Pandemiak baditu ondorio psikologikoak
Egun hauetan asko aipatzen da koronabirusaren krisiak utzi duen arrasto ekonomikoa, baina hori bezain garrantzitsua da gugan utzi izango dituen ondorio psikologikoei arreta jartzea, horiek sumatzen hasiko baikara hurrengo asteetan, eta, agian, baita hilabeteetan ere. EAE Business School ikasguneak egindako inkesta baten arabera, konfinamendu hasieran nahiko positiboak izan ziren herritarren emozioak (%5ek bakarrik esan zuten oso beldurtuta zeudela, %17,5ek benetan triste zeudela eta %73k seguru sentitzen zirela), baina orain, denbora gehiago pasatu denez, ikusi egin behar da beldurra, tristura eta segurtasun falta areagotu egin ote diren.
Ildo horretan, otsailaren 26an The Lancet aldizkarian argitaratu zen berrikusketa batean, aztertu egitenda beste osasun krisi batzuetako berrogeialdiek zer-nolako ondorio psikologikoak utzi dituzten herritarrengan, adibidez SARSak, A gripeak (H1N1) eta ebolak eragindako krisiek. Eta hor ondorioztatzen denez, isolamenduak nahasmen eta haserre sentimenduak sorrarazten ditu herritarrengan, eta estres postraumatikoaren sintomak ere bai (hainbat eta larriagoak eta iraunkorragoak konfina- menduaren iraupena luzatu ahala).
“Berrikusketa horrek iradokitzen du –azaldu dute egileek– berrogeialdia eragin psikologiko negatiboekin lotzen dela sarritan, eta ez da harritzekoa isolamendu garaian hori gertatzea. Baina ebidentziek diotenez, hilabete batzuk igaro ondoren ere antzeman daiteke eragin hori, eta baita urte batzuen buruan ere”. Nola prestatu gaitezke azken asteetan bizi izan dugun esperientziak gugan utzi duen arrastoa emo- zionalki gainditzeko? Sentimendu eta emozio ezkorrek zaildu egin dezakete berriz ohiko bizimodura egokitzeko zeregina, eta horretan laguntzeko, bi aditurekin hitz egin dugu: Silvia Alava doktorea da Psikologian eta aditua hezkuntza psikologian, eta Elisabet Marina Sanz neuropsikologoa da eta Gizarte Zientzietako irakaslea Europar Unibertsitatean, Madrilen. Bi adituen gomendioa izan da, familiako harremanak, harreman sozialak eta lanenekoak bere onera ekartzen hasi aurretik, geure barnera begiratzea, geure baitara, eta zer gertatzen zaigun identifikatzea.
Geure barnera begiratzea: nola nago?
Adi seinaleei. Egoera hobetzen ari dela ikusi eta arinduta senti gaitezke, baina horrek beheraldi emozional bat ere ekar diezaguke. Egoera traumatikoan bete-betean sartuta gaudenean, eutsi egiten dugu, aurrera goaz etsi-etsian…, baina irteera ikusten hasten garenean, ohikoa izaten da erortzeko baimena ematea geure buruari. “Orduan jarri behar diegu arreta zenbait sintomari, adibidez estresari, antsietateari, aldarte apalari; estres postraumatikoaren adierazleak izan daitezke”, azaldu du Silvia Alavak.
- Zer egin dezakegu. Ezer gertatu ez balitz bezala jokatuz gero, gerta daiteke arazoak aurrerago agertzea; hori dela eta, komeni da geure barnera begiratzeko ariketa bat egitea eta gure emozioak identifikatzen saiatzea, eta hortik aurrera, onartzeko moduan egon gaitezke. Lagungarria da pentsamenduak hitzez adieraztea: idatziz egin dezakegu erosoago sentitzen bagara, edo beste norbaitekin partekatuz.
