Memoria immunea: txertoen barrunbeetan

Noizbait kalte egin diguten patogenoak (birusak, bakterioak, onddoak, parasitoak) eta toxinak oroitzeko gaitasuna duenean gure immunitate sistemak, arazo handirik gabe erantzungo die berriz “eraso” egiten digutenean, baina gaitasun hori galdu badu, infekzioaren eraginak bestelakoak izango dira, eta sintoma nabarmenak sumatuko ditugu. Memoria immunologikoaz eta txertoez ari gara hizketan. Zergatik behar dute batzuek dosi bat baino gehiago eta zergatik esaten dute adituek urtero hartu beharko dugula txertoa?
1 maiatza de 2021

Memoria immunea: txertoen barrunbeetan

Immunitate sistema da, zalantzarik gabe, organismoko sistemarik konplexuena. Bertako zelula guztiek parte hartzen dute gure defentsek ematen duten erantzunean, baita mikrobiotetan gurekin bizi diren mikroorganismoek ere. Horren ondorioz, erantzun hori asko aldatzen da pertsona batetik bestera egoera jakin batean”. Hitz horiekin azaldu du Marcos Lopez Hoyosek zein konplexua den immunitate memoriaren funtzionamendua ulertzea eta, are gehiago, gizarteak eskatzen dituen alderdi guztiei zalantzarik gabe erantzutea. Espainiako Immunologia Elkarteko presidentea da bera, eta Immunologia Zerbitzuko burua Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitalean (Kantabria).

Covid-19arekin bizi izan dugun esperientziak ikusarazi digu immunologian dena ez dela zuria eta beltza, tarteko kolore asko ere badagoela: haurrek zergatik ez dute ia sintomarik?, adinekoetan zergatik da larriagoa egoera?, zergatik hiltzen dira gazteak ere?, nola egongo naiz babestuagoa, txertoa hartuta edo Covid-a pasatuta?, zergatik ematen du txerto batek %95eko babesa eta besteak %66koa? Immunologoek lagundu digute aztertzen zer-nolako mekanismoak darabiltzan immunitate memoriak, zeina erne eta osasuntsu egotea komeni zaigun denoi ere.

Zerk immunizatzen du gehiago? 

Immunitate memoria eskuratzeko, gaitza pasatzea da aukera bat, hau da, berez gaixotzea, eta beste aukera bat da txertoa hartzea. Bi horien arteko alderik handiena ez da nolako memoria sortzen den, immunitate sistema zenbateraino aktibatzen den baizik memoria hori sortzeko, eta txertoetan askoz ere aurreikusgarriagoa da beti. Fernando Moraga-Llop-ek azaldu duenez (Espainiako Bakunologia Elkarteko presidenteordea da), “birus basatiak sortzen duen immunitatea (infekzio naturala eragiten duen mikroorganismo osoak, adibidez elgorriarenak) immunitate sendoagoa eragin dezake triple birikoaren bidez elgorriaren birus ahulduak eragin dezakeena baino, baina oso argi geldi dadila: zailagoa da aurrez jakiten zer gertatuko den”.

Gaixotasuna sekula ez da hobea izango txertoa hartzea baino, infekzio bat izateak arrisku batzuk hartzea baitakar. Patogeno basati batek eragindako infekzioekin zer gertatuko den jakin ezinaren adibide garbiena eta berriena Covid-19-arena da. “Covid-ak kutsatu dituen herritarren %1ean, gutxi gorabehera, immunitate sistemak oso bortitz erantzuten du eta agerraldi larriak eragiten ditu, nagusiki aldebiko pneumonia eta tronboenbolismoak, pazientea heriotzara eraman dezaketenak. Txertoarekin, berriz, konplikazio larrien intzidentzia askoz txikiagoa da txertoa hartu duten milioi bat herritar bakoitzeko, eta konplikazio larriak esatean ez gara ari heriotzaz bakarrik”, adierazi du Marcos Lopez Hoyosek.

