Erretzea edo bapeatzea. Aldeak alde, kalte berbera
Joan den abenduan, The Times egunkari britainiarrak egindako ikerketa batek agerian utzi zuen gauza jakina zena: bapeatzea askatasunarekin eta glamurrarekin lotzen zuten kanpaina bat egin zuten Facebook-en eta Twitter-en, eta jakinarazi zuen tabakoaren industriari lotutako erakundeak zeudela horien atzean, zigarreta elektronikoen konpainietako akziodun nagusiak alegia. Kazetaritza lan horrek erakutsi zuen, halaber, nikotinaren industria artikulu zientifikoak finantzatzen aritu dela lurrunaren arriskuei garrantzia kentzeko. Tabako tradizionalaren aurrean hain txarra ez den aukera gisa kokatu nahi dituzte fabrikatzaileek zigarreta elektronikoak, baina probek erakutsi dute guztiek kalte bera eragiten dutela. “Azterlan asko ari dira frogatzen –tabako industriaren esku-hartzerik gabe– ohiko tabakoak sortzen dituen gaixotasun berberak sortzeko gaitasuna dutela gailu horiek. Okertu egiten dute asma, prozesu infekziosoak izateko arriskua handitu eta horien bilakaera okertu, eta biriketako enfisema potentziala, bronkitis kronikoa eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa ere (BGBK) eragiten dute, eta azken hori da munduan heriotza gehien eragiten duen eta bizi-kalitatea gehien hondatzen duen hirugarren gaitza”, azaldu du Ruth Pittik, zeina Pneumologia eta Kirurgia Torazikoko Espainiako Elkartean (SEPAR) aritzen den, Tabakismo arloan.
Gero eta gazteagoak.
Pneumologoei ez zaie erraza gertatzen lurrungailuaren inguruan pedagogia egitea eta lortu duen arrakasta handiari aurre egitea. Tabakoaren kontsumoak gora egin du 18 eta 24 urte bitarteko gazteen artean Espainiako Estatuan, era guztietako tabakoarenak, eta hein handi batean, sare sozialetan normalizatzearen ondorioz izan da. Hala adierazi du Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak, eta zehaztu du gazteen %57k uste dutela bapeatzea modan dagoela aktoreek, streamer direlakoek eta influencerek egiten dutelako. Zigarroa kontsumitzen hasteko batez besteko adina 14 urtekoa da, eta lehen hurrupa elektronikoa, berriz, 9 urterekin egiten da, Tabakismoa Prebenitzeko Espainiako Batzordearen arabera.
Inhalatzeko hainbat gailu mota daude eta nahasi egin daitezke. Bakoitzak ditu bere ezaugarri bereziak.
- Zigarreta elektronikoa edo bapeatzekoa. Gailu horiek lurruna sortzen dute likido bat erabiliz. Likido horrek, oro har, substantzia aromatikoak eta nikotina likidoaren kantitate aldakorrak izaten ditu; atomizatzaile batek berotu eta gero arnastu egiten dira. Erabili eta botatzekoak izan daitezke, kargatzekoak edo kartutxodunak.
- Lurrungailua. Zigarreta elektronikoa bezala, substantzia bat lurrun moduan arnasteko erabiltzen da, baina lehenengo horiek likido zaporedunak lurruntzeko diseinatuta daude, eta bigarrenak, berriz, substantzia solidoak lainoztatzeko, adibidez belarrak (kanabisa), erretxinak edo olio esentzialak.
- Tabako berotua. Gailu horiek tabako prozesatua, xehatua edo hautseztatua izaten dute, eta errekuntza eragin beharrean, berotu egiten dira. Espainiako araudiak ohiko tabakoarekin parekatzen du, eta, beraz, debekatuta dago adingabeei saltzea, eta ezin da
erabili zigarroa debekatuta dagoen lekuetan.
Zer dario keari?
Asko dakigu tabako tradizionalaren kea osatzen duten 7.000 substantzia kimiko eta toxikoei buruz, baina lurrungailuetan ia guztia aurkitzeko dago oraindik. Zientzialariek ohiko zigarretari buruzko azterketa epidemiologikoak egiten dihardute 1954tik, eta elektronikoak, berriz, 20 urte pasatxo daramatza merkatuan. “Hamarkada bat inguru geratzen zaigu lurrungailuak zehatz-mehatz zer-nolako kalteak eragiten dituen jakiteko. Ez biriketan bakarrik, organismo guztian baizik”, azaldu du Ruth Pittik. Ikerketa atzeratu samar joan arren, badakigu gailu horiek dituzten substantziak toxikoak direla arnasbideetarako eta bihotz-hodien sistemarako. “Substantzia horietako batzuk onartu egiten dituzte Estatu Batuetako Elikagaien eta Medikamentuen Administrazioak (FDA, ingelesezko sigletan) eta beste agentzia batzuek, janarien bidez hartuz gero, baina ez arnastuz edo inhalatuz. Gainera, Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC, ingelesezko sigletan) kartzinogeno gisa sailkatu dituen elementuak daramatzate, zehazki I. multzokotzat jo dituenak. Hau da, gure zeluletan tumore mutazioak eragiteko gai dira, haien kontzentrazioa edozein dela ere”, jakinarazi du pneumologoak.