Gauean atseden hartzea. Hainbat astez alertan egon ondoren eta ordutegien errutinak aldatu beharra izan denean, ez da erraza erne egoteari uztea. Estres postraumatikoaren seinaleetako bat izaten da lo hartu ezina. Baina sorgin gurpil bat da: antsietatea dugunean, ez dugu ongi lo egiten, eta ongi lo egiten ez dugunean, handitu egiten da antsietatea (horixe izaten da atsedenaren funtzioetako bat, antsietatea gutxitzea). Loaren Behatoki Globalak egindako ikerketa baten arabera, “insomnioak herritarren %20-30i eragiten die Espainiako Estatuan. Eta ongi lo ez egiteko arrazoi nagusietakoa izaten da gauean kezkak sortzea eta buruak gehiegizko jarduera izatea: ‘gehiegi pentsatzea’ alegia. Horrek ez du uzten organismoa alerta egoeratik atera dadin eta zaildu egiten du lo hartzea”.
- Zer egin dezakegu. Kosta egiten bada ere, saiatu egin behar da ez aldatzen loaren-esnaldiaren erritmoa. Horretarako, saiatu egingo gara betiko orduan oheratzen eta jaikitzen. Pentsamendu obsesiboak burutik kentzeko, lagungarria izan daiteke erlaxatze ariketak egitea, baina kezkak gain hartzen digunean teknika ona izaten da gure arazoak zerrendatzea: kezkatzen gaituen guztia orri batean idaztea da kontua; une horretan konpondu ezin badugu ere, idatzi, eta gure esku zer dagoen ulertu. Oso garrantzitsua da mugatzea, energia guztia jartzeko guk konpondu dezakegun horretan.
Nola jokatu dolu garaian
Maite dugun norbait hiltzea beti izaten da gogorra, baina are gogorragoa da azken agurra egin gabe gelditu beharra. Errudun sentiarazi gaitezke sentitzen genuena esan ez diogulako, zenbat maite genuen, eta inpotentzia eta frustrazioa ere senti ditzakegu.
- Zer egin dezakegu. Egoera pasatzen denean, Silvia Alavak dio une egokia izan daitekeela ekintza edo ekitaldi bat egitea haren omenez, eta familiakoei eta lagunei eskatzea gurekin egon daitezela. Egun batzuk geroago izan arren, aukera bat da guztion artean galera horrek eragindako dolua egiteko.
Beste galera batzuk. Maite dugun norbait galdu ez dugunean ere, egin beharko ditugu bestelako dolu batzuk ere. Denok galdu dugu zerbait krisi honetan: lana izan daiteke, baina baita proiekturen bati uko egin behar izana ere (bizitzako edo laneko proiektu bati), edo frustrazio handi bat sentitzea hutsetik hasi behar izateagatik edo hutsune bat gure barrenean aste luze hauetan guk maite eta behar dugun jendearekin egon ezinagatik.
- Zer egin dezakegu. Egoera traumatiko horien aurrean, erabat normala da triste sentitzea, zapuztuta eta amorruz. Gutako bakoitzak denbora bat beharko du trauma hau gure bizitzan barneratu eta horren gainean eraikitzeko. Hurrengo fasea energiari probetxua ateratzea da eta ikustea nola ahalko dugun, egoera bere onera etortzean, geure burua birmoldatu. Barneratu eta onartu beharra dago egoera berria, eta proiektu berrietan jarri beharra dago energia.
Deskonfiantzari aurre egin. Erresumin hitzak ‘berriz sumintzea’ esan nahi du. Horregatik, sentimendu horrek eraman gaitzan uzten badugu, berriz agertzen zaigu sumina: politikariekin, agintariekin, zomorro erasotzailearekin, albiste toxikoekin, kudeaketa txarrarekin eta errealitatearekin. Horrek guztiak deskonfiantzara garamatza. Mesfidantzak eta susmo txarrek areagotu egiten dute ziurgabetasuna, eta ez digu uzten aurrera egiten. Hor gelditzen garen heinean, ez dugu berriz konfiantza eskuratuko.
- Zer egin dezakegu. Gauza bat da erne egotea eta jarrera kritikoa edukitzea, eta beste bat irudikortuta eta ustekerian ibiltzea. Baliteke engainatuta sentitzea, baina komeni izaten da ongi zer egin den ere identifikatzea. “Barkamenetik lan egitea askatzailea da –azaldu du Silvia Alavak–. Ez da fede kontua, ez du zerikusirik horrekin, baizik eta ez ibiltzea besteen asmo txarrak bilatzen. Ariketa on bat izaten da ezinikusi hori esker onarekin ordezkatzea”. Errudunen bila aritzeari utzi, eta esker ona zor diogun jende guztia bilatzea da helburua. Nekazariak, saltokietako langileak, osasun arlokoak, garraiolariak, garbitzaileak, boluntarioak…
Aste batzuk egin dituzte gurekin, egun guztian ikusi gaituzte haien ondoan, eta orain ez gaitezke desagertu goizetik gauera. Mantsomantso bereizi behar dugu, eta haiek ulertzeko moduko hitzekin azaldu behar diegu zein den egoera berria.
