50 urte kontsumitzailearen zerbitzura
Aldizkari bat egitea ametsa da, lehen zenbakia argitaratzea sekulako lana, baina 50 urte betetzea ospatzeko moduko balentria da. Eta are gehiago paperean egiten jarraitzea, aro digitalean sartuta gauden honetan. Beti da garai ona atzera begiratzeko eta bizi izan dugun guztia eta bidean ikasi duguna balantzan jartzeko. Baina mende erdiaz ari garela, gogoeta egitea ere ezinbestekoa da.
Hirurogeita hamarreko hamarkadan hasi zen guztia. Mundua Ameriketako Estatu Batuetara begira zegoen, Nixonek lehendakari kargua utzi egin baitzuen Watergateko eskandaluaren ondorioz, baina gugandik gertuago, Elorrion, Bizkaiko herri txiki horretan, EROSKI kontsumoko kooperatibaren egoitzan, esku artean duzun aldizkaria sortu zen. “Ilusioz beteriko urteak ziren, eta mundu guztiak zeukan beharra sentitzen zuen hori aldizkari baten bidez esateko; boom-aren garaia zen. EROSKI aldizkariak (izen horrekin sortu zen gaur egun CONSUMER dena), garai hartako gainerako guztiek bezala, frankismo garaiko legedia ezagutu zuen, aurretiazko zentsura eta edukiei ezartzen zitzaizkion mugak”, oroitarazi du Luis Mari Mendizabalek, argitalpenak izan zuen lehen zuzendariak.
Baina, segur aski, garrantzitsuena eta gaur egun oraindik ere muin-muinean dagoena hauxe da:kontsumitzaileak babestea eta haien eskubideak aitortzea. “Sortu zenean, kontsumitzailea erabat desantolatuta zegoen, ez zegoen komunikabiderik eta jeneralistek ez zituzten lantzen kontsumitzaileek egunerokoan zituzten arazoak”, idatzi zuen Antonio Cancelok, EROSKIren sortzaileetako bat denak. Denbora kosmikoa kontuan hartuta, unetxo bat baino ez da 50 urteko tartea, baina CONSUMERentzat asko esan nahi du. Ia denetarik gertatu da tarte horretan: aldatu egin dira estiloa eta gaiak, mundu digitalera jauzi egin du proiektu honek eta, berrikiago, sare sozialetara ere bai. Gauza jakina da bost hamarkada hauetan kazetaritzak bilakaera etengabea izan duela. Nork esango zigun klik bat egin eta ChatGPT abizeneko robot bat kronika bat idazteko gai izango zenik? Ez CONSUMERen, jakina: gure izen ona eta ospea giza kapitalarekin soilik eraikitzen dira.
Nahi genuke argitalpen hau posible egiten duten pertsonetako batzuk berriz ere aldizkariaren urtebetetzera joatea 50 urte barru. “Oroitzen duguna gara”, idatzi zuen Manuel Rivas kazetari eta idazleak. Hitz hauen ondotik, CONSUMERen memorian gorderik ditugun lorpen txikien antologia labur bat eskainiko dizuegu.
Zatozte eta irakurri! Oroitzapen zoriontsuak opa dizkizuegu!
Gure historia
- 1974. Eroski aldizkaria sortu zen. 18 orrialde, maiztasun finkorik gabe. Bokazio kontsumerista, herrikoia eta demokratikoa. Aurkezpen oso xumea zuen, bi koloretan.
- 1977. Analisi konparatiboekin hasi ginen. Kontsumitzaileen erabakietan laguntzeko tresna bat zen, ez polemikarik gabea eta eztabaida handiak eragin zituena hasiera hartan inplikatuta zeuden eragileen artean.
- 1978. Hondartzetako uraren eta harearen analisia. Kutsadura gehien zuena Ereagakoa, Getxon, eta gutxien zuena, Lekeitiokoa.
- 1980. Azido borikoaren salaketa. EROSKI aldizkariak osasunarentzat arriskutsua den gehigarri hori elikagaietan ageri zela antzeman zuen eta salatu ere bai: ganbetan aurkitu zen, fresko zein izoztuetan.
- 1981. Lehen monografikoa. Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzailearen defentsa argitaratu zen.
Lixibaren ipuina. 80ko hamarkadan, urtean 1.500 neska-mutil hiltzen ziren Espainiako Estatuan, gehienak etxeko istripuen erruz. Orduan, ipuin hau argitaratzea erabaki zen, haurtzaroko istripuei aurrea hartzeko eta haiei buruz kontzientziatzeko. Ipuina aldizkariarekin batera banatzen zen. - 1982. Espainiako lehen osasun krisi handia: milaka pertsona intoxikatu egin ziren, olio enpresa batzuek koltza olio faltsutua merkaturatu zutelako. “Consumerismo” iritzi atalean, EROSKIko presidente zen Antonio Cancelok kontsumitzailearen defentsarako lege bat egiteko eskatu zuen, Europako beste herrialde batzuetan gertatzen zen bezala.
- 1985. Prezio alderaketa Frantzia eta Espainia artean, zeina urte hartan Europako Batzordean sartu baitzen.
- 1988. Justiziarako sarbidea. Monografiko horrek ondorioztatu zuen tramite burokratikoak ezabatu eta epai azkar eta merkeak lortu behar zirela.
Tabakoa. 2.200 irakurleren baino gehiagoren iritzia bildu genuen. Ia % 60k ez zuten erretzen, eta %15ek 10 zigarro baino gehiago erretzen zituzten egunero. Lan hori saritu egin zuen Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak, ikerketa estatistikoaren heziketa balioagatik. - 1990. ‘Erabiltzailea eta bankuak’ argitaratu zen. Bankuen kulturak gabezia handiak agertu zituen eta gehiegizko fideltasuna antzeman zen finantza erakundeekiko.
- 1991. Paper jasangarriagoa. Aldizkaria paper birziklatuan argitaratzeari ekin zitzaion. Eta 1991ko urrian utzi egin zitzaion lixibatik zetozen zuritzaileak erabiltzeari papera garbitzeko.
Irakurleak. EROSKI aldizkariak 200.000 irakurle inguru zituen, euskal populazio helduaren %11. Hego Euskal Herriko herritarren %54k bazuten aldizkariaren berri, eta horien artean, lautik bat ohiko irakurlea zen. Ezagutzen zutenen artean, %78k ona edo oso ona zela zioten. - 1994. Ingurumenaren gaineko lehen inkesta. Hego Euskal Herriko 1.697 kontsumitzailek iritzia eman zuten ingurumenarekin zeukaten harremanaren inguruan. Inkesta horrek hainbat datu ematen zituen, adibidez kontsumitzaile gehienek produktu berdeak eraginkortzat jotzen zituztela ingurumenari egiten zaion kaltea murrizteko.
- 1995. Eroski aldizkariak Kontsumitzailearen Informazioari buruzko Nazioarteko Konferentzia antolatu zuen Bilbon.
200. zenbakia. Mugarri garrantzitsua izan zen kontsumitzailearentzako informazioan espezializatuta zeuden aldizkarien historian, ez baita ohikoa produktu horiek hain bizitza luzea izatea. 325.000 pertsonak irakurtzen zuten.
Nolakoak gara, nora goaz. Aldizkariak ikerketa estatistiko bat egin zuen 1.595 irakurleren parte-hartzearekin, “Hego Euskal Herriko gizartearen estilo sozialei” buruz egin zen lehena. - 1997. Bilakaeran beste pauso bat: EROSKI izatetik CONSUMER izatera. Aldizkari berritu bat, oso kontzeptu ezagunarekin. Jarraitu egin genuen 20 urtez baino gehiagoz EROSKI aldizkariak egin zuen lanarekin. Denbora gutxian, kontsumo arloko aldizkarietan ale gehien argitaratzen zuena bihurtu zen.
- 1998. Webgunea sortu zen. Martxoaren 15ean, Kontsumitzaileen Eskubideen Nazioarteko Egunean, consumer.es jarri zen abian, eta kontsumo gaietarako argitaratzen zen lehen aldizkari digitala bihurtu zen, gaztelaniaz eta euskaraz.
- 1999. Erabiltzaile gehiago. Urtebetean, hirukoiztu egin zen CONSUMER aldizkaria bertsio digitalean bisitatzen zuten internauten kopurua.
- 2000. CONSUMER Gida Praktikoak. Lehenbiziko aldiz, salgai jarri ziren EROSKIren denda sarean, eta arrakasta handia izan zuten. 2.000 ale saldu zituen Elikadura Osasungarriaren Gidak.
- 2001. 340.000 ale. Paperean argitaratzen zen aldizkaria zifra aipagarri horietara iritsi zen.
- 2002. Kontsumoko atari garrantzitsuena. 1998ko martxoan aldizkariaren edukiak bere horretan Sarera eramateari ekin zitzaion, eta kontsumoko atari garrantzitsuena bihurtu zen. Informazio emari izugarria biltzen zuen, 30.000 orrialde baino gehiago eskaintzen zituen edukitan, eta egunero berritzen zen; tresna aski erabilgarria eta erakargarria zen profesionalentzat eta erabiltzaileentzat.
- 2003. EROSKI Fundazioaren hirugarren kontsumo barometroa. Kontsumitzaileen jarreren eta portaeren bilakaera erakusten zuen makroinkesta zen. 2003ko edizioak erakutsi zuen Prestige ontziak itsasoan isuri zuen petrolioak ez ziola eragin herritarrek arrainaren kalitatean eta segurtasunean zeukaten konfiantzari.
- 2004. Aldizkaria komunikabideetan. CONSUMERen oihartzun soziala agerian utzi zuen haren informazioek komunikabideen artean pizten zuen interesak. 2004ko ekitaldian, aldizkariaren analisiek leku hau hartu zuten albisteetan: 332 elkarrizketa irratietan; 650 aipamen egunkarietan; 30 agerraldi telebistetan.
- 2005. Lehenbiziko berripapera bidali zen. Lehen aldiz, aldizkari inprimatuaren buletin elektroniko bat sortu zen 300.000 harpidedunekin.
- 2006. CONSUMER EROSKI aldizkari berria atera zen argitara. 48 orrialde izatetik 68 izatera igaro zen, erakargarriago egin genuen, eta gai gehiago lantzeari ekin genion. Sorrera hori ospatzeko, udako ikastaroa antolatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean: Kontsumoaren eta eguneroko bizitzaren inguruko informazioari XXI. mendeak planteatzen dizkion erronkak.
- 2007. Society for News Design (SND) erakundearen saria. Diseinuaren kalitateak eta informazioaren aurkezpenak aitortza jaso izan du, eta komunikabideetako diseinuaren inguruko erakunde garrantzitsuenak berea egin zion. CONSUMER izan zen, Washington Post egunkariarekin batera, munduko hedabiderik sarituena infografiengatik, eta Espainiako Estatukoen artean sari bat jaso zuen bakarra.
- 2008. Euskarazko lehen zenbakia. 2008ko ekainean, paperezko aldizkaria euskaraz ere argitaratzeari ekin zitzaion. Benetako mugarria izan zen euskararen hizkuntza normalizazioan. Lehen argitalpen hura 15.000 alekoa izan zen.
- 2009. NAOS saria. Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) saria eman zion Eroskiri, bizi-ohitura osasungarrien alde egindako lana aitortzeko, eta CONSUMERek ere lagundu egin zuen zeregin horretan.
- 2010. Lehenbiziko aplikazioa. Donejakue Bideko Gida (Iphone mugikorretarako bakarrik) izan zen munduan bisita gehien izan zuen online gida, ia milioi eta erdi erabiltzailerekin. 2010. urtearen erdialdean abian jarri zenetik, 13.000 pertsonak deskargatu zuten.
- 2011. Luzokerraren krisia. Maiatzaren amaieran Alemaniako gobernuak ezarri zuen osasun alertak berrogeialdian jarri zituen Espainiako luzokerrak, E. coli zeramatelakoan. CONSUMERek monografiko bat argitaratu zuen online, eta zalantza guztiak argitu zituen (luzokerrak errugabeak ziren).
- 2012. 2012ko Internet sariak. CONSUMER finalista izan zen webgune onenaren atalean.
Errezeta osasungarrien aplikazioa. CONSUMERek mugikorretarako eta tabletetarako aplikazio bat merkaturatu zuen 3.500 errezetarekin baino gehiagorekin, baita bideoak, argazkiak eta gaixotasunen araberako errezeten bilatzailea ere. Elikadura arloko aplikaziorik aipagarrienetakoa izan zen, eta milioi erdi bisita baino gehiago izan zituen zenbait hilabetez. - 2013. Hilean 4 milioi eta erdi bisita baino gehiago izatea lortu genuen. OJDren apirileko datuek berretsi egin zuten CONSUMERek hazkunde jarraitua izan zuela azken urteetan. Zifra hori mugarri bat izan da atariaren historian.
- 2014. 40. urteurrena. Aldizkariaren online argitalpenak leku eta hedapen handiagoa hartu zuen, baina paperekoak ere eutsi egin zion bereari, hilean 190.000 aleko argitalpenarekin. Webgunea sendotzen ari zen, eta Espainiako komunikabideen artean, Interneten oihartzun handienetakoa zuenetako bat zen: hilean 6 milioi bisita baino gehiago izaten zituen.
- 2015. Sare sozialak. 2000. hamarkadaren amaieran abian jarri zirenetik, gure jarraitzaileak ugaritzen ari ziren etengabe: 31.000 Youtuben, 34.000 baino gehiago Twitterren eta 41.000 inguru Facebooken.
- 2018. Aldi berri bat. Papereko aldizkaria berritu egin zen. EROSKI Klubeko bazkideak fidelizatzeko elementu bihurtu zen, eta berrikuntzak egin zituen alderdi grafikoan eta diseinuan, baina nortasun ezaugarriei uko egin gabe: eduki erabilgarri eta praktikoak, zorroztasuna eta inpartzialtasuna.
- 2019. Atal berri bat sortu zen: Begia zorrotz. Etiketak eta nutrizio arloko informazioa xehetasunez aztertzea da atal horren eginkizuna, engainuak, erdizkako egiak eta beste trikimailu batzuk antzemateko, elikagaien industriak halakoak erabiltzen baititu batzuetan.
- 2020. Informazio gehiago pandemia garaian. Webgunean informazio emaria hirukoiztea erabaki zen ziurgabetasun handieneko asteetan: azala egunean hiru aldiz berritzen zen informazio oso praktikoekin, covid-19aren birusak gure irakurleengan sortzen zituen kezkak argitzeko.
- 2021. Haurren Gizentasunari buruzko atal berezia. Haurren gizentasuna zertan zen jakiteko, 20 adierazleri buruzko ikerketa dokumentala egin genuen. Hainbat erakunde eta pertsona ezagunen laguntza izan zuen lan berezi hark, hala nola Alberto Garzon orduko kontsumo ministroarena (2020-2023).
- 2022. Euskadiko Kontsumo Saria 2022. EROSKI Consumerren informazio proiektuak saria jaso zuen kontsumo arduratsuaren alde eta EAEko kontsumitzaileen eskubideen defentsan egiten duen lanagatik.
Mugikorretarako egokitua. Formatu %100 digitala estreinatu genuen. Aldizkaria digitalagoa da ordutik aurrera; izan ere, webgunean orrialde formatua erabili ordez, irakurketa digitaleko azken joerak txertatzen dituen diseinua darabil, nabigazio intuitiboagoa, interaktiboagoa eta erakargarriagoa eskaintzeko. - 2023. Instagramen ere bai. Sare sozialak dira gaur egun albiste kanal nagusia, eta CONSUMER horretara egokitu da. Une horretan, kanala osasuntsu zegoen, 6.000 jarraitzaile baino gehiagorekin, eta agerpenak 9 milioi baino gehiago ziren.