Jostailu eta jolas inklusiboak: identitatea eta balioak: jolasean hezi

Guztientzat modukoak dira. Azken urteetan, jostailu dendetako apalategietan ere bestelako balio batzuk agertzen hasi dira, gizartean dagoen aniztasuna eta genero berdintasuna errespetatzen duten jostailuak alegia, eta hori lagungarria da pertsona toleranteagoak, solidarioagoak eta errespetuzkoagoak sortzeko.
1 abendua de 2021

Jostailu eta jolas inklusiboak: identitatea eta balioak: jolasean hezi

Eguberrietan saltzen da jostailu gehien, beste edozein sasoitan baino gehiago. Askotan, haurren eskariak bete nahian, gurasoek ez dute kontuan hartzen erosten ari diren hori egokiena ote den, eta ez diote beren buruari galdetzen haurrak eskatu duena ez ote den izango publizitate kanpaina landuen eragina edo moda iragankorren emaitza. Jostailu bat erosi aurretik, haurren gustuak kontuan hartzeaz gain (oso garrantzitsua da hori), komeni izaten da gogoeta egitea ea egokia den bakoitzaren adinerako, heldutasun mailarako eta beharrizanetarako.

Juan Cruz Rada aditua da psikologia hezitzailean eta Errioxako Psikologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiko kidea ere bada; haren esanetan, “jostailuak eta jolasak ez dira kaltegabeak. Jolas bat oso konplexua denean edo eskakizun handi-handikoa denean, ez da dibertigarria izango, frustrazioa eragingo du, antsietatea, eta baztertu egingo dute. Haurraren gaitasunetarako errazegia denean, berriz, ez du sortuko ez erronkarik eta ez ikaskuntzarik, eta segur aski, aspertu egingo da eta hori ere baztertu egingo du”.

Hautatzeko garaian kontuan hartu behar da, halaber, sustatzen ote dituen zenbait balio, adibidez berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa. Adingabe guztientzat egokia izatea ere ezinbestekoa da, bakoitzaren arraza, generoa, ezaugarri fisikoak edo psikikoak gorabehera. “Jolasa garrantzitsua da identitatea lantzeko eta elementu sozializatzaile gisa ere bai. Estereotipo batzuk betikotzen badituzte, neska-mutilek segur aski barneratu egingo dute errealitatea desberdintasun horiei loturik dagoela, izan generoari dagozkionak, kulturari edo aniztasun funtzionalari”, azaldu du espezialistak.

Norberaren baldintzak

Neska-mutiko guztiek dute eskubidea jolaserako, baina adingabe askok arazo handiak izaten ditu horietan parte hartzeko. Ikerketek azaltzen dutenez, desgaitasun funtzionala duten pertsonek murrizketa gehiago jasan ditzakete eta sarbide eta gaitasun txikiagoa eduki dezakete jolasean aritzeko. Jostailu inklusiboek konponbidea eman nahi diete traba horiei. Azken batean, guztientzat moduko jostailuak dira.

Jostailu bat inklusiboa dela esaten denean, adierazi nahi da neska-mutil guztiek erabil dezaketela, norberaren ezaugarri fisikoak, psikikoak, kognitiboak, afektibo-emozionalak, sozialak, sexualak, kulturalak edo arrazari dagozkionak edozein direla ere. Haur Produktuen eta Aisialdiaren Institutu Teknologikoak (AIJU) dioenez (irabazteko asmorik gabeko erakundea da, eta haurrentzako produktuen arlo guztiei buruzko ikerketa, segurtasuna eta kalitatea lantzen ditu), jostailu bat inklusiboa dela esan daiteke, baldin eta, gutxienez, hiru desgaitasun hauetako birentzat egokia bada: entzumenekoa, ikusmenekoa eta motrizitatekoa. Edo egokia bada desgaitasun mota baterako eta egokitu egin badaiteke beste baterako.

“Modu inklusiboan jolastea funtsezkoa da neska-mutilen gaitasunak lantzeko, horiek edozein direla ere. Helduen funtzioa da eredu izatea jolasean, babesa ematea eta, batzuetan, gida ere bai”, azaldu du Cruz Radak. Maria Lopez teknikari lanetan aritzen da AIJU elkartean, haur erabiltzaileen ikerketa sailean, eta haren esanetan, jostailu inklusiboak erabilita, adingabeek “landu egiten dituzte jokabide integratzaileak eta sozialki positiboak, adibidez enpatia, errespetua eta onespena. Jostailuetan ikuspegi hori txertatzeak hainbat onura eskainiko du epe luzera gizarte berdinzaleagoak sustatzeko”.

