Laktozukuak

Laktozukuak: ez esne askorik, eta ez hainbeste zuku

Edari horiek zenbait osagai nabarmentzen dituzte, baina, egiaz, kopuru txikietan ageri dira. Ez dira aukerarik osasungarrienak txikientzat.
1 ekaina de 2021

Laktozukuak: ez esne askorik, eta ez hainbeste zuku

Esnea eta zukua nahastea tabu gisako bat izan da gure gastronomian. Alde batetik, teknikoki zaila delako, esnea moztu egiten baita, eta, bestetik, iruditeria kolektiboan osasun arriskuekin lotzen delako jokabide hori. Horregatik, produktu horiek merkatuan agertu zirenean, 1997an, jende asko harritu egin zen. Denborarekin, ohitu egin gara eta normalizatu egin da horien kontsumoa. Adibidez, freskagarri gisa erabiltzen dugu ordu artean edo osagarri gisa ere bai haurren gosari eta askarietan, edari elikagarria eta osasungarria dela iruditzen baitzaio jendeari. Baina hala al da? Zer-nolako elementuak hartu behar ditugu kontuan aukera on bat egiteko?

Zer da egiaz produktu hau? 

Produktu honek nolako ezaugarriak dituen jakiteko, garrantzitsua da etiketa irakurtzea eta, zehazkiago, salmenta izena (osagai zerrendaren ondoan ageri da). Legeak ez du ezartzen izen eta definizio espezifikorik edari mota horrentzat, eta, horregatik, salmenta izenean produktuaren deskribapena egiten da, ahalik eta zehatzena. Pascual markako edarietan ez da ageri, baina bai Don Simón etxekoetan (adibidez, “edari freskagarri mistoa, fruta zukuz eta esnez egina. Eztitzaileekin”), eta, batez ere, Eroski markakoetan, non deskribapena oso zehatza den (adibidez, “edari freskagarri misto pasteurizatua, fruta zukuz eta oloz egina, eztitzaileekin, eta A, C eta E bitaminekin. Zukua %33”).

Salmenta izena irakurri ondoren, pentsa liteke edari horiek nagusiki esnez eta zukuz eginak daudela. Baina osaera arretaz aztertzen badugu, ikusiko dugu osagai nagusia ura dela eta zukua eta esnea nahiko kopuru txikietan ageri direla.

Osagai ez hain ugaria

Zuku gehien duten produktuak Don Simón Zero Multifrutak (%35) eta Eroski Oloa Mediterraneoa dira (%33), eta gutxien dutenak, berriz, Pascual Tropikala eta Pascual Zero Tropikala, biak ere %7rekin. Zuku hori, gainera, kontzentratu bidez lortzen da guztietan, eta horren maila komertziala apalagoa da fruta zukutuz lortzen denarena baino, elaborazio prozesuan galdu egiten baitira zaporeari ñabardurak eransten dizkioten konposatuak. Zuku mota hori lortzeko, fruta zuku kontzentratua hartu eta berregin egiten da urarekin; hau da, ura kentzeko prozesu bat egiten dute lehenik (beroa emanez normalean).

Elikagai askotan erabiltzen dira kontzentratu bidez egindako zukuak eta ez zuku “freskoak”, merkeagoa delako eta hobeto eta luzaroago kontserbatzen delako elaborazio unea iritsi arte. Aztertu ditugun produktuetan, fruta bat baino gehiagorekin eginak daude zukuak. Adibidez, Pascual Tropikala ananaz eta mangoz egina dago, eta Eroski Oloa Mediterraneoa izenekoak zazpi osagai ditu: mahatsa, laranja, anana, sagarra, azenarioa, mangoa eta mertxika. Horietako asko ontziaren aurrealdean nabarmenduta ageri dira irudiekin. Kontzentratu bidez egindako zukua denez eta zenbait begetalen kopuru txikiak dituenez, ez da zehaztu beharrik horietako bakoitza zer-nolako portentzajean duen.

Analisia  

Erosketa gida hau egiteko, laktozukuak hautatu ditugu, merkatuan puntapuntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Azukre, gantz eta proteina kopuruak asko baldintzatzen du azken emaitza.
  • Osagaiak. Zenbat esne eta zuku duten aztertu dugu.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili produktuaren kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Esnea edo oloa

Esnea daukaten produktuetan (bi ez beste guztiek), oso kopuru txikietan ageri da osagai hori ere, zehazki %10etik behera. Eta esnea, gainera, gaingabetua da marka guztietan. Horrela lortzen da produktuak gantzik ez izatea, ontziaren aurrealdean nabarmentzen den bezala; Pascual eta Don Simón etxeek “zero materia gantzatsua” aipua dakarte, eta Eroskik “%0 materia gantzatsua”.