- Gure lanak normalean ordu asko kentzen badigu eta denbora gutxi utzi izan badigu seme-alabekin egoteko, oraintxe da garai ona ‘familia eta lana bateratzeak’ egiaz duen esanahia ulertzeko.
- Haiekin jolasteko denbora gehiago izan dugu aste hauetan, denbora gehiago eskaini diegu, eskulanak egin ditugu edo istorioak asmatu… Aurrerantzean ere jarrai dezagun jolas horiei eta intimitate une horiei tarte bat egiten gure errutinetan.
- Onartu beharra dago asko kostako zaiela ohiko bizimodura itzultzea. Oporren ostean egokitzeko aldi bat behar izaten duten bezala, orain ere gure pazientzia behar izango dute.
Beldurrari aurre egin
“Beldurra emozio funtzionala da, lagundu egiten digu arrisku egoerei aurre egiten”, azaldu du Elisabet Marinak. Beldur hori baliagarria izan zaigu ulertzeko –haurrei eta helduei– etsai bat geneukala (birusa) eta harengandik babestu egin behar genuela, eta lagundun gaituzten heroiak identifikatzeko ere balio izan digu. Azken aste hauetan, ordea, zaurgarriagoa ikusi dugu geure burua.
Arriskuan egon gaitezkeela ohartu gara, eta gure haurrek ere bizi izan dute irudipen hori. Cambridge-ko Unibertsitateak 2013an egin zuen ikerketa batean ageri denez (Estres postraumatikoaren nahasmendua guraso eta haurrengan osasunarekin zerikusi duten hondamendien ostean), berrogeialdi bat jasan behar izan zuten haurrek lau hilabete gehiagoan eduki zuten estres postraumatikoa halakorik bizi izan ez zutenek baino.
Beste ikerketa batek SARS epidemiaren berrogeialdiak izandako eragin psikologikoa aztertu zuen, eta ondorioztatu zuen berrogeialdian jarri zituen pertsonen %54 urrundu egiten zirela eztula edo doministiku egiten zuen jendearengandik, %26k saihestu egiten zituztela leku itxiak eta %21ek uko egiten ziotela espazio publikoetara joateari berrogeialdiaren ondoko asteetan. Kontu berezia eduki behar da, bestalde, adin handiko pertsonekin, horiek kutsatuta hiltzeko arrisku handiagoa sentitu izango dute-eta segur aski; beldur horrek aurrez aurre jarri izango die beren ahultasuna, bereziki behin eta berriz entzun dutelako haiek direla arrisku handieneko kolektiboa.
- Zer egin dezakegu. Krisia gainditu ondoren, gure garunak estrategiak bilatuko ditu beldur hori moldagarria izan dadin, iragankorra. Argudioak eta azalpenak bilatuko ditu lasaitzeko. Alderdi arrazionala bilatuko dugu. Haurrekin errazagoa izango da, gaitasun handiagoa dute egokitzeko, baina gure jarrera erabakigarria izango da beren beldurrak gainditzea lor dezaten: lasaitasuna helarazi behar diegu eta segurtasuna eskaini (saia gaitezen ez hitz egiten gure beldurrei eta larritasunei buruz haiek aurrean daudela, uste ez badugu ere ohartu egiten dira, eta gaitasun handia dute emozioak antzemateko). Garrantzitsua da, halaber, laguntza ematea zer sentitzen duten adierazteko, haiei entzutea eta ez garrantzia kentzea beren emozioei. Adinekoekin, biderik onena izango da maitasuna eta ilusio berriak eskaintzea (ihesalditxo bat familian, ospakizun bat) eta oraindik baliagarriak eta aktiboak direla sentiaraztea (errezetaren batekin laguntzeko eskatu, brikolajean edo josten aritu, lanaren inguruko zerbait galdetu…).