Eta zerk irauten du gehiago, infekzio naturalak eragiten duen immunitateak edo txertoarenak? “Covid-aren kasuan, infekzioak babes indartsua eragiten du, eta frogen arabera, zortzi hilabeteraino irauten du. Baina oso litekeena da zenbait urtez irautea. Txertoak oraindik ez du frogatu hain iraupen luzerik, hein batean ez delako nahiko denbora pasatu hori neurtzeko. Baina SARS-CoV-2ari berariaz aurre egiten dioten antigorputzen eta immunitate zelulen ekoizpen datuek adierazten dute txertoarekin ere indartsua eta babes emailea dela immunitate erantzuna”, adierazi du Jesus Merino Perezek, zeina Biologia Molekularreko Sailean zuzendari aritzen baita Kantabriako Unibertsitatean.

Eragina duten faktoreak

Sintoma asko jasateak ez du esan nahi immunitatea handiagoa izango denik, gaixotasunaren garapen prozesuan zenbait faktorek eragiten baitute, adibidez pertsonaren defentsak nola dauden, zein bidetatik kutsatu den eta zenbat birusek eraso dioten. “Infekzio batek sintoma arinak agerraraz ditzake edo oharkabean ere pasatu daiteke eta erantzun immune iraunkor eta eraginkorra utzi (bizi osokoa batzuetan), eta beste batzuek, koadro kliniko larrien bilakaera izanik ere, hilabete batzuetarako immunitatea uzten dute, urteetakoa asko jota”, azaldu du Sergiu Padurek, CEU San Pablo Unibertsitateko Immunologia irakasleak.

Infekzio batzuetan gertatzen da, gainera, koadro klinikoa oso larria denean, immunitate erantzuna ahuldu egiten dela eta antigorputz gutxi sortzen dela. Covid-19arekin, dena den, kontrakoa gertatzen da gehienetan, frogatuta baitago kasurik larrienetan antigorputz gehiago sortzen dela eta iraun egiten dutela denboran. “Ez da ahaztu behar kasutik kasura asko aldatzen direla gauzak, eta ikusi dugu antigorputz asko garatu duten pertsona batzuek infekzio asintomatikoa eduki dutela, eta alderantziz”, adierazi du adituak.

Haurrak eta antigorputzak

Desberdintasunak ageri dira haurren eta helduen immunitate erantzunean, eta hori gertatzen da haurrengan ohikoagoa delako organismoa lehenengoz kutsatzea patogeno jakin batekin. Horregatik, haien defentsen memoria sortzeko garaian, jaiotzatiko immunitatea nagusitzen da, eta adin horretan oso azkarra eta sendoa izaten da (ikus goiko grafikoa). Helduen erantzuna, berriz, egokitzapenezko immunitatean oinarritzen da, eta hor parte hartzen duten antigorputzak bizitzan zehar beste mikroorganismo batzuei emandako erantzunetatik sortu dira.

Columbiako Unibertsitatean (New York) egindako ikerketa batean ondorioztatu denez (2020an argitaratu zuten, Nature aldizkarian), Covid-19a pasatu duten haurrek antigorputz gutxiago sortzen dute helduek baino. Sergiu Padure irakaslearen arabera, haurren berezko immunitateagatik gertatzen da hori hein handian, eta T linfozitoen lanak ere badu zerikusirik, adin horretan ukitu gabe egoten dira eta.

“Ez da sortuko antigorputz askorik, baina infekzioaren bilakaera kontrolatuagoa izaten da hasieratik, eta batzuetan agertu ere ez da egiten gaitza (eramailea baino ez da izango haurra) edo sintoma arinak sorraraziko dizkio. Helduek, ordea, T linfozito gutxiago izaten dute, eta horiexek egiten diete aurre organismoak sekula borrokatu ez dituen patogenoei; ondorioz, aurka egiteko, antigorputz mota gehiago eragingo lukete”, azaldu du immunologoak.

Bizi osorako

Zergatik gaixotasun batzuek behin kutsatu eta bizi osorako ematen digute immunitatea, adibidez elgorriak, eta zergatik beste batzuek urtero txertatzera behartzen gaituzte, adibidez gripeak? Mikroorganismo motarekin eta eragiten duen erantzunarekin dauka zerikusia, baita mutazioekin ere. “Gripearen birusa mutatu egiten da kanpaina batetik bestera, eta aldaketak hain izaten dira handiak, sortzen den immunitate erantzunak ez baitu balio aurrekoari aurka egiteko. Gainera, txerto bidezko erantzuna ez da hain indartsua, eta lau hilabetetik sei hilabete bitartean irauten du”, azaldu du Lopez Hoyosek. Elgorria eta immunitate iraunkorra eragiten duten beste birus batzuk desberdinak dira, adibidez baztanga. Birus horiek ez dira mutatzen. Elgorriaren birusa, adibidez, behin pasatu eta gurekin gelditzen da bizi osorako. “Barizela ere bizitzan behin izaten da eta birusa ezkutuan gelditzen da, baina badago alde bat: babesak urrituz gero, birusa berriz ere agertu daiteke, herpes zoster eran”, erantsi du Jesus Merinok.