Gantzak berak eta gantza daramaten produktuek ospe txarra dute gaur egun, adibidez esne osoak, baina argitu behar da mantenugai hori beharrezkoa dela gure organismoak ongi funtziona dezan, eta, batez ere, jakin behar da gantz guztiak ez direla berdinak (adibidez, ez dira gauza bera palma olioa eta oliba olioa). Esneari dagokionez, ez gintuzke kezkatu behar gantza daukan bertsioa hartzeak, ez baitaiteke esan osasunari kalte egiten diola. Aitzitik, zenbait etiketatan ikusten ditugun ohar eta aipu batzuek, “light”, “gantz gutxikoa”, “gantzik gabea” eta gisakoek, pentsaraz dezakete produktu osasungarriak direla, baina askotan ez dira izaten.

Esnerik ez duten bi produktuak Eroski Oloa Mediterraneoa eta Eroski Oloa Tropikala dira. Bi horiek olo edariz eginak daude (%10 inguru daukate biek), baina kontuan hartu behar da edari hori urez egina dagoela nagusiki eta %1,4 baino ez daukala zereal hori.

Azukreak axola du 

GEHIEN DUTENAK

  • Pascual Tropikala: 15,84 g
  • Don Simón Zero Multifrutak: 15,84 g
  • Eroski Oloa Mediterraneoa: 14,85 g

GUTXIEN DUTENAK

  • Pascual Zero Tropikala: 5,94 g
  • Eroski Tropikala: 8,25 g
  • Pascual Zero Mediterraneoa: 8,58 g

Ale bakoitzak duen azukre kopurua, hau da, 330 ml-ko ontziak.

Zukuaren sailkapena

  • Don Simón Zero Multifrutak: %35
  • Eroski Oloa Mediterraneoa: %33
  • Don Simón Zero Tropikala: %20
  • Don Simón Zero Mediterraneoa: %20
  • Don Simón Zero Karibe: %20
  • Eroski Oloa Tropikala: %19
  • Pascual Zero Mediterraneoa: %18
  • Eroski Tropikala: %15
  • Pascual Tropikala: %7
  • Pascual Zero Tropikala: %7

Produktu bakoitzak duen zuku portzentajea.

Ase esnez, eta besterik ez

Herri jakintzak dio esnea edan ondoren ez dela beste ezer ere hartu behar (adibidez, jogurta, gazta, fruta edo zukua), “moztu” egiten delako urdailean eta gaizki sentiarazten gaituelako. Uste hori, ordea, oinarririk gabeko mitoa da. Hain zuzen, esnea beti mozten da urdailean, edaten dugun aldiro, zuku gastrikoaren azidotasunak eraginda, baina horrek ez du esan nahi kaltegarria denik.

Esnea “mozteak” osasunari kalte egiten diola esaten da, izan ere, esnea hondatzen denean (adibidez, hozkailutik kanpo utzita) bakterioak sortzen direlako bertan eta laktosa hartzitu egiten delako (esnearen azukrea); horren ondorioz, jaitsi egiten da pH-a (areagotu egiten da azidotasuna). Horrek ezegonkortu egiten ditu proteinak eta elkartu egiten dira, pikorrak sortzen dituztela. Esnea moztu egin dela esaten dugu halakoetan.

Bakterioen artean, batzuk patogenoak izan daitezke eta gaixotasunak eragin ditzakete. Horregatik lotzen dugu prozesu hori osasunerako kaltegarriak diren eraginekin. Bakterio horietako batzuk, ordea, kaltegabeak dira, eta onuragarriak ere bai batzuk, adibidez jogurta edo gazta egiteko erabiltzen ditugunak; bi produktu horiek ere, nolabait esateko, “esne moztuz” egiten dira.

Galdera begi bistakoa da: nola lortzen da esnea eta zukua edari berean biltzea lehenbizikoa moztu gabe? Egonkortzaileak erabiltzen dituzte horretarako, zehazki pektina, fruta askok berez izaten duten konposatu bat (adibidez, laranjaren azalak), zeinak “babestu” egiten dituen esnearen proteinak pH jaitsiera horren aurrean.

Azukrea edo eztitzaileak?

