Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

: Uda honetan etxeko lanak?

Birusak errotik baldintzatu du joan den ikasturtearen erritmoa, eta gurasoek, hezitzaileek eta ikasleek trantsizio gisa hartuko dute uda. Galdera hortxe dago, dena den: nolakoak izan behar dute opor hauek?

Ikasi bitartean jolastea

Ikastea abentura bat da, eta ez da mugatzen liburu bat zabaltzera, ikasgela batean oharrak hartzera edo ebaluazioko azterketa batean aurkeztera. Horregatik, Unescok berak (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea) dei egiten die guraso eta irakasleei “irakaskuntza eta ikaskuntza formaletik harago joatera eta heziketa ez-formala ere kontuan hartzera”. Ikasleak ahalik eta gehiena motibatu behar dira jolas egin dezaten eta ikaskuntza jarduera entretenigarrietan parte hartu, aukera izan dezaten aldartea hobetzeko krisi garaietan eta ikasteko motibazioa handitzeko. Eta are gehiago oporretan gaudenean. 

Egia da udako koadernoek laburtu egiten dituztela ikasgai bakoitzeko eduki nagusiak eta ohiko ikasliburuek baino modu arinagoan egiten saiatzen direla; ikasle askori, ordea, “beti-betikoa” dela iruditzen zaie. “Udako jarduerek askoz ere ludikoagoak izan behar lukete. Hortxe daukagu Internet –aski tresna baliogarria hezitzaileentzat–, non milaka orrialde dauden betiko fitxak edo koadernoa baino erakargarriagoak”, aholkatu du pedagogoak. “Kontua da udan etxeko lanak motibagarriak izatea, zeren neguan eman diegun gauza bera ematen badiegu, ez baitugu ezer lortuko, frustrazioa eragitea baino ez”. Jarduera bat neska-mutilei baliagarria iruditzen bazaie eta beren munduarekin zerikusia badu, oso baliabide egokia izango da: on-line materialak lantzea interakzioan aritzeko, nabigazio egunkari bat idaztea udan, beren historiak idaztea, edo bestelako esperientzia batzuk izatea, neguan denbora faltagatik gauzatu ezin direnak. 

Cristian Olivék beste bizipen batzuk erantsi ditu, adibidez belaunaldien arteko elkarrizketa sustatzea, beren gogoetak irakurri eta idaztea edo gaurkotasuna duten gaien inguruan eztabaidatzea helduekin. Udaberri honetan etxeko itxialdian hainbeste hilabete eginda, jarduerak aire zabalean egin behar lirateke: mendian, kalean hondartzan… edo parke batean. Eta beti beste haur batzuekin, zeren, Yolanda Dominguezek nabarmentzen duen bezala, “besteekin harremanetan daudela ikasten baitute gehien eta ongien, nahiz eta distantziak zaindu behar diren eta maskarak jantzi”. Eta uda honetan udalekuei uko egin behar izan badiegu (batzuk egingo dira, segurtasun eta higiene araudi berriari lotuta), irtenbiderik onena da helduen artean sare bat egitea –familiako norbaitekin edo lagunen gurasoekin, norbera lanean ari bada–, etxetik kanpo eman dezaten ahalik eta denbora gehiena.

Ikasturte berria, traumarik gabe

Helduen telelana tresna eraginkor gisa agertu den bezala bolada honetan, nahiko garbi dago datorren ikasturtean on-line irakaskuntza eta aurrez aurrekoa elkarrekin biziko direla, halaxe diote adituek. “Itxialdiko asteetan, ikasleek eta irakasleek sekula ez bezala moldatu behar izan dute testuinguru digitalean, eta probetxua atera behar genioke ikasi duten guztiari eta sustatu egin behar genuke hemendik aurrera”, adierazi du Cristian Olivék.

Baina datorren ikasturteko eskola sartzean ez dira kontuan hartu beharko ikasleek ikasi beharreko edukiak bakarrik, ezta horiek emateko modua edo ikastetxeetako normaltasun berria zehaztuko duten osasun arauak ere. Beharrezkoa izango da, halaber, irakasleek eta gurasoek alderdi emozionala ere sendotzea ikasleei, halaxe baieztatu du Cristian Olivék: “Ez genuke teoria jaurti behar metrailadore batek bezala galdu dugun denbora berreskuratzeko; datorren ikasturtean ikusi egin behar genuke zer irabazi dugun eta hori sendotu. Beharrezkoa izango da taldean lan handia egitea ikasleen artean eta arreta indibidualizatu asko eskaintzea. Eskola elkartzeko eta hitz egiteko leku bat da, nork bere burua ezagutzeko eta gogoeta egiteko. Uste badugu edukiak ematea bakarrik dela heziketa, bide motza egingo dugu”. 

Udaberriko itxialdia gogorra izan da; haurrek eta nerabeek zama emozional gogorra jasan dute eta ahal duen bezala eraman du bakoitzak, familiako egoerak baldintzatuta, nagusiki. “Ez dezakegu jokatu ezer gertatu ez balitz bezala, sentimendu horiek landu egin behar dira ikasturtean zehar”, gomendatu du Yolanda Dominguezek. Nola? Tutoretza gehiago eginez, ez taldean bakarrik, baita banaka ere. Zeren haurrek mintzatu egin behar baitute Covid-19ari buruz, haiek nola bizi izan duten, bakoitzak nahi duen (eta ahal duen) bezala adierazi bere bizipenak. Eta helburu hori lortzeko, beharrezkoa da eskolan bertan gune horiek izatea beren kezka emozional eta sozialak adierazteko, ez hezkuntza arlokoak bakarrik.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak