Hozkailua: sukaldeko lagun handi hori

Hotza oso sistema ona da elikagaiak kontserbatzeko, baina ongi funtziona dezan, jakiak leku egokietan banatu behar dira barreneko apaletan
1 azaroa de 2011
Img alimentacion listado 747

Hozkailua: sukaldeko lagun handi hori

Ez da atzo goizeko kontua. Aspaldidanik erabili izan da hotza elikagaiak kontserbatzeko. Lehenik, hozkailu naturalak izan ziren, elur- eta izotz-hondarrak hutsarteetan sartuz eraikiak; ondoren, “elur-armairuak” etorri ziren, eta horien atzetik, teknologiak aurrera egin ahala, hozkailuak asmatu zituzten, hotza modu artifizialean sortzen duten gailuak.

Beroak higienizatu egiten ditu produktuak, hau da, desagerrarazi egiten ditu horietan dauden mikroorganismoak, baina hotzak ez, ez dauka gaitasun hori. Gehienetan, geldiarazi edo moteldu egiten du horien hazkundea eta bilakaera. Produktuak izozteak ere ez du balio mikrobioak ezabatzeko (gerta liteke, baina ez da erabatekoa); horien hazkundea gelditu baino ez da egiten. Hozkailuak, beraz, funtzio jakina du, horixe dio teoriak, baina beti ez zaio behar bezala jarraitzen teoria horri: sarri askotan, elikagaiak ez dira modu batere egokian gordetzen hozkailuan. Eta oso garrantzitsua da nola egin behar den jakitea, horrek luzatu egiten baitu elikagaien bizia, saihestu egiten du mikroorganismoak ugaritzea eta eragotzi egiten du horien elikadura-ezaugarriak galtzea eta itxura hondatzea.

Nola banatu elikagaiak

Elikagai gordinek (galgarriak esaten zaien horiek) arrisku nabarmena izaten dute mikroorganismoen erasoak jasateko. Sail horretakoak dira, besteak beste, haragiak, arrainak eta itsaskiak, esnea, gazta freskoak eta jaki hotz-egosiak edo fianbreak. Behin mikroorganismoek erasotzen dietenean, aldatu egiten dituzte jaki horien usaina eta zaporea, eta hondatu egiten dira. Baina badira elikagaiari aldaketa nabarmenik eragin gabe toxi-infekzioak sortzen dituzten mikroorganismoak ere. Horien guztien bilakaera geldiarazteko, tenperatura apaletan eduki behar dira elikagaiak: hozkailuan edo izozkailuan. Elikagai galkorrak 10 ºC-tik beherako tenperaturan eduki behar dira; hau da, jakitegi hoztuan, hozkailuan edo izozkailuan.

