Musika-ikasketak: lau mugimendu eta sinfonia bat

1 azaroa de 2011
Img en imagenes listado 231

Musika-ikasketak: lau mugimendu eta sinfonia bat

Kantu, soka, haize eta perkusio. Eskua zehatz eta belarri zoli. Erritmo eta harmonia. Emozioen hizkuntza unibertsala. Diziplina eta jarraikitasuna. Haurtzaroko lehen nota. Helduaroko pieza betea. Bizitzari lotuta doan ibilbidea, lanbidea ere bai bide batez; eta, batez ere, pasioa.

Preludio

Haurtzaroan eraikitzen da musika-ikasketen oinarririk sendoena, mintzamena eta idazmena lantzen diren garaian. Hiru urteko neska-mutilekin hasten dira, eta sei urte egin bitartean, baliabide ludikoak erabiltzen dituzte: jolasak eta dramatizazioak, abestiak eta entzuketak, mugimenduak eta perkusiozko instrumentuak. Nafarroako bi musika-eskolatan landu dute musikaren munduan abiatzeko metodo jakin hori, zeinak intuizioaren eta senaren esparrutik, ulermenaren eremura baitarama ikaslea. Pertzepzioa, sormena eta adierazmena lantzea ditu helburu.


Adagio

Oinarrizko ikasketak musika-eskoletan egiten dira, publiko eta pribatuetan, eta ikastegi bakoitzak badu askatasuna bere formazio-plana lantzeko. Sei urterekin has daitezke ikasleak programa hori lantzen; ohiko ikastaldia egin ondotik, profesional mailako kontserbatorioan sartzeko moduan izango dira, baina, horretarako, beste zenbait urtez prestatzen jarraitu beharko dute. Kontserbatorioan sartzeko asmorik ez duten ikasleek, berriz, eskola pribatuetan jarrai dezakete ikasten, edo edozein adinetan has ditzakete musika-ikasketak.

Minuetto

Profesional mailako kontserbatorioan sartzeko azterketak hainbat proba izaten ditu. Instrumentuari dagokiona da garrantzitsuena, eta hor erabakitzen da azken emaitzaren % 70. Eta zailena ere horixe da, toki kopuru mugatua baitago instrumentu bakoitzarentzat. Gainerako probak musika-hizkuntzari buruzkoak dira: ikasleak pentagrama batean transkribatu behar du entzun duen melodia, partitura bat aztertu behar du, eta kantatu eta intonatu ere egin behar du. Azterketa gainditzen dutenek profesional mailako ikasketak hasiko dituzte. Sei urte irauten dute horiek, eta DBHko eta Batxilergoko ikasketekin bat egiten dute askotan. Oso nekeza gertatzen da bi ikasketak bateratzea, eta ahalegin handia eskatzen du: institutukoez gain, astean beste bederatzi ordu sartu behar izaten dira kontserbatorioan, eta beste hainbat etxean, instrumentuarekin. Hori dela eta, askok utzi egiten dituzte musika-ikasketak.

Finale

Hamabost urtez ikasten aritu ondoren, gutxi gorabehera, norbaitek modu profesionalean aritu nahi badu musikaren munduan, goi mailako ikasketak egin beharko ditu. Unibertsitate-ikasketen pareko dira, eta espezialitate bat baino gehiago dauzkate (ibilbideak esaten diete): konposizioa, interpretazioa, musikologia, pedagogia, eta abar. Astean 16 eskola-ordu izaten dira, eta ibilbide bakoitzak norabide batean jartzen du ikaslea: interprete, ikertzaile edo irakasle. Baina ez da hor bukatuko musikaren bidea, hori ez baita sekula bukatzen; bizitza ulertzeko modu bat da.