Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

1.900 kontsumitzaileri baino gehiagori galdetu diegu, 9 autonomia erkidegotan, zer-nolako kontsumo-ohiturak dituzten jostailuen inguruan : Haur bakoitzeko 70 euro gastatuko dituzte jostailuetan, batez beste

Lautik batek adierazi du beti ez duela argi eduki zer jostailu erosi

Bakoitzak bere erara bizi ditu Eguberriak, eta haurrentzat, Olentzero eta opariak izaten dira berezitasunik gustagarriena. EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du zer-nolako ohiturak dituen jendeak jostailuak erosteko orduan, eta horretarako, inkesta egin die 1.906 laguni, 9 autonomia erkidegotan: Andaluzia, Balear uharteak, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE), Galizia, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Madril, Nafarroa eta Valentzia. Kontsumitzaileei galdetu nahi izan diegu, besteren artean, Eguberrietan zenbat diru gastatuko duten jostailutan, krisiak nola eragingo dion alderdi horri, zer-nolako jostailuak erosiko dituzten eta zer saltoki motatan egingo dituzten erosketa horiek. Inkestan parte hartu duten 1.906 etxeetatik, haurrekin bizi dira % 73; gainerako % 27ek ez dute haurrik etxean, baina erosiko dituzte haurrentzako opariak. Etxe bakoitzean, batez beste, bi haur daude, 4 eta 10 urte artekoak.

Laburbilduz, honako emaitza hauek eman ditu inkestak: parte hartu dutenen % 80k, Eguberri hauetan, 205 euro gastatuko dituzte jostailuetan, 71 euro inguru haur bakoitzeko (gainerakoek ez dute jakin kopuru bat esaten). Lau kontsumitzailetatik batek adierazi du aurrekontu murritzagoa izango duela aurten (batez beste, iaz baino 79 euro gutxiago), nagusiki krisi ekonomikoaren eraginez eta aurten gauza guztiak garestiago daudelako. Lautik hiruk jostailu hezigarriak hautatuko dituzte, baina haurrek eskatzen duten hori erosteko joera izaten dute gehienek. Horretarako, dendaz dena ibiltzeko asmoa dute hirutik bik, prezioak eta produktuak alderatzeko.

71 euro haur bakoitzeko

Eguberrietan diru asko joaten da jostailuetan. Halere badira aldeak erkidegoen artean: Andaluzian, esaterako, 253 euro gastatuko dituzte, batez beste, eta Balearretan, 188 euro. Gaztela-Mantxan, Galizian eta Valentzian 190 euro inguruan ibiliko dira, eta Nafarroan, EAEn, Madrilen eta Katalunian, 200en bueltan. 20 eta 44 urte artekoek, batez beste, 195 euro gastatuko dituzte jostailuetan eta 45 urtetik gorakoek 200 euro baino gehiago. Bestalde, gizonek gehiago gastatzeko asmoa dute emakumeek baino: gizonek, batez beste, 215 euro, eta emakumeek, 201.

Galdekatuen % 78k erantzun du 71 euro gastatuko dituela haur bakoitzeko baina horretan ere badago aldea erkidego batetik bestera, % 40koa ere bai zenbaiten artean: Gaztela-Mantxan, esaterako, 60 euro gastatuko dituzte seme-alaba bakoitzeko, eta EAEn, berriz, 84 euro. Jostailuen prezioari buruzko iritzia ere eman digute kontsumitzaileek: % 80ren ustez, garestiegiak dira, baina % 15ek, aldiz, egokitzat jo dute prezioa, eta % 1en irudiko, merkeak dira.

Eragin al dio krisiak ilusioari?

Hirutik bik adierazi dutenez, iaz adina gastatuko dute aurten ere jostailuetan, baina % 31k aldatu egingo du kopurua. Eta horiek, oro har, gutxiago gastatuko dute (hala adierazi dute lautik batek). Murrizketa hori krisiari egotzi diote % 41ek; prezioen igoeraren eragina izan dela nabarmendu dute % 25ek; lan arazoak edo ekonomikoak dituztela diote hamarretik bat baino gehiagok; eta % 8ren esanetan, urtean zehar egindako gastuek eragozten diete aurrekontu handiagoa edukitzea. Erkidegoka, valentziarrek, Gaztela-Mantxakoek eta andaluziarrek murriztuko dute gehien jostailuetan egin beharreko gastua.

Galdekatu ditugunen % 7k soilik agertu dute gehiago gastatzeko asmoa. Horien artean, Eguberrien berezitasunari lotu diote % 45ek; gauzak garestitu izanaren errua izango dela azpimarratu dute % 34k (gauza berak erosita ere, gehiago kostako direla), eta % 21ek jakinarazi dute egoera ekonomikoa hobetu zaielako gastatuko dutela gehiago. Balearretan eta Madrilen sumatu da gehien aurten diru gehiago gastatu beharra izango dutelako ustea (% 9k adierazi dute hori).

Gainera, aurtengo aurrekontua aldatu egingo zaiela adierazi duten guztien artetik (590 pertsona), zifra zehatz bat eman dute % 92k: gehiago gastatuko omen dutenei, 86 euroan igoko zaie, eta gutxiago gastatuko dutenei, 79an apaldu. Iaz baino gehiago gastatuko dutenen artean, Madril nabarmendu da, eta 120 euroko igoera aurreikusi dute. Iaz baino gutxiago gastatuko dutenen artean, galiziarrek egingo dute murrizketarik handiena: batez beste, 100 euro gutxiago gastatuko dituzte.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak