GMI, ​​perfektua ez, baina baliagarria orain ere

Hamarkada asko daramagu Gorputz Masaren Indizea erabiliz gizentasuna definitzeko, zeinak pertsona baten kiloak eta altuera erabiltzen dituen pisu osasungarria kalkulatzeko. Askok jarri dute zalantzan haren balioa, ez baitu kontuan hartzen alderdi aski garrantzitsu bat: gantza nolakoa den eta nola banatua dagoen gorputzean. Zer-nolako mugak dituen jakinda eta bestelako adierazle batzuekin konbinatuta, oso lagungarria izan daiteke gure osasun egoera nolakoa den zehatz jakiteko.
1 otsaila de 2022

GMI, ​​perfektua ez, baina baliagarria orain ere

Formula oso erraza da: zenbat pisatzen dugun neurtu, altuerarekin zatitu eta emaitza ber bi egin. Horrela jakingo dugu gure pisua behar baino txikiagoa den, normala den, gehiegizkoa edo gizentasunera iritsi garen. 1900. urte inguruan sortu zen “batez besteko gizakia” deskribatuko zuten neurriak bilatzeko ideia, aseguru konpainiak ohartu zirelarik heriotza tasa handiagoa zela gehiegizko pisua eta gizentasuna zuten bezeroen artean. Susmo horretatik abiatuta, eta azterketa zientifikorik egin gabe, kalkuluak egiten hasi ziren pertsonek gorputzean zenbat gantz zeukaten jakiteko eta, ondorioz, hiltzeko arriskua zenbatekoa zen, eta horretarako, altuera, adin eta sexu bereko pertsonen pisua alderatzeari ekin zioten. Horrekin aski zuten gehiegizko pisua zuen pertsona bati asegururik ez egiteko.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan, Ancel Keys iparramerikar fisiologoak berreskuratu egin zuen Belgikako estatistikari batek 1830ean asmatu zuen kontzeptu bat, eta Gorputz Masaren Indizea izendatu zuen (Body Mass Index ingelesez). Keys-ek ikerketa bat egin zuen osasuntsu zeuden 7.000 gizonezkorekin baino gehiagoarekin, eta frogatu egin zuen GMIa adierazle seguruagoa eta zehatzagoa zela aseguruen industriak erabiltzen zituen metodoak baino. Urte asko pasatu da ordutik, eta egungo zientziak esaten digu pisu osasungarria kalkulatzea ez dela hain erraza pertsona guztietan. Izan ere, GMIa tresna zehatz eta perfektua balitz, argal dauden pertsonek ez lukete izango ez bihotzekorik eta ez gaixotasun metabolikorik ere. Iritsi al da garaia adierazle eraginkorrago bat bilatzeko?

Osasunaren adierazle ona (baina ez bakarra)

Gizentasuna Ikertzeko Espainiako Elkarteko presidenteordea da Albert Lecube (SEEDO), eta azaldu duenez, profesionalek orain ere GMIa erabiltzen dute gehien neurgailu gisa pertsonak pisuaren arabera sailkatzeko. “Badugu hainbat arrazoi horretarako. Erraz kalkulatzen da eta ematen dituen balioak interpretatzeko lana aski egonkortua eta onartua dago osasun arloko profesionalen artean, baina baita herritarren artean ere. Ez dut uste utzi egin behar diogunik erabiltzeari, nahiz eta egia den kalkulu hori ez dela gai gehiegizko pisuaren atzean ezkutatzen den informazio guztia emateko”, ohartarazi du.

Clotilde Vazquez zuzendari aritzen da Gehiegizko pisua eta Gizentasuna Institutuan (OOI Overweight & Obesity Institute), eta beste abantaila bat ere baduela nabarmendu du: “GMIak jarraitzen du izaten erabiliena korrelazio ona duelako gorputzeko gantzarekin. Horrek esan nahi du pisu gehiegi eta GMI handi samarra izaten duten pertsona gehienek gantz gehiegi izaten dutela gorputzean. Hala izaten da gehienetan, baina onartu behar da akats batzuk ere badituela”, adierazi du.

Orain arte oso tresna baliagarria izan da ikerketa epidemiologikoan, espezialistei balio izan dielako gizentasun tasen jarraipena egiteko azken hamarkadetan. Ongi funtzionatzen du populazio talde handiak aztertu behar direnean, GMI handia duten pertsonek arrisku handiagoa izaten dutelako zenbait gaitz izateko: gaixotasun kardiakoa, 2 motako diabetesa eta minbizi mota batzuk. Baina paziente jakin bati buruz ari garenean eta pisu horretan gantzak zenbateko proportzioa duen jakin nahi denean, hor hasten dira GMIaren gabeziak agertzen.

Elvira Barrio endokrinoa da Henaresko Ospitale Unibertsitarioan, eta haren esanetan, paziente batekin aritzean kontuan hartu behar da GMIak badituela muga batzuk, baina jarraitu egin behar da erabiltzen. “Azkarra eta erraza da, eta kasu oso berezietan izan ezik, adibidez gihar handiko kirolari batekin ari garenean, ongi samar ematen digu pertsona baten nutrizio egoeraren berri. Baina konbinatu egin behar dugu beste metodo batzuekin, adibidez sabelaldeko zirkunferentziarekin, hori ere azkarra eta erraza da eta. Arteria tentsioaren kontrolak eta analitika batek esango digute nola dauden kolesterol mailak edo intsulinarekiko erresistentzia”, azaldu du.

Funtsean, gorpuzkeraren adierazle bat da GMIa, eta gantzarekin korrelazioan ongi samar jartzen den arren, ez du esaten norbanako batek zenbat gantz duen gorputzean, eta datu horrek zehazten du gizentasuna, ez baita ahaztu behar gantz gehiegi izateari esaten zaiola gizentasuna, ez pisu gehiegi izateari. “Pisu gehiegi duten pertsona gehienek gantza ere gehiegi izaten duten arren, neurriak asko alda daitezke. Adibidez, GMIa 30ean duten bi pertsonarekin –muga horretan hasten da gizentasuna–, gerta daiteke batek %32 izatea gantza (asko samar) eta beste batek %38 (neurriz kanpo). GMI berdina duten bi pertsona horiek egoera metaboliko desberdina izango dute eta osasunerako arriskuak ere desberdinak”, azaldu du Clotilde Vazquezek.

Gihar masaren eta gantzaren arteko desberdintasunak

Gihar handiak dituzten pertsonekin gertatzen dira halakoak, adibidez kirolari profesionalekin. Gorputz Masaren Indize berdina eduki dezakete 80 kiloko kulturista batek, gihar handiak eta gantz gutxi dituenak, eta altuera eta pisu berdinak baina giharrik apenas duen pertsona batek. “GMIak ez ditu bereizten gantzik gabeko masa –hor sartzen ditugu giharrak, hezurrak, organoak, ehunak eta likidoak– eta masa gantzatsua (ehun gantzatsua), eta, ondorioz, ez da adierazle ona adin handiko pertsonek zer-nolako osasuna duten esateko, adinean aurrera egin ahala galdu egiten baita gihar eta hezur masa, eta, aldiz, irabazi sabelaldeko gantza”, azaldu du Lecubek.

Pertsona batek gorputzeko gantz portzentajea handitzen duenean eta pisua aldatzen ez zaionean, hau da, GMIa aldatzen ez zaionean, gerta daitekeena da sabelaldean metatzen den gantz horrek dakarren arriskuaz ez ohartzea inor. GMIaren arabera argala den pertsona batek baina gantz portzentaje handia duenak tentsioa goian izango du eta segur aski maila handietan izango ditu glukosa, intsulina, kolesterola eta triglizeridoak. “Gizentasunaren ebaluazioa ongi egingo bada, kalkulatu egin behar da sabelaldean zenbat gantz dagoen, eta, horretarako, gerrialdeko perimetroa neurtzea izaten da azken urteetako neurri osagarria”, azaldu du SEEDOko bozeramaileak.