Honela erantzuten du organismoak infekzio baten aurrean

Infekzioa. Patogeno (birusa, bakterioa, onddoa) edo toxina bat gure gorputzean sartzen denean, immunitate sistemak zenbait mailatan ekiten dio.

Berezko erantzuna. Sukarrak handitu egiten du interferonen ekoizpena; proteina multzo bat dira, zelula kutsatuek sortzen dituztenak, zeinak abisua ematen dieten inguruko zelulei birus ekoizpena geldiaraz dezaten. Gainera, berezko immunitate sisteman fagozito izeneko zelula multzo bat izaten da, eta horien zeregina izaten da zelula kutsatuak irenstea; Natural Killer NK ere esaten diete horiei, eta izenak dioen bezala, zelula horiek, aurrez ikasi gabe, berez identifikatzen eta hiltzen dituzte normalak ez diren zelulak, birus edo tumore batetik datozenak. Eta, batzuetan, arma horiekin aski izaten da patogenoa akabatzeko.

Egokitzapenezko erantzuna. Berezko immunitateak infekzioa geldiarazi ez dezakeenean, orduan immunitate eskuratuak egin behar du; horrako hori espezifikoagoa da eta urteetan infekzio errepikatuak jasan ondoren eraiki da, eta horien guztien memoria dauka. Horretan parte hartzen dute T linfozitoek (edo T zelulek), zeinak oso modu selektiboan desegingo dituzten zelula kutsatuak, eta B linfozitoek (edo B zelulek), zeinak antigorputzak ekoitziko dituzten. Antigorputz horiek (immunitate sistemak sortu eta odolean gelditzen diren proteinak) gai izango dira patogeno hori ezagutzeko gure organismoan sartzen den hurrengo aldian, eta neutralizatu egingo dute eta organismoa babestu.

Urtero txertatzea

Oraindik goiz da baieztatzeko, baina ebidentziek diotenaren arabera, Covid-19a gaitz endemiko bihur daiteke, hau da, betiko gelditu daiteke gure artean. Zazpi koronabirus daude gizakiak kutsatzeko gai, eta horietako lau oso ohikoak dira (ohiko hotzeria eragiten dute, beste patogeno batzuekin batean), eta kalkuluek diote herritarren zati handi bat immunizatua dagoela horien aurka. Beste hiruretatik bik, SARS eta MERS direlakoek, pandemia bat eta epidemia bat eragin zuten, hurrenez hurren, baina infekzioak kontrolatu egin ziren eta desagertu.

SARS-CoV-2 delakoarekin (horrek eragin du Covid-a) bete-betean gaude pandemiaren fasean. “Oraindik ez daiteke baieztatu, baina litekeena da birus endemiko bihurtzea. Segur aski agerraldiak izango dira, beste lau koronabirus endemikoekin gertatzen den bezala, baina kontrolatuta daude, herritar gehienak immunizatuta daudelako”, adierazi du Espainiako Bakunologia Elkarteko presidente Jesus Merinok. “Txertoa urtero jarri beharko den jakiteko, ikus egin beharko da birusa nola mutatzen den eta zenbat irauten duen txertoarekin sortzen dugun immunitate memoriak”, erantsi du.

Txertoa hartu dutenek ere kutsatzen al dute? 

Onena litzateke txerto batek immunitate esterilizatzailea ematea edozein gaixotasunen aurrean; horrek esan nahi du immunitate sistema gai dela birusa mendean hartzeko infekzioa agertu baino lehen. Normalean, bizitzan izaten diren infekzioek immunitate erantzun aski sendo eta iraunkorrak eragiten dituzte, eta behin gaixotasuna pasatu ondoren, ez gara berriz kutsatzen. Elgorria eta paperak sar daitezke era horretako gaixotasunen multzoan.

