TDAH: nahasmendu horrek ere badu tratamendua

Arreta-gabeziaren nahasmendua (TDAH) ondoretasunezko gaitza da kasuen % 80tan, eta bestela sortu bada, haurdunaldian toxikoak kontsumitzeagatik izan ohi da
1 azaroa de 2011
Img salud

TDAH: nahasmendu horrek ere badu tratamendua

Ikasgelan eta etxean inurrien gisa lanean aritu arren emaitza onik lortzen ez duen haurra izan liteke gurea, eta gauzak oso maiz ahazten dituena; Bigarren Hezkuntzara iritsi, eta orduan jabetzen gara zer gertatzen den: arazo bat du. Edo izan daiteke haur mugitu-mugitua, ikasgela osoa dantzan jartzen duten jarrerak dituena, eta baliteke hari Lehen Hezkuntzan antzematea zer nahasmendu duen. Arreta Gabeziaren Nahasmendua eta Hiperaktibitatea (TDAH), hain zuzen. Kalkuluek diotenez, ikasgela bakoitzean gaitz hori duen haur bat bada, gutxienez. Beraz, aski hedatua dago, eta diagnostikoa garaiz egin dezaten eta eskola-porrota ez dadin hainbeste hedatu, funtsezkoa da gurasoak eta hezitzaileak adi egon daitezen eta sintomei errepara diezaieten.

Jokabideak erakusten du zer motatako TDAH den

Guztiek ez dute berdin jokatzen. TDAHa daukaten haur batzuek oso erraz galtzen dute arreta, ahaztu egiten zaie etxeko lanak egitea eta eskolan emandako oharrak gurasoei jakinaraztea. Akordatzea ahazten zaien horietakoak dira, despistatu hutsak. Beste batzuk, berriz, ezin izaten dira geldirik egon eta oso zaila da horiek kontrolatzea ikasgela batetik bestera doazela, ilaran jarrita daudela edo jantokian bazkaltzen ari direla, eta oihuak eta iruzkin desegokiak egiten dituzte. Esan liteke bazter-nahasle peto-petoak direla. Laburbilduz, eskolan jokabide horiek izaten dituzte Arreta Gabeziaren Nahasmendua eta Hiperaktibitatea daukaten ikasleek, eta haien emaitza akademiko apalek ere salatzen dute arazoren bat eduki behar dutela. Eta garaiz antzeman eta tratatzen ez bada, saihestezina izan liteke eskolan porrot egitea. Gaur egun, TDAHa da ikaskuntza-nahasmendurik ohikoena dislexiaren ondotik. Eskola adinean dauden neska-mutilen % 5-10i eragiten die, eta, ikerketa epidemiologikoek diotenez, ikasgela bakoitzean ikasle batek, gutxienez, badauka gaitz hori. Hori dela eta, gurasoek eta irakasleek arretaz zaindu behar dituzte ikaslearen arreta-falta eta emaitza apalak. Hain zuzen, eremu egokia izan daiteke eskola gaitz hori antzemateko. Hori lortzeko, funtsezkoa da jakitea zer sintoma agertzen diren TDAH mota bakoitzarekin. Hiru dira nagusiak:

Nahasmendu hau pairatzen duten guztiek ez daukazte sintoma berberak

  • Hiperaktibitatea edo ikasgelan geldirik eta isilik egoteko ezintasuna.
  • Oldarkortasuna edo bulkadak kontrolatzeko, txandaren zain egoteko eta solasaldi bat ez eteteko ezintasuna.
  • Arreta-gabezia edo kontzentratzeko ezina, antolatzeko ezina eta ahalegin jarraitua eskatzen duten zereginak bukatzeko ezina.