Hori ez da lurrungailuaren arazoa bakarrik, ohiko zigarroarekin ere gertatzen da, baina, hain zuzen ere, komunitate zientifikoak horregatik ondorioztatzen du edozein kontsumok minbizia eragiteko arriskua izango duela beti, lurrungailuarekin egin edo tabako tradizionalarekin. “Bistan denez, zenbat eta gehiago erre edo bapeatu, probabilitateak orduan eta handiagoak izango dira. Baina agente kartzinogeno horien izaera kontuan hartuta, genetikoki horretarako joera duen pertsona batek kontsumituz gero, gutxi bada ere, gerta liteke azkenerako gaixotasun mota horiek agertzea”, ohartarazi du Pittik.
Kaltea are handiagoa da gazte eta nerabeetan. Oro har, oxigenoz kargatutako airea bakarrik hartzeko eta karbono dioxidoa kanporatzeko diseinatuta dago arnas aparatua, eta, beraz, ez du batere ondo hartzen substantzia toxikoak iristea. “Baina, gainera, arnas aparatu hori eta immunitate sistema guztiz eratu gabe egonik, kalteak handiagoak izango dira”, adierazi du Pittik. Zenbait ondorio epe luzera ikusten dira, urtetan kontsumitu ondoren, adibidez biriketako funtzioaren galera edo BGBKa. Baina epe laburreko ondorioak ere ikusten ari dira, urte askoan bapeatu gabe ere. “Goi arnasbideetan infekzio gehiago agertzen dela ikusi da, errinitisa, otitisa eta sinusitisa, edo asmaren kontrolak okerrera egiten duela” azaldu du.
Kartutxoko likidoa berotzean, haren konposatuak aerosol bihurtzen dira, eta erabiltzaileak arnastu egiten ditu. Beroaren eraginez, gainera, gailuak dituen material batzuk disolbatu egiten dira eta horiek ere arnastu egiten dira.
Garunean mendekotasuna sortuz.
Produktu horien beste alderdi ilun bat etiketak dira, orain arte nahiko modu laxoan erabili izan dira eta. Alde nabarmenak daude esaten dutenaren eta egiaz daukatenaren artean. 2015ean egin zen azterlan batek aztertu egin zuen zer zeramaten hainbat herrialdetako zigarreta elektronikoek, eta erakutsi zuen “nikotinarik gabeko” zigarro gisa sailkatuta zeuden batzuek bazutela, nahiz eta gutxi izan. “Baina nikotina kantitate txikiek, eta kontsumitzeko jarrerak berak, mendekotasuna sortzen dute garunean. Horren guztiaren ondorioz, lurrungailuen erabilera tabakoa kontsumitzeko ate bihurtzen da”, adierazi du Pittik.
Hori agerian geratzen ari da gazteenen artean, azken urteetan adikzioei buruz egin diren inkestek erakusten duten bezala (ESTUDES 2023 eta EDADES 2022). Horiek aztertuta, ondorio garbia uzten dute datuek: lurrungailuak sarbide gisa jokatzen du tabakoa erretzen hasteko. Espainiako Osasun Ministerioak inkesta egina du bigarren hezkuntzan drogak erabiltzeari buruz (ESTUDES), eta hor esaten denez, 12 eta 13 urte bitartean zigarro tradizionala ez dago hain zabalduta (%4,1) eta nahiago da elektronikoa, baina tabako kontsumoa bost aldiz handiagoa da 14 eta 18 urte bitartean (%21).
Adingabeetan, dena eraikitzen ari da, burmuina barne, eta ez da guztiz eratzen 25 urte bete arte. Heldutasunera heltzen den azken zatia erabakiak hartzeaz eta bulkadak kontrolatzeaz arduratzen da. Horregatik, nerabe gehienek “epe laburreko” ikuspegiz jokatzen dute, eta “nolabaiteko prestasuna” dute heldu gisa burutik pasatu ere egingo ez litzaizkiekeen arriskuak hartzeko. “Une horretan sortzen dira adikzioak; izan ere, mendekotasuna eragiten duten substantziekin harremana izateak, nikotinarekin adibidez, zeinak heroinaren adikzio ahalmen bera edo handiagoa duen, aldarazi egin dezake eraikitzen ari den burmuin hori”, azaldu du pneumologoak.