Eztarriko eta sudurreko muki mintzen bidez kutsatzen duten birusek, adibidez SARS-CoV-2ak, ez dute eragiten immunitate esterilizatzaile hori, immunitate funtzionala esaten zaiona baizik, non gure defentsak gai diren “zomorroa” ezagutzeko eta haren aurka borrokatzeko sintomatologia larririk ager ez dadin, baina ez du eragozten berriz kutsatzea. “Oraintxe bertan Covid-aren aurka erabiltzen ari diren txerto guztiak (Moderna, Pfizer, AstraZeneca eta Janssen) larruazalaren azpitik injekzioa sartuz ematen dituzte eta oso babes eraginkorra sortzen dute infekzioaren aurrean. Baina ez dute eragozten, pertsona batek birusa berriz harrapatzen badu, ingurukoak kutsatzea”, jakinarazi du Lopez Hoyosek, Espainiako Immunologia Elkarteko presidenteak.

Zuzenean gainazal mukosoetan jartzen diren txertoak (sudurreko esprai bidez edo ahotik hartuta) gai izan litezke birusa azkar neutralizatzeko eta kutsatzeko gaitasuna hein handian mugatzeko. Baina pandemiaren azkartasunak eta larritasunak eraginda, merkatura iritsi diren lehen txertoak injektatzekoak izan dira, baina ahotik hartzeko eta esprai erako txerto batzuk azken faseetan sartu dira entsegu klinikoetan, eta baliteke hurrengo urtean iristea merkatura, horien artean Espainian sorturiko bat.

Lasaitu al gaitezke dosi bakarrarekin?

Txertorik gehienetan sendotze dosi bat behar izaten da, baina hori entsegu klinikoetan erabakitzen da. Antigenoaren araberakoa izaten da. Covid-aren kasuan, lehen dosia inokulatuta lortuko da txertoa hartu duen pertsona horren immunitate defentsa areagotzea. “Eta beti izango da hobea txertoaren dosi bat hartua izatea ezer ez hartzea baino. Bigarren dosiarekin lortu asmo duguna da txertoak babes gaitasun handiagoa lortzea (%100aren ingurukoa) eta babesaren iraupena askoz ere luzeagoa izatea”, azaldu du Jesus Merino Kantabriako Unibertsitateko irakasleak. Nahiz eta oraindik ez dagoen emaitzarik, aztertzen ari dira Covid- -aren infekzioa pasatu duten pertsonek (sintomatikoak izan edo asintomatikoak) aski izan ote lezaketen dosi bakarrarekin. “Erabakitzen dena erabakitzen dela, bigarren dosia beti da garrantzitsua immunitate memoria eraginkorragoa eta iraunkorragoa lortzeko”, ziurtatu du Merinok.

Lehen ziztadarekin babestuta? 

Patogeno jakin batekin sekula harremanik izan ez dugunean, patogeno horrentzat espezifikoak diren T eta B linfozitoen mailak oso txikiak izaten dira (egokitzapenezko immunitatearen zelulak dira linfozito horiek). Baina infekzio batek berez kutsatzen gaituenean lehenengo aldiz, edo txerto jakin baten lehen dosia ematen digutenean, zelula horiek aktibatzen eta ugaritzen hasten dira, eta immunitate memoria sortzen dute. “Baina prozesua pausoz pauso gertatzen da eta nahiko mantso; astebete baino gehiago ere iraun dezake.

Denbora horretan, immunitate erantzunak oso txikia izaten jarraitzen du, baina denbora pasatu ahala eta, batez ere, bigarren dosia emanez gero, babesa modu esponentzialean handitzen da”, azaldu du Lopez Hoyosek.

Eraginkortasun kontua

Sputnik-V Errusiako txertoaren eraginkortasunari buruzko azken zifrak irakurrita (%92koa dela dio The Lancet aldizkariak) edo Pfizer eta Moderna etxeek iragarri dituztenak, bienak ere %90etik gorakoak, saihetsezina da pentsatzea hortik behera dabiltzanak ez direla eraginkorrak izango, baina ez da hala. Azterketan herritar talde batek edo besteak parte hartu, ehunekoak aldatu egiten dira, eta entsegu klinikoan erabili diren jarraibideen arabera ere, aldatu egiten dira. Lagin hori oso ugaria izanagatik ere, sekula ezingo da egiaztatu milioika pertsonarekin, eta, beraz, informazio zehatzagoa lortzeko, txertoa zabaldu zain egon beharko da. Covid-aren aurka merkatuan dauden txerto guztiek oso eraginkortasun handia dute.