Laguntza profesionala eskatzea? Beldurra bezala, tristura eta amorrua ere emozio funtzionalak dira, eta Covid-19ak eragindako krisian horiek ere agertu izango dira. Tristurak gogoetara eramaten gaitu eta lagundu egiten digu bizitzari balioa ematen; amorrua eta haserrea ere agertzen dira, batzuetan nonbaitetik atera behar baitugu egoera ez ulertzeak sortzen digun estutasuna. Elisabet Marinak dioen bezala, emozio guztiek daukate funtzio bat, eta bizirik irauteko prestatzen gaituzte. Arazoa sortzen da emozio horiek neurri gabeko indarra hartzen dutenean eta paralizatu egiten gaituztenean, eguneroko funtzioetan mugatzeraino.
- Zer egin dezakegu. Geldotasun edo apatia orokortu batean ikusten badugu geure burua, agian laguntza profesionala bilatzeko garaia dela esan nahi du. Horren sintoma izaten dira: barnera begiratzea baina ez gogoetarako geure baitan ixteko baizik, geure buruarekin bakarrik egon nahia eta sentimendu disruptiboetatik egitea (bakardadea, axolagabekeria, frustrazioa…), emozio ezkorren zurrunbiloan sartzea eta tresnarik ez edukitzea kemena gureganatzeko edo kontsolamenduren bat ateratzeko. Familiako medikuak lagundu gaitzake bide horretan, baina profesional batengana jotzeko indarrik ez badugu, hurbil-hurbileko pertsonengana jo dezakegu haiek lagundu gaitzaten baliabideak bilatu eta gure egoera emozionala hobetzen.
Nahasmenduak dituzten pertsonak. Depresioa duten pazienteak daude zaurgarrienen artean. Bizitzari buruz daukaten ikuspegi ezkorrari erantsi zaizkie beste gertaera desatsegin batzuk eta alarma egoera.
- Zer egin dezakegu. Gure inguruko norbait egoera horretan badago, oso garrantzitsua da babestuta senti dadila. Funtsezkoa da otorduetarako eta atsedenerako ordutegia mantentzen saiatzea, erritmo kronobiologikoetan aldaketak egitea kaltegarria baita buruko gaixotasunetarako. Komeni da, halaber, errutina finko bat eduki dezatela, ordutegi bat lanerako edo etxeko zereginetarako, eta berdin aisialdiko jardueretarako ere, eta maite dituztenekin harremanetan egoteko ere bai.
Harremana ez da beti erraza izaten, baina konfinamenduan errutina berriak txertatu izango ditugu: otorduak elkarrekin egin, telebistan filmak ikusi, pastel bat egiten ikasi… Helburua da elkartzeko gune batzuk mantentzea eta ez daitezela desagertu.
- Lagundu egin diezaiekegu esperientzia honek izan dituen gauza onei balioa ematen: adibidez, institutura itzultzeak alde onak badituela ikusarazi (lagunekin egon, solasean aritu, barre egin…).
- Une ona da, halaber, aitortza egiteko eta esateko oso arduratsuak izan direla eta lan handia egin dutela eskolako lanak etxetik egiteko. Irakaslearen irudiari balio emateko ere baliatu behar genuke.
- Saihestu egin behar genuke ‘egokitzapen hedonista’: berriz etxetik ateratzeak eta lehengo bizitza egiten hasteak ematen duen poza ez dadila lurrundu egun gutxi batzuetan. Helburua da ikas dezatela balioa ematen bizitzak eskaintzen dituen plazer txikiei, eta, horretarako, guk geuk eredua eman behar dugu.
Ingururik hurbilena: etxekoak
Bikotekidea. Txinako Xi’an hiriko erregistroen bulegoan lan egiten duen funtzionario batek Global Times egunkariari kontatu zionez, berrogeialdiko egunak pasatu ahala, ugaritzen ari ziren dibortzio eskariak. Horren azalpena izan liteke konfinamendu garaian ez zaigula batere erraza egiten halako bizikidetza estua aurrera ateratzea. Espainiako Estatuan, INEren datuen arabera, irailean izaten da banaketa eta dibortzio eskaera gehien; itxura guztien arabera, oporraldian bikoteek elkarrekin denbora gehiago pasatu behar izaten dutelako eta hor gatazka gehiago azaleratzen delako.
