugak jartzea, publizitatearen bidez lagundu egiten baitu haurren artean gehiegizko pisua eta nutrizio kaskarra sustatzen.

Produktu mota hori dietan sartua dagoelarik eta mantenugai jakin batzuk kopuru txikietan hartzen dituztela ikusita, adibidez omega-3 gantz azidoak, burdina, kaltzioa eta A, C eta D bitaminak, argi dago haurren elikadura “hobetzekoa modukoa” dela, halaxe baieztatu du berrikitan EsNuPi ikerketak, Iberoamerikako Nutrizio Fundazioak (FINUT) eta Espainiako Nutrizio Fundazioak (FEN) sustatu dutenak. Ikerketa horrek esaten du, gainera, horien dietan esnekiak falta direla eta gehiegi hartzen dituztela gantz saturatuak, azukreak eta proteinak.

Horrekin batean, Eskola umeek Osasunari loturik dituzten Jokabideei buruzko Azterketa izeneko lanak azaldu duenez (Health Behaviour in School aged Children, HBSC ingelesezko siglak), 11 eta 18 urte arteko neska-mutilen %34,7k bakarrik jaten dute fruta egunero, %15,2k egunero jaten dituzte gozoak eta %24,6k freskagarriak; ikerlan hori 2020an argitaratu zuten, eta OMEk ikerlan atxikiaren aitortza egin zion. Gozokiei eta freskagarriei buruzko bi adierazle horiek ederki islatzen dute zenbateko pisua duten azukre, gatz eta gantz kaskar ugariko elikagai eta edariek, eta Royo-Bordonadaren iritziz horiexek dira malnutrizioaren eragile nagusiak munduan. “Produktu ultraprozesatuek eta horien kontsumoak gizentasuna bultzatzen du, kaloria gehiegi ematen dituztelako, eta, gainera, elikadura osasungaitza eta desnutrizioa ere eragiten dute, nutrizio kalitate txarra dutelako eta dietan lekua kentzen dietelako elikagai osasungarriei, freskoei edo gutxi prozesatuta daudenei”, azaldu du.

Ikerketaren arabera (Estatuko 40.495 neraberi egindako inkesta batean oinarritzen da), aldeak sumatzen dira penintsula iparraldeko erkidegoen eta hegoaldekoen artean. Euskal Autonomia Erkidegoak eta Errioxak lortzen dute notarik onena elikatzeko ohitura onetan. Nafarroak ere datu onak ditu (gozo eta freskagarri gutxi hartzen dute), Asturias eta Aragoi batez bestekoaren gainetik dabiltza fruta kontsumoan, eta Kantabrian ere gozo gutxi jaten dute gazteek (bigarren lekuan dago, Nafarroaren atzetik). Beste muturrean, bi uhartediak eta Katalunia daude, non fruta gutxi jaten duten, eta Andaluzian, Gaztela Mantxan eta Extremaduran inon baino gozo eta freskagarri gehiago.

Loak eragina du gehiegizko pisuan

Loaren eta gizentasunaren arteko lotura ez da oso aspaldikoa. Teresa Canet neurofisiologoak ikerlan bat egin zuen orain dela urte batzuk (Revista de Neurología aldizkariak argitaratu zuen, 2016an), eta hor ikusten da biak estu lotuta daudela, eta ondorioztatu zuen hiru urtetik aurrera behar baino lo gutxiago egiten duten haurrek probabilitate handiagoa dutela zazpi urterekin gehiegizko pisua izateko. Loaldiak arautu egiten du bi hormonaren arteko oreka: leptinarena (gutxitu egiten du gosea) eta grelinarena (handitu egiten du).

Gaizki edo gutxi lo egiten dugunean, ugaritu egiten da grelina eta, ondorioz, gure gosea. Hormona hori, gainera, nahiko apetatsua da eta energia dentsitate handiko elikagaiak maite ditu, gantzez eta karbohidrato finduz hornituak. Horrek lagundu egiten du gehiegizko pisua eta gizentasuna agertzen eta, epe luzera, 2 motako diabetesa. Are gehiago: “Nekatuagoak egonik, ariketa fisiko gutxiago egiten da eta sedentarismoa ugaritu egiten da egunean zehar”, nabarmendu du.