  • Haragia, okela: haragia nola ebakia dagoen, gutxiago edo gehiago iraungo du. Zenbat eta azalera txikiagoak ukitu airea, orduan eta errazago kontserbatzen da. Alde horretatik, hobea da pieza osoetan datorren haragia, xerratan edo birrindua datorrena baino. Okela freskoa bada, hozkailuko alderdi hotzenean edukitzen da, 3-5 egunez; garbi eta lehor egon behar du, eta ontziek sarexka moduko bat edukitzea komeni da, isurtzen duen zukurik ez ukitzeko; plastikozko film itsaskorrean ere bil daiteke, edo aluminiozko paperean (estutu gabe).
  • Hestebeteak eta fianbre ondu eta egosiak, edo xerratan ebakiak: hozkailuan gordetzekoak dira, beren ontzietan itxita. Hesteki osoak, berriz, giroko tenperaturan eduki daitezke: txorizoa, saltxitxoia, urdaiazpikoa (osorik edo puska handietan ebakita).
  • Arrain freskoak eta itsaskiak: horiek dira elikagai guztietan galkorrenak. Arraina hurrengo bi egunetan jatekoa bada (itsaskia, berriz, biharamunean), erabat garbitu eta hozkailuan gorde behar da, gainerako elikagaietatik isolatua, usainik eman ez diezaien; bestela, izozkailuan gordetzea komeni da.
  • Arrautzak: ez dira baldintza berezietan kontserbatzekoak, ez dute-eta horren beharrik, baina hotzetan edukitzeak luzatu egiten du arrautzaren bizia. Uda parteko beroen eraginez, ugaritu egiten dira mikroorganismoak (salmonella, besteak beste), eta, horregatik, hozkailuan sartzea komeni izaten da. Gainerako urte sasoietan, jakitegian eduki ditzakegu, bero-iturrietatik urrun baldin badago eta arrautza zikinik (lumak edo zirin-hondarra dituztenak) edo hautsirik ez dagoela egiaztatuta, horrelakoak kutsadura-bide izan daitezke eta. Mutur zorrotza beherantz jarrita gorde behar dira
  • Esnea: ontzia irekitakoan, 2-3 egunen buruan hartu behar da, eta bere ontzian bertan edo ongi estalitako txarro batean eduki behar da. Esne pasteurizatuak (“eguneko esne freskoa” ere esaten zaio), jogurtek eta esneki gehientsuenak (flana, arrautzesnea, arrozesnea, eta abar) hotzetan eduki behar dira beti.
  • Elikagai galkorrak 10ºC-tik beherako tenperaturan eduki behar dira

  • Gazta: gantza pasatzen uzten ez duen paperean edo plastikozko ontzi ez-hermetikoan gorde behar da, gehiegi lehor ez dadin eta, aldi berean, lizunak jo ez dezan. Elikagaiak biltzeko film gardenean sartuz gero, gazta izerditan hasiko da, eta errazagoa izango da lizunak ugaltzea. Gazta mota bat baino gehiago edukiz gero, hobe da denak bereizita gordetzea, lizunak eta usainak nahas ez daitezen. Gazta freskoekin behar da kontu gehien: egin berritan erosi behar dira, eta hurrengo 4-5 egunetan jan; bitartean, hotzetan gorde behar dira. Gazta onduak gogorragoak dira: egunetan ez ezik, astetan ere gorde ditzakegu.
  • Berdurak, barazkiak eta frutak: toki fresko lehorrean eduki behar dira, ilunpetan, edo hozkailuan, hotzik gutxieneko alderdian. Ontzietan edo plastikozko poltsa zulatuetan sartzea komeni da, edo, bestela, egunkari-paper pixka batekin biltzea.
  • Prestatuta datozen jakiak ere galkorrak dira, eta azkar sartu behar dira hozkailuan, baldin eta berehala jatekoak badira; bestela, izoztu egin behar dira.
  • Erdi-kontserbek ere tenperatura hotzak behar dituzte ongi irauteko: antxoek eta hutsean ontziratutako batzuek (fianbrea edo jaki hotz-egosiak, izokin ketua…).

Jaki horiek biltegiratzerakoan, kutsadura oro saihestu behar da, eta gauza jakina da nola kutsatzen diren: elkar ukitu dutelako edo jaki baten zukua beste bati isuri zaiolako. Produktuak, beraz, bereizita gorde behar dira, ontzi itxietan sartuta, edo zerbaitetan bilduta (plastikozko filmetan edo aluminiozko paperetan, esaterako). Horrela eginda, gainera, hobeto eusten diete beren ezaugarriei. Osasun-arrisku gutxien duten jakiak (maneatuta daudenak edo prozesatuak; hau da, higienizatuta daudenak) hozkailuaren goiko aldean jartzea komeni da, eta arrisku gehien dutenak, berriz (jaki gordinak), beheko apaletan; era horretan, saihestu egingo dugu jaki horien tantak isur daitezen eta kutsadura gurutzatua gerta dadin.

Jakiak hozkailuan sartu aurretik, ordea, kendu egin behar zaizkie kutsadura-bide izan daitezkeen zatiak; adibidez, porruen sustraiak edo jateko ez diren zatiak (arrainarenak, oilaskoarenak). Arriskuak gutxitzeaz gain, tokia ere aurrezten da hola. Baldintza normaletan, 1-4 ºC artean ibiliko da hozkailua (behealdean hotzagoa goian baino), eta izozkailua, berriz, -18 ºC-ren azpitik beti.