Zer-nolako substantziak dituzte?
Ez dakigu zigarreta elektroniko horiek zer daukaten zehatz-mehatz eta organismoak zer barneratzen duen bapeatzen duenean. Alderdi bat baino gehiago hartu behar da kontuan. Horiek daramatzaten substantziei buruz hitz egiten denean, ez gara ari gauza bakarrari buruz: alde batetik, likidoan daudenak aipatu behar dira, gehienak elikaduran eta kosmetikan erabiltzeko onartuak izan direnak, baina ez inhalatzeko, eta, bestetik, berotzearen ondorioz sortzen direnak eta lurrunaren bidez agertzen direnak. Azken horiek toxikotasun handiagoa edo txikiagoa izan dezakete, eta hori jakiteko, berotzearen potentzia, erabiltzen duen erresistentzia eta gailua egiteko erabili den materiala hartu behar da kontuan.
Herrialde bakoitzak, gainera, bere legedia du. Araudirik gehienak, guztiak ez esatearren, hutsunez beteta daude. Gainera, kartutxo asko legez kanpo saltzen dituzte, batez ere online, hau da, kartutxoen osaerari buruzko informaziorik eman gabe. Eta fabrikatzaileak milaka daude mundu osoan, eta bakoitzak substantzia jakinak gehitzen ditu zapore jakinekin, eta substantzia horiek, aldi berean, zenbait kimikoren konbinazio bat dira. Ez da ahaztu behar zein zaila den lurruntzean hartzen diren substantzia horien dosia kalkulatzea; izan ere, zigarroa unitate gisa zehaztuta ez dagoenez, zaila da neurtzea. Oraingoz, zientziak hauxe baino ez daki substantzia horietako batzuen inguruan.
Zigarreta elektronikoa erabiltzen jarraitu ahala, adituek denborarekin hobeto ulertuko dute nola eragiten dien lurrunak birikei. Baina oraingoz dakiguna da zenbait gaixotasun bapeoarekin lotuta daudela.
- Arto kruxpeten erako birika. “Pneumologoek bronkiolitis obliterantea esaten diogu. Bronkioetako hantura bat da, eta zenbait ikerketak dagoeneko lotura antzeman dute zigarreta elektronikoek dituzten zapore-emaileekin eta bestelako substantzia batzuekin. 2001ean deskribatu zuten; mikrouhin laberako arto kruxpetak gurinarekin egiten zituen langile talde bat gaixotu egin zen (denbora asko igarotzen zuten kimiko hori arnasten), eta hortik dator izen ez-zientifikoa”, azaldu du Ruth Pitti pneumologoak.
- EVALI epidemia. Bapeoari eta zigarreta elektronikoari lotutako gaitz baten siglak dira (ingelesezkoak), eta 2019ko udan deskribatu zen AEBetan; 2.800 pertsonak baino gehiagok jasan zituzten kalteak, eta horietatik 68 hil egin ziren. Covid-19ak eragiten dituen kalteen antzekoak sortzen ditu, eta dirudienez, E bitaminaren azetatoa dago atzean.
- Bat-bateko pneumotorax primarioa. Gaixotasun hori (biriketako kolapsoa ere esaten zaio) birikan zulo bat dagoenean gertatzen da, eta oxigenoak hortik egiten du ihes. Zauri baten ondoren gerta daiteke hori (adibidez, arma zuriz egindako zauri baten ondoren), baina, era berean, pertsona batzuei babak sortzen zaizkie biriken goialdean, sintomarik gabeak, eta hautsi egin daitezke tabakismoarekin. Duela gutxi, Stephen R. Broderick kirurgialari ospetsuak ohartarazi du erre ez baina bapeatzen duten gazte askoren birikak kolapsatuta daudela.
Nikotina: kantitate kontrolaezina.
