Konpontzeko eskubidea: bukatu ote da erabili eta botatzea?
Telefono mugikorrak edo azken belaunaldiko garbigailuak ez digute irauten uste bezainbeste. Zergatik? Bonbilla batean dago erantzuna. Zehazki, 1924ko batean, urte horretan elkartu baitziren produktu horien ekoizle nagusiak –tartean Os-ram, Philips eta General Electric– beren etekin ekonomikoak handitzeko modu bat bilatu nahian. Irtenbidea: dokumentu bat, non konpromisoa hartu zuten beren produktuen bizitza nahita mugatzeko 1.000 ordura (2.500 ordura iristen ziren garai hartan). Horrela sortu zen gaur egun zaharkitzapen programatua esaten dioguna, hau da, kontsumo ondasun elektroniko baten bizi zikloaren bukaera nahita zehazten duen prozesua. Fenomeno horri jarraituz eraiki da etxetresnak eta teknologia kontsumitzeko testuingurua: “erabili eta botatzea” esaten zaion eredua, zeina Agenda 2030 delakoak irauli asmo duen hurrengo hamarkadetan.
Nazioarteko dozenaka erakunde eta gobernu borrokan ari dira –arrakastarik gabe– zaharkitzapen programatuaren aurka; egiazko buruhaustea da kontsumitzaileentzat, egun batetik bestera gailua hondatu egiten baitzaie eta oso garestia izaten da konpontzea.
Hiru urteko bermeak
Espainiako kontsumo araudian egin den aldaketa batek beste pauso bat eman du zaharkitzapen programatua bukatzeko. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, handitu egingo da edozein kontsumo ondasun iraunkorren legezko bermealdia (mugikorrak, ordenagailuak, tabletak, hozkailuak, garbigailuak), eta bi urtetik hirura pasatuko da. Horrek esan nahi du kontsumitzaileak urtebete gehiago edukiko duela ekoizleak edozein matxura konpondu dezan kostu gehigarririk gabe. Gainera, legeak behartu egingo du horien ordezko piezak hamar urtez mantentzera (epea bost urtekoa izan da orain arte), luzaroago izan dadin konpontzeko modua.
Kontsumitzaileen Legea berritu egin da apirilean, eta beste mugarri berritzaile bat ere badakar: eduki digitalei buruzko araudia. On-line merkataritzak nolako gorakada izan duen ikusita, bereziki azken urtean, zerbitzu digitalen inguruan neurriak hartzea erabaki du Espainiako Gobernuak (aplikazioetan, jolasetan, musika eta liburu elektronikoak eskaintzen dituzten plataformetan), eta horien bermealdia ere handitu egin du (bi urtera); horretaz gain, “iraunkortasuna, irisgarritasuna, jarraitutasuna, bateragarritasuna eta segurtasuna” eskaini beharko dituzte. Gainera, ekoizleak kontsumitzaileari jakinarazi egin beharko dio zer-nolako eguneratzeak egin behar dituen segurtasuna bermatzeko.
Gehiago irauten duten produktuak
“Oso egokia iruditzen zaigu. Erreforma honetan, irizpide objektibo gisa ageri da produktu baten iraunkortasuna, kontsumitzaileak ebaluatu dezan ados dagoen erosketarekin, eta horrela, produktu bat berme barrenean dagoenean, bezeroak hautatu ahalko du zer nahi duen, konpondu edo ordezkatu (orain arte ekoizleak erabakitzen zuen hori)”, azaldu du Alicia Garcia-Francok, Espainiako Berreskuratze eta Birziklatze Federazioko zuzendariak. “Bermealdiak luzatuta, Ministerioaren helburua da ondasunen iraupena handitzea zaharkitzapenaren aurkako borrokan eta horrek ingurumenean duen eragina murriztea”. Dena den, oraindik ez dago argi neurri horiek atzerako eraginik izango ore duten edo legea indarrean sartzen denetik aurrera ezarriko diren.