Nolakoak dira Europan onartu dituzten txertoak

Moderna

Teknologia. ARN Mezularia. ARN mezularia izeneko molekula bat dauka (ARNm), zeinak DNAren jarraibideak daramatzan organismoko zelulek proteina espikularra sor dezaten (Spike proteina); proteina hori SARS-CoV-2 izeneko birusaren gainazalean dago, eta koronabirusak horixe erabiltzen du giza zelulak kutsatzeko. Jarraibide horiek gantzezko nanoburbuila gisakoetan sartuta daude; oso ahulak dira, eta horrexegatik eduki behar dira txerto horiek tenperatura txikietan. Txertoa jartzean, zelula batzuek irakurri egingo dituzte ARN mezulariak daramatzan jarraibideak eta proteina hori sortuko dute aldi batez. Immunitate sistemari arrotza egiten zaio proteina hori, eta antigorputzak sortzeari ekiten dio eta eta aktibatu egiten ditu T zelulak, hari eraso egiteko. Eraginkortasuna. %90 eta %95 artean, gizakiekin egindako entseguen 3. faseko datuen arabera. Dosiak. Bi, 28 egun

Pfizer

Teknologia. ARN Mezularia. Eraginkortasuna. %95. Dosiak. Bi, 21 egun igarota.

AstraZeneca

Teknologia. Bektore birala edo adenobirusa. Adenobirus izeneko birus mota bat darabilte, genetikoki moldatua gizakien organismoan errepikatzeko modurik izan ez dezan eta horrela gaitzik ez eragin. Kasu honetan, txinpantze katarroaren birus bat darabilte, eta patogeno batean ageri den antigeno baten kode genetikoaren eramaile gisa funtzionatzen du (Spike proteina). Gure organismoan sartzean, gorputzak mehatxu gisa ikusten du, infekziotzat hartzen du, eta bere burua babesteari ekiten dio. Horrela hasten da immunitate erantzuna. Eraginkortasuna. %70-90 (gizakiekin egindako azken fasean ikusia eta The Lancetek balioztatua). Dosiak. Bi, 4 eta 12 aste artean igarota.

Janssen

Teknologia. Bektore birala edo adenobirusa. Honako honetan, adenobirusaren bertsio moderno bat darabilte, ohiko hotzeria eragin dezakeena. Eraginkortasuna. %66 (%85,6 kasu larrienen kontra). Dosiak. Dosi bakarra.

Espainiako txertoen lasterketa

“CSIC lantzen ari den hiru txertoetako bakoitzak abantaila handiak ditu oraintxe merkaturatzen ari direnekin alderatuta”

Mercedes Jimenez Sarmiento, CSIC erakundeko zientzialaria. Margarita Salas Ikerketa Biologikoen Zentroko ikertzailea. 

Espainiako komunitate zientifikoa ahalegin betean ari da Covid-19aren aurkako lasterketa globalean, eta emaitzak aski itxaropentsuak dira. Gaur egun, CSIC erakundea hiru prototipotan ari da lanean eta, ondo bidean, urte bukaeran egongo dira merkatuan. Mercedes Jimenez Sarmiento biokimikaria da eta ikertzailea Margarita Salas Ikerkuntza Biologikoetako Zentroan, eta berak azaldu digu zergatik egon behar dugun hain itxaropentsu txerto horiekin. “Abantaila gehiago eskaintzen dute orain erabiltzen ari direnek baino: gehiago babesten dute eta errazago jartzen dira”.

Zein fasetan daude CSIC erakundea Covid-19aren aurka lantzen ari den hiru prototipoak? Gaur egun, gizakiekin egin beharreko entsegu klinikoen I./II. fasean daude hiru txertoak. Arrakastaz gainditu dituzte entsegu aurreklinikoak, eta frogatuta gelditu da oso eraginkorrak direla animalien ereduetan.

Noiz egongo dira prest? Merkatura iritsi aurretik, gainditu egin behar dute III. fasea, eta horrek esan nahi du eraginkortasuna eta segurtasuna frogatu behar dutela boluntario kopuru handi batean. Espero da fase horretara iritsiko garela eta eskala handian ekoizten hasiko direla urte honen bukaeran, eta, beraz, espero dugu 2022an Espainiako txerto bat edo gehiago izatea merkatuan.