Gizonen eta emakumeen arteko arrakala

Gorputzeko gantzaren banaketa ez da berdina izaten gizonetan eta emakumeetan. Gantzik gabeko ehuna (giharra) handiagoa da gizonetan eta handituz joaten da 20 urte egin bitartean; helduetan, berriz, murriztu egiten da. Emakumeek gantz gehiago izaten dute eta are gehiago handitzen da adinarekin. Nerabezarora iritsita, emakumeek gantz gehiago metatzen dute gorputzean gizonek baino, eta horrelaxe jarraitzen du helduaroan ere; hala, gizonetan %15 inguru izaten da gantza, eta nagusiki gorputzaren erdialdean pilatzen zaie, bizkarrean eta sabelaldean adibidez, eta emakumeek %20-25 izaten dute, batik bat aldaketan eta izterretan. GMIak ez ditu antzematen desberdintasun horiek. “Horregatik komeni izaten da gerrialdea-aldakaren zirkunferentzia esaten zaion indizea ere erabiltzea, lagundu egiten baitu kalkulatzen zenbateko arriskua dagoen gorputzeko masaren banaketarekin zerikusia duten gaitz kronikoak agertzeko”, adierazi du Vazquezek.

Desberdintasunik ez arrazen artean

Neurri estandar unibertsal gisa erabiltzen da GMIa, baina adierazle hori sortu zutenean gizon zurien gorputza hartu zuten eredutzat, nahiz eta gorputzaren osaera eta horrek osasunarekin duen zerikusia aldatu egin daitekeen arraza batetik bestera. Ordutik hona hainbat ikerketa egin da, eta ikusi da emakume beltzek pisu handiagoa izaten dutela zuriek baino eta, hala ere, metabolikoki osasuntsuago egoten direla. Asiako populazioarena da beste adibide bat; ikusi da gizonek arrisku handiagoa izaten dutela bihotz-hodietako istripuak eta diabetesa izateko, nahiz eta GMIa kaukasoarrek baino txikiagoa duten, haien genetikaren eraginez gantza errazago biltzen baita organoen inguruan eta ez larruazalaren inguruan.

Beste tresna bat ere bai haurrekin

Helduetan GMIa kalkulatzen dugunean, ez da kontuan hartzen ez sexua eta ez adina, baina haurrekin bai. Hazteko garaian daudenez eta gantz kantitatea aldatu egiten denez adinaren arabera, beste aldagai bat eransten zaio GMIari (helduetan bezala kalkulatzen da): pertzentilak. Horietan alderatu egiten dira haurraren pisua eta altuera bere adin eta sexu bereko beste batzuenarekin. Haurra batez bestekoaren barnean dagoenean, pisu normala izango du; gainetik dagoenean, pertzentil handia izango du (gizentasuna) eta behetik dagoenean, pisu txikia.

GMIaren ordezkoak: talde lana; bakarrik hartuta, bat bera ere ez da perfektua

Gerrialdearen zirkunferentzia 

Nola neurtzen da. Zinta metriko malgu batekin zehazten da, norbera zutik eta tente dagoela, arroparik gabe eta lasai. Nahiz eta adostasunik ez dagoen erreferentzia puntuaren inguruan, SEEDOtik gomendatzen dute kresta iliakoaren gainetik egin behar dela (aldakako hezurra). Horretarako, hezur horren gaineko ertza aurkitu behar da eta, puntu horren gainetik, zinta metrikoarekin inguratu gerria, zoruarekiko paralelo eta larruazala estutu gabe. Perimetroa 102 cm-tik gorakoa denean gizonetan eta 88 cm-tik gorakoa emakumeetan, esan nahi du gerrialdeko gizentasuna dagoela.

Abantailak. Oso erabilgarria da adin guztietan. Txikitzen denean, esan nahi da galdu egin dela gantza. Perimetro hori murrizten ez bada eta pisua galtzen bada, izan liteke giharra edo ura galdu delako, ez gantza. Aitzitik, pisua aldatu ez baina gerrialdeko zirkunferentzia murrizten denean, ez da datu txarra, ondorioztatu litekeelako gantza galtzen ari dela eta, segur aski, giharra irabazten.