‘IncluToys’ proiektua diseinu unibertsalaren bila

Kontsumitzaileek jostailu inklusiboen inguruan nolako beharrizanak dituzten jakiteko eta gizarteak horiei buruz duen ikuspegiaren berri izateko, IncluToys proiektua sortu du Haur Produktuaren eta Aisialdiaren Institutu Teknologikoak; nazioarteko ikerlan bat da, non 1.000 familiak parte hartu duten eta aukera eman duen diseinu unibertsaleko tresna bat sortzeko jostailuen arlorako. Horren bidez, aztertu egin ahalko da desgaitasunak dituzten neska-mutilek nolako irispideak dituzten egungo jostailuetara.

“Europan TUET tresna sortu izanak (Toys & games Usability Evaluation Tool) aukera eman zuen adostasunez eta modu estandarizatuan neurtzeko jostailuetarako irispideak. Proiektuak lagundu egin du tresna horren interpretazioan aurrera egiten, jostailu enpresetan ezartzen eta gida bat sortzeko aukera eman du enpresek jostailu inklusiboagoak diseinatu eta ekoitzi ditzaten”, azaldu du Pablo Busok. “Lortu diren datuek erakusten dute bideragarria eta oso aberasgarria dela jostailu inklusiboak diseinatzea eta ekoiztea. Jostailu enpresei etekinak emango dizkiolako, gai horrek garrantzi handia duelako egungo gizartean eta ez dakarrelako kostu handirik”, azpimarratu du Busok.

Gero eta aukera gehiago dago

“Inklusioaren alde egiten duten produktuak oso baliabide onak dira, batik bat egoera horiek pairatu behar dituzten familientzat. Orain ikusten dute produktu eta jolasetan ere kontuan hartzen dela alderdi hori. Zorionez, gero eta eskaintza handiagoa dago herritarrentzat, eta badirudi marka handiek ere gero eta kontzientzia handiagoa dutela, baina oraindik asko dago egiteko”, nabarmendu du Cruz Radak.

Espainian ekoizten dituzten jostailuen ia erdiak (%49) baliagarriak dira hiru desgaitasunetako bat duten pertsonek erabiltzeko. Ehuneko hori txikitu egiten da hartzaileen adinak gora egin ahala, eta ikusmeneko eta motrizitateko desgaitasuna bakarrik kontuan hartuko bagenitu, hor ere txikitu egiten da ehunekoa zertxobait.

Oro har, jostailuen industriak gero eta sentiberatasun handiagoa du produktu mota hori egiteko. “Ulertzen dute horrek mesede egingo duela gizartean kontzientzia sortzeko, eta gizarteak enpresei lagun egiten dielarik inklusioaren arloan hobekuntzak egin ditzan, produktuek balio handiagoa hartzen dute eta lagundu egiten du marka bat besteetatik bereizten”, adierazi du Maria Lopezek, AIJUko ordezkariak.

Ekoizleek, dena den, oraindik ere badituzte eragozpen batzuk. “Kezka dute jokabide horrek ez ote dituen hartzaileak mugatuko, erabiltzaileek produktu espezifiko gisa ikusiko ote dituzten, desgaitasunen bat dutenentzat bakarrik direlakoan, edo irabazi tartea galduko ote duten, ez delako kostuen pareko negozioa”, onartu du teknikariak. Egoera hori hobetzeko, aditu talde bat, AIJUk koordinatuta, aholkularitza eskaintzen ari da enpresei produktuetan inklusibotasuna optimizatu dezaten. Institutu teknologikotik baieztatu dutenez, “merkatuko jostailurik gehienek irisgarritasun handiagoa eduki ahalko lukete kosturik igo gabe”.

Nola ezagutu jostailu inklusibo bat 

AIJU erakundeak egindako azterketen arabera, familiarik gehienek badakite jostailu inklusiboak bereizten, baina onartzen dute informazio gehiago ongi etorriko litzatekeela gainerakoetatik bereizteko. “Hamar familiatatik batek baino ez du esan jostailu horietako bat daukatela, eta bostetik batek ez daki ziur esaten halakorik ba ote duen”, adierazi du Pablo Buso AIJUko kideak (haur erabiltzaileen ikerketa saileko koordinatzailea da). Familiek lau kontzepturekin lotzen dituzte jostailu horiek: genero berdintasuna, desgaitasuna, gabezia fisikoak eta kooperazioa (taldean jolastea). Dena den, eta produktu horiei garrantzia ematen dieten arren, “ez lituzkete erosiko baldin eta garestiagoak balira”, ohartarazi du adituak.

Beti ez da erraza jostailu inklusibo bat bereiztea. AIJU erakundetik jarraibide batzuk ematen dituzte. “Alde batetik, guztientzako moduko diseinua eduki behar dute, aukera emango duena neska-mutilek parte hartzeko, desgaitasuna izan edo ez. Jostailuek, halaber, moldakorrak izan behar dute, interakzio modu baterako baino gehiagorako aukera eman behar dute eta arauak egokitzeko bidea ere utzi behar dute”, argitu du teknikariak.