Zertan bereizten dira txerto horiek Europan orain erabiltzen ari direnetatik? Desberdinak dira eta horien bilakaera era horrexegatik izan da mantsoagoa. Gainera, abantailak dituzte gaur egun jartzen ari direnen aldean. Luis Enjuanesen eta Isabel Solaren taldea lantzen ari den txertoa Covid-19aren antz handia duen birus sintetiko batean oinarritzen da, baina kendu egin diote geneen birulentzia. Sudurretik emango dute, eta, ondorioz, immunitate erantzun oso lokalizatua garatzen da. Mariano Estebanen taldea lantzen ari den txertoa Vaccinia birusean oinarritzen da (horixe erabili zuten baztanga desagerrarazteko); oso ahuldua dago birusa, eta koronabirusaren S proteinaren DNA darama erantsita. Horren abantaila da txerto horri errazagoa izango zaiola zeluletara iristea ARN txertoei baino (Moderna, Pfizer), eta oso egonkorra da. Gainera, frogatu du saguetan %100 eraginkorra dela. Vicente Larraga parasitologoa beste bat lantzen ari da, DNA birkonbinatzailean oinarrituta. Txerto hori hain da egonkorra, giroko tenperaturan eduki baitaiteke, eta hori oso abantaila handia da hotzean edo ultraizoztuta eduki ez dezaketen lekuetan jartzeko; horrekin batean, DNA sintetikoz egindako txertoa izaki, oso azkar berregin daiteke birusaren aldaera indartsuagoetara egokitu beharko balitz ere.

Ikerketa mailan, zer-nolako lekua du gure herrialdeak? Europako gainerako herrialdeekin alderatuta, finantzaketa eta inbertsio publikoa eta pribatua kontuan hartuz baloratu behar da, eta badakigu urria dela eta handitu egin behar litzatekeela. Oraintxe bertan ditugun baliabide eta finantzaketaren arabera eta jasan ditugun murrizketekin, gure kokapena ona da, baina denok dakigu hobea izan zitekeela.

Zein da Espainiako hiru txerto horien helburua? Sinetsita gaude nazioartean lehiatu gaitezkeela, gure txertoek, esan dudan bezala, alderdi batzuetan abantaila gehiago baitute oraintxe bertan merkaturatzen ari direnek baino. Jakina, herrialde barneko beharrizanei erantzutea lehentasunezkoa litzateke. Finantzaketa publikoaren bidez lorturiko txertoak dira, baina enpresa ekoizle pribatuen lankidetza ezinbestekoa da txertoen diseinua eta ekoizpena gauzatzeko eta horrela ez egoteko atzerriko multinazionalen mende.

Ikerkuntzako inbertsioa lagundu egin behar al da enpresen inbertsio handiagoekin? Hala da, entsegu klinikoek oso inbertsio handiak eskatzen dituzte, garestiak dira eta nahitaez egin beharrekoak txerto bati behin betiko onespena emateko. Ekoizpen masiboa ere hala da, eta inbertsio ekonomiko handia behar izaten da, lankidetzazkoa izan daiteke edo parte-hartze maila desberdinetakoa. CSICen hiru txertoak patentaturik daude eta horietako bik baimena ere lortu dute (Biofabri enpresak ekoitziko ditu).

Espainian zergatik ez dago beste herrialde batzuetan bezain finkatua zientziaren finantzaketa pribatua? Zientzian egiten den inbertsioa ez da berehalakoa. Etekina oso handia da, baina ez azkarra. Denbora behar da, eta errentagarria den arren eta jasotzen denak nasaiki gainditzen duen arren inbertsioa, finantzaketa pribatuak ez du hala ikusten Espainian, nahiz eta bidezkoa den esatea badirela salbuespenak ere.

CSIC hiru prototipo horiekin ari da lanean, baina ba al dago ikerketa gehiago? Bai, txerto gehiago ere lantzen ari dira Espainian. Bartzelonako Hospital Clínicen, Miguel Servet-Navarra Biomed Fundazioan, zenbait unibertsitatetan, adibidez Ramón Llull-en eta Santiagoko Unibertsitatean, eta baita Nekazaritza eta Elikadura arloko Ikerketa eta Teknologia Institutuan ere (INIA).