TDAH motak

Nahasmendu hori pairatzen duten guztiek ez dauzkate sintoma berberak. Zein sintoma gailentzen den, mota bateko edo besteko TDAHa izango du. Komunitate zientifikoak era honetan sailkatu ditu:

  • Nagusiki hiperaktiboa/oldarkorra. Gehiegizko mugimendua izaten da sintoma nagusia. “Zazpiki hutsak” direla esaten da edo “hitz eta pitz” aritzen direla. Lehen Hezkuntzan errazago antzematen da, baina oso zaila da TDAH bat ziurtasun osoz diagnostikatzea haurrak sei urte egin baino lehen, zeren lehen haurtzaroan haur guztiek izaten baitituzte kasketak, malgutasun gutxi erakusten dute eta beren jokabidea kontrolatu ezinik ibiltzen dira askotan. TDAHa edukiz gero, haurrengan ohiko diren jokabide horiek ez dira desagertzen, iraun egiten dute, eta zerbait oker dabilen seinale izaten da hori.
  • Nagusiki arretagabea. Arreta falta izaten da deigarriena, eta horrek berekin dakartza kontzentratzeko eta antolatzeko ezintasuna, eta gauzak ahazteko joera: etxeko lanak, azterketak, notak edo gurasoei eman beharreko beste zernahi. Aurreko TDAH mota pairatzen dutenek ez bezala, hauek ez daukate jokabide disruptiborik ikasgelan; inurrien gisara saiatzen dira lanean, baina ez dute lortzen emaitza onik. Hitz egiten zaienean, beste nonbait daudela ematen du, eta eskolan daudenean, entzuten ari direla dirudi, baina ez dira ezertaz jabetzen. Ilargian bizi direla esaten da, edo beti ametsetan daudela. Nahasmendu honek dauzkan ezaugarriengatik, errazagoa da oharkabean pasatzea. Pairatzen dutenak -neskak dira gehienetan- hurrengo ikasturtera igarotzen dira, eta eskolaren eskakizunak zaildu ahala agertzen dira horien arreta-gabezia, antolatzeko ezintasuna eta gauzak ahazteko joera; hori dela eta, Bigarren Hezkuntzan egiten da arreta-gabeziagatiko nahasmenduaren diagnostikoa.
  • Konbinatua. Aurreko bien konbinazioa da (hiperaktiboa/oldarkorra eta arretagabea), eta hauxe da guztietan ohikoena; zailagoa da hiperaktibo/oldarkor motakoa soilik den TDAH bat aurkitzea edo arretagabea soilik dena. Are gehiago, TDAHarekin batera, beste sintoma batzuk ere ager daitezke (tik-ak, adibidez), eta badu lotura ikaskuntza-nahasmendu batzuekin (dislexiarekin, batez ere) edo nahasmendu psikiatrikoekin (haur-depresioa).

Geneetan idatzia dago

Ondoretasunezko gaitza da TDAHa kasuen % 80tan, eta % 20tan soilik izaten da kanpotik hartutako arrazoiren batek sortua (haurdunaldian toxikoak kontsumitzea, adibidez). Haurrek gene kaltetu batzuk jasotzen dituzte gurasoengandik, eta gene horiek aldatu egiten dute garunean dauden neurotransmisore edo substantzia batzuen ekoizpena (noradrenalinarena eta dopaminarena). Aldaketa horrek eta garuneko zenbait egitura (aurrealdeko lobulua) heldu gabe egoteak azaltzen dute nahasmendu honen sintoma-ugaritasuna, eta, halaber, horrek azaltzen du haur horiek ez edukitzea hain garatuak funtzio exekutiboak; hau da, autokontrolerako gaitasunari lotuta daudenak, arazoen konponbidea aurkitzeari (ondorioz, irakurtzen dutenaren zati txiki bat baino ez dute ulertzen, zailtasunak dituzte matematikekin edo kosta egiten zaie ahozko edo idatzizko testu bat egituratzea), eta antolatzeko, planifikatzeko, helburuak jartzeko eta erabakiak hartzeko gaitasunari. TDAH gaitzak oinarri neurobiologikoa duela ulertzea funtsezkoa da gurasoek onar dezaten haurra ez dela gai arreta gehiago jartzeko, eta ez dela ari “adarra jotzen”. Zoritxarrez, ordea, oso erraz jotzen da haur horiei adjektibo bidegabeak jartzera, eta ahazkorrak direla esaten da, despistatuak, alferrak, eta abar. Baina errua ez da haiena, ez dute haiek hautatu gisa horretakoak izatea, eta, beraz, haur horiek ez dira hartu behar arazotsutzat; arazo bat daukate, bai, baina horri aurre egin eta konponbidea aurkitu behar da. Hain zuzen, diagnostiko horrek zer esan nahi duen ulertzen dutenean, guraso asko errudun sentitzen dira gene kaltetu horiek transmititu dizkietelako, eta, gainera, ohartzen dira eurek ere TDAH bat pairatzen dutela, haurtzaroan diagnostikatu eta tratatu gabea. TDAHa daukaten guraso horiek seme-alaben tratamenduan inplikatzea are zailagoa gertatzen da, baina ez ezinezkoa: haurrekin batera, gurasoak ere tratatu behar izaten dira halakoetan.