- Zer egin dezakegu. Oraingoa bezalako konfinamendu egoera batek proba gogorra jartzen dio bikoteari. Sendotuta atera gaitezke, baina ahulduta ere bai. Egoera zailtzen hasiz gero, asertibitatearen bidea proposatzen dute gure adituek. “Ez ditugu errudunak bilatu behar, eta ez dugu kateatu behar traba egin digun horretan; gure bikotekidearen jarrera atseginei begiratu behar diegu, gustatu zaizkigun gauzei. Gure emozioak adierazteko garaian, mezuak egoki azaltzea komei da, “ni honela edo bestela sentitu naiz” esanez, eta ez “zuk hau edo hori egin didazu”. Distantzia hartzea ere komeni da: berrogeialdian egon garen bitartean, agian handietsi egin ditugu arazoak; konfinamendua bukatzen denean, egiaz duten garrantzia eman ahalko diegu desadostasunei eta, orduan, bikotean partekatu ahalko ditugu, lasaitasunetik eta sosegutik.
Hurbileko familia. Arlo honetan aukera gisa ikus dezakegu koronabirusaren krisia, harremanak sendotzeko, aztertzeko, gozatzeko eta baita tentsioak arindu eta zauri zaharrak ixten saiatzeko ere, halakorik egongo balitz.
- Zer egin dezakegu. Oinarri-oinarrian, gozatu. Eta bizi izan dugunetik ikasi harremanak estutzeko. Dei gehiago, harreman gehiago. Pasatu duguna, sentitu duguna ez ahaztea da kontua, eta zentzua eman eta gure bizitzan barneratzea. Igandeetako bazkaria, elkar ukitzea, besarkatzea, larruazala: xehetasun txikiak, berriz ere indar betea hartu dutenak eta berriz galdu behar ez genituzkeenak. Ekin diezaiegun berriz.
Espainiako Psikiatria Elkartearen arabera, herritarren %2,5 inguruk jasaten dute nahasmendu obsesibo konpultsiboren bat (NOK). Ohikoena garbitasunarena izaten da; hori jasaten duenak uste izaten du kutsatzeko arriskuan dagoela, eta garbia garbitzen aritzen da etengabe, inolako beharrik gabe. Ohikoa izaten da pazienteek behin eta berriz garbitzea eskuak, desinfektatzeko produktuak erabiltzea, beste pertsonak ukitu nahi ez izatea… Ezaguna egiten zaigu, ezta? Birusaren kontra ere horrelaxe jokatzeko esan digute, NOK mota hori jasaten duten pertsonek egunero egiten duten bezala. Eta horrek, adituen esanetan, are antsietate handiagoa eragin diezaieke pertsona horiei: orain arte obsesio bat zeukatela esan diete, eta orain arau bihurtu da. Eta inguruan dituztenak ere desinfektatzeko produktuen eta maskaren bila ikusten dituzte erotu beharrean. Osasun krisi honen ostean, gerta daiteke NOK mota hori ez daukatenek ere gomendio horiek betetzen jarraitzea beharrezkoa ez den unetik aurrera ere.
Zer egin behar da orduan?
- Osasun arloko informazio fidagarria emango duen iturri bat bilatu eta hark ematen dituen aholkuei kasu egin.
- Oroitu alerta hau, egiazkoa izanagatik ere, iragankorra dela.
- Bereizi zer den zuhurtzia eta zer obsesioa: agintariek esaten badute oraindik ere kutsatzeko arriskua dagoela, neurriak hartzen jarraitu beharko dugu; jende artean distantziak zaintzeko agindua baliogabetzen badute eta bizitza normala egiteko moduan gaudela esaten badigute, higiene neurriekin etengabe jarraitzea obsesio bihur daiteke azkenerako.
Gizartean berriz ere errutinara?
Gastatu, erosi, kontsumitu. txitxarrak edo inurriak?
