Rocío Ramos-Paúl, "Supernanny"

"Ohiturak sortzea, mugak jartzea eta haurra asko maitatzea dira heziketa onaren gakoak"

1 diciembre de 2011
Img entrevista listado 747

Berriki abiatu duzue Supernannyren zazpigarren denboraldia. Zergatik dauka halako arrakasta formatu horrek?

Oso sinesgarria da, mundu guztiari ezagun edo hurbileko egiten baitzaizkio programan ageri diren zailtasunak. Ohikoa da kasketak harrapatzen dituen haur bat edukitzea, elikadura-arazo bat duena, amesgaiztoak dauzkana edo besteak jotzen dituena.

Garai batean baino guraso desesperatu gehiago al dago gaur egun?

Gurasoak baino gehiago, egoera aldatu da. Baina ez da pentsatu behar lehen hobea ote zen edo makurragoa; orain bizitzea egokitu zaigu, eta orain hezi behar dugu.

Desberdinak al dira gaurko haurrak eta lehengoak?

Egun, haurtzaroari garrantzi gehiago ematen ikasi dugu, eta haurrak gehiago estimulatu ditugu. Orain azkarragoak dira, lehen erantzun ezin zieten gaiei erantzuteko eta horiek arrazoitzeko gauza dira, eta gauzak ulertzeko gaitasun handiagoa dute. Hori oso ona da, zeren adimentsuago egin baititugu, baina faktore hori batzuetan ez dugu aintzat hartzen hezteko orduan.

Denbora faltak eta beti presaka ibili beharrak laxoago bihurtu al ditu gurasoak, permisiboagoak?

Bai. Gurasoak errudun sentitzen dira haurrarekin denbora gutxi ematen dutelako, eta laxatzera jotzen dute. Zera esaten dute: “Zertan jardungo naiz haurrari erakusten, eskolan egiten badute” edo “ez dut utziko frustra dadin, handitzean izango du-eta aski arrazoi horretarako”. Txikiak direnean, erraza da haien nahiak betetzea litxarreria edo kromo batekin, baina hazten direnean, gauza garrantzitsuagoei ezetz esaten ikasi behar da, eta egoera asko okertu daiteke lehenago esku hartzen ikasi ez dugulako.

Zuk egiten dituzun proposamen gehienetan, haurraren jarrera aldatzeko, aurrez gurasoei eskatzen diezu jokabidea alda dezatela. Haiek al dira haurren arazoen errudun?

“Zigorra baino ez badugu erabiltzen, eta etengabe, gainera,
eraginkorra izateari utziko dio”

Niri ez zait gustatzen errudunak aipatzea, gehiago da egiten jakitea edo ez jakitea. Egia da gurasoek jokabidea aldatzetik hasi behar dela, haiek egiten dutela haurra aldatzea. Hanka-sartzeak gurasoek egiten dituzte, eta normala da; onartzen jakitea da garrantzitsuena, eta gauzak bestela egiteko bidea zein izan litekeen planteatzea.

Zenbaitetan, gurasoek ahaztu egiten dute haurrak haur direla. Gehiegi eskatzen al diete?

Erlaxatu beharra dago. Zenbaitetan, ahaztu egiten zaigu oso garrantzitsua dela amatasunarekin edo aitatasunarekin gozatzea, eta gehiegi eskatzeagatik, batzuetan, alderdi hori baztertuxea geratzen da.

Gurasoen jokabideetan, zein dira desegokienak haurrak hezteko?

Hutsegite handi bat izaten da gehiegi azpimarratzea okerreko jokabideak, eta gisa honetako esaldi tipikoak esatea: “Gaiztoa zara” edo “alfer hutsa zara”, beste hauek esan beharrean: “Hau honela egin behar zenuke” edo “zure logela txukundu behar duzu”. Gainera, funtsezko muga batzuk jartzea komeni da eta haurrak horien berri izatea. Ez da inkoherentziaz jokatu behar, gaur gauza bategatik zigortu eta bihar beste bategatik. Azkenik, haurraren lorpenak ez aitortzea ere hutsegite handia da; horrek eragin nabarmena izaten du haren autoestimuan.

Eta jokabiderik hezigarrienak?

Haurrak hezteko, onena izaten da ohiturak sortzea, mugak jartzea eta haurra asko maitatzea eta maitasun hori erakustea. Niretzat horixe da heziketa ororen oinarria. Horrexegatik da garrantzitsua ongi egin duena nabarmentzea eta saritzea, baina ez gauza materialekin, keinu edo onespen-hitz batzuekin baizik, eta hanka sartzen ere utzi behar zaio. Era horretan, irtenbideak bilatzen ikasiko du.

Haurrekin ordu asko ematea edo kalitatezko denbora eskaintza, zer da hobea?

Gaur egungo egoera den bezalakoa izanik, gurasoek zintzoki neurtu behar dute zenbat denbora eskain diezaieketen hurrei eta ulertu behar dute haurrak edukitzeak zenbait gauzari uko egitea dakarrela. Behin gogoeta hori eginda, norberak daukan denbora hori kalitatezkoa izan dadin ahalegindu behar da. Horrek esan nahi du haurrak izan behar duela protagonista tarte horretan, eta esan nahi du, halaber, haurrarekin jolasteaz eta maitatua sentiarazteaz gain, ezetz esaten jakin behar dela beharrezko denean, arauak jarri behar zaizkiola eta ohitura batzuk errespetarazi.

Sarritan, “onaren” eta “gaizoaren” rolak hartzen dituzte gurasoek. Kaltegarria al da jokabide hori?

Heztea oso gauza erlatiboa da, eta guraso bakoitzak estilo bat eduki dezake. Bat goxoagoa eta txeratsuagoa izan daiteke arau bat jartzen duenean, irmoa izateari utzi gabe, eta beste batek izaera gogorragoa eduki dezake. Arazoa sortzen da biek modu inkoherentean erantzuten dutenean jokabide jakin baten ondorioak ezartzerakoan, edo bietako batek ondorio horiek ezartzen edo errespetatzen ez dituenean. Horrek nahasmena eragiten dio haurrari.

“Ez du obeditzen, ez du lo egiten, ez du jaten, oihuka aritzen da…”. Noiz da unea espezialista bati laguntza eskatzekoa?

Egoera bati nola erantzun ez dakitenean. Irtenbidea aurkitzen saiatu eta lortu ez dutenean eta etxean tentsio-giroa eragiten duten dinamikak sortzen direnean. Hori da unea.

Zer egin behar dute gurasoek kasketei aurre egiteko?

“Bi eta lau urte arteko haurrek izan egin behar dituzte kasketak”

Bi eta lau urte arteko haurrek izan egin behar dituzte kasketak: oihuak eta gisakoak egiten dituzte, ez dakitelako adierazten zer gertatzen zaien. Haurrari erakutsi egin behar zaio hori ez dela modurik egokiena haserrea, nekea edo ondoeza adierazteko. Haur batek kasketa bat hartzen duenean, “hori ezin duzu egin” esan diotelako, ulertarazi behar zaio jokabide horrek ez diola balioko, eta lasaitzen denean egingo diogula jaramon. Zera izaten da arriskutsua: haurra ohartzea negar eginez nahi duen guztia lor dezakeela.

Nola jokatu behar dute gurasoek obeditzen ez duen haur batekin?

Ondorioetan dago gakoa. Onak eta txarrak izan behar dute, ez du balio zigortzera mugatzeak, saritu ere egin behar da berriz errepika dadin nahi dudan zerbait egiten duenean. Era horretan agertzen da jokabide bat. Eredu hori modu sistematikoan ezartzen bada eta hezteko modu bihurtzen, errazagoa izango da ondoren garai zailagoei aurre egitea, nerabezaroari, adibidez.

Nolakoak izan behar dute zigorrek?

Zigorraren bidez, gustatzen ez zaion zerbait ezartzen ari gara haurrari, eta eraginkorra izateko, berehalakoa izan behar du, eta zuzendu beharreko jokabidearen maila eta neurri berekoa. Irizpide horiek betetzen badira, zigorra ongi jarria egongo da eta modu ona izango da jokabide bat desagerrarazteko, baina ez bakarra. Zigorra baino ez badugu erabiltzen, eta etengabe, gainera, eraginkorra izateari utziko dio; horregatik, garrantzitsua da sariekin konbinatzea edo zeregin zuzentzaileren bat agintzea.

Mi hijo no come da zure azken liburua, eta familietan eztabaida gehien sortzen duen gaietako bati heltzen diozu. Zer faktorek eragiten du elikadurarekin arazoak izatea?

Ikerketa berriek diotenez, 2-3 urte dituztenean, elikagai berriak probatzeko fobia moduko bat izaten dute haurrek. Garai hori gainditzea da kontua, gauza berriak jatera animatuz haurra, eta ez etsitzea, “jaten badu, berdin dit zer jaten duen” esanez; hori lortzen badugu, haurrak, segur aski, denetarik jango du gero. Guraso irabiatzaileak ere hor daude, janari guztia irabiagailuan pasatzen dutenak haurrak bestela ez duelako jaten, edo beti plater berdinak jartzen dizkietenak. Presaka ibili beharrak eragiten dituen jokabideak dira horiek.

Oinarrizko arau bat hautatu behar bazenu familietan ezartzeko, zein izango litzateke?

Funtzionatzen duen formula izaten da, ahal den neurrian, ez aintzat hartzea haurraren jokabide okerrak, eta onak nabarmentzea edo saritzea. Arau hori erabiltzen bada eta filosofiatzat hartzen, ez du hutsik egiten, zeren egoki dena errepikatzea ekarri ohi du eta desegoki dena desagertzea. Formula magiko baten antzera funtziona dezake, baldin eta egunero erakusten badiogu zenbat maite dugun.