Eta nola lo egiten dute gazteek? Espainiako Pediatria Elkartearen arabera, nerabeek egunean zortzi eta hamar ordu arteko loaldia behar izaten dute, eta autonomia erkidego bakar batean ere ez dira iristen horretara. HBSC ikerlanean ageri denez, EAEko gazteek egiten dute lo gehien, 7 ordu eta 49 minutu, eta Murtziakoek gutxien, 7 ordu eta 29 minutu.

Osasuna erakutsi egiten da

Ohitura onak indartzeko, familian eta eskoletan erakutsi beharra dago. Autonomia erkidego batzuetan, eskola jantokiak kontratatzeko pleguetan txertatua dago nutrizio arloko heziketa hori, nahiz eta guraso elkarteen iritziz ez den nahikoa. Gaztela eta Leonek azaroan iragarri zuen heldu den ikasturtean sare bat jarriko duela abian ikasleen artean bizi ohitura osasungarriak sustatzeko. Hábitos Saludables en la escuela izena du proiektuak (Ohitura osasungarriak eskolan), eta honako arlo hauek landuko ditu ikasleen artean: elikadura, jarduera fisikoa, mendekotasuna eragiten duten substantzien prebentzioa, bide segurtasuna eta autozaintza. Neurri horiek arrakastaz ezartzen dituzten ikastetxeek diru atal handiagoa jasoko dute funtzionamendurako.

Beste adibide bat da Elikadurari eta Bizi Ohitura Osasungarriei buruzko Heziketa Programa, zeina Eroski Fundazioak jarri zuen abian 2013an, eta orain arte milioi bat ikaslek parte hartu duten. Ekimen horrek tresnak eskaintzen dizkie ikastetxeei eta familiei bizimodu osasungarri eta jasangarria egin dezaten elikaduraren eta ariketa fisikoaren bidez. Galizia, Balearrak, Aragoi eta Katalunia dira programa horretan ikasle gehien izan duten lau erkidegoak; gutxien, berriz, Madrilek eta Valentziak.

 

Azken balorazioa

Ohitura onak hedatzen ari dira. Euskal Autonomia Erkidegoan Euskal Autonomia Erkidegoa onerako nabarmentzen ari da elikadurari eta loari loturiko ohituretan, halaxe ageri da EROSKI CONSUMERek egin duen ikerlanean. Erkidego horretako gazteek jaten dute fruta gehien, freskagarri gutxien ere haiek edaten dute eta lo gehien egin ere bai. Gainera, ikasgelatik kanpoko kirol jardueretan ere oso leku onean ageri dira eta ez dute gehiegikeriarik egiten gozoekin. Haren atzetik, tarte handi samarrera, Galizia, Nafarroa eta Errioxa ageri dira.

Andaluziako haurrek dute elikadura kaskarrena. Andaluziako gazteek ultraprozesatu gehiegi jaten dute, halaxe diote guk aztertu ditugun datuek. Gozo eta freskagarri gehien hartzen dutenetakoak dira. Gainera, fruta gutxien jaten duen eta kirol gutxien egiten duen laugarren erkidegoa da.

Haur aktiboagoak etxean eta eskolan

Haur gizentasunaren aurkako borrokan, ariketa fisikoa oso lagungarria da gorputzean gantzaren maila jaitsi dadin eta gure osasuna eta egoera fisikoa hobetu. XXI. mendeak aldaketa asko ekarri digu, eta ez denak onak; besteren artean, sedentarismoa egonkortzea. Kaleetan bizimodu aktiboa egiteari utzi eta etxean egoteko eta pantaila aurrean esertzeko joera hedatu da. Baina gure gorputza aktibo egoteko diseinatuta dago, eta jarduerarik ezean, hondatu egiten da gutxika-gutxika. Zientziak baieztatu duenez, ariketa fisikoa egiteak nabarmen areagotzen du gure haurrek helduaroan zenbait gaitz ez pairatzeko aukera: bihotz-hodietako gaixotasunak, hipertentsioa, diabetesa eta zenbait minbizi mota. Jarduera fisikoa, gainera, oso lagungarria da sozializatzeko, sendotu egiten du autoestimua eta hobetu egiten ditu emaitza akademikoak.

