"Saltzen, saltzen, bigarren eskuko gauzak Interneten"
Goia jotzen ari da krisia eta hondoa gu. Azken hirurogeita hamar urteetan ez dugu halakorik ezagutu, eta aldaketa sakonak ari dira gertatzen gure kontsumo-ohituretan eta etxeko ekonomiari begiratzeko moduan. Kontrolik gabe erosteko joera izan dugu oraintsu arte, eta orain, berriz, kontrolatu beste erremediorik ez zaigu geratzen, eta erdibide bat aurkitzea: zer egin liteke zentzuz kontsumitu eta gure ekonomiari arnasa pixka bat emateko? Erabilitako objektuak saldu, adibidez. Herrialde anglosaxoietan aspalditik egiten dituzte bigarren eskuko gauzen merkatuak, eta sustrai sakonak dituzten gizarte-gertakariak dira. Gaur egun, Internet da inon dagoen merkaturik handiena eta gizarte-gertakaririk bizienetakoa, eta aukera paregabea eskaintzen du bigarren eskuko salgaiak eskuratzeko, erraza eta eraginkorra delako. Nola egiten den, horixe jakin behar dugu ustekabe txarrik ez hartzeko.
Gune egokia hautatu
Zerbitzu askok eskaintzen dituzte bigarren eskuko gauzak Interneten. Ezagunena eBay izango da, eta Espainiako Estatuan, berriz, Segunda Mano delakoa, baina ez dira bakarrak. Batzuk orotarikoak dira eta besteak espezifikoagoak, eta azken horiek eraginkorragoak izan daitezke objektu jakinak saltzeko. Zenbait plataforma, adibidez, arropa eta haurtxoen objektu erabiliekin espezializatu dira. Badira auto eta motorrenak ere, ordenagailuenak, telefono mugikorrenak eta informatikako beste produktu batzuenak; esparru jakineko produktuei eskainitako plataforma horietan, erraz aurki dezakegu gure produktuentzako eskaria. Dena den, horrek ez du esan nahi plataforma handiak ez direla eraginkorrak edo gomendatzeko modukoak; horiek ere egokiak dira oso, eta, gainera, gune txikiek batzuetan eskaini ezin dituzten bermeak eskaintzen dituzte. Askotariko bisitariak izaten dituzte, eta gure produktuak saltzeko leku onak dira, zalantzarik gabe.
Gure produktua salgai jarriko dugun gunean, eskaria badela egiaztatu behar dugu, eta horrez gain, berme batzuk eman behar dizkigu salmentak egin ostean ezustekorik ez izateko, eta kexak aintzat hartzen dituztela eta horiei erantzuten dietela ziurtatu behar dugu. Gune horrek, azken batean, ezaugarri jakin batzuk eduki behar ditu, salmenta modu fidagarri eta serioan egin dadin:
- Izena emateko eskatu behar du, modu formalean. Zerbitzuan izena eman eta gauzak saltzen hasteko, oinarrizko datu batzuk eskatu behar dizkigu: helbide elektroniko baliozko bat, pasahitzen bat, guri buruzko datuak eta bizilekuaren helbidea. Pentsatzekoa da guri eskatzen diguten horixe bera eskatzen dietela erostunei ere. Segurtasuna zaintzea da salerosketak arazorik gabe egiteko bermerik onena.
- Erabilera-arau zehatzak eta eskuragarriak, irakurri ahal izateko. Zerbitzu baten erabilera-arauak irakurri gabe onartzea hutsegite handia da, eta are gehiago dirua tartean dagoenean. Arau horiek erraz bilatzeko moduan egon behar dute webgunean; arazorik gabe irekitzeko aukera eman behar dute, eta irakurri egin behar ditugu, atal susmagarririk ez dutela ziurtatzeko. Bezeroei erantzuteko zerbitzuren bat ere eduki behar du, sor daitezkeen zalantzak argitzeko.
- Datuen Babeserako Legeari atxikia. Zerbitzua atzerritik ematen badute ere, komeni da Datuen Babeserako Espainiako Legeari atxikia dagoela adieraz dezan berariaz. Horrela soilik bermatuko dugu izena ematerakoan jarri ditugun datuak inork ez dituela erabiliko negozia egiteko. Enpresa serioa bada, nonbait esan behar du Datuen Babeserako Legeari atxikia dagoela.
- Egoitza fiskala, argi ikusteko moduan. Hautatzen dugun enpresak egoitza fiskala eduki behar du, posta-kontu bat eta telefono eskuragarri bat, kexak eta erreklamazioak egiteko eta salaketak bideratzeko. Atzerriko enpresa bada eta Espainian egoitza badu, askoz hobeki, horrek are berme gehiago ematen baitu.
- Enpresa ezaguna. Zerbitzu askok eskaintzen dute bigarren eskuko salmenta, eta batzuk besteak baino hobeak dira, baina zerbitzua zenbat eta txikiagoa izan, hainbat eta arrisku gehiago guretzat. eBay eta Segunda Mano handiak eta ezagunak dira. Badira gehiago ere, baina bi horien hedadurak eta bolumenak bermatu egiten du, arazorik izanez gero, zerbitzuak erantzun egingo duela edo eztabaidak argitzen lagunduko duela, beren izen onari eusteko, besterik ez bada ere. Zerbitzu handiak, gainera, salmenten portzentajeetatik bizi dira, eta horrek esan nahi du transakzioak kudeatzen dituztela eta, beraz, horiek segurtatu ere egiten dituela erabiltzaileren batek iruzur egin nahi izanez gero ere.
Ahalik eta zehatzen deskribatu gure objektua
Gisa honetako zerbitzuek, behin izena eman eta dagokion kuota ordaindu ondoren, iragarkia argitaratzeko aukera ematen dute, eta tarte bat uzten dute objektuaren deskribapena egin eta ezaugarri teknikoak azaltzeko. Ongi pentsatu behar da zer idatziko dugun, erosleari datu zehatzak eta erabilgarriak eman behar zaizkio eta.
Kontuan hartu behar dugu erostunak ezin duela ukitu objektua, eta, beraz, testua erabili behar dugu erabilgarri izango den xehetasunik txikiena ere emateko. Zehatzak eta praktikoak izan behar dugu, baina ez da komeni mila xehetasun jartzea ere. Deskribapena ez dugu faltsutu behar (funtsik gabeko laudorioak eta gehiegikeriak jarriz), baina ezkorrak ere ez dugu izan behar: zerbait saldu nahi badugu, pentsatzekoa da norbaiti baliagarri izango zaion ustez ari garela.
Zintzoak izatea komeni da, eta produktuaren egoera eta dohainak diren bezalaxe adieraztea, gero inork ez dezan erreklamaziorik jarri; horretarako, deskribapena idatzi aurretik, guk geuk produktua ongi aztertzea eta zer egoeratan dagoen ikustea da onena. Prebentzio gisa ere balioko digu horrek, gerta baitaiteke norbaitek produktua erosi eta iruzur egin nahi izatea, hondatuta edo egoera txarrean dagoela esanez, ea merkatzen dioten. Gure produktua ongi ezagutzen badugu, geure burua defendatu ahalko dugu.
Zerbitzurik gehienek aukera ematen dute salgai jarri den objektuaren argazkiak bistaratzeko, ordenagailuaren disko gogorretik igota. Oso erraza da (botoi bati eraginez egiten da), baina kontuan hartu behar da webgunean ez direla ikusiko gure idazmahaian bezain ongi. Irudiek kalitate onekoak izan behar dute, erabilgarriak gertatu behar dute eroslearentzat eta guretzat ere bai.
Objektua nonbaitetik hautsia badago, hobe da horri argazkia atera eta erakustea; zintzo jokatzen ari garen seinale izango da, eta prezioa ezartzerakoan aintzat hartu dugula ulertuko da. Gainera, zer-nolako haustura duen agertzeko balioko du, eta iruzurrean egindako erreklamazioak baliogabetzeko ere bai. Bestalde, produktuaren dohainak nabarmendu behar dira, baina ziririk sartu gabe, geure buruaren kaltetan ariko ginateke eta.
Nola ordaintzen da?
Zenbait zerbitzutan, guk geuk hauta dezakegu transakzioa nola egitea nahi dugun, baina beste batzuetan ez. Zerbitzu handiek, salmenta-portzentajeetatik bizi baitira, behartu egiten dute transakzioak beren plataformetan egitera, eta, horretarako, ordainketa-kanalak eskaintzen dituzte. Horrek, hasiera batean, baditu abantailak: segurtasun-berme gehiago eskaintzen ditu, iruzurrari aurre hartzeko balio du eta dirua jasoko dugula ziurtatzen digu. Desabantailak ere baditu, ordea: salmentaren etekinak ez dira % 100ekoak izaten eta, zenbaitetan, bankuko datuak eman behar izaten dira. Zenbait zerbitzuk PayPal eta gisako ordainketa-zerbitzu mozorrotuak erabiltzen dituzte, eta oso egokiak dira transakzio mota hauentzat.
Ordainketa modua guk geuk hauta badezakegu, zalantzarik gabe, transferentzia bidezko ordainketa aurreratua da guztietan onena, eta arriskutsuena, aldiz, produktua erosleari etxera eraman ondorengo ordainketa. Eroslearekin harremanetan jarri eta elkar ikusteko modua izanez gero (aurrez aurre edo bideokonferentzia bidez), asko erraztuko da transakzioa, eta konfiantza gehiagorekin hautatu ahal izango dugu ordainketa-sistema. Askatasun eta malgutasun gehiago ematen dute sistema ireki horiek, baina segurtasun eta berme gutxiago.
Zerbitzu handi batera jotzea erabakitzen badugu, salmenta bakoitzean portzentaje bat kobratzen duen horietakoren batera, arau batzuk izango ditu erreklamazioak egiteko. Era horretan, gutxieneko berme batzuk eskainiko dizkio bai erosleari eta bai saltzaileari. Gu bigarren sailean gaudenez, produktua ongi ezagutzea da onena eta saldu dugun produktuaren argazkiak edukitzea, erosleari zer-nolako egoeran bidali diogun frogatzeko.
Gauza bat argi eduki behar dugu pausoa eman orduko: zintzo jokatzen ez badugu edo probarik ez badaukagu, salmentaren dirua galtzeaz gain, zigor-puntuak jarriko dizkigute, eta fidatzekoak ez diren erosleen taldean sartuko gaituzte erabiltzaileek. Garrantzitsua da jakitea, enpresa handien bitartekaritzarik gabe egiten diren salerosketetan, salerosketa hori partikularren artean egiten denean, ez dela izaten inolako bermerik bigarren eskuko objektuentzat. Bestalde, erosleari ziria sartzen badiogu, gure jokaeraren berri emango du eztabaidagune espezializatuetan eta gizarte-sareetan, eta handik aurrera inor gutxi fidatuko da gurekin. Ohikoa izaten da erosleek eztabaidaguneetan eta gizarte-sareetan begira jardutea zer-nolako saltzaileekin aritzea egokituko zaion. Beraz, zintzoak izateaz gain, zintzoak garela erakutsi behar dugu.