Hozkailua erabiltzeko zenbait aholku

  • Osasun-arrisku gutxien duten elikagaiak (prestatuak edo prozesatuak),
    goialdean.
  • Elikagai gordinak, beherengo apaletan, kutsadura-arriskua murrizteko.
  • Elikagaiak, ez kutsatzeko, babestu egin behar dira, ontzi itxietansartuta,
    edo film gardenetan edo aluminiozko paperean bilduta.


Hozkailua barrutik eta kanpotik garbitzea: noiz eta nola egin

Aldian behin hozkailua eta izozkailua barrutik garbitzea komeni da, baina hori ere planifikatu egin behar da:

  • Jaki gutxi dauzkagun egun bat hautatu behar da, batez ere izozkailua garbitzeko.
  • Gailua hustu, eta elikagai izoztuak poltsa isotermikoetan gorde behar dira, eta hotz metagailuekin batera, leku fresko batean jarri.
  • Gailua deskonektatu egingo dugu.
  • Izozkailua garbitzeko, itxaron egin behar da izotza urtu arte. Prozesua bizkortzeko, plastikozko espatula bat erabil daiteke, baina sekula ez metalezko tresna puntadunik, labanaren edo sardexkaren gisakorik.
  • Hozkailuaren barrualdea garbitzeko, betiere ekoizleak egiten dituen oharrei jarraiki, urez eta bikarbonatoz bustitako baieta edo esponja erabili behar da. Barreneko osagaiak ere garbitu behar dira: ura biltzekoa, hozkailu barreneko isurbideak (azken horiek ur epelez eta lixiba tanta batzuez)… Ez erabili lurrunezko garbiketa-tresnarik, ez eta disolbagarririk edo garbigarri indartsurik ere.
  • Behin ongi garbituta eta lehor dagoela, konektatu gailua eta itxaron tenperatura egokia iritsi arte. Sartu berriz ere elikagaiak hozkailuan, eta, bide batez, aztertu zer-nola dauden eta noiz iraungiko diren.
  • Elikagai bat desizoztu bada, zatiren bat bada ere, ez da berriz izoztu behar; desizoztu egin behar da, eta jan.
  • Hozkailuaren kanpoaldea ere garbitu behar da, ahaztu gabe, eta behar bezain maiz, gainera: gomazko junturak eta ateen heldulekuak (kutsadura-bide arriskutsuak izaten dira horiek).
  • Hozkailu barrenean likidoren bat isurtzen bada, segidan garbitu behar da. Berdin egin behar da zikin arrastoren bat antzeman orduko.
  • Hozkailuaren atzealdeko sareta ere garbitu behar da, urtean behin, xurgagailu batekin. Emaitza hobea emango du.
Ontziratutako haragi eta arrainak

Ohikoa da gaur egun haragiak eta arrainak ontziratuta erostea Ontzi horiek, ostera, paperean bilduta etortzen dira eta paper horrek airea pasatzen uzten
duenez, haragia eta arraina ontzitik atera behar dira etxera iristerakoan. Gero, hermetikoki ixteko moduko ontziak sartu behar dira eta ontzi hori hozkailuaren lekurik hotzenean gorde. Izan liteke, ostera, erosi dugun ontzia bera hermetikoki itxita egotea.

Kasu horretan, ez dugu arduratu behar haragia edo arrainaren kolorea zertxobait aldatzen bada: ez du esanahi usteltzen ari direnik. Ontziak airerik ez duelako aldatzen da kolorea, baina handik ateratzen ditugunean bere onera etorriko dira jakiak.

Sukaldatu baino minutu batzuk lehenago atera beharko genituzke elikagaiak ontzitik, ez arinago. Kontuz ontziarekin: apurtzen bada, jakia galtzen hasten da.