Isolatuta egon garen garaian, ez zaigu falta izan oinarrizko produkturik: elikagaiak, higienea, garbitasuna… baina urrun gelditu zaigu behar-beharrezkoa ez den guztia. Egoera bitxia izan da, zeren estres emozionaleko egoeretan erosketak egitea ihesbide bat izan baitaiteke, baina krisi honetan ezinezkoa izan da. Horren ondorioz, ordaina hartzeko gogoa sor dakiguke, erosiz ahazteko nahia, zeren, Elisabet Sanz-ek dioen bezala, “aktibatu egin nahiko baititugu plazeraren, gozamenaren zentroak. Erraza da pentsatzea sari bat behar dugula hainbesteko ahalegina egin ondoren”.
Adituaren esanetan, kalte ekonomikorik izan ez dutenengan ikusiko da hori bereziki; kontsumitu egingo dute, batzuetan gehiegi ere bai. Oso kontsumo emozionala da. Aldi berean, etorkizun ekonomikoa nolakoa izango den ez dakigunez, baliteke gastatzeko beldurra ere sentitzea eta aurrezteko obsesioa izatea. Adibidez, ez dugu autorik erosiko: MSI aholkularitza etxearen arabera, ibilgailu salmenta ia %30 murriztuko da 2020an Espainian
- Zer egin dezakegu. Ekonomikoki kalteren bat jasan badugu –ERTE bat egin digutelako, enpresa itxi edo bezeroak urritu–, moldatzeko jarrera agertu beharko dugu. Ulertu egin behar dugu egoera iragankorra izango dela eta aukera emango digula beharrezkoak zaizkigun gaitasunak lantzeko, adibidez malgutasuna edo aldaketetara moldatzea. Une egokia izan daiteke gogoeta egiteko kontsumo arduratsuaren inguruan eta geure buruei esateko, isolamendu garaian gauza gutxirekin bizi izan garen bezala, gero ere berdin jarrai dezakegula aldi batez. Krisi hau baliagarria izan daiteke ongi bereizten ikasteko zer den beharrezkoa eta zer baztergarria.
Besteekin harremanetan hastea. Berrogeialdia hasi zenean, maiz esaten genion elkarri zenbat besarkada eta musu emango genizkion isolamendua bukatzean. Denborarekin, ohartu ginen ez zela izango zero egunik, eta gauzak ez zirela izango lehen bezala. Hortxe dugu Txinan gertatu denaren adibidea: joan dira aste batzuk lanera itzuli zirenetik, baina alertak bere horretan jarraitzen du eta jokabide berriek ere bai, adibidez bi metroko tartea zaintzea –nahitaezkoa ez denean ere–, leku guztietara maskarekin joatea eta konfiantza falta handia.
- Zer egin dezakegu. Itxaroten jakin. Behar-beharrezkoa izango da egokitzeko denbora bat hartzea, eta onartu egin beharko dugu, bolada batez, beldurra emango digula hurbiltasun fisikoak edo elkar ukitzeak. Baina beste alderdi bat erabil dezakegu besteekiko harremanean: denok ikusi ditugu elkartasun adibideak, esaterako gazteak adinekoei laguntzen, edo kezka agertu dugu aspaldi ikusi gabeko ezagunen osasun egoera dela eta… Besarkada batek bezainbeste bete gaitzakete jendearekin topo egiteko modu berri horiek.
Berriz interakzioan aritzea egunero. Behingoagatik, lanera itzultzea sendagai ona izan daiteke oporren osteko sindrome ospetsua gainditzeko. Gazteenek gozatu egin dezaketen bezala eskolara edo institutura itzuli behar dutelako eta berriz ikaskideekin elkartu ahalko direlako, helduok ere ilusiozko sentimenduak bizi ditzakegu bulegoan, tailerrean… Baina, beste behin, egoera ez da berdina izango guztiontzat: lanean giro txarra daukatenek edo telelanean aritu direnek –edo ERTE batean egon direnek– kolpe gogorragoa jaso dezakete orain opor osteko sindromeak ematen diena baino.
- Zer egin dezakegu. Nahiz eta kosta litekeen gauza baikorrak pentsatzea, espero izatekoa da gauza asko aldatuko zirela enpresen egituretan. Gure lan bizitzako alderdi onak balioesteko garaia da, horrek berekin dituen abantailak: adiskidetasuna, giza balioak eta besteekiko harremana.