Tratamendua: hiru hankako mahaia

Funtsezkoa da TDAHari tratamendua jartzea; horrela soilik lortzen da nahasmendu horren sintomak murriztea, konplikazioak saihestea eta kaltetuaren emaitza akademikoak hobetzea. Badira zenbait pertsonaia publiko, nahasmendu hori izanagatik ere, beren lanbidean oso onak izan direnak: Michael Jordan saskibaloi-jokalaria, Michael Phelps igerilaria eta Luis Rojas Marcos psikiatra, esate baterako. TDAHa daukaten pertsonek bizimodu normala egin dezaten, tratamendua izan daiteke gako nagusia (zenbaitetan, bizi osoan jarraitu beharrekoa izaten da).

Horretarako, hiru hankako mahaiaren gainean jarri behar da arazoa: kaltetuari tratamendua eman behar zaio, eta gurasoak eta hezitzaileak inplikatu egin behar dira. Tratamenduak bi zati izaten ditu: psikohezitzailea bat, eta hori eraginkorra ez denean, farmakologikoa (batez ere, metilfenidatoa, nahiz eta beste botika batzuk ere erabiltzen diren; atomoxetina, esate baterako). Haurrei azaldu egin behar zaie zer gertatzen zaien, arazo bat dutela esan behar zaie, haiek ulertzeko moduan, eta pastilla bat hartu behar dutela, ikusteko arazoak dituztenek betaurrekoak jantzi behar dituzten bezalaxe.

Gerta liteke, ordea, gurasoak ez izatea pastillak ematearen oso aldekoak, nahiz eta azterketa zientifikoek frogatu duten neurri ona dela. TDAHa daukaten haurren % 85ek ongi erantzuten diote tratamenduari, eta sintomak ongi kontrolatzea lortzen dute; aldiz, tratamendurik jasotzen ez dutenei iruditzen zaie barruan motor bat beti piztuta daukatela, ezin izaten dute ongi antolatu eta akituta sentitzen dira. Tratatu gabeko TDAH kasuak, testuinguru marginal edo bazterrekoan suertatzen badira, erloju-bonba bat bezalakoak izaten dira. Pertsona horiek joera gehiago izaten dute substantzia toxikoak hartzeko eta hainbat arazo edukitzeko, bai lanean, bai bizitza afektiboan eta gizartean.

Haurren % 85ak ongi erantzuten dio TDAHaren kontrako tratamenduari

TDAH kasu gehienak ez dira desagertzen adinean aurrera egin ahala. Zenbait ikerketa epidemiologikok adierazten dutenez, nahasmendua daukaten haurren % 75ek halaxe jarraitzen dute nerabezaroan, eta % 50ek helduaroan. Horregatik, haurtzarotik bertatik oinarri terapeutiko eta jarrera egokiak sustatzea funtsezkoa izan daiteke kaltetu horien etorkizunari begira.