Abantailak begi bistakoak dira eta, hala ere, Osasunarekin Zerikusia duten Jokabideen Azterketa Eskola-umeetan izeneko azterlanaren azken argitalpenak azaltzen duenez (HBSC siglak ditu ingelesez), 11 eta 18 urte arteko neska- -mutilen %34,8k bakarrik egiten dute jarduera fisikoren bat astean lau egunez gutxienez eskola orduetatik kanpo. Baina egoera ez da berdina autonomia erkidego guztietan. Asturiasko gazteak dira aktiboenak penintsula osoa kontuan hartuta, eta hamarretik lauk kirola egiten dute eskolatik kanpo astean lau egunez gutxienez. Gaztela Mantxakoak datoz ondoren (%38,6k egiten dute kirola lau egunez gutxienez), eta Kanarietakoak gero (%38,5). Sailkapenaren beheko aldean Valentziakoak (%30,7), Madrilgoak (%33,5) eta Gaztela eta Leongoak ageri dira (%33,9).

Eta bai, sexuak axola du. Emakumeek gero eta interes gehiago dute kirolarekin urtez urte. Espainian kirol ohiturei buruz egin zen lehen inkestan, 1968an, emakumeen %6,8k egiten zuten kirolen bat, eta gizonen %18k. Gaur egun, emakumeen %44,4k daukate kirola egiteko ohitura, baina gizonak gehiago dira orain ere: %51. Alde horiek murriztuko badira, beharrezkoa da gizartean aitortza handiagoa egitea emakume kirolariei, ama aktiboaren figuratik hasita, emakumeen kirolean erreferenteak sartzea eta ikasgeletan horien eredua erakustea, edo kirol jarduerak familian egitea.

Txiki-txikitatik aktibo

Carmen Perez-Rodrigo aditua da Prebentzio Medikuntzan eta Osasun Publikoan, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea,; haren esanetan, “haurra bularra hartzen ari denetik sustatu behar da jarduera fisikoa, haurrek orduan ikasten dutelako mugitzen eta orduan eskuratzen dituztelako trebetasun handiagoarekin ibiltzen lagunduko dieten gaitasun guztiak eta, ondorioz, mugitzean gozatzeko aukera emango dietenak”.

Txikienen sedentarismoan ere zeresan handia dute pantailek. Garai batean, aspertzen zirenean, haurrak kalera ateratzen ziren lasterka ibiltzera, jauzika edo ezkutaketan lagunekin, baina gaur egun mugikorrari heltzen diote. Bartzelonako Nazioarteko Unibertsitateak egindako ikerketa batean ageri denez (Health-care aldizkariak argitaratu zuten, 2021eko otsailean), pantailak neurriz kanpo erabiltzeak handitu egiten du gizentasun arriskua haur txikietan. Ikerketaren arabera, elkarri lotuta daude pantaila baten aurrean eserita egotea eta elikagai osasungaitzak jatea. Gainera, pantailen aurrean ordu gehien ematen duten haurrek kopuru handiagoetan hartzen dituzte gozoak, edari azukretsuak, janari lasterra eta zizka-mizkak denbora librea kirola egiten ematen dutenek baino.

Espainiako Osasun Inkestaren azken argitalpenean datu aski kezkagarriak ageri dira: adibidez, 14 urte arteko hamar eskola-umetatik bederatzik egunero ordubete baino gehiago egiten dutela pantailaren aurrean astelehenetik ostiralera Balearretan eta Extremaduran. Gauza jakina da ikasleek oso agenda estua dutela gaur egun eta egunean zazpi ordu inguru ematen dituztela ikasgelan eserita; horri eransten badiogu eskola egunetan pantaila aurrean beste tarte bat ematen dutela, argi dago mugimendu aktiboari eta kirolari denbora kentzen ari zaizkiola. Astelehenetik ostiralera pantaila aurrean denbora gutxien ematen dutenak kantabriarrak eta EAEko herritarrak dira: %47,9k eta %55,2k daukate ohitura txar hori bi erkidegoetan. Gurasoek zeresan handia dute pantaila aurreko denbora arautzeko garaian eta gazteak kirola egitera animatzeko orduan.

Ez da ahaztu behar helduek ematen duten eredua funtsezkoa dela, eta halaxe frogatu du Errioxako Unibertsitatean egindako ikerlan batek, zeina Journal of Sports Sciencie and Medecine aldizkarian argitaratu den. 12 eta 16 urte arteko 1.978 ikasle aztertu ondoren, frogatu zuten, gazte bat aktiboa ez denean, lau aldiz probabilitate handiagoa zegoela haren gurasoek ere sekula jarduera fisikorik egin ez izateko denbora librean.