Produktu horietako gehienen aurrealdean, gantzik ez daukatela nabarmentzen duten oharren ondoan, beste aipu batzuk ere ageri dira, azukre erantsirik ez daukatela azpimarratzen dutenak. Horrek jakinarazten digu produktua eztitzailez egina dagoela, osagaien zerrendan baieztatu dezakegun bezala. Aztertu ditugun produktu guztiek sukralosa daukate (Pascual Tropikala izenekoak ez, horrek azukrea du); sakarosatik lortzen da eztitzaile hori, hau da, mahaiko azukretik, eta gero eta produktu gehiagotan erabiltzen dute, abantailak ditu-eta:

  • Zaporea. Azukrearen nahiko antzekoa da, eta ez du zapore arrarorik, beste eztitzaile batzuek ez bezala, adibidez, aspartamoak edo estebiol glukosidoek (“estebia” esaten zaio).
  • Gozotasuna emateko gaitasuna. Azukreak halako 600 dauka eta, beraz, aski da kopuru txiki bat erabiltzea gozo zaporea emateko.
  • Ongi eusten die beroari eta pH aldaketei. Ez da berdin gertatzen beste eztitzaile batzuekin, adibidez aspartamoarekin. Hori abantaila bat da zukuetarako, pH txikia dutelako eta pasteurizazio prozesuan beroa ematen dietelako.
  • Beste eztitzaile batzuen abantaila berdinak ditu: ez du ematen kaloriarik, ez da kariogenoa (ez du sortzen txantxarrik) eta egokia da diabetesa duten pertsonentzat.

Hori bai, dena ez dute ona. Eztitzaileak ez dira egokiak gizentasunari eta gehiegizko pisuari aurre egiteko, eta nahiz eta segurua den horiek kontsumitzea, ikusi izan da nahasmenak sor ditzakeela hesteetako mikrobiotan. Hortaz, hobea al da produktu horien bertsio azukreduna eta eztitzailerik gabea hautatzea? Aztertu ditugun guztien artean, batek bakarra betetzen du baldintza hori. Pascual Tropikala izenekoa da, zeinak 3 gramo azukre dituen 100 ml bakoitzeko, kalkulu hori egin dugu etxe bereko beste produktua aztertuta, Pascual Zero Tropikala, horrek ez baitu azukre erantsirik. Ez bata ez bestea har daitezke osasungarritzat, ez azukre erantsiak dituena eta ez gabea.

Kontuan hartu behar dugu produktu guztiek dituztela azukreak, izan esnearenak edo izan zukuarenak. Horregatik, Don Simón Zero Multifruta eta Eroski Oloa Mediterraneoa dira azukre gehien dutenak (%4,8 eta %4,5 hurrenez hurren), zuku gehien era bi horiek daukate eta (%35 eta %33). Horiekin batean, Pascual Tropikal izenekoak ageri du azukre gehien (%4,8), esneak eta zukuak berez dituen azukreez gain, erantsiak ere baditu eta.

Azukre horiek guztiak libreak dira, ez baitaude bilduta elikagaiaren matriz batean, adibidez fruta osoan gertatzen den bezala. Horrek esan nahi du, jaten ditugunean, gure organismoak oso azkar xurgatzen eta metabolizatzen dituela, eta oso maiz edo gehiegizko kopuruetan hartuz gero, horrek kalte egin diezaioke osasunari, lotura baitu zenbait gaixotasun agertzeko arriskuarekin: gizentasuna, 2 motako diabetesa eta horiei loturiko beste arazo batzuk. Berez, ez dirudi produktu horiek azukre asko dutenik (%4,8 gehien duenak), baina kontuan hartu behar dugu 330 ml-ko ontzi batean 16 gramo azukre libre izango direla, hau da, lau koilarakadatxo azukre, eta hori bada zerbait, bereziki produktu horiek maiz samar hartuz gero edo dietan beste elikagai azukretsu batzuk jateko joera izanez gero (gailetak, opilak, freskagarriak, esneki azukretsuak…).

Bitaminaz aberastuak

Produktu guztiak daude bitaminaz aberastuak: A, C eta E. Zehazki, Don Simón eta Pascual etxekoek erreferentziazko balioen %49,5 ematen dute, eta Eroski etxekoek %25. Ideia bat egiteko: esne basokada batean (250 ml) 110 mikrogramo A bitamina izaten da, erreferentziazko balioaren %14.

Gure organismoak bitaminak behar ditu egoki funtzionatzeko, baina horrek ez du esan nahi elikagai aberastuak hartu behar ditugunik. Gure inguruan, dieta orekatu batek kopuru egokietan ematen ditu A, C eta E bitaminak, eta ez da ohikoa mantenugai horietan gabeziak izatea. Gabeziaren bat izanez gero, osasun arloko profesionalarengana jo behar genuke (medikua edo dietista-nutrizionista) diagnostiko bat egin dezan, eta beharko balitz, gehigarri egoki bat aginduko liguke, behar ditugun mantenugaiak kopuru egokietan emango dizkiguna (elikagai jakin batek izaten dituenak baino gehiago eduki ohi dituzte gehigarriek).

Osasungarriak al dira? 