Zaharkitzapen funtzionala (edo erantsia). Produktuari huts eginarazten zaio ekoizleak hala erabakita. Horixe da ezagunena. Hori gertatzen
Diseinu bidezko zaharkitzapena (edo psikologikoa). Produktu bat zaharkiturik gelditzen da modan egoteari uzten dionean. Arroparekin ikusten da hori garbi asko: markek bilduma berriak ateratzen dituzte 15 egunetik behin, eta nahi izaten dute albo batera utz dezagula hilabete lehenago erosi genuena eta berria erosi. Antzera gertatzen da smartphoneekin eta horien modelo berriekin.
Zaharkitzapen teknologikoa. Produktuak utzi egiten dio funtzionatzeari edo askoz mantsoago ibiltzen da gailuak berez dakarren teknologia zahartua gelditu delako. Hiru urte pasatu eta funtzionatzeari uzten dion telefono mugikorra izan daiteke horren adibide; ekoizleak tarte horretan hiru modelo berri atera ditu eta utzi egiten dio aurrekoen softwarea eguneratzeari.
Europako proiektu bat
Espainiako araudi berria, zeinaren helburua baita produktuen bizitza luzatzea eta horien eragina murriztea (sakelan eta ingurumenean), Ekonomia Zirkularreko Ekintza Plan berriaren barnean sartzen da; Europako Parlamentuak landu du proiektu hori, ekonomia zirkularrerako trantsizioa bidezkoa izango dela bermatzeko. Joan den martxoaren 19an onartu zen, eta helburu garbia du: “konpontzeko eskubidea” indarrean jartzea, hau da, gure produktuak konpondu ahal izatea nahitaez berriak erosi beharrean.
“Konpontzeko eskubidea” gure guraso eta aitona-amonengandik jaso dugun kultura bat da, eta ia desagertu egin da kontsumoaren berehalakotasunak bultzatuta. Azkenekoz noiz konpondu dugu garbigailu eta telebista bat? Sekula ere ez, segur aski. Agian profesional batengana eraman izango dugu konpontzera, baina litekeena da, prezioa ikusi ondoren, berria erosteko erabakia hartu izatea, merkeagoa delakoan. Hori da, hain zuzen, Europako erakundeek eta konpontzeko eskubidearen aldeko elkarteek defendatzen dutena: ez zaigu erakargarria egiten, inork ez duelako interesik izan nola egiten den erakusteko.
Hain zuzen, Eurostat-ek dio 10 europarretatik zazpik nahiago dutela produktua konpondu eta ez beste bat erosi, baina konponketaren kostuak eta piezak eskura ez izateak atzera eginarazten die. Baina konpondu beharrean erostea ere oso garestia da: Energia eta Berrikuntza Jasangarria Fundazioaren arabera, lau kideko familia baten gastua 50.000 eurorainokoa izan daiteke bizitza osoan zaharkitzapen programatuaren erruz.
Zer-nolako produktuei eragiten die?
Europako Batasunaren ekintza plana produktu multzo oso jakinari ezarriko zaio: hozkailuak, garbigailuak, lehorgailuak, ontzi garbigailuak eta argi iturriak. “Estrategia horrek lau ezaugarri bilatzen ditu produktuaren jasangarritasuna neurtzeko. Lehenik, iraunkortasuna. Bigarrenik, berrerabiltzea. Hirugarrenik, eguneratzea, hau da, ez dadila gelditu zaharkitua. Eta, azkenik, konpontzeko aukera, edo ordezko piezak aurkitzeko zailtasun maila”, azaldu du Garcia-Francok.
Ildo horretan, enpresak behartuta egongo dira ordezko piezak hamar urtez mantentzera, eta erraz samar konpontzen diren produktu elektronikoak ekoitzi beharko dituzte, erreminta oso bereziak behar ez dituztenak eta konponketa horiek nola egin argi azalduko duten eskuliburuak eskaini beharko dituzte. Lehenbiziko aldiz, ordezko edozein pieza gordetzen duten denbora tarte berdinean gorde beharko dituzte ekoizleek softwareen eguneratzerik berrienak.