Eskolaren zeregina

Ikastetxeak ere funtsezko zeregina dauka ikasleek behar diren trebetasunak eskuratu ditzaten jarduera fisikoa egiteko eta horretan gozatzeko, batez ere adingabeen %80k eskola orduetan bakarrik egiten dutelako. Eta hor erakundeek neurriak hartu beharra dute. Europako Batasunean, Gorputz Hezkuntzari ordu gutxien eskaintzen dion herrialdeetako bat da Espainiako Estatua. Lehen Hezkuntzan astean bi ordukoa da batez bestekoa, eta Alemanian, esaterako, lau ordu eskaintzen dizkiote.

Espainian, Gorputz Hezkuntzari murrizketak egin dizkiote azken hamarkadetan, eta bide beretik jarraituko dutela dirudi. Hezkuntza Ministerioa datorren urterako prestatzen ari den curriculumean (abenduan argitaratu zuten zirriborroa) astean ordu eta erdira baino gutxiagora murriztu dituzte Heziketa Fisikoaren orduak; hau da, gaur egun baino %5 gutxiago izango dute. Murrizketa horien aurka mintzatu da Heziketa Fisikoaren eta Kirol Heziketaren Espainiako Kontseilu Nagusia (COLEF), ez baita iristen Unescok, Europako Kontseiluak eta Europako Parlamentuak eskatzen dutenera, astean gutxienez hiru ordu izan ditzala ikasgai horrek. Autonomia erkidegoak proiektu horren gainean lanean ari dira uneotan, beren ordutegietan tarte gehiago eskaintzeko. COLEF erakundetik ohartarazi dute, ordea, igoera horiekin ere ez direla iritsiko hiru orduko gutxieneko horretara.

Oraingoz, eta aldaketa gertatu bitartean, ikasturte honetan bi erkidegok bakarrik eskaintzen dituzte astean hiru ordu Lehen Hezkuntzan: Aragoik (urteak daramatza joera horrekin) eta Andaluziak (berrikiago hasi dira). Beste muturrean, Madril dago, ordu eta erdi eskasekin, eta Nafarroa ere bai, 1,65 ordurekin. EAEn, Katalunian eta Valentzian ere ez dira iristen astean bi ordura. Bigarren Hezkuntzan, datuak bateratuagoak dira. Andaluzia kenduta, zeinak berrikitan gehitu duen hirugarren ordua Bigarren Hezkuntzako lehen ikasturteetan, gainerakoetan astean bi ordu eskaintzen zaizkio. Madrilek bazuen asmoa Lehen eta Bigarren Hezkuntzan hirugarren ordua gehitzeko, baina ekainean atzeratu egin zuen proposamena.

COLEFetik adierazi dutenez, ordea, gehikuntza erlatiboa zen, ez zelako nahitaezkoa eta ikastetxe bakoitzaren esku geldituko zelako. Urruti gaude Frantzian Bigarren Hezkuntzarako darabilten eredutik; han bi ordu dituzte Gorputz Hezkuntzarako eta hiru ordu kirolerako eta jarduera fisikoetara, guztira bost ordu astean. Espainian, eskola garaian, heziketa fisikoari eskaintzen zaizkion orduak oso urriak direla nabarmentzen du Idoia Labaien Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak (Osasun Zientzien arloan dihardu). Gainera, kirol jarduerak oso espiritu lehiakorrarekin pentsatuta daude askotan, eta kanpoan uzten dituzte trebetasun gutxiago duten neska-mutilak.

Jolasgaraia guztientzat

Kirola sustatzeko modu ona izaten da ikastetxeetan jolasleku inklusiboen aldeko apustua egitea, neska-mutil guztiek egin dezaten ariketa. Azken urteetan, leku horien diseinua berritzeari ekin diote ikastetxeek eta erakundeek, betiko jolaslekuei beste itxura bat emateko, non futbol zelaia izaten zenerdigunea eta jolaserako leku bakarra, mutil eta neska askoren kaltetan. Erakundeak dirulaguntzak ematen hasi dira aldaketa horiek egiteko, eta baita eskolara oinez joateko bideak atontzeko ere. Euskal eskola publikoko guraso elkartetik salatzen dutenez, ordea, proiektu horiek sustatzeko diru atala oso urria da, eta ikastetxe asko kanpoan gelditzen da. Eskolara oinez joateko bide seguru, jasangarri eta osasungarriak sustatzeko apustua erkidego guztietara iritsi da, baina Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 7.331 ikastetxeetatik 521ek bakarrik jarri dute abian ekimen hori Estatuan. Hau da, 100 ikastetxetik zazpik. Zifra apal hori ez da ikastetxeek interesik ez dutelako, administrazioek oso diru gutxi jartzen dutelako baizik, adibidez Euskal Autonomia Erkidegoan.

Gauzak ongien egiten ari direnen artean, Galizia nabarmentzen da, non ikastetxe publikoen %17,3k badituzten era horretako ibilbideak neska-mutilak oinez joan daitezen eskolara (DGT Trafiko Zuzendaritza Nagusiak sustatzen ditu). Bartzelonak ere badu gisa horretako programa bat aspaldiko urteetan; Camí escolar, espai amic izena du (Eskolarako Bidea, Inguru Adiskidetsua), eta 145 ikastetxe atxiki zaizkio. Beste muturrean, Balearretan eta Kanarietan ez dute era horretako biderik, eta Kantabrian ikastetxeen %1,9 baino ez daude atxikita DGT-ren programa horretara.

Hiri kirolzaleak

Kirola pertsonengana hurbiltzea da kontua, eta administrazioek gai izan behar dute horretarako aukera emango duten politikak abiarazteko. Modu bat izan daiteke kirol instalazioak hurbilago jartzea, funtzio anitzeko eremu publikoak sortzea aisialdia eta kirola susta ditzaten aire zabalean, edo hiri jasangarriagoak egitea. Gasteiz izan daiteke politika horien adibide (2012an Europako Hiriburu Berdea izendatu zuten, eta 2019an Hiriburu Berde Globala).

Hiri horretan 200 gune baino gehiago daude hainbat diziplinatan aritzeko, eta hiria bera parkez inguratua dago, kirola eta natura konbinatu ahal izateko. Kirolaren bidez osasuna sustatu nahi duen hiriak inbertsioak egin behar ditu ezinbestean. Baina erkidego guztiek ez dute berdin gastatzen. Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak urtero ateratzen ditu kirol estatistikak, eta 2021ean argitaratu den txostenean ageri denez (2019ko datuak dira), Nafarroa dago denen buruan: 25,93 euro gastatzen ditu biztanle bakoitzeko. Atzetik datoz Errioxa (18,63 euro), Balearrak eta Extremadura (biak 17 eurorekin). Azken lekuan ageri direnak oso urruti daude. Gaztela Mantxak 3,25 euro gastatzen du biztanle bakoitzeko, Andaluziak 3,8 eta Valentziak 5 euro eskas.

Azken balorazioa

Aragoik erraztasunak ematen ditu kirolerako. Aragoi leku onean ageri da EROSKI CONSUMERek aztertu dituen alderdi guztietan, Nafarroarekin batean, eta horrek esan nahi du gauzak ongi samar egiten ari direla sedentarismoaren aurka egiteko, haur gizentasuna murrizteko jardunbide egoki gisa. Lehen Hezkuntzan Heziketa Fisikoari ordu gehien eskaintzen dion erkidegoa da, Andaluziarekin batean, eta familiek kirolean inbertsio handiena egiten dutena. Gainera, kirol instalazioei dagokienez ere leku onean ageri da, eskolara oinez joateko bide seguruak ere ugari ditu eta hango gazteak dira pantailen aurrean denbora gutxien ematen dutenetakoak.

Madril, ez hain aktiboa Madrilgo. Erkidegoak lan egin behar du gazte eta nerabeen artean kirol jarduera sustatzeko, hangoak baitira pantailen aurrean ordu gehien ematen dutenetakoak eta ariketa gutxien egiten dutenetakoak. Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan Heziketa Fisikoari ordu gutxien eskaintzen dion erkidegoa da, eta 1.000 biztanle bakoitzeko kirol instalazio eta gune gutxien duena. Populazio dentsitate handiena duen erkidegoa izateak ez du laguntzen.