Produktu horietako gehienak oso antzeko osagaiz eginak daude: ura, fruta zukuak, esne gaingabetua eta eztitzailea. Ondorioz, nutrizio osaera ere oso antzekoa daukate, eta Nutri-Score sistemak emandako puntuazioa ere berdintsua da denetan. Oso esne gutxi daukatenez, proteinak ere oso urri dituzte (%0,5 baino ez, hau da, 1,7 gramo 330 mililitroko ontzian). Eta esnea gaingabetua denez, gantzik ere ez daukate.

Zuku kantitatea ere oso txikia da, eta, beraz, ez dezakete eduki fruta eta zuntz askorik, eta Nutri-Score sistemako puntuazioa ez zaie hobetzen. Azukreak, aldiz, badituzte, eta horrek azaltzen du zergatik duten halako puntuazio kaskarra eta zergatik dauden halako aldeak batzuetatik besteetara: gehienek C maila lortu dute, salbu eta Pascual Tropikala, Don Simón Zero Multifrutak eta Eroski Oloa Mediterraneoa markakoek: horiek D mailan daude, azukre gehiago izaki.

Azken batean, produktu hauek ez hartzea da onena, edo ahalik eta gutxiena kontsumitzea, eta osasungarriagoak diren beste aukera batzuk lehenestea, adibidez ura, esnea eta fruta osoa.

Prezioa beti ez dago justifikatua

Aztertu ditugun produktuek antzeko osaera dute oso, baina prezioan badira aldeak, eta aski deigarriak, gainera, batzuetan. Adibidez, Pascual etxekoek bi aldiz gehiago (0,66 € ontziak) balio dute Don Simón markakoek baino (0,33 €). Desberdintasun hori ez dago justifikatua, are gehiago jakinda bigarren horiek zuku gehiago dutela lehenbizikoek baino; adibidez, Don Simón Zero Multifrutak izenekoak %35 dauka zukua eta Pascual Tropikalak eta Pascual Zero Tropikalak %7 baino ez. Alde handia dago Pascual Tropikalaren eta Eroski Tropikalaren artean ere: osagai nagusiak antzekoak dira, baina Pascual etxekoak bi halako balio du.

Ondorioak

Laktozukuak edari osasungarri eta elikagarriak iruditzen zaizkio jende askori, uste izaten baitute esnez eta zukuz eginak daudela nagusiki. Osagai nagusia, ordea, ura izaten da, eta ospe on hori ematen dioten osagaiak oso kopuru txikietan ageri dira (%10 esne gaingabetua eta %7 eta %35 artean zukua). Hau da, ez dira elikagarriak (ia ez dute ematen proteinarik eta zuntzik, eta ez daukate ez gantzik eta ez intereseko beste mantenugairik ere, bitamina erantsiak izan ezik). Bai, aldiz, azukre libreak, bereziki azukre erantsiak badituzte edo zuku kopuru aipagarria.

Produktu guztiek antzeko osaera dute, Eroski etxeko biek izan ezik, horiek olo edaria daramate eta; horregatik, prezioan halako aldeak egoteko arrazoi agerikorik ez dago. Kalitate-prezioak kontuan hartzen baditugu, eta zuku kantitateari begiratzen badiogu nagusiki, Don Simón Zero Multifrutak da produkturik erakargarriena: %35 dauka zukua eta aleak 0,33 € balio du. Baina horrek esan nahi du azukre libreak ere dezente dituela (16 gramo ontziak). Produktua bere osoan hartuz gero, eta osagaiak, nutrizio osaera eta prezioa hartzen baditugu kontuan, erakargarriena Eroski Zero Tropikala da.

Erosteko gomendioak 

Produktu horiek hautatzeko garaian, bereziki alderdi batzuetan jarri behar genuke arreta:

  1. Legezko salmenta izena, nolako ezaugarri orokorrak dituen jakiteko.
  2. Osagaien zerrenda, batez ere zenbat zuku eta esne duten jakiteko.
  3. Azukre kopurua, bai erantsiena eta bai berez ageri direnena. Horretarako, osagaien zerrenda eta nutrizio arloko informazioa irakurri behar dugu.
Zenbat gastatzen du familia batek? 
  • Eroski Tropikala: 96€
  • Don Simón Zero Tropikala: 120€
  • Don Simón Zero Mediterraneoa: 120€
  • Don Simón Zero Karibe: 120€ 
  • Don Simón Zero Multifrutak: 120€
  • Eroski Zero Tropikala: 175,2€ 
  • Eroski Zero Mediterraneoa: 175,2€ 
  • Pascual Tropikala: 238,8€ 
  • Pascual Zero Tropikala: 238,8€ 
  • Pascual Zero Mediterraneoa: 238,8€

Egunean bi edari hartuta, astean bost egunez, 9 hilabetean.

Zuku kantitateak axola du, baina baita azukreak eta prezioak ere