Desabantailak. Ez du bereizten zer den sabelaldeko larruazalaren azpian dagoen gantza eta zer sabelaldeko organoen inguruan izaten dena, zeina arriskutsuagoa baita.

Gerrialdea-aldaka indizea (GAI) 

Nola neurtzen da. Gerrialdearen perimetroa neurtzen da –azken saihets hezur flotatzailearen parean, pare bat behatz zilborraren gainetik– eta aldakaren gehienezko perimetroa ere bai, ipurmasailen parean, eta lehenbiziko zifra zatitu egiten da bigarrenarekin. Kozientea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da sabelaldeko gantzaren proportzioa, eta, ondorioz, pazientearen osasunak arrisku gehiago izango du. Balioen taula OMEk zehazten du, eta honako hau da: GAI = 0,8 cm normala emakumeentzat. GAI = 1 cm normala gizonentzat. Balio handiagoek esan nahi dute sabelaldeko- -erraietako gizentasuna dagoela.

Abantailak. Pazienteari diagnostikoa egiteko balio du, lehen azterketan ikusteko sabelaldeko-erraietako gizentasunik baden eta zenbateko arriskua duen gehiegizko gantzarekin zerikusia duten gaixotasunak izateko.

Desabantailak. Ez du kontuan hartzen altuera, eta emakumeetan aldatu egin daiteke menopausiaren ondoren (gantzaren banaketa aldatu egiten da eta antz handiagoa izaten du gizonenarekin). Lagungarria da hasierako diagnostikoan gantza nola banatua dagoen aztertzeko, baina ez bilakaera ikusteko. Eta ez da erabakigarria aldaka zabalak dituzten pertsonetan.

Bioinpedantzia 

Nola neurtzen da. Baskula edo pisu bat da, eta makinak berak sortzen duen korronte elektriko batekin dabil; korronte hori pazienteak eskuetan duen aginte-gailuraino iristen da. Korronte horrek zeharkatu egiten du aztertu nahi den gorputz eremua (ez da sumatzen eta minik ere ez du egiten) eta informazioa ematen du gantz eta gihar portzentajearen inguruan, ehunetan dagoen uraren inguruan eta hezur masaren inguruan.

Abantailak. Proba erraza, merkea eta azkarra da.

Desabantailak. Endokrinologiako kontsulta guztiek ez daukate halako makinarik, eta ematen dituen datu guztiak ez dira oso zehatzak. Akatserako tarte handia izaten da, aldagai askok eragin baitezakete emaitzan: elektrodoak nola jartzen diren, pertsona nola hidratatua dagoen, zer-nolako elikadura duen, hilekoa baduen edo ez, gorputzeko tenperatura zertan den… Nahiz eta profesionalei eskaintzen dien informazioa ez izan oso zehatza, balio du ikusteko pazienteak nolako aldaketak izan dituen kontsulta batetik bestera.

Tolesturak neurtzea 

Nola neurtzen da. Gorputzeko zenbait puntu zapaltzen dira pintza erako gailu batekin (plikometroa esaten zaio), larruazala harrapatu dezan eta haren lodiera neurtu. Gorputzeko gantz gehiena larruazalaren azpian egoten da, eta horregatik erabiltzen da teknika hori. Dena den, gantzaren banaketa ez da uniformea izaten, hau da, anatomiaren zati batzuetan gantz gehiago izaten da besteetan baino, eta, horregatik, gorputzeko eremu batean baino gehiagotan neurtu behar dira larruazalaren tolesturak, sabelaldean, bizkarrean, besoetan edo zangoetan.

Abantailak. Ongi eginez gero, gorputzaren dentsitatea kalkulatu daiteke ekuazio matematiko batzuk erabilita (ezaugarri jakin batzuk dituzten populazio taldeentzat diseinatuta daude).

Desabantailak. Oso fidagarria den arren, ez da egiteko erraza eta neurketa egiten dutenek oso entrenatuta egon behar dute, eta beti ez dira halako langileak izaten ospitaleetan eta osasun etxeetan. Gainera, pertsona batek zenbat eta gizentasun handiagoa eduki, orduan eta zailagoa izaten da tolesturak neurtzea. Hain zuzen, maizago erabiltzen da desnutrizioa neurtzeko.

“Kiloak sobera izatea”, egiaz, gizen egotea denean

Ameriketako Estatu Batuetan, 40.000 pertsonaren baino gehiagoren bihotz-hodietako osasuna eta osasun metabolikoa aztertu zuten osasun azterketetan erabiltzen diren adierazleetan oinarrituta, eta alderatu egin zuten haien GMIarekin (Journal of Obesity aldizkarian argitaratu zuten). Emaitzak ezustean harrapatu zituen: GMIan pisu normala zeukaten pertsonen %30ek osasun kardiometaboliko kaskarra zuten. Espainian antzeko ikerketa bat egin zuen Nafarroako Klinika Unibertsitarioko Endokrinologia eta Nutrizio Departamenduak 6.000 pertsonarekin baino gehiagorekin, eta ondorioztatu zuen GMIaren arabera pisu normala zuten pazienteen %29k egiaz pertsona gizen baten adinako gantz portzentajea zutela gorputzean. Gainera, GMIaren arabera gehiegizko pisua zuten %80 egiaz gizenak zeuden. Emaitza horiek ikusita, talde horrek bere kalkulagailua sortu zuen. CUN-BAE formulak (Clínica Universidad de NavarraBody Adiposity Estimator) kontuan hartzen ditu, pisuaren eta altueraren datuak ez ezik, baita adinarenak eta sexuarenak ere. Formula berri horrek esan egiten du nolakoa den gantzaren osaera, eta honela sailkatzen du:

  • Gorputzeko gantz normala: %10-20 gizonetan eta %20-30 emakumeetan.
  • Gehiegizko pisua: %20-25 gizonetan eta %30-35 emakumeetan.
  • Gizentasuna: %25 baino gehiago gizonetan eta %35 baino gehiago emakumeetan.

Bi tresnak alderatuta, 57 urteko gizon bat, 94 kilokoa eta 1,79 metrokoa, gizena izango litzateke CUN-BAE adierazlearen arabera eta gehiegizko pisua edukiko luke GMIaren arabera. Gizentasuna Ikertzeko Espainiako Elkarteak (SEEDO) baieztatu egin du formula hori aukera ona dela arrisku kardio-metabolikoa neurtzeko. Erakunde horren esanetan, etorkizun hurbilean, gorputz osaeraren azterketari gehitu egin beharko zaio gihar masaren azterketa, bai kantitatearena eta bai kalitatearena ere.

Honela kalkulatzen da gorputz masaren indizea 

Laurogeita hamarreko urteen amaieran, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta AEBetako Osasun Institutuko aditu talde batek (NIH) gomendioa egin zuten Gorputz Masaren Indizea (GMI) honela kategorizatzeko:

  • PISU NORMALA: 18,5 – 24,9 kg/m2
  • GEHIEGIZKO PISUA: 25 – 29,9 kg/m2
  • GIZENTASUN ARINA EDO I. MAILAKOA: 30 – 34,9 kg/m2
  • GIZENTASUN MODERATUA EDO II. MAILAKOA: 35 – 39,9 kg/m2
  • GIZENTASUN LARRIA, MORBIDOA EDO III. MAILAKOA: ≥40 kg/m2
  1. urtean, Gizentasuna Ikertzeko Espainiako Elkarteak (SEEDO) azpisail gehigarri batzuk ezarri zituen gehiegizko pisuarentzat, eta honela banatu zuen:
  • I. MAILAKO GEHIEGIZKO PISUA: 25 – 26,9 kg/m2
  • II. MAILAKO GEHIEGIZKO PISUA: 27 – 29,9 kg/m2

Horretaz gain, gizentasun morbidoa erabili beharrean, “3. mailako gizentasuna” erabiltzea hobetsi zuen, eta beste maila bat ere erantsi zuen: muturreko gizentasuna.

  • III. MAILAKO GIZENTASUNA: 35 – 49,9 kg/m2
  • MUTURREKO GIZENTASUNA: ≥ 50 kg/m2