Kontsumitzaileen ahalduntzearen barrenean, eskubidea aitortzen zaie erosten ari den produktua sakon ezagutzeko. Horri dagokionez, Europari iruditzen zaio ekoizleek gardentasunez adierazi behar dutela zenbatekoa den beren produktuen bizitza erabilgarria eta zer-nolako aukerak eskaintzen dituen konpontzeko, eta beste bi ekimen gehiago ere sustatu ditu: alde batetik, gailuaren bizitza erabilgarria kalkulatu eta adierazi beharko du ekoizleak (haren ardura izango da produktua konpontzea data horren aurretik hondatzen bada), eta, bestetik, etiketa sistema bat ezartzen du (borondatezkoa), zeina produktuaren bilgarrian agertuko den eta puntuazio bat emango dion iraunkortasunaren eta konpontzeko aukeren arabera, kontsumitzaileak errazago erabaki dezan.
Etxetresnak, smartphoneak eta ordenagailuak bizitzako zikloa agortu baino askoz lehenago kentzen ditugu. Oraintxe bertan, munduan 55.000 milioi euro botatzen dira zaborretara birziklatzeko modukoak diren materialetan. Eta badago beste arazo handi bat, jakina: ingurumenaren gaineko eragina.
Zaharkitzapen programatuak eragiten duen zabor elektronikoa ugaritu da gehien maila globalean, halaxe dio Nazio Batuen Erakundeak berriki egin duen txosten batek. Zenbat iraun behar luke produktu batek haren isuriak garbiak izan daitezen eta ingurumena errespetatu?
Etiketa berriak
Energia efizientziarako erabiltzen diren etiketa sistemaren antzeko diseinua izango du, eta gehienez 20 puntuko baremoa erabiliko du, bost alderdi kontuan hartuta:
- Ekoizleak zer-nolako dokumentazioa eskaintzen duen konponketa egiteko.
- Desmuntatzeko erraztasuna.
- Ordezko piezak zein neurritan dauden eskura.
- Nolako harremana duten ordezko piezen prezioak eta jatorrizko produktuak.
- Beste irizpide batzuk elektronikaren arlorako, softwarea berrabiarazteko eskaintzen duen laguntza eta erraztasunaren arabera.
Etiketak 0-tik 10erako puntuazioa emango du, eta ekoizleak berak kalkulatuko du emaitza, ezarritako parametroak kontuan hartuta, betiere Kontsumoko eta Merkatua Zaintzeko agintarien oniritziarekin. Era horretan, garbigailu edo hozkailu bat erosteko orduan, kontsumitzaileak puntuazio hori ikusiko du, eta horrela jakingo du zein modelo den konpontzeko errazena matxuratuz gero.
Espainiako Kontsumo Ministerioa lanean ari da etiketa berri horretan, eta Europako bigarren herrialdea izango da sailkapen hori ezartzen. Frantziak aurrea hartu du logotipo horretan, eta dagoeneko erabiltzen dute garbigailu, eramangarri, smartphone, telebista eta belarra mozteko makinetan. Espainiari dagokionez, Kontsumo Ministerioak oraindik ez du zehaztu zer-nolako produktuek izango duten eta noiz hasiko diren sailkapen hori erabiltzen.
Eta mugikorrak?
“Araudia etxetresnetara mugatzen da, eta ez ditu aintzat hartzen smartphoneak eta ordenagailuak, nahiz eta zaharkitzapen programatuak horiei eragiten dien gehien eta horiek botatzen diren maiztasun handienarekin”, salatu du Chloé Mikolajczak- -ek, konpontzeko eskubidearen alde Europan sortu den elkarteko kideak (Right to Repair). Hark emandako datuen arabera, hamar kontsumitzailetatik hiruk aldatu egiten dute telefonoa funtzionamendu arazoak ematen hasten denean, nahiz eta ez iritsi izan bizitzaren bukaerara. Batez beste, europarrek bi urtetik behin aldatzen dute mugikorra.