Nola lagundu TADH daukan haurra

Etxean

  1. Arau esplizitu eta argiak sortu behar dira familian.
  2. Idatziz jarri behar da, ongi ikusteko lekuren batean, zer espero den haurrarengandik ordutegietan, eskolako lanetan eta etxean.
  3. Lagundu egin behar zaio denbora eta zereginak antolatzen.
  4. Ikasketa-ohitura batzuk sortzen saiatu behar da.
  5. Eutsi egin behar zaio ordenari haurraren inguruko kontuetan eta laneko errutinan.
  6. Azaldu egin behar zaio, labur eta argi, zer-nolako ondorioak dituen arau bat ez betetzeak, eta hari utzi behar zaio hauta dezan.
  7. Hitzez adierazi behar zaio haurrari, ahal bezain maiz, zer egin duen ongi; lortu nahi den jokabidea eta autoestimua indartzeko balio du horrek.
  8. Haurrari zuzen-zuzen begiratu behar zaio arau bat jakinarazi nahi zaionean, eta fisikoki ukitu behar da (laztan edo musu baten bidez) ongi egindako zerbait azpimarratu nahi denean.
  9. Haren autonomia sustatu behar da.

Ikasgelan

  1. Lehen lerroan eseraraztea komeni da, irakaslearen ondoan, haiei begiratzeko eta hitz egiteko aukera izan dezan azalpenak ematerakoan eta arauak jakinarazterakoan. Komeni izaten da, halaber, ikasle lasaien ondoan jartzea, eta arreta galaraziko dieten elementuetatik urruti: leihoak, ateak…
  2. Antolaketari dagokienez, zerrendak egiten erakutsi behar zaie, zereginak lehentasunaren arabera idatz ditzaten, eta denboraren kontzientzia hartzen ere erakutsi behar zaie. Gainera, garrantzitsua da ikasgela osoarentzako arauak ezartzea, eta beste arau espezifiko batzuk kaltetuarentzat.
  3. Haur horren arreta erakarri nahi bada, eta arreta horri eutsi, abisua eman behar zaio, diskurtsoan galderak txertatu, eskolak entretenigarri egin, azalpenen denbora eta ahotsaren tonua eta bolumena aldatu, eta agindu oso argi eta laburrak eman.
  4. Haurraren autoestimua hobetzeko, jendaurrean aitortu behar dira haren lorpenak, eta errieta egin behar bazaio, pribatuan egin behar da, lasai-lasai; ardura batzuk ere eman behar zaizkio, ikasgelan zertxobait mugitzeko aukera izan dezan, eta zaindu eta saihestu egin behar da beste haurrek ez dezatela oker jokatu harekin.
  5. Eskolako emaitzak hobetzeko helburuz, saihestu egin behar dira azterketa luzeak eta galdera irekiak dauzkatenak, non erantzunak modu ordenatuan antolatu behar diren. Horren ordez, zatitu egin behar zaio lana, eta leku lasai batean eserarazi behar da, arreta galaraziko dien deus inguruan ez duela, azterketa egin dezan.
TDAH daukaten haurrak laguntzeko bestelako aholkuak
  1. Ez bilatu haurra eredugarria izan dadin; lagundu mugak gainditzen eta helburuak iristen.
  2. Ikasketa-nahasmenduren bat eduki dezakeela susmatuz gero, neurologo edo haur-psikiatra batengana joan behar da.
  3. Haurrari esan egin behar zaio nahasmendu jakin bat daukala, eta ez ezkutatu, horrek antsietatea sortuko lioke eta.
  4. Saihestu haurrarekin aurrez aurrekoak eta eztabaidak.
  5. Egoera muga-mugara iristen denean, ez oihukatu eta ez galdu kontrolik, haren jokabide okerra indartzeko arriskua izaten da eta; kasu egiteari utzi, leku aspergarriren batera bidali eta zain egon hura lasaitu arte.

Iturria: Anna Sans Fitó, San Juan de Dios ospitaleko neurologoa (Bartzelona), Eskola-Ikasketen Nahasmenduentzako Unitatearen koordinatzailea eta ¿Por qué me cuesta tanto aprender? Trastornos del Aprendizaje liburuaren egilea (Edebé).