Jasangarritasuna eta enpatia

Jasangarritasunak ere badu lekua jostailuen industrian. Toys for future ekimenak, adibidez (Jostailuak etorkizunerako), ongi erakusten du jolasaren bidez neska-mutilek ikasi egin ditzaketela birziklatzearekin eta material berriztagarri eta jasangarriekin zerikusia duten hainbat kontu. Jostailuen sektoreak ahalegina egiten du material ekologikoagoak hautatzeko, bioplastikoetan eta osagarri jasangarrietan oinarrituak daudenak, eta proiektu horrek horixe islatzen du. Besteak beste, arto almidoia, azukre kanabera edo almendra oskolak erabiltzen ari dira beren produktuak ekoizteko.

Autoestimua indartzeko ere balio dute jostailuek. Be you joerak (Izan zaitez zu zeu) azpimarratu egiten du zeinen garrantzitsua den nork bere burua eta besteak errespetatzea. Jostailu mota hori inklusiboa da, agertu egiten baitute bai aniztasun fisikoa eta bai pertsonalitate askotarikoak ere, eta proposatzen dituzten jolasek gainditu egiten dituzte estereotipo sozialak, arrazari dagozkionak, genero arlokoak…

Askotan, desgaitasunak edo ikasteko zailtasunak dituzten neska-mutilen ezaugarriak ere agertzen dituzte.

Mutilen jostailuak eta nesken jostailuak?

Asko aurreratu dugu jostailuak generoka bereizteari uzteko bidean, baina oraindik ere horrela jokatzen dugu zenbait produkturekin: panpinak, sukaldeak, autoak, eraikitzekoak… “Asko dago hobetzeko, baina gaur egungo jostailuen eta duela 30 urtekoen arteko desberdintasunak oso handiak dira. Oraingoak ez dira hain matxistak, eta estereotipoek ere leku gutxiago dute, eta berdin gertatzen da jolasekin eta publizitatearekin.

Ekoizleren batek iragarkietan marra gorriren bat gainditzen duenean (matxismoa, generoari edo arrazari loturiko estereotipoak), baztertua izateko arriskua du. Marka oso ezagunek genero aniztasun handiagoa ageri dute beren panpinetan, etnia, itxura eta gaitasun gehiagokoak daude”, azaldu du Cruz Rada psikologoak.

Arrazari eta generoari loturiko estereotipoek jostailuetan arrastoa uzte dutela ikusita, AIJU erakundeak proiektu berri bat jarri du abian, Childtizens. Kontzientzia sozial handiagoa sustatu nahi dute eta bestelako balio batzuk zabaldu, belaunaldi berriak herritar aktibo eta kritikoak izan daitezen. “Zer-nolako jostailuekin aritu eta non jolastu, horrek baldintzatu egingo du identitatearen eraikuntza eta, beraz, mundua eta harremanak interpretatzeko modua ere bai. Ekoizleek badute interesa ildo horretan aurrerapausoak emateko, eta tresna hori sortu dute, datozen urteetan aurrerapen handiak egiteko balioko duelakoan”, adierazi du Busok.

Ingalaterrako kontsumitzaile elkarte batek Let toys be toys ekimena jarri zuen abian bere garaian (Utzi jostailuei jostailu izaten), eta jostailuen industriari eta argitaletxeei eskatzen die ez ditzatela mugatu haurren interesak eta ez ditzatela sustatu jostailu eta liburu batzuk genero batzuetarako bakarrik balira bezala. Kanpaina horri esker, lortu dute Erresuma Batuko ekoizle eta txikizkari askok bereizketa esplizitu horiek jostailuetatik desagerraraztea. Gainera, jostailu horien aldeko apustua egiten duten saltoki eta webguneak zein diren jakin ahal izateko, zigilu bereizgarri bat sortu dute, Toymark izenekoa.

Irisgarriak al dira desgaitasuna dutenentzat

AIJU erakundearen gidak (Juego, juguetes y discapacidad. La importancia del diseño universal) zehaztu egiten du desgaitasun funtzionala duten pertsonek nolako trabak izaten dituzten jolasteko orduan eta merkatuak zer eskaintzen dien. Horrekin batean, jakinarazi egiten du zein jostailu motak eskaintzen duen irisgarritasun handiena eta txikiena desgaitasunak dituzten pertsonentzat (entzumenekoa, motrizitatekoa eta ikusmenekoa).

ENTZUMENEKO DESGAITASUNA

  • Bolumena kontrolatzeko gailua eduki behar dute eta entzungailuak lotzeko aukera eskaini, haurraren entzumenera egokitzeko.
  • Soinu efektuak baldin baditu, antzemateko moduko beste efektu batzuk ere eduki behar ditu.

PSIKOMOTRIZITATEKO DESGAITASUNA

  • Haurrek menderatzen dituzten motrizitate tekniken bidez manipulatzeko modukoak izan behar dute.
  • Sakagailuek edo botoiek oso eskura egon behar dute eta erraz eragiteko modukoak izan behar dute.
  • Piezak erraz ahokatzeko modukoak izan daitezela.
  • Altzari erako egitura handietan, gurpil aulkientzako adina leku eduki behar dute edo moduluak erraz askatzeko aukera eman behar dute, gainazal baten gainean desmuntaturik erabili ahal izateko.
  • Funtzio eta aukera guztietara erraz iristeko modua eman behar dute.
  • Mahai gaineko jolasak badira, irrist ez egiteko baliabideak eduki behar dituzte azpialdean.
  • Ez dute izan behar mugimenduak oso azkar egitekoak edo aukera eman behar dute erantzuteko denborak doitzeko.
  • Ez dute izan behar aldi berean mugimendu bat baino gehiago eskatzen dutenak.

IKUSMENEKO DESGAITASUNA

  • Diseinu erraza, errealista eta ukimenaren bidez erraz identifikatzekoa eduki behar dute.
  • Erraz manipulatzeko objektuak edo osagarriak eduki behar dituzte.
  • Soinu efektuekin eta hainbat testurarekin.
  • Ez dute eduki behar neurri txikiko pieza asko. Halakoak izanez gero, ukimenaren bidez azkar eta eroso sailkatzekoak izan behar dute.
  • Kolore oso biziekin eta kontraste argikoekin, ikusmena osorik galdu ez duten haurrek antzemateko modua izan dezaten.
  • Trinkoak, ez erraz desmuntatzeko modukoak

Adinak badu garrantzia

Jostailuak aldatu egiten dira neskamutilekin batean. Adin bakoitzerako aukera batzuk egokiagoak dira beste batzuk baino.

0-1. Lehen haurtzaroko jostailuak oso lagungarriak izaten dira haurtxoari modu atsegin eta seguruan ezagutarazteko inguruan duen mundua. Jarduerak egiteko mantak, peluxe soinudunak, elkarrekin ahokatzeko edo eraikinak egiteko blokeak izaten dira proposamen batzuk.

1-3. Garai horretan, haurtxo izatetik haur izatera pasatzen dira. Beste garai batzuetan baino bilakaera handiagoa izaten dute garunak eta ikasteko gaitasunak. Arauak dituzten jolasak, sinbolikoak, mihiztatzekoak eta peluxe interaktiboak aski egokiak dira adin horietarako.

3-6. Neska-mutikoek nolabaiteko autonomia eta buruaskitasuna lortzen dute. Jolasa eta eguneroko bizitza estuki loturik doaz, jarduera ludikoen bidez esperimentatu, ulertu eta ikasi egiten baitute. Aurreko garaian izan dituen jostailuen oso antzekoak dira, baina konplexutasun handiagoa izaten dute.

6-9. Erantzukizun handiagoa hartzen dute eta independenteagoak izaten dira. Orain ere asko gozatzen dute jarduera ludikoekin. Nahiz eta jolas sinbolikoak eta mugimendu bidezkoak zeregin garrantzitsua izan, handitu egiten da bestelako jolas batzuekiko interesa: arauak dituzten jolasak, eskulanak, eraikitzekoak, bideo-jokoak…

9+. Haurtzaroa bukatu eta pausoa ematen dute helduarorantz. Adin horretatik aurrera, hauek izaten dira jolasik erakargarrienak: arauak dituztenak, eskulanak, eraikuntza konplexuak, kirol jolasak, ordenagailukoak eta bideo-jokoak.

Iturria: Guía de juegos y juguetes AIJU 3.0. (Jolasen eta jostailuen gida).

Erosi aurretik, komeni da geure buruei galdetzea…

Ehunka mila jostailu ekoizten dira munduan, baina denak ez dira berdinak, eta egokiak ere ez neska-mutil guztientzat. Jostailu bat erosi aurretik, honako galdera hauek egitea komeni da:

  • Segurua, iraunkorra eta erakargarria al da?
  • Jarraibide osatuak eta ulergarriak al ditu?
  • Balio baztergarriak zabaltzen al ditu, adibidez matxismoa, sexismoa, arrazismoa edo bortizkeria?
  • Aukera ematen al du haurra izan dadin protagonista?
  • Zenbat denboran erabili ahalko du?
  • Egokia al da haurraren adinerako?
  • Hark erraz erabiltzeko modukoa al da?
  • Osagarria al da lehendik dituen jostailuekin?
  • Ba al du behar adina leku harekin jolasean aritzeko?
  • Lagunekin jolasteko da edo familian jolasteko?