Ekonomia Zirkularraren Ekintza Planak kontuan hartzen ditu mugikorrak, tabletak eta ordenagailuak, baina legea bideratuagoa dago ekodiseinura eta planetarekin jasangarriagoak diren gailuak ekoiztera, eta ez hainbeste konpontzeko eskubidea sustatzera.
Neurrietako batek behartu egiten ditu ekoizleak gailuen energia kontsumoa murriztera diseinu fasean, eta, gainera, luzaroago iraun behar dute eta errazago desmuntatu behar dira, hobeto birziklatzeko eta zabor elektronikoa murrizteko.
Ekimen horrek, gainera, desagerrarazi egin nahi ditu gailu horiek konpontzeko, berriz saltzeko eta berrerabiltzeko dauden zailtasunak, eta horretarako sistema bat proposatzen du, kontsumitzaileek telefono zaharrak, tabletak eta kargagailuak salgai jar ditzaten eta berrerabiltzea sustatu. Kargatzeko sistema bateratua ere eskatzen du, eta alderdi hori eztabaida handia sortzen ari da urteetan ekoizleen artean, marketin estrategia gisa erabiltzen baitute kargagailuaren burua; horrek bereizi egiten ditu beste marketatik, baina gastu handiagoa ere eragiten du elektronikan, gailu bakoitzak kargagailu jakin bat behar baitu. Dena den, aurrerapen batzuk ere ikusi ditugu kontu horretan: Apple etxeak, adibidez, utzi egin dio kutxan kargagailuak sartzeari, kontsumitzaileek aurreko bertsioenak berrerabil ditzaten; oraindik, hala ere, haren mugikorrek ez darabilte USB-C sistema (kargagailu unibertsala).
Oztopo nagusiak
Europako Batasunaren ekintza planak kontuan hartzen baditu smartphoneak eta ordenagailuak, non dago arazoa? Ez dituela sartu konpontzeko eskubideari buruzko atalean eta, ondorioz, ez dituela neurri espezifikoak ezartzen horiek konpontzeko eta zaharkitzapen programatua murrizteko. “Ez dago konpontzeko eskubiderik kategoriak hain mugatuak izanda. Presio egiten ari gara ekoizleak behartuta egon daitezen softwarea nahitaez eguneratzera zazpi urtean gutxienez (ordezko piezak bezala), beste aukera batzuk eskain ditzaten gehiago eguneratzerik ez dagoenean eta, garbigailu eta hozkailuetan bezala, konpontzeko eskuliburuak eskain ditzaten hizkera errazean”, erantsi du Mikolajczak-ek.
Samsung, adibidez, hasi da eskuliburu batzuk partekatzen Frantzian, konponketen sailkapenean puntu gehiago izateko (Frantziak smartphoneak sartu ditu atal horretan). Apple etxeak, Frantziako sailkapen berriari erantzuteko, etiketa jartzen die webguneko modelo guztiei. Baina Mikolajczak-ek dioen bezala, “beste ekoizle askok esaten dute, eskuliburu horiek argitaratuta, ez direla errespetatzen sekretu industrialak”. Gainera, ekodiseinuaren araudiak ez du agintzen gailuen softwarea eguneratzen jarraitu behar denik bizitza erabilgarrian aurrera egin ahala. Zer esan nahi du horrek? Ekoizleak bete dezakeela eguneratzeak eskura jartzeko baldintza, baina ez azken eskakizunei erantzuteko moduan.
Zer dago egiteko
Nahiz eta Garcia-Francok aurrerapen handitzat jotzen duen Europako plan hori zaharkitzapena bukarazteko, onartzen du gauza asko dagoela fintzeko. “Araua, oraingoz, modelo berriei bakarrik ezartzen zaie. Baina zer gertatzen da oraintxe ditugunekin?”, galdetu du. Horretaz gain, zehaztasun handiagoa eskatzen du ordezko pieza bat zer den definitzeko eta gehienez zenbat kobratu behar luketen erabakitzeko. “Garbigailuaren ateko heldulekua hondatzen bazait, ekoizleak esan dezake araudi berriarekin ordezko pieza ez dela heldulekua bera, ate osoa baizik, eta horrek garestitu egingo du konponketa”, azaldu du.