Mendekotasun handia sortzen du substantzia horrek: ohiko zigarretek badute, baina baita lurrungailuek ere. “Eta nikotinarik gabekotºzat sailkatuta dauden batzuek ere dosi txikietan daukate”, ohartarazi du Ruth Pittik. Konposatu horrek ondorio kaltegarriak eragiten ditu nerbio sistema zentralean, endokrinoan, bihotz-hodien sisteman, gihar-hezurduretako aparatuan, arnas sisteman, urdail-hesteetako aparatuan, metabolismoan oro har eta fetuaren garapenean. Minbiziaren aurkako Elkarte Estatubatuarraren arabera (American Cancer Society), zigarro batek 8 mg nikotina izaten du batez beste, eta erretzean 1 mg eta 2 mg artean iristen da organismora, markaren arabera (batez beste zortzi hurrupa behar izaten dira kontsumitzeko); elektronikoetan kopuruak aldatu egiten dira fabrikatzaile bakoitzaren arabera, eta, beraz, kontsumitzaileak gehienetan ez daki zenbat nikotina hartzen ari den. Kartutxo bat osorik kontsumitzeko, hurrupa kopuru handiagoa behar da, eta beraz, zigarro konbentzional gehiago erretzea bezala izango litzateke. Datuak aldatu egiten dira marka batetik bestera, baina kartutxo bat 230 hurrupatan kontsumitzen da batez beste, hau da, ia 28 zigarro konbentzionalen baliokidea litzateke.
Propilenglikola eta bestelako konposatu batzuk.
Lurrungailuen oinarrizko likidoa propilenglikola da, glizeroletik datorren substantzia bat eta elikagaietan ohikoa den gehigarri bat. Beste zenbait elementu egiteko ere erabiltzen da: izotzaren aurkako likidoa, pinturen disolbatzailea eta ke artifiziala. Glikolak elikadura arloko gehigarrietan daude, eta ez dute kalterik egiten ahotik hartzen direnean, baina arnasten direnean, aldiz, ondorio kaltegarriak izaten dituzte osasunean: arnasbideak narritatu egiten dira, eta larritu egin ditzakete asma arazoak, fibrosi kistikoa eta BGBKa. Gainera, errekuntza jasaten dutenez, konposatu txikiak sor ditzakete, adibidez formaldehidoa (toxikoa, biriketako gaixotasunak eragin ditzakeena eta kardiopatia arriskua areagotzen duena), azetaldehidoa eta akroleina (biriketako kalte itzulezinak eragin ditzakeen herbizida). Substantzia horiek guztiak kantzerigenoak dira.
Zigarreta elektronikoek diazetila ere izaten dute, bronkiolitis obliterante izeneko biriketako gaixotasun batekin lotuta dagoen substantzia kimikoa. Gainera, lurrungailuen likidoa berotzen duten metalezko osagaiek metal kaltegarriak aska ditzakete, besteak beste nikela, eztainua, beruna eta kadmioa. Bentzenoa ere ohikoa izaten da gailu horietan, automobiletako ihes-hodietan dagoen konposatu lurrunkor bat. Zigarreta elektronikoetan ere aurki daitezke Espainian debekatuta dauden substantzia batzuk, adibidez E bitaminaren azetatoa. Nahiz eta legez hori duten lurrungailuak ezin diren saldu Espainiako Estatuan, online erosten direnek eta beste herrialde batzuetatik datozenek elementu lodigarri eta banatzaile gisa erabil dezakete. Olio horiek kosmetikan eta nutrizio arloko gehigarrietan erabiltzen dira, eta ez daude onartuta inhalatzeko. AEBetan 68 hildako eragin zituen biriketako gaixotasun misteriotsu baten diagnostikoa egin ondoren, ikerketa batek ikusi zuen olio horiek birikak estali eta intoxikazio orokorra eragin zezaketela.
“Lurrungailuek botatzen dituzten aerosolek min egiten diote bihotzari. Baina, gainera, zigarro konbentzionalek ez bezalako eragina dute; izan ere, substantzia horiek, akroleinak eta nikotinak esaterako, nahasmendu batzuk eragiten dituzte bihotzaren sistema elektrikoan, eta arritmiak sor ditzakete, bai takikardiak bai bradikardiak, eta batzuetan hilgarriak izan daitezke”, azaldu du Manuel Anguita kardiologoak, Espainiako Kardiologia Elkarteko (SEC) bozeramaileak. Eta hori epe motzean gerta daiteke, bapeatzen denbora asko eman gabe ere.
Gainera, gailu horien erabilerak ez du laguntzen nikotina uzten. Hala frogatzen du Familia eta Komunitate Medikuntzako Espainiako Elkartean (semFYC) Tabakismoari Aurre Egiteko eratu duten lantaldearen informazio batek. Horren arabera, zigarreta elektronikoaren kontsumitzaileen %80k tabakoa ere erretzen dute, eta horrek areagotu egiten du miokardio eta iktus infartua izateko arriskua. “Infartua izateko eta arteriak gogortzeko arriskua epe luzera ikusten da, baina epe laburrean, gazteengan arrisku handiagoa ikusten da arritmiak eta palpitazioak izateko, hain zuzen ere lurrungailuaren substantziak oraindik heldugabe dauden ehun organikoekin harremanetan jartzen direlako eta ondorio kaltegarriak handiagoak direlako”, zehaztu du kardiologoak.