Gogoan hartu behar da ekintza plan bateko araudia dela eta 2024a dela ezartzeko muga urtea, helburua baita aski denbora edukitzea kide diren estatu guztiak antolatu daitezen eta denek berdin ezarri. Gaur egun, Europako herrialdeak kontsumo lege berriak aztertzen ari dira eta gauzak egokitzen, etorkizunean legedian txertatzeko helburuz. “Epe motzean, oso aldaketa gutxi izango da: etiketa berriak ikusiko ditugu, baina gutxi gehiago. Zenbait urteren buruan, aldaketa handiagoak ikusiko ditugu”, aurreratu du Garcia-Francok.
Mikolajczak, berriz, konpontzeko eskubidearen alde Europan dagoen elkarteko kidea, beldur da araudi berri horrek ez duela aldaketa nabarmenik ekarriko, “2019an sortu zutenarekin gertatu zen bezala, etxetresna batzuen ekoizleak behartuta egon zitezen ordezko piezak bi urte gehiagoan mantentzera”. Eta araudiak itxuraz kontuan hartu ez duen funtsezko xehetasun bat azpimarratu du: “Ez du bermatzen edozeinek konpondu ahal izatea. Konpontzaile profesionalei bakarrik begiratzen die, eta ez ditu aipatzen irabazteko asmorik gabeko erakundeak edo ekimen hezitzaileak, non kontsumitzaileak ahaldundu nahi izaten diren konpontzeko eskubideari dagokionez eta eskubide hori eskura jarri”.
Zenbait aholku teknologia arduraz kontsumitzeko
Eman lehentasuna bigarren eskuko teknologiari. Etxetresna eta gailu elektroniko erabiliak erosteak luzatu egiten du horien bizitza erabilgarria eta arindu egiten du planetaren gaineko eragina. Gainera, merkeago ateratzen da.
Erosi aurretik, pentsatu. Produktu bat erostean, aztertu egin behar da egiaz behar ote dugun.
Bilatu ISSOP zigilua. Gailu batzuen bilgarrietan ageri da zigilu hori. Ikur horrek adierazi nahi du ekoizle horrek eskaintzen dituen produktuak ez direla hondatuta gelditzen denbora gutxiren buruan.
Informatu. Ikusten dugun lehen etxetresna edo smartphoneari heldu beharrean, denbora hartu behar da eta ongi informatu ekoizleak zer-nolako erraztasunak ematen dituen produktua konpontzeko.
Norberak konpondu. Nahiz eta Europako araudiak ez dituen aipatzen norberak egin ditzakeen konponketak, konpontzeko eskubidea babesten duten erakundeen ustez bultzada eman behar zaio alderdi horri. Horregatik antolatzen dituzte konpontzen ikasteko ikastaroak eta eskaintzen dituzte eskuliburuak doan.
Birziklatu. Gailua bota beste aukerarik ez dagoenean, ziurtatu egin behar da modurik jasangarrienean egingo dugula. Sekula ez da bota behar zaborretara: beti, garbigunera.
Berrerabili. Konpontzeko modurik ez dagoenean, bestelako erabilera bat eman diezaiokegu. Adibidez, Internetera konektatzen ez den ordenagailu horretan gure argazki guztiak gorde ditzakegu.
Atera probetxua elementu osagarriei. Telefonoak, tabletak eta ordenagailuak entzungailu eta kargagailu eta guzti etorri ohi dira. Beste gailu batzuekin erabil daitezke edo bigarren eskuko merkatuan saldu.
Partekatu. Azaldu iezaiezu ingurukoei zer-nolako aukerak dauden zaharkitzapen programatuari aurre egiteko.
Iturriak: Energia eta Berrikuntza Jasangarriaren Fundazioa, Right to Repair eta Energia eta Berrikuntza Jasangarria Zaharkitzapen programaturik gabe Fundazioa.